Joseina Etxeberria: “Ordubeteko saioa ondo sufritutako lanaldia da”
Ezinbestean, irratira garamatza haren ahotsak. Euskadi Gaztean hasi zuen ibilbidea, Gaztearako eraldaketan bertan jarraitu zuen eta, azken urteotan, Kantu kontari irratsaioan musikari dion pasioa helarazten dio entzuleari. Aritua nahiz aditua da, irratigintzan zein musikagintzan.
Ongi etorria, TTAPera. Ez dakizu zeinen arraroa zaidan Euskadi Irratian bertan irrati-esatari ezagunetarikoa elkarrizketatzea.
Eskertzen dizut hona etorri izana, ahalegin hori egitea. Goiz partean, momentu honetan, normalean, lanpetuta izaten naiz eguneroko programa prestatzen. Ez nuen posible hemendik ateratzea, eta azkenean halaxe tokatu da.
Euskadi Irratian Kantu kontari irratsaioan entzuten zaitugu. Bagara bat baino gehiago gozatzen ari garenak.
Eskerrik asko, benetan! Ostras… Bueno, saiatzen naiz, neu ere musikazalea naiz, musikeroa programan esaten dudan bezala. Feedback hori badaukat. Jendeak kalean esaten dit entzuten nauela. Egia da, gaur egun, irratia ez dela garai bateko irratia. Gainontzeko medio tradizionalekin gertatu bezala. Hori galdu dugu, baina saiatzen gara horri eusten. Oraindik ere aukera ematen zait gainera musikaren inguruko saio bat egiteko. Eta feedbacka kasu honetan hain baikorra denean, benetan poztekoa da.
Behobia-Donostia lasterketaren irteeran ikusi zintudan, musika jartzen ari zinen bitartean, mugimenduan. Martxan. Eguneroko programan ere horrela irudikatu behar zaitugu?
Ez. Gauza ezberdinak dira. Han, azken batean, beste feedback baten bila noa; han lehendabizi neuk eman behar dut. Eszenatoki gainean ari zarenean, ez dakit, ez da musika jartzea bakarrik. Hango erantzun hori jaso ahal izateko, lehendabizi neuk daukat eman beharra. Sentimendu hori erakutsi behar dut. Gehienetan sentitu egiten ditut, gainera, han jartzen ditudan kantu gehienak benetan neuk bizitzen ditudanak direlako. Batez ere jendea animatzera noa. Eta zeuk ez baduzu hori bizitzen, ez dago zer eginik.
Gozatzen ari zara Euskadi Irratian?
Ni irratira iritsi nintzenean, duela ia 35 urte, bazen hemen lankide bat, Martin Tejeria izenekoa. Berak, orduan, gaur egun ni egiten ari naizena egiten zuen. Berak beti esaten zidan, irratian: “Sufritzea tokatuko zaizu. Musika gehiegi bizi duzulako, irrati programa bat egiteko. Zeren eta gauza bat da etxean zure musika entzutea, lagunei hori erakustea, lagunartean musika jartzen aritzea, eta beste bat oso desberdina da horrekin musika saio bat egitea irratian. Beste hainbat faktore sartzen direlako. Aurkezpenak, agian zuri gehiegi gustatzen ez zaizkizunak jarri behar dituzu…”. Esan zidan hori gogoan dut, geroztik. Arrazoi puntu bat badu. Baina, bestalde, bizi egiten dut lanbidea. Niretzat garrantzi handikoa da. Erakusleiho bat. Gainera, egunero zortzi orduko prestaketa-lana izaten da, gutxienez. Zeren eta gero etxean jarraitzen dut. Baina zortzi ordu horietan gogoko duzun zerbaitetan aritzea garrantzi handikoa da.
Egia da, bestalde, egun guztiak ez direla berdinak. Batzuetan, zeharo desesperatuta ateratzen zara irratsaiotik. Beste batzuetan, sekulako saio bat egin duzun ustearekin ateratzen zara. Gerora konturatzen zara norberaren onenaren eta txarrenaren artean, ziurrenik, oso tarte txikia dagoela. Ez gara uste dugun bezain onak, eta ez uste dugun bezain txarrak.
Gozatzen ari zarela iruditzen zait, eta gu ere gozatzen ari gara. Urtarrilean txio bat idatzi nuen: “Fenne Lilyren Lights light up kantua. Gaurko Kantu kontari itxi duen kantua. Ahots on bat eta electric guitar gardena. Zer gehiago behar da?”. Ez dakit nola azaldu, baina zure saio osoan badago halako harmonia bat, oreka bat…
Eskerrik asko. Saiatzen naiz, benetan. Kantu batek eraman nazala hurrengora, eta ez neu bakarrik, baita entzulea ere.
Beste programa batean, The Cure taldearen Seventeen seconds kantutik igaro zinen Butch kantura. Bitxia da, zeren eta lotura horietan hain ezagunak ez diren taldeetan jartzen duzu azpimarra.
Nahiko nuke horrela izatea. Ez da erraza. Irrati publiko batean ari gara, baina guri ere zenbakiak eskatzen zaizkigu. Eta nik hau askotan erabili dudan konparazioa da. Herri honetan ez gara asko, herri txikia gara. 2.000.000tik gora. Horietatik, euskaraz irratia entzun dezakegunak askoz gutxiago gara. Horren barruan musika entzuten dutenak, oraindik gutxiago. Musika hori, rock-and-rolla eta bere aldaerak, oraindik gutxiago. Pentsa zerekin geratzen ari garen. Orduan, hain itsaso txikian edo hain ibai txikian arrantzuan egitean, edo ahalik eta gehien harrapatzera zoaz, edo, bestela, bakarrik geratzen zara.
Seguru ez naizela bakarra. Zure programan ari naizela badut Shazam aplikazioa erabiltzeko joera. Zure bidez deskubritu eta jarraipena egiten diet talde horiei. Haietako asko hasiberriak dira. Komunikazioaz hausnartzeko bide eman dit horrek. Garai batean irrati esatariaren bidez entzuten genuena herriko disko dendan eskatzen genuen. Orain Internet sarean topatzen dugu irrati esatariak gomendatutakoa. Aldea dago, informazioa eskuratzeko abiaduran. Shazam bidez berehala iristen gara artistarengana.
Horrek abantaila piloa ditu. Nik beste alde bat ikusten diot. Zeren, orain, binilo salmenta zorionez asko igo da. Oso gogoko dut biniloa. Karpeta handi horiek, gainera, batzuetan ireki egiten dira, eta bertan liburuxkak topa daitezke. Biniloa, plastiko hori bera jartzen duzu, hasten da bueltaka… Konturatzen zara urte pilo batean ohitu naizela CDak entzutera edo, zergatik ez, plataforman entzutera, eta hura hasten da, etengabe, kantuan. Biniloa, aldiz, amaitu egiten da, eta aldea aldatu beharra dago.
Momentu honek ere badu gauza on bat, lehenago zuk esaten zenuena: kantu bat entzun eta minutura hori bera entzuten ari zara. Ez hori bakarrik. Sare sozialetan halakok edo bestek, hark gomendatutako diskoa segituan noa entzutera.
Sekulako garrantzia ematen diot jende baten aholkuari, eta segituan plataforma ezberdinetan aurkitzen saiatzen naiz. Hala ere, Pau Donesek bota zuen esaldi bat, bere azken urteetan, “Vivir es urgente” zioen. Horren eraginez, kamisetak-eta egin dira. Nik bizitzari urgentzia hori guztia kendu nahiko nioke.
“Bizitzari urgentzia hori guztia kendu nahiko nioke“
Era berean, zure programan protagonistak asko eta asko Britainia Handiko eta Estatu Batuetako taldeak dira.
Hori gabezia txiki bat da nire partetik. Ziurrenik nik batez ere entzun ditudan herrialdeetako musika hori delako. Erresuma Batukoa, Euskal Herrikoa, Espainiar estatuakoa… Ziurrenik, bilatuko banu, topatuko nituzke eta jarriko nituzke. Baina bizitzea ere inportantea da. Eta, era berean, konturatzen naiz gauza asko kanpoan uzten ditudala. Aukeraketa lan bat egin beharra daukat, beti.
Azken urte hauetan gauzak asko aldatu dira, eta jendeak sekulako garrantzia ematen dio, egun, hitzari. Jendeak, gainera, letrak ikasi egiten ditu eta abestu egiten ditu. Ni ez naiz, zentzu horretan, belaunaldi horretakoa. Niretzat musikak beste mila faktore ditu. Nik musika entzuten dut, batzuetan, duen letragatik, musikagatik, gitarra soinuagatik, bateria zein momentutan sartzen den, kantuak zein harmonia duen, bozak nola ezkonduta dauden… Batzuetan, artista bat ikusi eta badakit hori gustatuko zaidala. Hori Ramones taldearekin gertatu zitzaidan. Arratsalde hartan, haurrak ginen garai hartan, lagun bat etorri zen klasera eta esan zuen: “Nire anaia Txemak erosi du talde amerikano baten diskoa. Ramones izenekoa. Inoiz ikusi dudan jenderik itsusiena”, zioen. Joan behar dugu disko hori ikustera, nioen nik. Disko hura It’s alive zen. Disko mitikoa, 1977an grabatu zen disko bikoitz hura. Tipo haiek ikusi nituenean, lehenbiziko aldiz, txupa haiekin, praka bakero apurtu haiekin. Joey Ramone ikusi nuen momentuan, “hau niri gustatuko zait”, pentsatu nuen. Jarri genuen diskoa, eta noski, disko hori mamotretoa da. 28 kantu, hasi eta buka.
Musikaren historian goi-goian dagoen zuzeneko diskoa da.
Hala da, bai. Goi-goian dago. Gu disko horren bidez iritsi ginen rock-and-rollera. Egia da, aurretik, irratitik Status Quo eta entzuten genituela, baina gure aktibismo rockeroa disko horrekin hasi zen. Ze zortea! Hori da hirugarren pisu batetik erortzea eta zutik geratzea bezala.
Ikusi nuenetik gustatu zitzaidan disko hori. Gustatu zait soinua, gitarra solorik eza, gero ikasi nuen gitarra soloak apreziatzen. Garai hartan jendeak esaten zidan: “Ramones? Baina hori monolitikoa da. Kantu guztiak berdinak dira”. Artzainek oso ondo bereizten dituzte beren ardiak, eta Ramonesen kantuak ere oso ondo bereizten ditugu zaleok.
Bada beste jende bat urtea joan urtea etorri kotxean sartu eta musika bera entzuten jarraitzen duena.
Normala da.
Niri ezinezkoa litzaidake hori.
Joni, zu mundu honetakoa zara. Musikaria zara. Hori guretzat ezinezkoa da, baina jendeak ematen dio musikari guk agian beste gauza pilo bati ematen diogun garrantzi bera. Niri, esate baterako, egun batean lanera etortzen naiz eta baten batek zapatilaren azpialdeaz galdetzen dit. Nik zapatilak erosi ditut polit samarrak iruditu zaizkidalako, besterik gabe. Ez diot horri inongo inportantziarik ematen.
Era berean, bazabiltza irratian eta jendaurreko emanaldiak egiten.
Bart gauean izan nuen bat.
Bizi naizen herrian bada 80ko hamarkada gogoan hartuta festa bat. Amorragarria zait festa horretan 80ko hamarkada bakarrik Movida madrileña-rekin lotzea. Hori baino askoz gehiago delako!
Haurrak ginenean, joaten ginen Ordizian zen Zigor izeneko dantzalekura. Zenbat musika ikasi genuen. Hango disc-jockeyari zor diot bizia. Eta, gero, handik urte batzuetara dezentetan joaten ginen Ilargira. Lakuntzara, Nafarroara. Bakailao ibilbide horretan sartu aurretik. Larunbat gauetan, tabernak ixten zirenean, gazteak hara joaten ginen. Ataundik bertan genuen, eta zenbat musika entzun genuen han! Entzuten zenuen Madonna, handik bi minututara entzuten zenuen Ruben Bladesen Pedro Navajas, gero akaso John Cougar… Gustura egingo nuke tabernaren batean Ordiziako Zigorren ikasi genuena.
Grabatuta geratu da.
Kar, kar. The Romantics han ezagutu genuen, The Cars, guk Ramones eskatzen genuen.
2023ko Zigor horretan kantu latinoak nabarmenduko lirateke. Sekulako indarra hartu du handik datorren musikak. Gure garaian euskarazko eta erdarazko kantuak entzuten ziren, RRV deitu zitzaion aro horren bidez.
Eta entzuten genuen Madrileko Movida-ko rocka, eta popa…
Baina musika anglo-saxoiak sekulako eragina zuen. Jauzi handia eman da, eta horrek ere hizkuntzaren jokabidean eragiten du. Eta horri erantsi nahi diot elkarrizketan adierazi duzuna, kantuen letrei zenbateko garrantzia ematen zaien. Guk gure garaian ingelesa asko entzuten genuen, ulertu ez dakit…
Ez genuen ulertzen. Eta oraindik ere ez dugu ulertzen. Kantu askoren letrak ez ditut ulertzen. Eta hori pop eta rockean; sartu gaitezen rap munduan, halako hizkera berezian.
Musika latinoaren etorrerarekin, sekulako iraultza egon da. Azken hamarkada honetan gertatu da, eta hemen Euskal Herrian ere bai. Sekulako iraultza egon da. Saiakera bat egiten dut. Egia da gero Euskadi Irratian egiten dudan programara ez dudala musika hori ekartzen, baina saiatzen naiz hori entzun eta horretan zer egiten ari den jakiten. Konturatuta nagoelako musika dela tren bat bezala, eta tren bati ihes egiten uzten baldin badiozu, hurrengo trena harrapatuko duzu, baina aurreko bagoiek jada ihes egin dizute. Haiek, gero, ondorengo musikan eragina dutelako, eta dagoeneko ez duzu behar bezala ulertzen.
Esate baterako, BBK Live jaialdiak Bad Bunny dakar. Entzungo dut eta zeinen urruti dagoen nik benetan sentitu dudan musikatik. Baina badauka zerbait.
“Musika latinoaren etorrerarekin, sekulako iraultza egon da”
Zerbait transmititzen dute, zeren eta jende askorengana iristen dira.
Dudarik gabe. Hori gure asignatura da. Gu punk musika entzuten hasi ginenean, gure aurrekoek hori txapuza bat zela zioten. Musikarik sinpleena. Hor ez zegoela ezer, eta, gainera, gaizki eginda zegoela, ez zekitela instrumentua jotzen. Gu bete egiten gintuen hark. Eta egungo gazteak beste musika horrek betetzen ditu. Ez dago engainurik.
Zure programara itzulita, entzuleok egiten duguna entzutea da. Egun arretaz entzutea ere ez da hain ohikoa. Hain azkar doa dena, hain abiadura bizian… Entzutea bada ariketa bat. Kanpotik begira, erraz egiten duzula dirudi, baina ez da batere lan erraza zurea.
Emozionatzen naiz. Musika munduan gehien estimatzen dudan piropoetakoa bota didazu. Van Morrison oso gustuko dut, eta badakit azken urte hauetan disko asko egiten ari dela. Van Morrisonek kantuak egiten ditu, eta gero nik entzun ditut abestiak eta ematen du naturan atera diren perretxikoak direla. Iruditzen zait erraztasun bat dagoela tipo horrek egiten duen horretan. Baina gero konturatzen zara hor errazetik ez dagoela ezer!
Sentsazio hori baldin baduzu, betetzen nau. Zeren eta ez da erraza, benetan. Ez da inondik ere erraza. Ordubeteko saioa ondo sufritutako lanaldia da. Benetan esaten dizut. Gainera, nik urte pilo batean autokontrola deitzen den sistema horretan egin dut lan. Eta iruditzen zait gainera musika saioak beste ahalegin bat eskatzen duela; kazetariak berak egiten du aurkezpena, eta, aurkeztearekin batera, berak ematen dio play-ri, berak egiten ditu rafaga-k. Zeren eta esatariak badaki kantua nola datorren, noiz isildu behar duen… Egun, aurkezpena egiten ari naiz eta kristalaren beste aldean daukat teknikaria. Egunen batean kantaria zapaltzen baldin badut, sutan jartzen naiz neure buruarekin.
Amaitu beharra daukagu, Joseina. Ez nuke bukatu nahi Euskadi Gazteako garaiak aipatu gabe. Zein da zugan nagusitzen den oroitzapena?
Lehendabizi, aukera bat bezala. Ataundarra naiz, eta garai hartan Bilbon bizi nintzen. Etxera iritsitakoan amak esan zidan Euskadi Irratian ari zirela esaten jende gaztea behar zutela musika jartzeko. Ataun aldean neu eta nire musika zaletasuna oso ezagunak dira. Haur nintzenetik. Ataunera joaten naizenean, ni baino urte dezente zaharragoak direnekin topatzen naizenean, denek esaten didate nitaz duten irudia biniloak eskuetan nituen garaikoa zela. Orduan, amak entzun zuenean irratian jendea behar zutela, deitu nuen. Proba egitera joan nintzenean segituan galdetu zidaten ea zein musika mota entzuten nuen. 1989a zen. Garai hartan rock eta pop munduaz-eta piska bat nekatzen hasita nengoen eta jazz musika entzuten ari nintzen. Zuzendaritzakoek elkarri begiratzen zioten, eta Loquilloren kantu bat aurkezteko gai izango nintzen galdetu zidaten. “Guk sortu nahi dugu formula irrati bat, hau da, 40 Principales gaztelerazko hori euskaraz egiteko”. Deskubritu nuen ez zela bakarrik musika, irratia deskubritu nuen. Ordurako parte hartzen nuen Gramola irratian, Bilboko San Ignazion eta Bilboko Txomin Barullo irrati libreko programa batzuetan. Baina hor deskubritu nuen irratia egiteko era bat. Eta lehenago esandakoa; autokontrola, orain isildu, orain musika gora… ofizio bat baita. Eta horrek maitemindu ninduen. Mundu bat ireki zitzaidan, eta ziurrenik bat-batean pasa nintzen neuk urteetan mespretxatu nituen musika batzuk aurkeztera. Baina ofizio bat zen, lan bat zen. Irratigintza. Gure osagai nagusia musika da, eta horrekin egin behar dugu beste zerbait.
Eskerrik asko, segi gozatzen eta guri gozarazten.
Eskerrik asko, benetan.