Josebe Blanco: “Elikaduraren boterea kendu egin digute, edo oparitu egin dugu”
Josebe Blanco Pikunieta baserriko artzaina da. Mendian bizi da, baso-herrian, 500 metroko talaian, bere artaldearekin eta familiarekin. Artzainaren lanaz, ardiez eta elikaduraz hitz egin dugu berarekin, bere etxeko sutondoan.
Josebe Blanco, ongietorria eman behar nizun, baina ongietorria nik behar dut, zure etxean gaude eta!
Bai, ongi etorri!
Zu ez zara betidanik artzain izan. Nondik nora hartu zenuen erabaki hori?
Ez dakit erabaki bat izan zen. Nik garai hartan IKAko euskaltegietan lan egiten nuen, Gasteizen, eta, krisi ekonomikoa zela eta ez zela, talde kopurua jaitsi egin zen. Une hartan, eszedentzia eskatu eta etxean geratzea erabaki nuen, eta ardi lanetan eta gazta egiten ikasten hasi nintzen. Eszedentzia haren amaieran, zirt edo zart egin behar nuen: edo euskaltegira itzuli edo betiko utzi. Eta, azkenean, etxean geratzea erabaki nuen. Beraz, ez dakit nire erabakia izan zen edo patua, edo denaren nahasketa.
Beraz, artzain lana aurretik ezagutzen zenuen, ez zinen hutsetik hasi.
Ez. Euskaltegia uztea erabaki nuenean, zerbait banekien. Baina beno, ezagutu… oraindik ere ez nuke esango ezagutzen dudanik. Hasiera haiek gogorrak izan ziren. Gogorrak izan ziren, oso segurua zen lan batetik nentorrelako. Hau da, neuk oso seguru sentitzen nuen neure burua ikasleekin. Erraza egiten zitzaidan. Eta, bat-batean, segurtasun guztia desagertu egin zen eta neure burua ikusi nuen 40 urterekin, atzera eginda, unibertsitatetik aterata praktikak egiterakoan sentitzen nuen oso sentsazio antzekoekin. Negar asko egiten nuen. Zorionez, ardiak oso jatorrak eta oso esker onekoak dira eta pazientzia handia izan zuten nirekin.
Ardiek zurekin izan zuten pazientzia?
Dudarik ez!
Nola ikasten da artzain izaten?
Egunero eurekin egonda, eta beraiei begira ordu asko pasata. Horretaz gain, pertsona egokia topatu behar duzu, eta nik, alde horretatik, zorte handia izan dut. Exkerra izan dut irakasle, eta oso modu naturalean ikasteko aukera izan dut. Exkerra-z gain, beste erreferentzia handi bat Ekaitz Masusta da, Ipar Euskal Herriko BLE elkarteko (Biharko Lurraren Elkartea) formatzaile eta baserritarra. Berarekin artzain lanari beste buelta bat eman diot, Exkerra-ren oinarri horri beste buelta bat. Ekaitzen bitartez Ipar Euskal Herriko artzaintza ezagutu dut, baina ez orokorrean, ez; etxeetan, artegietan gertatzen dena baizik. Oso bidaia politean murgildu naute biek.
Eta oraindik ikasten jarraitzen duzu, ezta?
Bai, honek ez du bukaerarik! Nik horrelaxe bizi dut. Gure etxea EHKOlektiboko kide da, Euskal Herrian agroekologia lantzen eta bultzatzen duen baserritar eta herritarren kolektiboa, eta urtero saiatzen gara formakuntzak egiten gure artean. Adibidez, formakuntzara joaten zara ardien bizitzan mineralen eta oligoelementuen eragina zein den ikasteko –osasunean, esne ekoizpenean, haurdunaldian, eta abar–, eta ikastaro horrek beste abiapuntu batean jartzen zaitu: elikadurarekin jolasten, ikusten eta aztertzen. Horrek bere eragina du esnean eta gaztagintzan, eta modu honetara ikasten jarraitzen dugu. Niretzat zoragarria da, beti dagoelako ilusio bat, erronka bat.
“Niretzat oso zaila izango litzateke ardirik gabe bizitzea“
Ba al dakizu errutina zer den zure lanean?
Ez. Garai monotonoena –eta ez da sekula santan monotonoa izaten– jezte eta gazta garaia izaten da. Ardiak egunean bitan jetzi behar izaten ditugu –goizez eta arratsaldez– eta, gure kasuan, bi egunean behin gazta egin. Hori egiten dugu otsailean hasi eta uztaila bitartean. Hainbeste hilabetetan hortxe ari zara lanean ttak, ttak, ttak, baina egun guztiak desberdinak dira. Esnea desberdin dago, gaztak desberdinak ateratzen dira edo artegian zerbait gertatzen da –ardi batek ez duela burua sartu nahi, besteak ez dakit zer–… Beti dago zer edo zer. Hori da ederra. Bizidunekin lan egiten duenak hori dauka; bere lana beti dago bizi. Eta nahiz eta hasiera batean eta kanpotik ikusita gauzak oso errepikakorrak diren, benetan ez da horrela. Nik, behintzat, ez dut sentsazio hori.
Nola banatzen da zure lana urtean zehar?
Une honetan gauden sasoiarekin hasiko ginateke, erditze garaiarekin. Orain, arkumeak jaiotzen ari dira, jaio eta jaio. Horietako batzuk hiltegira joango dira eta hiltegitik jendearen platerera, sabelak modu osasuntsuan betetzera. Arkumeak hiltzen ditugunean, arkume horiek dagoeneko esnea ez dute edaten, eta esne hori aprobetxatzen dugu gazta egiteko. Guk esne gordinarekin egiten dugu lan, eta, hori dela eta, gazta horiek gutxienez bi hilabetez egon behar dute gazta-ganbaran. Hortik aurrera, jendearen sabela betetzera doaz, jendea bizirik mantentzera, munduko baserritarrek egiten duten bezala. Horrela pasatzen ditugu hilabeteak uztaila bitartean. Tarte horretan bestelako lanak ere egin behar dira; adibidez, belarrak egin behar dira. Neguan jaten ari diren belar hori ekainean eta uztailean jaso behar da –traktorea hondatzen ez bada, betiere–. Uztaila iristean, ardiak eta gu ere nekatuta gaude, eta, orduan, jezteari pixkanaka-pixkanaka utzi egiten diogu, eta oporrak hartzen ditugu. Ardiak mendira bidaltzen ditugu eta abuztuaren hasieran ahariak botatzen ditugu artaldera. Ordura arte banatuta egon dira, eta ardi batzuk dagoeneko prest egongo dira ernai geratzeko, eta beste batzuei gehiago kostako zaie, baina, bost hilabete pasata, berriro hementxe gaude, hasieran, erditze garaian.
Bizitzaren zikloa.
Bai. Hala ere, aukera izango bagenu, arkumeak martxoan izango genituzke, udaberriarekin, naturarekin bat egin eta naturak eskaintzen dizkigun baliabideak baliatzeko. Urtarrilean ez dago belarrik, baina erditzear dagoen ardiak janaria behar du. Horregatik, belarra ondu behar izaten dugu orain emateko. Beranduago izango bagenitu arkumeak, kanpoan belarra legoke. Beharbada, lagundu egin beharko genieke, baina beste modu batera. Hala ere, horrek guztiak ekarriko luke uda guztia ardi-lanetan egon behar izatea; hau da, jezten eta gazta egiten egotea. Eta hemen beste elementu bat agertzen da: familia. Eta umeak tartean daudenean, hori konplikatua da. Beraz, oraingoz, zikloa horrela geratzen da.
Ardiak aipatzen dituzunean, begiak dir-dir jartzen zaizkizu. Barkatuko didazu atrebentzia, baina zenbat ardi dituzu?
Ba, une honetan ez nuke jakingo, arkume asko ditugulako! Ardien eta aharien artean une honetan 167 izango ditugu. Eta zenbaki hau oso pentsatua dago. Etxean bi gara ardi lanetan eta gaztandegian, eta bai, umeek laguntzen dute, asko, baina eskola dute, beraien bizitza daukate. Ardi gehiago izango bagenitu, ezingo genituzke behar bezala zaindu. Gainera, guk ekologikoan lan egiten dugu. Horrek ez du aparteko ezer eskatzen, baina bai atentzioa eta denbora eskaintzea ardiei begira egoteko, artaldean zer gertatzen ari den ikusteko. Eta hori ardi gehiagorekin ezingo genuke egin, inondik inora. Nolabait esateko, pertsonen neurriko artaldea da gurea, eta, horrela izanda ere, batzuetan ez gara iristen. Nahiko genituzke gauzak hobeto egin, patxada gehiagorekin, baina gure tamaina hauxe da. Eta, gaztari dagokionez, daukagun tokia daukagu, eta ezingo genuke gehiago ekoitzi. Alde batetik, tokirik ez dugulako, eta, bestetik, non saldu ez dugulako. Arkumeekin ere berdin. Urtero 200 arkume ditugu, eta arkumea saltzea ez da batere samurra. Guk argi daukagu gure etxean sortzen den janaria gure herrikideentzat dela; hau da, guk ez dugu gazta egiten Bartzelonara bidaltzeko. Han badaude artzainak eta beraien funtzioa da beraien lurraldea kudeatzea eta beraien herria elikatzea. Gure egitekoa gure herrikideak elikatzea da. Gazta gehiago egiten hasiko bagina, akabo. Gainera, EHKOlektiboan oso argi daukagu: supermerkatuak ez dira pertsonen neurriko espazioak. Guk dena txikitasunean egiten dugu. Bestetik, artzaintzaren mundua naturatik urruntzen joan da ekonomiari begira, eta orduan, zer egin da? Ba, arkumea nahiz eta etxerako izan, amarengandik aparte eduki, zereala eman eta amaren esne hori, arkume horri dagokion esne hori, gazta egiteko erabili izan dela. Gu gurpil horretan geunden sartuta, baina ikusten genuen arkume horiek ez zeudela ondo. Makal zeuden, gehiago parasitatzen ziren, eta duela hiru urte erabaki genuen arkumea beti amarekin edukitzea eta, esne litro kopuruan jaitsierarik ez izateko, ardi gutxi batzuk gehiago uztea etxerako.
“Bizidunekin aritzen denaren lana beti dago bizi”
Betiere, ardiarekiko errespetu handiarekin.
Iruditzen zait orokorrean gizakiok ustiaketarako ikuspegi batekin funtzionatzen dugula. Hemen lursail bat dut eta zer aterako diot? Eta ardiei, zer aterako diet? Beti pentsatzen ari gara nola atera, atera, atera… eta ez gara konturatzen ateratze horretan gu ere hustu egiten garela. Ardiak ondo ez badaude, alferrik botako duzu kimika. Gure kasuan ez, ez dugulako nahi eta ekologikorako lan egiten dugulako, baina hor arazoak izango dituzu. Ardiak hirugarren urterako, agian, hiltzen hasiko zaizkizulako, edo nik zer dakit zer. Beraiekin bizi gara. Ni artzaina banaiz da haiek hor daudelako. Ikuspegi hori ezin dugula galdu iruditzen zait.
Ezagutzen al dituzu zure ardi guztiak?
Batzuk bai!
Baina guztiei ez diezu izena jarriko, ezta?
Batzuei bai. Lehen esaten nizuna; ardi asko ez izateak baditu bere abantailak. Gaur erditu den ardi hau nire eskuetatik pasa zen jaio zenean, eta horrela, ardi guztiak. Banan-banan garbitu, amaren errapean jarri… ederra da!
Zergatik maitatzen dituzu hainbeste ardiak?
Ez dakit, baina niretzat oso-oso zaila izango litzateke ardi gabe bizitzea.
Artaldea eta ardiak ez daude oso ondo ikusiak gure gizartean…
Egia; taldeari garrantzia kentzen zaio. Taldea babesa da, eta beldurtiak garenontzat babesa garrantzitsua da. Ardia belarjalea da, eta mundua haragijalez beteta dago. Amorratu egiten naiz ardiei jartzen zaien fama txar horrekin. Gauza txarrei buruz hitz egiteko ardiak eta artaldea jartzen dira paradigma bezala, baina pertsonak zer gara? Taldekoak gara, ezta? Ba, ardiak ez dira hain desberdinak.
Ardi beltz gehiago dago artaldetik kanpo barruan baino. Ardi beltzik baduzue?
Orain, guztiz beltza den ardi bat daukagu, Gaua izena duena. Bitxia da; Extremadurako mutil baten liburua irakurtzen ari naiz eta bertan esaten du hango ardiak duela ez dakit zenbat mende, denak zirela beltzak. Baina artile zuria baloratuagoa zenez, aukeraketa genetikoa egin zen. Eta orain, xelebrea dena beltza da.
Zer behar du artzain batek artzain ona izateko?
Nik uste dut sentsibilitatea behar dela. Orokorrean, animaliekin lan egiteko, baita landareekin ere. Patxada behar da artaldean murgiltzeko eta hor egoteko. Eta lehen aipatu dizudan ikuspegi hori: ni artalde honen parte naiz, beste figura bat naiz. Artaldea ez badago ondo, ni ez naiz ondo egongo. Eta ez dakit Euskal Herrian industriak izan duen garapenagatik-edo izan den, baina orain ez gaude sintonia horretan.
Zein da gehien gustatzen zaizun lana?
Ba, ez dakit. Ardiekin egon eta gazta egitea, biak. Baserritar txikiek hori behar dugu, zikloa itxi. Guretzat ez litzateke bideragarria izango artaldea eduki, arkumeak saldu eta esnea ere saltzea. Gauza asko geratuko lirateke bidean. Nik biak behar ditut, bat egiten dutelako.
Zure lanaren berri izaten dugu hainbat artikuluren (Zuzeu) eta Twitterren bidez (@hausnarrean). Zergatik egiten duzu zabalkunde lan hau?
Banatuegi bizi garela iruditzen zaidalako. Nik ez dakit kalean zer gertatzen den. Hiriburura joatea tokatzen zaidanean, bazterrera begiratu eta “zertan ari gara?”pentsatzen dut askotan. Baina kontziente naiz hona etortzen den kaletar bat ere berdintsu geratuko dela gure bizimoduari begira. Gu oso isolatuta bizi gara eta jendeak ez luke asmatuko hemen zer dagoen. Hain lurralde txikian bizitza muturrekoak ditugu, eta artikuluen bidez zubi-lanak egin nahi ditut. Bestetik, iruditzen zait elikaduraren boterea kendu egin digutela; edo oparitu egin dugula, ez dakit. Ez dakigu zer jaten dugun, ez dakigu platerean daukagun horren atzean zer dagoen, ez dakigu zenbat kilometro edo ez-kilometro egin dituen, ez dakigu janaria ekoitzi duten pertsona horiek zer etxetan bizi diren, ez dakigu gure gorputzean zer sartzen ari garen… Eta horretarako eskubidea daukagu. Eta eskubide horrekin batera dator ardura.
Betetzeko geratzen zaizun ametsik baduzu?
Ez, ni pozik bizi naiz. Ez nuke nahiko beste inon egon, ez nuke nahiko beste ezer egin. Agian, denok pentsatu beharko genuke noizean behin mundu honetan zertan ari garen edo egiten ari garenarekin pozik ote gauden. Nik nahi nuke nire lana hobeto egin, eta horretarako ikasteko prest nago, baina ez nuke beste lanbiderik nahi