Joseba Larratxe: “Pertsonaien diseinuarekin disfrutatzen dut gehien”

Hainbat toki eta euskarritan ikusten ditugu Joseba Larratxe Josevisky marrazkilariaren irudiak. Berarekin hitz egin dugu bere lan prozesuaz, marrazkilarien eta marrazkigintzaren egoeraz, sormenaz eta aurrera begira dituen ametsez.

IDOIA TORREGARAI: Joseba, ongi etorri TTAPera. Hasteko eta behin, gauza bat argitu nahiko nuke: marrazkilaria den arkitektoa zara edo arkitektoa den marrazkilaria?

JOSEBA LARRATXE: Esango nuke Arkitektura ikasketak burutu dituen marrazkilaria naizela. Arkitektoa naizela esatea bakarrik titulua edukitzeagatik gehiegizkoa dela iruditzen zait. Arkitektoa da arkitektura egiten duena eta nik titulua atera nuenetik ez dut arkitektura ezertarako jorratu; beraz, nire burua marrazkilari kontsideratzen dut.

Marrazkilari orduan. Ez ilustratzailea edo bestelakorik, ezta?

Gustatzen zait marrazkilari hitzak biltzen dituen kontzeptu asko. Komikilaria naiz, ilustrazioak egiten ditut, baina egunerokoan ilustrazioan da lan gehien egiten dudana. Marrazkigintzak denak biltzen ditu, ze, azken finean, denak marrez egiten ditut.

Josevisky izenez ere ezagutzen zaitugu. Nondik dator ezizen hau?

Familia handi bateko gazteena naizelako. Nire amaren aldetik zortzi anai-arreba dira eta nire aitaren aldetik hiru; eta lehengusu guztien artean ni naiz gazteena. Beraz, munduko  txikigarri guztiak jarri zizkidaten, eta horietako bat nire izeba batek esaten zidana: Josevisky, Josevinsky edo Joxebixki. Lagunak ere horrela deitzen hasi zitzaizkidan, eta gaur arte.

Txikitatik izan duzu marrazteko grina?

Marrazkilari guztioi gauza bera gertatzen zaigula esango nuke. Denoi bezala, txikitan, txintxo egoteko arkatza eta papera ematen zizkidaten, isilik egoteko, eta harrezkero dut marrazteko grina. Gertatzen dena da marrazkilariok ez diogula utzi marrazteari. Lehendabizi, afizio bihurtu dugu, eta gero, ofizio, eta gure trebetasun hori garatzen jarraitu dugu.

Zein komiki zenuen gustuko?

Ez naiz oso originala. Oso txikia nintzela, Mortadelo eta Filemon asko gustatzen zitzaizkidan. Zipi eta Zape, berriz, ez, pijo hutsak iruditzen zitzaizkidan!  Tin Tin-ak eta Asterix-ak asko gustatzen zitzaizkidan, noski, baina nire diruz erositako lehendabiziko komikiak Dragoi bola-k izan zirela suposatzen dut. Marrazki bizidunetako serieaz aparte komikia zen, eta, tamalez, ez zen euskaraz kaleratua eta Dragon ball erosten nuen.

Dragoi bola marrazki bizidunak ere ikusiko zenituen orduan, ezta?

Ezin zenuen ez ikusi! Nire belaunaldian, jolasgaraian elkarrizketaren bat nahi bazenuen izan, ikusi egin behar zenuen. Dragoi bola-rik gabeko egun bat oso egun tristea zen.

Noiz esan zenion zure buruari marrazkigintzatik bizi nahi zenuela?

Uste dut ez diodala nire buruari hori inoiz esan. Bai esan diot nire buruari ez diodala marrazteari utziko. 17-18 urterekin nire zalantza zen Arte Ederrak edo Arkitektura artean aukeratzea. Familian arkitekto asko zeuden, eta, beraz, banekien zer zen arkitektura, baina ez zegoen artista, marrazkilari edo horrelakorik, eta, beraz, ez nuen eredu bat esateko, “hor bada bide bat egin dezakedana”. Orduan, gauza “segurua” hartu eta Arkitektura egin nuen, baina nire buruari esanda ez niola marrazteari utziko.

Egunerokoan ez naiz sortzaile sentitzen, egile baizik

Eta noiz pentsatu zenuen marrazkilari profesionala zinela?

Autonomoetan alta eman nuenean. Asko kostatu zitzaidan Arkitektura karrera bukatzea; karrera amaierako proiektuarekin lau urte egon nintzen, eta entregatu nuenean eman nuen autonomoetan alta. Handik aurrera, %100ean jarri nintzen marrazten. Hasieran nahikoa justu baldin bazen ere –oraindik ere ez oso lasai, baina–, orduan esan dezaket profesionalizatu nintzela.

Arkitekturak badu marrazkigintzarekin zerikusirik, ezta?

Arkitektura ikasketa aukeratzeko beste arrazoi bat izan zen bertan marraztea erreminta moduan kontsideratzen zela, eta, egia esan, horrela zen.  Lehendabiziko bi urteetan, astean 8 orduz egiten genituen marrazketa: estatuak, eraikinak… eta oso ondo etorri zitzaidan. B aldea zen matematiketan eta fisiketan hori bezain ona izatea eskatzen zidatela eta beti izan naizela oso txarra.

Ordutik, hainbat lan egin dituzu: Berria-n, Argia-n, Xabiroi-n, Gaztezulo-n, disko azalak egiten, gaztetxoei ikastaroak ematen, kamiseta diseinuan, eleberri grafikoak argitaratzen… eta hori gutxi ez, eta aurtengo Jazzaldiko kartela ere zuk egin duzu. Zer ez duzu egin?

Adibidez, oso gutxi egin dut animazioa. Dudarik gabe, saiatzen naiz ahalik eta esparru zabalenak jorratzen marrazkigintzaz bizi ahal izateko, baina beti geratuko dira gauzak egiteko edo ez naizena egitera iristen. Grabatua ez dut egin, pintura ez dut egiten… Formatu desberdin askotan aterako diren lanak egiten ditut teknika antzekoekin. Iruditzen zait garrantzitsua dela honetaz bizitzeko moldagarria izatea; hau da, enkargu mota oso desberdinei baietz esan ahal izatea. Oso espezifikoa bazara, ez dakit nolako fama mota lortu behar duzun hori bakarrik eginez bizi ahal izateko.

Eta Jazzaldiko enkargua nola etorri da?

Tabakaleran dagoen Kutxaenea coworking-ean egon nintzen eta bertako buruetako batek esan zidan Jazzaldiko arduradunari eman nahi ziola nire kontaktua bertako kartela aukeratzeko egiten duten barne lehiaketarako. Baiezkoa eman nion, proba egin nuen eta, azkenean, nirea aukeratu zuten. Ez nuen uste aukeratuko zutenik, zeren kartela ikusi baduzue, konturatuko zarete musukorik ez dela agertzen eta jendea ez dagoela bi metroko distantzian ere. Jendea dantzan pozik agertzen da. Badirudi metafora ulertu dutela eta ez direla bakarrik geratu irudian agertzen denarekin. Hau marraztea itxialdiko bigarren astean tokatu zitzaidan eta une hartan denok geunden ateratzeko izugarrizko gogoarekin, eta suposatzen dut hori islatu zela kartelean: ateratzea, festa, eztanda, kolorea… Inspirazioa itxialditik atera nahi izatetik etorri da.

Azken urte hauetan, zure izena eta marrazkiak toki desberdin eta ugaritan ikusi ditugu. Zaila da Euskal Herrian marrazkigintzatik bizitzea?

Komiki industria handiak dauden tokietan marrazkigintzatik bizitzerik izango duzu, ziurrenik; adibidez, AEBetan, Japonian edo Frantzian. Norbere izaerarekin doan zerbait ere bada. Nire burua nahikoa pertsona sortzaile kontsideratzen dut eta gustatzen zait proiektu desberdinetan parte hartu eta gauza berriak egitea. Askotan, gauza berri bat proposatu didatenean baietz esan izan dut bi aldiz pentsatu gabe, eta gero, damutu egin izan naiz, baina horrela joaten zara ikasten zeri bai eta zeri ez esaten, eta ikusten duzu arlo batzuetan erosoago zaudela. Hasieran Argia-k azalak egitea proposatu zidanean, seriotasun handiz hartu nituen enkargu horiek, zeren oso gai sakonak jorratzen ditu, eta ez nuen hanka sartu nahi. Lan handia hartzen nuen bakoitzarekin, baina, pixkanaka, tonu bat aurkitzen joan naiz, egiteko modu bat, eta orain, gustura nago. Bide honek balio izan dit marrazki puntualetan nire estiloa bilatzeko.

“Marrazkigintzaz bizitzeko garrantzitsua da moldagarria izatea”

Zein lan motatan zaude gusturago?

Gusturen egiten den lana da baldintza onetan egiten dena; alegia, soldata duina eta behar den denbora uzten dizutenean. Tamalez, hori, askotan, ez da gertatzen; beraz, gusturen egiten dituzun lanak sormen aldetik zerbait ematen duzula sentiarazten dizuten horiek dira. Lan prozesuarekin lotuta, berriz, gaur egun, pertsonaien diseinuarekin disfrutatzen dut gehien. Komiki luzeagoak egin ahala deskubritu dudan gauza bat da eta lan horrekin oso gustura sentitzen naiz.

Baldintza duinak aipatu dituzu. Nola ikusten duzu marrazkigintzaren egoera Euskal Herrian?

Frantzian badago komiki merkatu handi bat, Europako handiena da eta mugaz alde honetako askok bilatzen dute lana bertan. Esan izan da marrazkigintzaren egoera eta komikiarena espezifikoki  boladan dagoela eta esango nuke horrela dela. Azken bost urteetan, gutxi gorabehera, euskarazko komikiak bikoiztu edo hirukoiztu egin dira. Marrazkigintza, orokorrean, mundu osoan hobeto baloratzen da une honetan –agian, moda bat da–, eta, beharbada, Euskal herrira beranduago iritsiko da, baina badago zerbait. Hemen ere gero eta egoera hobean gaudela esango nuke.

Baina baldintza duinak dituzuela iruditzen zaizu?

Etengabe borrokatu behar da, ezin duzu lo egon. Askotan, izaten da borondate onenarekin, baina lana eskaintzen dizunak ez daki ondo zeintzuk diren baldintza duinak, eta zuri azaltzea tokatzen zaizu. Batzuek ulertzen dute eta beste batzuek “aio” esaten dizute. Eguneroko borroka da; suposatzen dut marrazkilariei bezala sorkuntza munduko autonomo gehienei gertatzen zaigun gauza bat dela. Igeltseroei eta elektrikariei ez dut uste hainbeste gertatzen zaienik. Denok oso barneratuta daukagu irteera soila ordaindu egin behar diegula, baina guri ez digute bilera bakar bat ere ordainduko, adibidez.

Koronabirusaren krisiak okertu egingo du egoera?

Bai. Marrazkilarion kasuan, ez hainbeste momentuko lanengatik; azken finean, etxean egiteko lanak dira gureak eta lanean jarraitzen dugu. Baina beldur gara azken urteetan lortu ditugun laguntza eta subentzio eta proiektu publikoekin zer gertatuko den, murrizketengatik. Orduan ikusiko dugu. Musikariak baino hobeto gaude, baina, luzera begira, ikusiko dugu.

Kabiene Usurbilgo elkarlan guneko txaparekin etorri zara. Garrantzitsua da elkarlana eta babesa bilatzea, ezta?

Autonomo txikien elkarlan gunea da Kabiene. Oso garrantzitsua da, ez bakarrik marrazkilarientzat, autonomo txiki guztientzat baizik. Proiektu oso polita izan zen. Usurbilen bizi ginen autonomo talde bat bildu ginen eta bilatu genuen lokal bat etxetik ateratzeko. Etxean lan egiteaz nazkatuta geunden, eta lokal horretan konpartitzen ditugu lanerako gastu komunak. Horretaz gain, nahiz eta sektore desberdinetakoak izan, denok ditugu antzeko arazoak: fakturazioa, NA elektronikoa, ordainketa arazoak… eta kafe garaian terapia egiten dugu. Etxean bakarrik egin ezin dituzun horiek Kabienen elkarlanean eta lagunduz egiten ditugu. Oso harro gaude, autogestionatua denez denon artean egindako gauza bat delako eta oso giro polita lortu dugulako.

Zure lan prozesua nolakoa da?

Nahikoa mekanikoa da, ezin bainaiz inspirazioaren esperoan sofan botata egon. Enkargu bat iristen denean baditu ezaugarri batzuk, eta horietara moldatu behar duzu. Askotan, ezaugarri horiek ematen dizute nondik tira egiteko aitzakia, eta kontzeptu zerrenda batekin hasten naiz, gaiak iradokitzen dizkidan irudiekin. Gero, irudiak bilatzera joaten naiz, gustatzen zaizkidan beste marrazkilariei begiratuz. Ikaragarri kopiatzen dut. Ez dut plagiatzen ezta kalkatzen ere, baina kopiatu bai. Hori Arkitektura karreran ikasitakoa da. Irakasle batek honela esaten zuen: “Ez pentsa zaretenik Migel Angel; kopiatu ondo egiten duenari, horrela asko ikasten da eta”. Inspirazio multzo horretatik faktore batzuk ateratzen ditut eta zirriborratzen hasten naiz: hasieran, arkatzez; gero, tintaz; eta ondoren, kolorea ordenagailuarekin ematen dut.

Nola hasten zara marrazten? Arkatzarekin edo ordenagailuarekin?

Gero eta gehiago, marrazki puntualetarako zuzenean ordenagailuarekin egiten dut lan, ekipoa hobetu dudalako eta baditudalako oso erreminta erosoak. Baina, tradizioz, beti arkatzarekin zirriborratu dut: bozeto asko egin, bineta bakoitzean ateratzen dena zehaztu, gero garbira pasa arkatzez, gero hori tintaztatu, gero ordenagailura sartu eta, azkenik, kolorea egiten dut pantaila digital ukigarri batean. Beti arkatzez egiten dut; gertatzen dena da batzuetan paperean egiten dudala eta bestean pantailan, arkatz digitalarekin.

Zerk erakartzen zaitu gehiago, zuri-beltzak edo koloreak?

Lehenago esango nizuke, zalantzarik gabe, zuri-beltzak erakartzen ninduela. Baina, normalean, egin izan dizkidaten enkarguetan baldintza izan da koloretan izatea, eta, denborarekin, kolorea hobeto menperatzen joan naiz. Esango nuke orain baditudala ohiko kolore batzuk identifikagarriak direnak, eta gustura sentitzen naiz kolorearekin. Baina uste dut Wil Eisnerrek hauxe esaten zuela komikiei buruz: “Zuri-beltzarekin marrazten duzu eta kolorearekin liluratzen duzu”. Zuri-beltzak nahikoa behar luke. Kolorea sartzekotan, izan dadila narrazioan ere ekarpenen bat egiten duelako.

Sormen handiko lana duzu. Baduzu trikimailurik inspirazioa aurkitzeko?

Normalean, hain izaten dira lan egiteko epe laburrak, ez diozu zure buruari izugarrizko sormenik izaten uzten. Ez dira hamar mila aukera egoten. Batzuetan, bizpahiru aukera bururatzen zaizkizu, baina ez naiz egoten sofan inspirazioaren zain. Ariketa bat bezala da, ia-ia ekuazio bat bezala; gertatzen dena da sortzaile bakoitzak baduela ekuazio hori askatzeko bere modua. Ez dago erantzun bakarra. Ariketa bat da, ez da hainbeste inspirazio jainkotiar bat. Egunerokoan ez naiz sentitzen hain sortzaile, gehiago naiz egile. Ez zait askotan gertatzen ideiarik gabe geratzea; beti daukazu Internetera sartu, besteek zer egiten duten ikusi edo lan zahar bat berreskuratzea.

Zure estiloa topatu duzula aipatu duzu lehen. Mugimenduan dagoen zerbait da estiloa?

Nire ahotsa topatu nuela eta hortik bilakaera bat izan dudala uste dut. Saiatzen naiz nire estiloa identifikagarria izan dadin, nahiz eta enkargu bakoitzak eskatzen didanera moldatzen naizen. Horri gero eta garrantzi gehiago ematen diot; hau da, nire marrazki bat ikusten dutenean “hori Joseviskyk egin du” esateari. Nahiz eta batzuetan beste bide batzuk hartu. Hala ere, espero dut hemendik beste hamar urtera nire marrazkiek pixka bat beste itxura izatea; bestela, zeharo aspertuta egongo naiz denbora guztian gauza bera marrazteaz!

Zein da hemendik hamar urtera bete nahiko zenukeen ametsa?

Espero dut hamar urte baino lehenago lortzea! Nire komikiak beste hizkuntza batzuetara itzulita ikusi nahiko nituzke: frantsesera, ingelesera… Horrek poz handia emango lidake.

Hasiberrientzat aholkurik baduzu?

Komiki asko irakurri eta beren ahotsa bilatzen saiatu daitezela; bai trazuan eta baita tonuan ere. Kontua ez da bakarrik nola marraztu, baizik eta zer marraztu. Nire ustez, ahotsa da bide profesionala egiteko bilatu behar duzuna.