Joseba Elgezabal: “Txirrindularia berreskuratzeko garrantzitsuena da masajea”

Tadej Pogacarren masajista eta konfiantzazko pertsona bilakatu da azken urteotan Joseba Elgezabal (Gatika, 1981). Munduko ziklismo talderik onenean (UAE) zazpi urte daramatza bizkaitarrak, haren ogibidearen gorenean.

Txirrindulari izatetik, masajista izatera; nolakoa izan da zure ibilbidea kirolean?

Etxean, txikia nintzenetik, bizikletak eta motoak egon dira. Txirrindularitza-zale amorratuak izan gara betidanik, eta 23 urtez azpiko mailara iritsi nintzen ziklismoan. Apur bat aldendu nintzen ziklismo mundutik, baina berriro itzuli nintzen, Xabi Artetxeren eta Julen Zuberoren eskutik, Seguros Bilbao taldera. Hala, bidea egiten joan nintzen, Cajar Ruralen, Espainiako selekzioan, Athleticeko harrobian… Eta 2019an UAE taldera jauzia eman nuen.

Nola heldu zinen UAE talde indartsura?

Joxean Fernandez Matxin-ekin harreman ona izan dut betidanik, eta, Basaurikoak taldean pisu handia hartu zuenean, gertuko edo konfiantzazko jendeaz inguratu nahi izan zuen. Gainera, Henao eta Gaviria kolonbiarrak heldu ziren taldera, eta gazteleraz haiekin hitz egiteko norbait behar zuen.

Egia da Athleticen Nico Williamsen masajista ere izan zinela?

Bai. Athleticen harrobian izan nintzen, Edorta Muruarekin eta Iban Fuentesekin, Marcelo Bielsa talde zuri-gorrian egon zen bi urteetan. Nico Williamsekin txapelketa askotan egon nintzen. Oso gaztea zen, eta ordurako zerbait zuela ikusten genuen.

Nolakoa da txirrindularitzan diharduen masajista baten egunerokoa?

Azkenean, masajea atalik sinpleena baina txirrindularia berreskuratzeko garrantzitsuena da. Ordu eta erdiko masajea izan daiteke etapetako itzuli batean. Baina gure lana goizean goiz hasten da: ziklisten jana eta edana prestatu, autoak eta ibilgailuak garbitu, maletak eraman, arropa garbitu… Txirrindulariak dena prest eduki behar du burua lasterketan bakarrik eduki ahal izateko. Mekanikariek eta masajistek prestaketa-lan guztiak egiten ditugu, hoteletan ziklistak %100 gustura senti daitezen. Giro ona sortzea eta energia positiboa edukitzea ezinbestekoa da taldearentzat.

Txirrindulariak helmugara heltzen direnean ere, han egoten zara zu haiek zaintzen…

Agian, errazena da. Irabazlearen zain egotea. Pogacarrek asko irabazten ditu, gainera. Baina irudi horren atzean dagoen lan guztia… horrek asko balio du eta ez da argazkian ateratzen. Txirrindulariaren segurtasuna ere garrantzitsua da. Helmugara heltzen direnean oso ahul heltzen dira, eta zaurgarriak dira. Ondo babestea eta alboan egotea da gure lana.

Etxetik urrun egun asko igaroko dituzu azken urteetan; nola daramazu distantzia?

Orain arte, oso ondo. Orain, ume txiki bat dut, eta gero eta zailagoa egiten da. Baina hori da gure egunerokoa eta ohitu egin behar izaten dugu. Alde onak eta txarrak ditu, gauza guztiek bezala. Egun asko ematen ditugu etxetik kanpo, baina denboralditik kanpo ere egun libre asko izaten ditugu.

Dagoeneko historiako txirrindulari onenetako baten masajista eta konfiantzazko pertsona izateagatik zer sentitzen duzu?

Urteak daramatzagu elkarrekin, eta badirudi ohitu egiten zarela, baina apur bat pentsatzen jartzen naizenean bizi izaten ari naizen hau… Beti egon nahi izan dut talde handi batean, ametsa zen niretzat. Harro sentitzen naiz historiaren zati txiki baten parte sentitzen naizelako. Une hauek taldearekin bizi izatea sekulakoa da. Tadej onena da, baina egunen baten bizikleta utziko du eta nik lanean jarraituko dut. Eta mailarik gorenean jarraitzea poztasun handia izango da niretzat.

Esloveniarrak zer du berezia?

Dena eta ezer ez; kar-kar. Bizikleta gainean ez dago inor haren mailarik duenik, hori horrela da. Baina mutil normala da. Taldean beste bat da, bromak egiten ditu, ez ditu taldekideak molestatzen… Familia umila duen beste gazte bat da. Gauzak argi ditu, eta burua ondo kokatuta.

Gorputzak ondo ezagutu behar direla eta masajeak bakoitzaren neurrira eman behar direla esan ohi duzu; hori da sekretua?

Bai, noski. Gorputzak ezberdinak dira, lasterketak ezberdinak dira eta urteko sasoiak ere ezberdinak dira. Gorputzaren exijentzia moldatzen joaten da, mentalki ere gertatzen den moduan. Horretara ohitzeko, esperientzia behar da. Horrela, ziklista bakoitzarekin une ezberdinetan badakit ze lan egin behar dudan, masaje aldetik eta alde emozionaletik ere bai.

Motoak dira zure beste pasioa?

Moto-krosa maite dut. Aitarekin lasterketa guztiak ikusten nituen txikitan. Motozale amorratua zen aita, eta gasolina usain hori transmititu dit. Gainera, herri kirolak ere betidanik gustatu izan zaizkit. Nire bikotekidea munduko txapelduna izan da bost aldiz sokatiran, eta trontzan ere birritan izan da Euskadiko txapeldun. Orain, zaldiekin eta idiekin ere aritzen gara.