Joseba Beramendi ‘Exprai’: “Jolastera etorri garelako marrazten dut”
Joseba Beramendi Expraik (Iruñea, 1973), 50 urte bete berritan, ezohiko erabaki ausart bat hartu du: diseinatzaile lanpostu finkoaren segurtasuna bazterrean utzi eta marrazkigintzatik eta soilik marrazkigintzatik bizitzea. Jolastera etorri garelako egin duela dio. Eta solasaldi jostagarria izan du gurekin diseinuaren munduaren prekarizazioaz zein marrazkigintzaren xarmaz.
Miresten zaitut.
Ze jatorra. Kar, kar, kar…
Mende erdi bete berri duzula eta hiru alabaren aita zarela erabaki duzu lan finko baten segurtasuna bazterrean uztea eta gustatzen zaizun horretan, marrazkigintzan, buru belarri jardutea. To eta no.
Noizbait izan behar zen garaia, eta nire kasuan orain izan da. Ikusi nuen egin behar nuela bai edo bai, eta erabakia hartu nuen. Ezin da denbora pasatzen utzi. 50 urte egin ditugu, baina ez dakigu zenbaterako gauden hemen eta saiatu beharra dago.
Twitterreko, edo Ixako, zure biografian hala laburbildu duzu kontua: “Jolastera etorri garelako marrazten”.
Hori da, jolastera etorri garelako, telebistetako lehiaketetan bezala.
80ko hamarkadako lehiaketetan lehiakideek etengabe esaten zuten, bai.
Baina egia da. Gure etxean hori da leloa. Erabakiak hartzen ditugunean hori oso aintzat hartzen dugu. Ez dira erabakirik zentzudunenak edo seguruenak izaten, baizik eta bihotzak eta gogoak bultzatuta hartzen ditugun erabakiak. Ikusiko dugu kasu honetan zer moduz ateratzen den.
Publizitate agentzia batean kooperatibista moduan zenuen diseinatzaile lanpostu finkoa utzi duzu gibelean.
Azken 15 urteak bertan eman ditut. Kooperatibista moduan sei urte, baina lantalde berarekin 15 urte inguru.
Adibidez, Nafarroako Gobernuaren COVID-19aren inguruko kartelak zuk egin zenituen.
Bai; izan ere, oso bolada txarra izan zen jende askorentzat, baina guk lan faltarik ez genuen izan horren kontura. Gobernuaren informazio kanpaina pilo bat egin genituen. Gauzak horren azkar aldatzen zirenez, neurri berriak etengabe zeudenez, lana izan genuen, bai.
Harro sentiarazten zaituen diseinu lan bat?
Nire lehen lan handietako bat izan zen 96ko Nafarroa Oinezen kanpaina osoa. Beste lagun batzuekin egin nuen, Eguzkilore Herrikolore leloarekin. Oso pozik gelditu ginen.
Hara! Nafarroa Oinez horren gehigarria egin nuen Euskaldunon Egunkaria-rentzat. Eta azalean, zuen logoa photoshoparekin eraldatu nuen, eguzkilorearen erdian haur batzuen irudia sartuz. Hondamendiaren hasiera. Nornahi diseinatzaile.
Photoshopak eta beste software eta aplikazio sorta handi honek horrelakoak eragiten ditu. Gauza txundigarriak egin daitezke nahiko erraz.
Euskalerria Irratiaren logoa aipatuko zenuela uste nuen, zuk egina baita. Gu oso pozik gaude.
Pozten naiz. Ni ere oso pozik geratu nintzen lan horrekin.
Zergatik utzi duzu diseinua?
Garai batean gauzak egiteko modua oso bestelakoa zen. Ez zen gaur egungoa. Komunikazioaren mundu horretan egin beharreko lanak oso ongi definiturik zeuden. Bakoitzak bere lana zuen. Batek grafikoak egiten zituen. Beste batek, mezu idatziak. Eta hirugarren batek, ikus-entzunezkoak. Lana taldean egiten zen, baina aldi berean nolabaiteko askatasunarekin. Bezeroak bere konfiantza guztia jartzen zuen lan talde horretan eta lan egiten uzten zion. Batzuetan aldaketak eskatzen zituen, zorroztasunez, ñabardurak, eta egiten ziren. Baina bazen lan egiteko modu aske bat. Gaur egun, berriz, teknologiak ematen dizkigun aukera horiengatik guztiengatik, denok gara pixka bat argazkilari, pixka bat bideo editore, pixka bat diseinatzaile eta orain, Chat GPT horrekin, baita erredaktore ere. Mundu guztiak dakienez zer egin daitekeen makinekin, teknologiak zein nolako aukerak ematen dizkigun, bezeroak gero eta gauza gehiago eskatzen ditu, garai bateko prezio berean. Gainera, arazoa ez da hori soilik. Jada ez zaizkio gauzak lan taldeari eskatzen. Pertsona bakar bati eskatzen zaio irudi grafiko bat egitea, irudia osatu behar duen mezua erredaktatzea eta hortik abiatuta sareetarako animazioak eta bideotxoak sortzea. Lehen, hainbat lagun zeuden hori guztia egiteko, eta, orain, pertsona bakar bati eskatzen zaio; gehienetan gainera presaz, halako presio batekin, eta betiere prekaritate horretatik atera gabe.
Teknologiaren laguntzaz orain denok diseinuaz dakigunez, bezeroa oso ideia zehatz batekin iritsi ohi da diseinatzailearengana, ezta?
Badakite zer nahi duten, baina oso gaizki azaltzen dute. Ikusteko dago adimen artifizialak zein garapen eduki dezakeen. Horri ere gauzak eskatzen jakin behar da. Eta nik nire bizipenengatik esango nuke bezero askok ez dakitela gauzak eskatzen.
Hau da, adimen artifizialaz gupidatzen zara, asko sufrituko baitu.
Ez du sufrituko makina delako, baina adimen artifizialaren atzean egongo balira iratxo batzuk jo eta su lana azkar egiten, horiek asko sufrituko lukete, bai.
“Diseinatzailearen prekarietatea gero eta handiagoa da, exekutatzaile huts bihurtzen ari gara”
Zer da bezero batek diseinu baterako eskatu dizun okerrena?
Behin, liburu bat egiteko, argazkiekin eta testuekin ekarri zidaten dokumentua ez zen word bat. Egileak liburua eginda ekarriko zidala esan zidan eta testua eta argazkiak fakturazio programa batekin egindako dokumentu batean ekarri zizkidan. Egilea administraria zen eta horixe zen eguneroko lanean erabiltzen zuen programa.
Zer egin zenuen?
Izerdi asko bota.
Faktura photoshoparekin eginen zenion.
Halako gauza arraroak maiz gertatzen dira. Eta askotan arazorik larriena ez da hori, baizik eta ikuspegia. Diseinatzaileok, eta komunikazioaren munduan aritzen garenok oro har, beti daukagu ikuspegi bat, munduaren irakurketa bat. Izan daiteke estetikoa, izan daiteke ideologikoa, izan daiteke era askotakoa. Eta gertatu zait erabat tokiz kanpo dauden gauzak eskatzea. Tokiz kanpo Iruñean, Nafarroan, Euskal Herrian eta munduan. Erabat tokiz eta garaiz kanpo. Eta horrek askotan zure baloreekin talka egiten du. Bezeroa konbentzitzen saiatzen zara: hori ezin dugu horrela egin, okerra da, jendeak ez du ulertuko eta ez du onartuko. Baina berdin du: aurrera jarraitu behar da bere buruan hori zegoelako eta bere borondatea hori delako. Halakoetan, exekutatzaile bihurtzen gara. Sektore osoa exekutatzaile bihurtzen ari dela iruditzen zait. Bezeroaren besoa bihurtzen ari gara, bezeroaren buruak zuzendutako besoa.
Adimen artifiziala aipatu duzu. Video killed the radio star, zioen kanta zaharrak. Will artificial intelligence kill the designer?
Ez dut uste. Iruditzen zait datozen urte hauetan trantsizio moduko bat izango dela, eta hor ikusiko da zer gertatzen den. Adimen artifizialak aukera asko ditu geratzeko, oraingoz merkea delako, doan. Orduan, bezero batek eskatu ahal dizkio milaka aldaketa eta milaka proba, momentuan bertan egiteko eta dirurik ordaindu gabe. Horrek abantaila asko ematen dizkio. Baina nik uste dut hori nagusitzen bada maila pilo bat jaitsiko dela. Mediokritatearen paradisua izango da. Diseinu guztiak oso antzekoak izanen dira. Modei jarraituz oso gauza antzekoak egingo dira. Orduan, desberdindu nahi duenak berriro gizaki profesionalengana jo beharko du, gauza bereziagoak, organikoagoak egiteko.
Adimen artifiziala erabakigarria izan al da zure apustu honetan?
Bai eta ez. Bai, ikusten dudalako etorriko dela orain bolada bat, zeinean adimen artifiziala asko erabiliko den diseinuaren munduan. Eta ez, horrek nire erabakian pisurik balu ez nintzatekeelako buru-belarri sartuko marrazketan, adimen artifizialak horretan ere nire kontra jokatzen duelako. Marrazketan ere sekulako konpetentzia dago adimen artifizialarekin. Beraz, esango nizuke ez duela inolako eraginik izan.
Zer erantzunen didazun badakit, baina inoiz eman didazun erantzuna asko gustatzen zaidanez galdera berdin-berdin eginen dizut: noiz hasi zinen marrazten?
Kar, kar, kar. Bada Puño izeneko ilustratzaile madrildar bat oso-oso ona dena. Eta berak dio hori galdera okerra dela. Galdera hori egiten dizutenean beste galdera zuzenago batekin erantzun behar dela: noiz utzi zenion zuk marrazteari? Izan ere, eskolan, txikitan, denok marrazten dugu, baina gero, ikasturteek aurrera egin ahala, bajak hasten dira; gero eta gutxiagok marrazten dute. Institutuan oso gutxik segitzen dute marrazten. Baina horraino iristen direnek, heldu direnean, sikiera denbora-pasa moduan, marrazten segitzen dute.
Haurtzaro eta gaztaro hartan, zein erreferente zenituen? Zein marrazkilari gustatzen zitzaizkizun?
Txikitan, guztiok bezala, tebeo haiek irakurtzen nituen: Mortadelo eta Filemon, Zipi eta Zape. Astekariak ziren, eta pilo bat zeuden, bospasei. Gero, institutuan, beste gauza batzuk irakurtzen hasi nintzen: Hugo Pratt, Will Eisner eta halakoak. Nik ez neukan inguruan komikizale amorraturik, haiei galdetzeko. Baina bai joaten nintzen Iruñeko komiki dendetara. Eslaba karrikan Totem, adibidez.
Tebeotekak ere baziren, Jarauta karrikan konparaziora.
Eta Gaztediaren Etxean ere bazen beste bat. Horietan joan nintzen nire gustu propioa sortzen, elikatzen eta garatzen. Literaturan bezala komikigintzan, egile batek beste batengana eramaten zaitu.
Zergatik da Nafarroa horren emankorra marrazkilariei dagokienez? Zaldieroa, urmenetatarrak, Belatz, Jokin Larrea, zu zeu…
Sekula ez dut horretan pentsatu, baina horien guztien artean bada ezaugarri komun bat. Beste toki batzuetan ere badira marrazkilari eta ilustratzaile on asko. Gazte zoragarriak datoz. Baina beste toki horiek, oro har, askoz handiagoak dira eta populazio handiagoa dute. Gure txoko txiki honetan, horren biztanle gutxi izanda, egia da marrazkilari asko atera garela. Eta jende hori guztia, ni neu barne, hasi zen marrazten kontra egiteko. Marrazkigintza oso modu polita eta merkea da kontra egiteko. Bakarrik arkatza eta papera behar dituzu mezu bat zabaltzeko. Hori oso nafarra da. Nafarroa beti izan da oso matxinoa eta korrontearen oso kontrakoa.
Gorka Urbizuk halako elkarrizketa batean esan zidan noizbait ere UPNri eskertu beharko diogula euskal sorkuntzaren alde egindakoa, aurkakotasun hori horrenbeste elikatuz, Berri Txarrak ere, besteak beste, kontra egiteko sortu baitzuten.
Nafarroan gauza asko egiten dira. Eta kontrara egiten dira gehienak, oso modu naturalean. Beti esaten digute Nafarroa oso Opus Deikoa dela, oso eskuindarra. Eta ez da egia. Hemen beste inon baino errepublikazale gehiago dago. Hemen intsumisioak beste inon baino arrakasta handiagoa izan zuen, eta hemen lortu zituen garaipenik baliotsuenak. Eta ez da esan ohi den bezain fededuna. Hemen dagoen ateo eta agnostiko kopurua estatuan batez bestekotik oso gora dago. Erakundeetan hori ez da islatu izan. Eta UPN bat baldin baduzu gobernuan, horren aurka gauza asko sortzen dira, erreakzioz. Nafar gizartea ez dago batere ordezkatua erakundeetan.
Marrazkilari gazteak aipatu dituzu. Horretan ere, Nafarroa oso emankorra izaten ari da: Leire Urbeltz, Maite Mutuberria, Oier Zuñiga… A ze labekada.
Oso fuerte datoz eta oso gauza indartsuak egiten dituzte. Horrek bai, horrek halako errespetu bat ematen dit: dagoen olatu hori egonda, unea al da halako saltsatan sartzeko?
Zu oso ona zara. Esate baterako, udan aldi berean aritu zara Athleticen eta Realean: abuztuan, Berria-nudako narrazioak ilustratu dituzu, eta Gara-neguneroko zinta egin duzu. Ez da ohikoa inor bi egunkariotan aldi berean aritzea.
Hala izan da, bai, eta horrela daramazkit hiru bat urte. Hiru urte udako tira egiten Gara-neta udako narrazioak ilustratzen Berria-n.
“Galdera ez da ni noiz hasi nintzen marrazten, baizik eta zuek noiz utzi zenioten marrazteari”
Zure curriculumean daturik deigarrienetako bat, irratian marraztu duzula.
Radio Euskadin egin genuen. Kontzeptu grafikoez mintzatzen ginen; berriak ikuspegi grafiko batetik aztertzen genituen; baina, horretaz gain, bizpahiru marrazki egiten genituen asteko berriekin. Horiek sareetan jartzen zituzten.
Ze proiektu dauzkazu?
Proiektuak baino gehiago enkarguak dauzkat. Nik baditut nire proiektu propioak, baina azken urteotan ez dut betarik izan horiei heltzeko. Orain ikusiko dugu pulamentuz hartzen ditudan eta bultzada bat ematen diedan. Baina, momentuz, enkarguak ditut eta horiek eginen ditut. Igerilekura salto egin aurretik bizirauteko urik ba ote zen begiratu nuen.
Libururen bat prestatzen ari zara.
Pare bat, bai.
Gustura aritzen zara besteen hitzei irudiak jartzen? Bi liburu egin dituzu azkenaldian Javier Traite historialariaren testuen gainean: Historia disparatada de España eta Historia disparatada de la monarquia. Eroso?
Bai, jakina. Umorez landutako bi komiki-liburu dira. Horretarako, oso garrantzitsua izan da Traitek eta biok umorearen ikuspegi bera konpartitzea. Txiste berberekin egiten dugu barre. Sintonia hori garrantzitsua da.
Brugera argitaletxearekin atera dituzue liburuok, eta marrazkien estiloak Brugerako komiki klasikoak ekartzen zituen gogora, Ibañez eta enparauak.
Halako gauzak egitea gustatzen zait. Brugerarentzat bada enkargua, Brugera klasikoko kodeak erabiltzea. Hitzak, adibidez. Bat-batean Zapristi bat sartzen genuen. Halako keinuak niri gustatzen zaizkit. Beste enkargu batean ere sartzen ditut, irakurleren batek harrapatuko dituen esperantzarekin. Oso ongi pasatzen dut halakoekin.
Umoreaz ari zara. Sare sozialekin, ez al da gero eta zailagoa? Burura dakizukeen edozein txiste sareetan jada eginda dago.
Ikaragarria da, bai. Gara-koeguneroko zintekin oso gaizki pasa dut. Asko miresten dut Zaldieroaren, Iturriagaren, Orozen lana. Goizeko albisteekin lanean hasten zara, berri bat interesgarria iruditzen zaizu, txiste bat asmatzen duzu, eta sareetan begiratzen duzunean ea inork egin duen, beti eginda dago.
Berria-nhamar urtez Serio Demonio izeneko umorezko kronika politikoa egin izan nuen Zaldieroarekin elkarlanean. Azken urteetan, larri ibili nintzen horrekin.
Milaka eta milaka bururekin ari zara lehian. Erlauntza inteligentzia. Ezinezkoa da. Egunean bertan egin behar baduzu, gaitzerdi, baina asteazkenean entregatu behar baduzu larunbatean argitaratzeko, akabo.
Zer ematen dizu marrazketak, egin duzun apustua egiteko, Exprai izateko jardunaldi osoz, Joseba Beramendi diseinatzailea gibelean utzita?
Poz asko ematen dizkit. Satisfakzio handiak. Askotan ez zara gustura geratzen egindakoarekin, presak eta epeak direla eta. Askotan gerora pentsatzen duzu beste modu batean egin zenezakeela edo beste modu batean biribil zenezakeela. Baina hala eta guztiz ere, nik sentitzen dudana da bizitza osoan marraztu nahi izan dudala eta orain, aukera izanda, horrekin disfrutatu nahi dudala.