Jose Mari Mendiola: “Judoan zure ametsak betetzeko borrokatzen zara”

Parisko Olinpiar Jokoetatik kanpo lesio baten ondorioz geratu ostean, lehiaketetara itzultzeko irrikan dago Jose Mari Mendiola judoka (Zangoza, 1997). Haren helburu nagusia Europako Txapelketan domina bat lortzea da.

Konta egiguzu nola hasi duzun denboraldia eta zer-nolako sentsazioak izan dituzun hasiera honetan.

Guadalajarako Gran Prix lehiaketan egingo dut debuta, eta, egia esateko, sentsazioak oso onak dira. Bizpahiru hilabeteko entrenamendu onak eta gogorrak egin ahal izan ditut, lesiorik gabe.

Iazko denboraldia mingarria izan zen zuretzat, belaunean ebakuntza egin behar izan zizutelako; nola joan da dena ordutik?

Oso urte gogorra izan da. Belauneko aurreko lotailu gurutzatuan ebakuntza egin behar izan zidaten, eta urtebete geldi egon behar izan dut. Gainera, lesioa gainditu eta lehiaketara itzultzeko nengoelarik, eskuko eta izterreko lesioak izan nituen. Ahazteko moduko urtea izan zen, eta orain, gorabeherarik gabeko aldi bat bizi ahal izatea da nire nahia.

Zer da judoa zuretzat?

Bizitzeko modu bat. Zure ametsak betetzeko borrokatzen zara, eta helburuak egunez egun betetzen dituzu. Kirol honek dituen balioak zoragarriak iruditzen zaizkit.

Eta 2028ko Olinpiar Jokoak? Helburua dira; ametsa?

Helburua eta ametsa, biak. Gaur-gaurkoz, urrun daude, eta orain burua entrenamenduetan, berreskuratzean eta maila hobetzean jarri behar dut. Helburuak epe laburrean betetzen joan behar dugu. Adibidez, nazioarteko zirkuituan egotea da eta lehiakorra izatea da helburuetako bat. Hor ahal bezain beste domina batzea da nire helburua.

Espainiako txapeldun izan zara bost alditan eta mundu mailan ere dominak lortu izan dituzu; lehiaketari dagokionez, helburuen artean, zein da nagusia?

Europako txapelketan domina lortzea. Lortu dudanaren ostean, hurrengo maila hori dela uste dut.

Futbolean hasi zinen, Iruñean, maila ona ematen, baina judoan bukatu duzu. Nolatan?

Txiki-txikitatik bi kirolak egin izan ditut, baina 15 urterekin, Espainiako txapelketa irabazi nuen judoan. Orduan, judoarekin soilik jarraitzea erabaki nuen.

Madrilgo goi-errendimenduko zentroan zaude; ezer aldatu dizu horrek zure errendimendua?

Norberaren errendimendua hobetzeko lekua da, eta horretarako zaude egun osoa buru-belarri bertan. Erraztasun ugari ditugu hemen: jantokia, medikuak, fisioterapeutak, logelak, nire mailako beste judoka batzuk…

Eta nola entrenatzen da judoka bat?

Astelehenetik larunbatera egunean birritan egiten ditugu entrenamenduak, goizez eta arratsaldez. Egunean bost ordu inguru izaten dira, psikologoa eta fisioterapia saioak kontuan hartu gabe. Gainera, entrenatzen ez nabilenean, ikasketak bukatzeko ikasten izaten naiz, CAFYD ikasten ari naiz eta.

Erreferenterik baduzu?

Ostalaritzan diharduen familia batetik nator, eta badakit gauzek bere lana dakartela, landu egin behar direla, eta goizez, arratsaldez eta gauez lan egin behar dela batzuetan. Erreferente argia dira niretzat. Eta kirolari erreferente bat, Rafael Nadal.

Zer egiten duzu denbora librean? Gustuko duzun beste kirolen bat?

Igandeak libre izaten ditut; beraz, bikotekidearekin egotea gustatzen zait. Gainera, lagunekin padelean jokatzea ere gustatzen zait.