Jorge Fernandez: “Inoiz baino sasoikoago nago 50 urterekin”

Bilbotik Madrilera, joan-etorrian, bizi da Jorge Fernandez aurkezle arrasatearra. La ruleta de la suerte saioaren gidaritzapean 16 urte bete ditu, eta telebistan bere tokia aurkitu du. Gainera, 50 urte bete berri eta gaixotasun luze bat gainditu ostean, “inoiz baino sasoikoago” dagoela onartu du Fernandezek.

50 urte bete dituzu. 40 urte egin zenituenean, En forma a los 40 liburua idatzi zenuen. Kaleratuko duzu orain En forma a los 50?

Kar-kar-kar… Egia esan, inoiz baino sasoikoago nago. Oso harro nago lortu dudan transformazio fisikoarekin, azken urteetan ez dut-eta ondo pasatu gaixotasunekin. Agian, animatuko naiz liburua idaztera!

Zeure burua hobeto ikusten duzu orain, ala Mister Espainia irabazi zenuenean?

Ez da erraza alderatzea… Urte asko igaro dira ordutik. Hala ere, 50 urterekin egoera fisiko honetara heltzea kostatu egin zait eta lan handia egin behar izan dut. Beraz, orain neure burua hobeto ikusten dudala esango dut.

Hilabete gogorrak bizi izan dituzu gaixotasunak direla eta. Zer gertatu zaizu?

Alde batetik, merkurio igoera izan nuen gorputzean hegaluzea jateagatik, eta bestalde, Lyme gaixotasuna eragin zidan kapar baten ziztadak. Diagnostikoa emateko denbora luzez ibili nintzen medikuekin gora eta behera… Min handiak izan nituen, eta ez nintzen gai edalontzi bat altxatzeko ere. 13 kilo galdu nituen, eta akatsa izan zen La ruleta de la suerte ez uztea. Saioen aurretik negar egiten nuen, minak eraginda. Gainera, neure buruarekiko gutxiespena sentitzen nuen etengabe.

Gaixotasunen ondorioz zure bizimodua eta elikadura aldatzea pentsatu duzu?

Elikadura zerbait aldatu dut, eta ezin dut hegaluzerik jan, adibidez. Bestalde, 50 urterekin sasoiko egoteko ez dago mirarizko pilularik. Ariketa fisikoa eta elikadura osasuntsua dira gakoak. Gutxienez, hiru edo lau entrenamendu egiten ditut astero, eta elikadurari dagokionez, osagai bakarra duten elikagaiak jaten saiatzen naiz. Lau zutabeak: ariketa fisikoa, elikadura, estresa eta atsedena. Horiek zaindu behar dira.

16 urte bete dituzu La ruleta de la suerte saioa aurkezten. Zein da zure sekretua horrenbeste urtez hor mantentzeko?

Nire lana maite dudala. Azkenean, atzean lantalde zoragarria dugu, eta ikus-entzuleek erantzuten dute. Horrek jarraitzeko indarrak ematen dizkizu. Ondas saria jasotzea ere motibazio handia izan zen niretzat. Norberaren lanaren aitortza.

Nola konbinatzen dituzu Madrilgo grabaketak eta Bilboko bizitza?

Grabaketak jarraian egiten ditugu, bi egunean, eta gero, Bilbon igarotzen ditut astearen beste egunak. Beraz, eramangarria egiten zait. Madril gustuko dut, baina etxean sentitzeak pozten nau gehien. Gure mendietan ibiltzea, Sopelan surfa egitea… Hori ez du Madrilek.

Kirol Heziketan lizentziatua zara. Kirolak garrantzi handia du zure egunerokoan, ezta?

Noski! Saskibaloian urte luzez ibili nintzen eta gaur egun, ia denetik egiten dut. Hala ere, azken sasoi honetan, surfaz eta windsurfaz gozatzen ari naiz. Baita neguko kirolez ere! Eskia da nire beste pasioetako bat.