Jon Unanue Lopez: “Arazo ekonomikoengatik bukatu da 111 Akademia”

111 Akademiak, irakurzaletasuna sustatzen zuen proiektuak, bere bidea bukatu du. Jon Unanue Lopez akademia-buruarekin hitz egin dugu egitasmo horretaz, euskal literaturaren egoeraz eta etorkizunaz, besteak beste.
Jon Unanue Lopez, ongi etorri TTAPera.
Mila esker hona ekartzeagatik.
Nola sortu zen 111 Akademia?
111 Akademiaren bidea 29 urteko bidea izan da. 90eko hamarkadan Manuel Larramendi Kultur bazkunaren baitan kezka bizia genuen irakurzaletasunarekin. Garbi geneukan euskal literatura indarrean zegoela eta kalitate handiko literatura geneukala; gero eta bikainagoa. Baina, aldiz, gure susmoa zen irakurleria ez zela hainbestekoa. Gure inguruan galdetzen hasi ginenean, konturatu ginen jende gutxik irakurtzen zuela euskaraz. Hori dela eta, gure apustua heldu eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea izan zen. Helduak euskal literaturara erakarri nahi genituen, eta euskal literaturaren protagonistak bihurtu. Irakurleari ahotsa eman behar geniola pentsatu genuen. Horretarako, sare bat osatu behar genuela erabaki genuen, non irakurleak protagonistak bihurtuko ziren, eta irakurtzen dutenaren gainean iritzia ematea eta iritzi hori bidaltzea eskatuko genien. Iritzi hori nolanahikoa izan zitekeen; landua edo xumea. Hasiera batean, 1996an, Aiurri hamabostekaria baliatuz, eskualde mailan argitalpen xume bat egiten hasi ginen, eta horrela sortu genuen Beterriko liburua izeneko saria. Lehen urtean Joxan Agirreren Elgeta liburua saritu genuen. Urte gutxi batzuen buruan, eta Interneten etorrerarekin, aukera ikusi genuen sare hura zabaltzeko. Eta izena ere orduan aldatu genuen, oso izen lokala zelako. 111 Akademia jartzea erabaki genuen.
Zergatik jarri zenioten izen hura?
Beste jolas bat izan zen. 100 da zenbaki mugatua, biribila, sendoa. Handitasuna adierazten du, eta hori behar dugu euskal literaturan. Baina, bestetik, 11 zenbakia daukagu; mugagabea eta ugaritasuna adierazten duena. Guk akademia-kide kopuru handi bat behar genuen, hor atzean dauden irakurle mugagabe horiek. Euskal Herri osora zabaldu ginen, zazpi probintzietara, nahiz eta indarra, batez ere, Gipuzkoan eta Bizkaian izan dugun. Eta dinamikan sartu ziren. Liburuak irakurri, iritzia eman eta urte bukaeran gehien gustatu zitzaien liburuaren aldeko botoa ematen hasi ziren. Zertarako? Denon artean urteko libururik gogokoena izendatzeko. Adi: inoiz ez dugu esan libururik onena hautatzen dugunik, gustukoena baizik. Akademia-kideak anonimoak izan dira, jendeak bere iritzia lasai bota zezan. Hori guztia saretzeko eta lotzeko webgunea sortu genuen, eta programa ere zabaltzen hasi ginen. Gure ibilbidean 218 akademia-kide izatera iritsi gara, baina, egia esatera, 29 urte igaro eta gero uste genuen askoz gehiago izango ginela.
“Irakurleari ahotsa eman behar geniola pentsatu genuen”
Zergatik bukatu da 111 Akademia?
Urteroko aurrekontua eta sei orduz lan egiten zuen teknikari bat genuen. Kontua da aurrekontu hura lortzeko zazpi dirulaguntza desberdin eskatu behar genituela, kudeatu egin behar genituela eta zuritu egin behar genituela. Beraz, langile horrek pasatzen zuen urteko ordu kopuru oso handi bat dirulaguntza horiekin lanean. Noizbait dirulaguntza izenduren bat izan dugu, baina gehienak deialdi bidez aurkeztu beharrekoak izan dira. Azkenean, gure teknikaria, oso teknikari ona, erre egin genuen. Behar bezalako lan-baldintzarik ez eta denetarik egin behar zuen lan-dinamika bat zuen. Beraz, azkenean, utzi egin gintuen, eta, hura ordezkatu nahian hasi ginenean, ez genuen lortu lan hori guztia bere gain hartuko zuen inor. Eta jabetu ginen zenbateraino geunden irteerarik gabeko bide batean. Nola liteke euskal literatura sustatzeko ekimen batek zazpi dirulaguntza eskatu behar izatea? Nola da posible dirulaguntza izendun bakar bat ere ez edukitzea? Nik dakidala, euskal literatura sustatzeko ekimenak ez dabiltza borborka nonahi. Erabaki hori hartzea oso gogorra izan da. Izan ere, ikusten dugu zein une gozoan dagoen euskal literatura, “eta orain utzi behar dugu?”. Durangoko Azokarako etorriko dira liburu zoragarri pila bat, eta guk hori guztia dagoeneko galdu dugu. Funtsean, arazo ekonomiko bat izan da; eta ez aterik jo ez dugulako. 29 urte hauetan jo beharreko ate asko jo ditugu, publikoak eta pribatuak ere bai. Ez da gure proiektua ulertu, edo guk uste baino kaxkarragoak gara. Ez dago euskal kulturgintza politikarik. Hori egozten diet alderdi politikoei, baita erakunde pribatu eta herri-erakunde askori ere. Ez gara gai izan hori guztia antolatzeko eta egituratzeko, eta aurrean daukagun ikuspegia penagarria da.
111 Akademiaren saria preziatua izan da.
Kezka bat bagenuen sariaren antolaketarekin. Konturatzen ginen nornahiri aukera ematen bagenion iritzia emateko, haren inguruko guztiek ondokoari emango ziotela botoa. Beraz, lan handia hartu genuen botoa akademia-kideek soilik emateko. Urtarrilaren 2an martxan jartzen genuen hiru txandako bozketa. Akademia-kide guztiei lehenik esaten genien aurreko urtean irakurri zituzten liburu guztietatik gehien gustatu zitzaien liburua aukeratzeko. Lehen erronda hartatik lauzpabost liburu gailentzen ziren. Bigarren txandan, lauzpabost liburu haietatik botoa eman behar zioten gustukoenari. Liburu guztiak irakurrita ez bazituzten, irakurtzeko denbora ematen genien. Eta bigarren emaitza jasota, azken bi obren artean aukeratu behar zuten.
“218 akademia-kide izatera iritsi gara”
Noizbait ez zara ados egon saritutako liburuarekin?
Ezer txarrik saritu dugunik ez nuke esango. Baina egia da inoiz pentsatu dudala: “Honek baino beste horrek ez ote duen merezi…”. Irabazleekin ere une gozagarriak pasa ditut. Esango nuke gaur egun oso goian dauden pare bat idazle gure sariek eman dituztela, batez ere, ezagutzera. Hori ere pozten gaituen kontu bat da. Izan ere, kontuan izan behar dugu urtean zehar liburu asko argitaratzen direla eta, zoritxarrez, denak ez direla ezagun egiten.
Euskal literaturaren garai gozoa bizi izaten ari gara produkzioari dagokionez; zer daukagu hobetzeko?
Guk programa zabal bat sortu nahi genuen literaturaren inguruan, eta hainbat proiektu ezin izan ditugu aurrera atera diru faltagatik. Adibidez, jendeak zer irakurri ez dakienerako tutorial bat sortu nahi genuen, jendeari gomendioak emateko. Azkeneko gure ahalegina, berriz, 111 Akademia-kidearen agiria sortzea izan zen, irakurzaletasunean ibilbide jakin bat egiten zuena saritzeko. Baina ezin izan genuen martxan jarri. Politika oso zehatzak behar dira, eta ez ditut inon ikusten.
“Irakurle-taldeak euskal irakurleen baratzeak dira”
Irakurle taldeak arnasguneak dira…
Zorionez, irakurle-taldeen loraldi bat daukagu. Horiek dira benetan euskal irakurleen baratzeak, eta mimo handiz zaindu behar ditugu. Izan ere, irakurleria amaitzen ari da. Hor gertatuko zaigun kontraesan ikaragarria da inoiz izan dugun literatura onena eta oparoena daukagula, baina irakurle masa kritikorik ez. Hori landu behar da.