Jon Plazaola: “Umoreak libre izan beharko luke”

Komeriaren kluba egitasmotik Barre Librea telebista saiora urteak igaro dira, eta ibilbide horretan protagonismo berezia izan du Jon Plazaolak. Telebistara egin du jauzia, eta nazioarteko fama lortu. Hala ere, adrenalina gehien euskaraz sortzean askatzen duela aitortzen du.

Jon Plazaola, eskerrik asko TTAPen gonbidapena onartzeagatik.

Plazera eta ohorea da, 100. zenbakira iritsita, gainera.

Zerorrek esan duzu, 100. zenbakia da. TTAPen lehen zenbakian, zure lankide izandako Nerea Garmendia elkarrizketatu nuen. Era berean, euskal kulturgintzaren katedral horietako batean gaude: Plateruenan. Baliatuko dugu aukera omenalditxoa egiteko; batez ere, egitasmoa aurrera eraman zutenen eta iraunarazten lagundu dutenen alde. Ea etorkizunean ere Plateruenak gure aterpe izaten jarraitzen duen.

Hainbeste oroitzapen polit datozkit burura! Hementxe, Durangoko erdigunean, ia-ia Durangoko Azokaren parte edo apendize izan dena urte askoan. Zenbat aldiz zapaldu dugun oholtza hori, eta zenbat aldiz etorri gara ikusle modura kontzertuak ikustera. Zeinen goxo hartu gaituzten. Ea etorkizunean ere gu horrela hartzeko aukera dagoen.

1982koa izateko, ibilbide oparoa egin duzu, oso sektore zailean. Zinema munduan aktore batentzat zerbait bada egonkorra, hori ziurgabetasuna da. Pandemia garai honetan, ziurgabetasunean murgilduta gaude ia guztiak. Zuek, aldiz, esperientzia handia duzue. Zer-nolakoa da ziurgabetasun horretan surfeatzea?

Esan duzun moduan, 1982koa naiz, eta horrek esan nahi du 38 urte ditudala. 19 urterekin hasi nintzen bakarrizketak egiten; beraz, horrek esan nahi du bizitza erdia daramadala gustukoa dudana egiten. Oraintxe oso momentu politean nago, bizitza erdia daramat honetan. Zer esan dezaket? Bizitza erdia gustuko lanean, eta beste erdia sudur puntan jartzen zaidana egiten. Ez gabiltza gaizki. Gure lanbidea hain ederra da eta, askotan, hain esker onekoa, baina beste batzuetan ez, eta ziurgabetasunak txoko guztietara jarraitzen gaitu. Ni ziurgabetasun horrek beti lagundu nau bidean. Sentitzen dut garatu dudala Stockholmgo sindrome modukoa. Ziurgabetasunak bahitzen gaitu eta bahitzaile horri nolabaiteko kariñoa hartu diogu. Ia-ia esango nizuke gure lanbidean ziurgabetasuna dela gure konfort-gunea. Inprobisatzera ohituta gaude, bai oholtzan eta baita egunerokotasun horretan ere. Egunean egunekoa bizitzera ohituta gaude. Gure kasuan, ez da gomendagarria etorkizuneko plan gehiegi egitea, inoiz ez dakigulako hor izkinan zer aurkituko dugun. Orain, ziurgabetasun hori gizarte osora zabaldu da, eta nabari dut gauzak kontrolpean ez sentitze horrek beldurra sortzen digula. Ondo legoke arnasa hartzea, ingurura begiratzea eta elkarri laguntzea.

Gure lanagatik ezagun egitea harro egoteko motiboa da

Gauza serioekin jarraituz, iazko udaberrian El periódico de Cataluña egunkarian hango giro politikoaz egin zizuten galdera. Hauxe izan zen zure erantzuna: “Jendeak bere bizitzarekin aurrera jarraitu behar du, eta, umorea eskura izanez gero, umorez bizi dadila”. Gauza bera esan daiteke pandemia garaian bizi garenontzat.

Niretzat umorea ez da lanbide soila. Umorea bizitzeko era bat da, eta bizitzari begiratzeko jarrera bat. Umorea gauza oso berezia da. Eta uste dut azkenaldian badaukagula umorea mespretxatzeko joera bat. Umoreak eraso asko jasan ditu. Beti jartzen dut bufoiaren adibidea. Bufoi haiek erregeek zentsuratuak izaten ziren. Eta herriak barre egiten zuen arren, botereak zentsuratu egiten zituen. Boterea kritikatzeko arma perfektua da. Baina orain, badirudi bufoi horiek herriak berak zentsuratzen dituela, eta hori tristea iruditzen zait. Umorea mespretxatzen baldin badugu, uste dut zerbait oso garrantzitsua eta polita dena mespretxatzen ari garela. Umoreak libre izan beharko luke. Umoreak aske izan beharko luke eta uste dut zentzu horretan denok hausnarketa egin beharko genukeela.

Beraz, umorea bai. Bizitzan, beti. Une oro.

Ez dakit oso ondo hasi dugun elkarrizketa hau. Ziurgabetasunaz hitz egin dugu, baina zuri, berez, azkeneko urte hauetan gauzak oso ondo joan zaizkizu. Batez ere, telebistan. Antzerkigintzan ere bai. Pozik egoteko moduko ibilbidea osatzen ari zara.

Eta pozik nago, gainera! Pozik nago, oso pozik nago. Zortea izan dut. Lanik ez zait inoiz falta izan. Lehen aipatu duzu ziurgabetasuna, eta, ziurgabetasun horren aurrean, batek gauza asko egin ditzake. Ezikusiarena egin diezaioke ziurgabetasunari. Ziurgabetasun horri aurre egin diezaiokegu ere. Edo, besterik gabe, ziurgabetasun horretan bertan goxo egotea. Neuk ziurgabetasun horri aurre egiten diot. Badakidalako edo esperientziak esan didalako. Egongelako besaulkian telefonoak noiz joko zain gelditzen baldin bazara, nekez aterako dira gauzak aurrera. Ipurdia altxa eta jaiki, nahi duzun horren bila. Iruditzen zait, gehienetan, behintzat, hala egin dudala, eta horrek gauza asko eman dizkidala. Adibidez, neuk nahiko nukeen gauzetan ibiltzea. Zortea izan dut ere ibilbide horretan. Nahi dudana egiteaz gain, beste alde batetik gauzak ere etorri zaizkidalako.

Bizitzan ere ez daukat inongo kexarik. Zoriontsu naiz, egia esan. Eta aurrerantzean ere badakit zeozer nahi baldin badut horren bila joan beharko dudala. Horrek, askotan, bertigo pixka bat sor badezake ere, hori da benetan bizipoza eta adrenalina ematen diguna.

Bizitza erdia daramat lanean, eta beste erdia sudur puntan jartzen zaidana egiten

Allí abajo telesailaren aroa igaro zen. Ez dakit zenbat aldiz galdetu dizuten horren inguruan, baina distantzia hartuta nola bizi izan zenuen aro hura? Fama mitifikatu egiten da, maiz. Eta halako presentzia mediatikoa eta fama eramatea ez da batere erraza izango. Nola bizi izan zenuen garai hura?

Denborak aurrera egiten du eta bizi izandakoa gero eta atzerago geratzen da. Baina beti galdetu izan diot neure buruari noiz izango nuen denbora atzera begiratzeko eta konklusioak ateratzeko. Eta orain, badaukat zerekin alderatu. Jada telesail hura bukatu denean. Beste proiektu batzuk agertu dira; orain, adibidez, Barre librea eta antzezlan ezberdinak. Hain gustura sentitzen ari naiz momentu honetan! Allí abajo-ren garaia maitasun handiarekin gogoratzen dut. Bost urte izan dira, eta, agian, ez nuen horrelakorik espero. Proiektu txiki askotan egon gara denbora tarte urrian, eta, bat-batean, proiekturik handienak eman dit jarraipen handiena. Denboran zehar, behintzat, ez nuen halakorik espero. Eta ez nuen espero ere izango zuen oihartzuna. Sekulako erakusleihoa baita. Aste bateko emisioak, adibidez, hiru milioitik gorako ikusle kopurua ematen zuen. Zenbat antzezpen, zenbat funtzio egin behar dituzu hiru milioira iristeko? Horrek ematen dizu kristoren ikusgarritasuna, eta baita fama ere.

Barrura begira, jendeak pentsatzen duena baino askoz ere garrantzi gutxiago du horrek. Telesailak oihartzun handia izan zuen, eta ezagun izate hori inoiz baino gehiago sentitu nuen. Kalearen berotasuna diot, zeren eta nirekiko oso modu onean erreakzionatu du jendeak. Oso polita da jendeak zure lanagatik ezagutzea. Badira beste famatuak, kameraz betetako etxe batean bi hilabetez sartzen direnak. Reality show horietara fama bila joaten direnak badira. Eta ez da berdina zure lanagatik edo zure bizitza saltzeagatik ezagun egitea. Diferentzia ederra dago. Guk gure lanagatik lortu dugu ezagun izatea. Eta hori harro egoteko motiboa da, oso polita da. Uste dut, hala ere, eman behar zaiola daukan garrantzia.

Eta dena hain ondo doakizunez, zergatik tematzen zara zu don inorrezekin, galtzaileekin? Jarraian kateatu dituzu Loosers eta Irabazi antzezlanak.

Tematzen gara, edo gizartea asko tematzen da irabazleak eta galtzaileak izendatzen. Beti Mugan taldeak abesten zuen: Eta ezin dut onartu / gizarte honen hiztegia / nork demontrek izendatu gaitu / galtzaileak. Zer da galtzea? Zer da irabaztea? Gaia bera erakargarria iruditzen zait, baina benetan erakargarria iruditzen zaidana da galtzaile bezala ezagutzen dugunaren barrena. Nik uste dut galtzailearen barrena askoz ere aberatsagoa dela irabazlearen barrena baino. Bilaketa horretan aritu beharra, etengabe. Galtzailearen bizitzak badauka etengabeko bilaketa hori, eta nik gogoko dut etengabeko bilaketa hori. Sortzaile garenok ere etengabeko frustrazio positiboan bizi garela esan ohi dut. Hurrengo egunean bezperan egin duzun hori begiratu eta iruditzen zaizu beste modu batera egin beharko zenukeela. Irabazlea iritsi da gailurrera, baina galtzailea hor dabil beti gora. Eta erori, altxa, eta bilatu eta bilatu. Inspirazioa hor bilatu nahi duzu, bidean geratu diren horiengan.

Beste jende askok galdetuko dizu, batez ere, antzerkigintza urrutiagotik bizi dutenek, ausardia behar dela ordubete luzeko emanaldian bakarka aritzeko. Aurrekoan, Ane Zabalarekin nengoela, Komeriaren kluba gogora ekarri zuen eta esaten zidan zu zeu, luzez, onena zinela. Maila oneko kideak zeuden bertan: Iban Garate, Galder Perez, Ane Zabala bera…

Zeinen gogoko dudan garai haiek gogoratzea. Oso garai, ez dakit nola esan… autentikoak ziren. Bazegoen korronte berri bat, El club de la comedia-k sortu zuena. Britainiarrek edo estatubatuarrek ekarri zuten, eta, bat-batean, euskaraz hasi ginen horrelakoak egiten. Garai hartan, oso gutxi ginen euskaraz bakarrizketak egiten genbiltzanak.

Rockzaleak bezala, gainera, batetik bestera ibili zineten.

Maitasun handiz gogoratzen ditut garai haiek. Komeriaren kluba-ko esperientzia oso polita izan zen. Ikusi genuen ikusleek ere asko eskertzen zutela. Horrelako zerbait egitea garrantzitsua zen, eta gure ama hizkuntzan, gainera. Urteak pasa dira, Barre librea telebista saioarekin berriz ere bakarrizketaren mundu horrekin konektatu dugu. Nola aldatu diren gauzak, nola aldatu diren gaiak, nola aldatu den ikuspegia. Eta telebista saiotik pasatzen denak zer-nolako proposamenak dituen, zenbat arriskatzen duen. Aipagarria da ere emakumearen papera bakarrizketa saioetan. Zenbat askatu den, eta zenbat liberatu den. 180 graduko buelta hartu du asuntoak, eta asko pozten naiz. Irabazi bakarkako saioaren prozesua oso berezia izan da, eta oso pertsonala. Bereziki pozik nago lan horrekin. Ez dit askorik irauten, baina neure buruarekin bakean gelditzea lortu dut, nituen helburuak lortu ditudala sentitzen dudalako. Asmoa comedy kutsuko bakarrizketa horietatik pixka bat aldentzea zen. Monologoa izatea, bakarrizketa izatea, baina antzerkitik gertuago zegoena. Eta helburu hori lortu dudala uste dut. Gero, espero ez nuena zen izan duen harrera, eta hori ikusleei eskertu behar diet. Garai zail hauetan, gainera, esfortzua egiten ari da. Iruditzen zait ikusleak jarrera erreibindikatzaile bat hartu duela: “Antzerkira goaz, zinema aretoetara goaz, kontzertuetara goaz, kultur ekitaldietara goaz, kulturaren ondoan egon nahi dugulako eta beraiekin gaudela sentitzea nahi dugulako”.

Arte eszenikoen ahalduntzeaz hitz egiteko, Ramon Agirrek TTAPen bertan adierazi ziguna gogora ekarri nahi dut: “Arte eszenikoetan, gremio guztietan, 20-30 urteko eskarmentua duen jendea dugu. Eta atzetik datozenak: zuzendariak, teknikariak, obren egokitzaileak… Badago giza materiala, eta bestelakoak, gauza handiak egiteko eta ausartak izateko. Eta, noski, euskaraz egiteko”.

Arrazoi handiz betetako hitzak dira horiek. Batez ere, ausarta izate horrekin geldituko nintzateke. Ausart jokatu behar dugu, eta horretan sinetsi. Ahalmena badagoela eta lehengaia badagoela, ideia onak daudela eta baliabideak ditugula. Sinesteak eta konfiantza izateak ez dauka zerikusirik umiltasunarekin, ez. Badakigu euskaldunon parte edo ezaugarri indartsu bat dela umiltasuna, baina osagarri direla sinistu egin behar dugu.

Pertsonalki izan dudan erakusleiho handiena Allí abajo izan den arren, ez da niri hori bisibilitate handiena eman didan erakusleihoa. Nik euskaraz sor dezaket, eta hori hemen bakarrik egin dezakedan gauza bat da. Hor dago gure desberdintasuna, eta hortik iritsi gaitezke oso gauza bereziak eta propioak egitera. Euskaldun jendearentzat eta baita munduan zabaltzeko ere. Egun plataformen garaian bizi gara. Zergatik ez sortu telesailak euskaraz? Azkenaldian, kalitate handiko adibideak ikusten ari gara telebistan eta zinema aretoetan.

Ane filma fama handia lortzen ari da, Erlauntza hortxe dago, eta oso genero kontrajarria eskaintzen du Hondar ahoa telesailak. Euskaraz eskaini eta gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, alemanez azpititulatu daiteke. Gure hizkuntza jendearen belarrietara gerturatu daiteke. Euskaraz sortu guk bakarrik egin dezakegu. Gure altxor txikia da, altxor txiki handia eta gure berezitasuna. Nire lehentasunen artean, gustatuko litzaidake bide hori jarraitzea. Ziurrenik, zortea izaten badut, segiko dut Madrilera joaten, eta beste telesail batzuetan parte hartuko dut. Zineman, beharbada, erdaraz egindako beste proiektu batzuetan parte hartuko dut. Baina ez dut uste euskaraz aritzea baino grina eta adrenalina gehiago piztuko didan ezer topatuko dudanik.

Aipatu dituzun erreferentzia guztien artean, hemen norbait handia bada hori Jon Plazaola jauna da. Begira, galdeketa erdia egin dugu. Beste elkarrizketa oso bat egiteko aukera daukagu; beharbada, TTAPen 200. zenbakirako deituko zaitugu. Eskerrik asko eta zorte on!

Eskerrik asko zuei. Plazera izan da