Jon Malaxetxebarria Elvira: “Ez dut ezagutzen inor kontzertu batera joan eta ez zaiona gustatu”

Orkestra zuzendaria da Jon Malaxetxebarrua Elvira. Gauetan behin baino gehiagotan errepikatu zaio amesgaizto bera: orkestra zuzentzen hasi eta banan-banan musikari guztiek alde egitea. Zorionez, ez zaio halakorik gertatu. Eta musikarekiko transmititzen duen pasioa ikusita, ez dirudi gertatuko zaionik. Urteak eman ditu mundu zabalean lanean, eta jaioterrira itzuli berri da, Gernikara. Bertan egin dugu hitzordua, haren bizitzako partiturak ze soinu daukan jakiteko.
Jon Malaxetxebarria, ongi etorri TTAPera!
Eskerrik asko.
Jon, orkestra zuzendaria zara zu; zer da musika zuretzat?
Nire bizitza. Txikitatik egon da nire bizitzan. Gernikan, txikitan, txistua jotzen nuen, eta txirula gero. Beti izan da nire bidaiakide, gaur egun arte. Eta nire pasioa baita ere. Askotan ahaztu egiten dut nire pasioa dela, lan bilakatzen delako, baina hor egon da nirekin beti.
Bai momentu onetan eta bai momentu txarretan?
Bai. Momentu onak eman dizkit, baina txarrak ere bai. Lan hau errusiar mendi bat bezalakoa da. Batzuetan goian zaude, lan askorekin, eta beste batzuetan behera jaisten zara eta zalantzak sartzen zaizkizu buruan. Nik txikitatik nahi nuen zuzendari izan. Txikitan, danborradan, Gernikan beti nintzen zuzendaria. Andereñoak esaten bazuen: “Antzerki bat egingo dugu”. Ni protagonista. Edo esaten bazuen: “Zerbait joko dugu”. Nik beti bonboa, instrumentu handiena. Eta denborarekin, beti izan dut helmuga hori: zuzentzea. Momentu onak, bai, asko. Agian, ez ditut disfrutatu amets egiten nuenean bezainbeste. Ze gogoratzen naiz txikitan joaten nintzela Bilboko orkestrako kontzertuetara; ikusten nuen antzoki hura eta esaten nuen: “Nik hor nahi dut egon”. Baina gero, heltzen zarenean, hainbesteko presioa, hainbeste lan horra heltzeko, eta, agian, ez duzu hainbeste disfrutatzen. Gero, pasatzen denean, pentsatzen duzu: “Hori nire txikitako amets bat izan zen”. Baina bai. Momentu onak eta txarrak. Orkestretan lan egitea da harreman baten modukoa, adiskidetasun baten edo bikote harreman baten modukoa. Eta orkestra batzuekin ondo funtzionatzen du urte batzuetan eta gero harreman hori amaitu egiten da. Bilboko orkestrarekin izan nuen harreman bat orain dela urte batzuk eta urtero egiten nituen kontzertu pare bat, eta gero denboraldiko kontzertua egin nuen. Eta gero, kontzertu hori egin ondoren, nire lagun bati esan nion: “Galdetu zuzendari teknikoari nola joan den dena”. Musikari guztiek egiten dute inkesta bat, eta inkesta haren erantzunak ez ziren onak izan. Eta ordura arte izan zen orkestra harekin nire harremana. Baina orain, hasi gara berriro batera lan egiten. Orduan, momentu txarrak bai. Momentu hura izan zen nire bizitzako momentu txarrenetako bat.
Zein esango zenuke dela zuzendariaren lana?
Aurpegi asko ditu lan horrek. Lehenengo, musikari itzela izan behar duzu. Gero, teknika ona izan. Horrez gain, karisma izan behar duzu eszenatokira igotzeko eta publikoak zurekin egon nahi izateko. Eta horretaz kanpo, entseguak daude orkestrarekin, eta, horretarako, harreman ona eduki behar duzu orkestra horrekin. Eta pertsonalitate handia; autoritarioa izan barik, lankidetasun horrekin lan egitea eta musikari horiek inspiratzea.
Eta, adibidez, zuk kontzertu bat duzunean nola izaten da? Kantak aukeratzeko aukera izaten duzu ala batzuetan kanta jakin bat zuzentzeko kontratatzen zaituzte? Nola funtzionatzen du?
Batzuetan, nik aukeratzen dut programa, baina, normalean, orkestrak deitzen dizu eta esaten dizu: “Programa hau daukagu, gustatuko litzaizuke programa hau zuzentzea kontzertu honetan? Bai edo ez?”. Eta beste batzuetan, galdetzen dizute: “Denboraldiko kontzertu bat daukagu eta zuzendu nahi baduzu, ze programa gustatuko litzaizuke?”. Agian, gai bat ematen dizute: “Denboraldi honek gai bat du eta gaia hau da: kondairak”. Eta orduan, horren inguruan, programa bat sortu behar duzu. Opera munduan ez da horrela izaten. Opera munduan titulu bat ematen dizute: “Zuzendu nahi al duzu Maria Stuarda?”. Edo, ez dakit… “Tristan eta Isolda”. Eta hori egin behar duzu, nahi baduzu. Eta ez baduzu nahi, esan dezakezu ezetz.
“Askotan ahaztu egiten dut musika nire pasioa dela, lan bilakatzen delako”
Eta zuzendariak bere ukitua ematen dio partiturari? Ala interpretazioa izan behar da?
Bai. Ukitua baino gehiago, era batera irakurtzen duzu; interpretazioa, esango nuke. Kontuan izan behar duzu konpositoreak nahi zuena. Pentsatu egin behar duzu: “Zergatik jarri du hau hemen?” Noski, ez daukazu telefonorik hilda dauden konpositoreei deitzeko. Bizirik badaude, bai, baina Mozarten sinfonia bat egiten baduzu, zuk pentsatu behar duzu: “Zergatik jarri du azentu hori hor?” Edo: “Forte honek zer nahi du esan? Piano honek zer nahi du esan?”. Eta, agian, nire erantzunak ez dira zure erantzunen berberak izango. eta orduan, bai, tartea badago, baina nahi dugu izan konpositorearen bide bat; euren musika bizitzara ekartzeko musikariak.
Zenbat denbora behar izaten duzu partitura hori barneratzeko?
Piezaren arabera. Opera bat bada, gehiago. Orain dela gutxi egin dut Arriaga antzokian opera bat, opera garaikide bat, eta hori egiteko behar izan ditut sei hilabete, gutxienez. Eta, orduan ere, justu-justu heldu ginen. Orain ikasten ari naiz Maria Stuarda, Donizettiren Maria Stuarda, eta horretarako, esango nuke, bizpahiru hilabete. Baina beste gauza asko ditut: Musikeneko eskolak, beste kontzertu batzuk… Eta ez da berdina Mahlerren sinfonia bat ikastea edo Mozarten sinfonia bat.
Nola entseatzen duzu zuk? Musika zure buruan entzuten duzu, ahapetik kantatu, beste batzuek egin dutena entzun? Nola egiten duzu?
Normalean, beste batzuek egin dutena entzun ikasten nagoen bitartean ez, ze baldintzatu egiten nau. Normalean, neure buruan entzuten dut edo batzuetan, pianoan jo. Askotan, partituraren aurrean eserita egotea aztertzen oso aspergarria da eta orduan egin behar dut edo buruan entzun edo pianoan jo… Arazoa da zelan egin interesgarri ikasketa prozesua. Instrumentu bat jotzen ari zarenean interesgarria da, ze musika sortzen zaude. Baina hemen zu zaude bakarrik eta musika zeure buruan entzuten duzu, baina airean ez dago soinurik. Eta orduan, motibazio hori lortzea izaten da zailagoa.
Zu motibatzea da, orduan, lehenengo pausoa, baina gero, orkestrako musikariak ere motibatu behar dira; 85-95, bitarte horretan egoten dira, ezta?
Orkestra klasiko bat bada, agian gutxiago; orkestra posterromantikoa bada, gehiago. Baina bueno, motibazio hori musikatik dator beti. Zuk musikarekiko pasio hori badaukazu, gero hori transmititu egiten da orkestraren aurrean zaudenean. Noski, pentsatu egin behar duzu: “Zelan azalduko dut esaldi hau, nik nahi dudana, nire ideia horiek guztiak nola azalduko ditut?”. Normalean, keinuaren bidez saiatzen zara egiten, baina ez badu funtzionatzen, batzuetan motibatzeko zerbait esan behar da. Eta hori, batzuetan, prestatzen dut neure buruan.
Zuk zeure keinuak dituzu zuzendari gisa?
Uste dut baietz. Nire gorputza da, nire anatomia. Ikasita daukat teknika bat eta teknika horretatik hasita nire keinuak ditut. Eta esaldi bakoitza edo soinu bakoitza era ezberdin batean interpretatzen dut.
Ispiluaren aurrean inoiz entseatu duzu? Agian, hasieretan edo?
Hasieretan bai. Teknika ikasten zaudenean, ispiluaren aurrean, dena nahiko pedante. Lehenengo pultsua hemen, bigarrena hemen, hirugarrena hemen… Baina hori guztia musika sartzen denean ahaztu egin behar duzu eta jarri musika lehenengo eta gero teknika; hau da, bidea bakarrik.
Oso energikoa zara eszenatoki gainean; asko mugitzen zara.
Bai; agian, ez naiz ni kontziente zenbat mugitzen naizen. Baina bai, musikaren arabera. Musikak eskatzen badit dantza egitea, dantza egiten dut, edo musika nahiko lasaia bada, agian, ez naiz hainbeste mugitzen.
Zaila izaten da hainbeste musika tresna ezberdin kontrolatzea?
Bai eta ez. Musika tresnak kontrolatzea ez da zaila, pertsonak kontrolatzea da zailagoa. Batez ere, entseguetan. Eta musikari horiek konbentzitzea zure interpretazioa ona dela ikus dezaten. Hori da zailena. Instrumentuak, azken batean, partitura ondo badakizu… Zuk buruan duzuna ez baduzu entzuten badakizu zerbait ez dagoela ondo, eta konpontzen hasi behar duzu. Baina hori praktika da, eta zenbat eta gehiago egin, orduan eta errazagoa da.
“Karisma izan behar duzu eszenatoki gainera igo eta publikoak zurekin egon nahi izateko”
Entseguen arabera, orduan.
Entseguak, normalean, ez dira hainbeste orkestrarekin. Kontzertu baterako, profesionalki, egiten ditugu hiru egun.
Hiru egun bakarrik?
Bai. Astelehena, martitzena eta eguaztena. Eta gero, egunean, entsegu orokorra eta kontzertua. Normalean, horrela izaten da. Eta operan, orkestrarekin bakarrik hiru entsegu eta gero abeslariekin gehiago, eszena eta dena batera jartzeko.
Zer izaten da kontrolatzeko zailena? Ez dakit… tempoa? Musikariek noiz sartu behar duten?
Agian, opera munduan zailena izaten da korua kontrolatzea. Ze distantziarekin-eta ez da oso erraza izaten. Askotan, mugitzen dabiltza eszenatokian eta ez zaituzte ikusten, kameretara begira daude, kamerek atzerapena daukate… Eta zailena, agian, batera jartzeko opera mailan koruaren zatiak izaten dira.
Jon, zer sentitzen duzu zuk eszenatoki gainean zaudenean?
Hasi baino lehenago, urduritasun apur bat. Geroz eta gutxiago. Ezagutzen dudanak ez nau jartzen urduri, eta, orduan, orkestra berbera zuzentzen badut bost aldiz, seigarren aldian ez nago urduri. Baina zerbait berria bada, orkestra berri bat, antzoki berri bat, ezezagunari beti diozu beldurra eta beldur horri aurre egin behar zaio. Baina sartu baino lehenago, nire kamerinoan nagoenean arnasketak egiten ditut. Ez dut askorik pentsatzen, musikan pentsatzen dut, batez ere. Eta gero, eszenatokira igotzen naizenean da trantze baten moduan, musikan sartzen zait burua eta bakarrik nago musikarako, musikarako, musikarako, eta ez dut beste ezertan pentsatzen. Bakarrik nago musikan sartuta, kontzertua amaitzen denera arte. Eta gero, amaitzen denean, hasten naiz pentsatzen, baina han, eszenatokian nagoenean, hipnotizatuta bezala egoten naiz, musikaren barruan.
Zuri buruz irakurri dut gaur egun talentu karisma eta moldakortasun handienetakoa duen orkestra-zuzendaria zarela. Ze polita, ezta?
Nork esan du hori?
Toki askotan irakurri dut!
Larregi, larregi. Hainbeste zuzendari itzel dabiltza munduan… ez dakit horrela izango den. Ni ahalegintzen naiz nire hoberena ematen eta ondo prestatzen kontzertu guztietarako. Eta ahal dudan guztia egiten aurrera jarraitzeko. Baina hori besteek esan behar dute: publikoak, kritikoek… Baina ez dut nik kritikarik irakurtzen; ikasi nuen hori orain dela urte asko. Kritikak utzi alde batera, neu naiz nire lehenengo kritikaria eta nik badakit nola irten den kontzertua: egin dudan nahi izan dudan lana, kontzertuak nik nahi izan dudan soinua izan duen eta nire helburua lortu dudan.
Gazte hasi zinen zuzendari. 40 urte dituzu orain. Gaztetasun hori arazo izan da? Oztopo? Errespetatu zaituzte? Zaila izan da musikarien errespetua lortzea? Nola eraman duzu gaztetasun hori zure lanbidean?
Nik ez nuke esango zaila izan zenik gazte izan nintzenean. Gaztea zarenean, agian, errazagoa da, ze lortzen dituzu talentu gazteen deialdi guztiak. Denek nahi dute jakin nolako zuzendaria zaren, ea hurrengo zuzendari handia zaren. Eta, orduan, gonbidapen asko jasotzen dituzu. Orkestrekin inoiz ez dut izan halako harreman txarrik entseatzen egon naizenean. Nire amesgaiztoetan askoz txarragoa izaten da. Orain dela urte batzuk, beti izaten nituen amesgaiztoak orkestra berri batera joan baino lehenago. Bat izaten zen: hasten nintzen zuzentzen eta nik amaitu baino lehenago musikariak hasten ziren joaten, aspertuta. Eta azkenean geratzen nintzen ni bakarrik zuzentzen. Gogorra. Baina inoiz ez zait gertatu hori, zorionez. Zailena da berriro deitzea; bigarren deialdi hori lortzea. Eta orkestra batzuetatik lortzen duzu bigarren deialdi hori eta beste batzuetatik, ez. Eta orduan, hori asimilatu egin behar duzu, eta urteekin hori lortu dut; jakitea harreman guztiak ez direla izango betirako, adiskidetasunaren moduan. Orkestra batzuek deituko dute hurrengo batean, baina beste batzuek, agian, ez. Gaztea nintzenean hori oso traumatikoa izaten zen, ze esaten nuen: “Zergatik ez didate deitu?”. Eta burua jaten nuen. Baina harreman guztiek ez dute izan behar betirako.
Konpetentzia handia dago zuen lanbidean?
Bai, geroz eta handiagoa. Ni baino bi belaunaldi edo belaunaldi bat zaharragoa denak ez zuen hainbesteko konpetentziarik bizi izan, ze, agian, ez ziren hainbeste zuzendari ateratzen kontserbatorioetatik. Baina orain gazte pila bat daude zuzendaritza ikasten, eta talentu handikoak. Beraz, bai. Nik badakit nire Musikeneko ikasleetatik, agian, %10 izango direla zuzendariak. Denak ahaleginduko dira, baina ez dago lekurik denentzat. Orkestra bakoitzak 80 musikari ditu, baina zuzendari bat. Eta gainera, ez da betirako lan bat. Gehienez ere, egoten zara orkestra bakoitzean 6-9 urte. Ez da lehengo moduan, Toscanini La Scalan egon zela bere bizitza osoan ia-ia. Aldi baterako lanak dira eta ez da erraza izaten.
Eta ikasi duzu barneratzen ez zarela orkestra batean jubilatuko eta une oro ikasten eta hobetzen aritu beharko duzula?
Bai. Eta, gainera, balio duena da zure azkenengo kontzertua orkestra horrekin. Ez du axola bost kontzertu on egiteak, seigarrena txarra bada; ze ez dizute berriro deituko. Edo harremana ez bada ona izan entseguetan, edo horrelako zerbait. Baina horretarako gaude. Lanbide honetan sartzen garenean, badakigu horrelakoa izango dela. Ez da dena musika eta zuzentzea, harreman pertsonal hori ere sartzen da lanbide honetan.
Jon, goazen zure hasieretara: nola hasi zen musikarekin daukazun harremana?
Gernikan, ikastolan, txistua entzuten; eta musika eskolan, solfeoa ikasten. Baina beti nahi izan nuen nik musika eskolara joan. Ez dakit zergatik. Beti nahi izan nuen txistua jo, txirula jo, musika ikasi, danborradan danborra jo, dantza egin… Hasieran, eszenatokian egon nahi nuen. Antzerkia ere egiten nuen, baina gerora aukeratu egin behar izan nuen. Antzerkia edo musika. Eta pentsatu nuen musika konpletoagoa zela. Ze operan daukazu antzerkia, abestia, dantza, orkestra, zuzendaritza… Eta horregatik, musikaren bidetik joan nintzen. Eta gero, jarraitu eta jarraitu. Bilbora joan nintzen gero, erdi mailako kontserbatoriora, handik Chicagora, Chicagotik Manchesterrera…
Pausoz pauso joango gara: txikitatik ezagutzen dugu elkar eta nik zure txikitako oroitzapena daukat, beti musika instrumentu batekin joaten zinela.
Bai, txistua, edo tronpa, edo txirula… Pianoa ezin nuen eraman, baina pianoa ere jotzen nuen.
Eta erabaki zenuen musika ikasketak egingo zenituela.
Bai. Betidanik nekien hori. Musika eskolan nengoenean beti nengoen pentsatzen zein izango zen hurrengo pausoa helmugara heltzeko. Nik banekien zuzendari izan nahi nuela, ez dakit zergatik. Behin eraman gintuzten musika eskolatik Arriagara kontzertu didaktiko bat entzutera eta koruko entsegu batean nire andereñoak galdetu zuen: “Nork nahi du zuzendu?”. [Theo] Alcantarak zuzentzen zituen kontzertu haiek eta beti galdetzen zuten: “Nork nahi du zuzentzera igo?”, Nire andereñoak bultzatu ninduen erdiko pasillotik, korrika joan nintzen eta esan zuen: “Zu hemen zaude; beraz, zuzendu.” Eta ordutik. Ez dakit zenbat urte izango nituen, 6-7 urte… Ordutik.
Ordutik, zure bizitza musikara bideratuta egon da; Chicagora joan zinen tronpa ikasketak egitera eta handik Manchesterrera.
Handik Manchesterrera, zuzendaritzako masterra egitera. Tronpa ikasi nuen, Chicagon, lau urtez. Eta gero, masterra egitera joan nintzen Manchesterrera eta handik Gernikara itzuli naiz, orain dela hilabete.
Bai! Hori esan behar nizun! Urte pila bat eman dituzu etxetik kanpo, Gernikara itzuli zara; hemen bizi izanda, bizi zaitezke musikatik?
Gernikan ez naiz egongo. Donostian egiten dut lan eta gero Madrilera noa bi hilabete. Sheffieldera (Erresuma Batua) joaten naiz, ze nire orkestra Sheffielden dago, eta hara joaten naiz urtean hamar aldiz. Gora eta behera. Gero, zortea daukat, ze beste bi hilabetez egon behar dut Bilbon, baina Bilbo Gernikatik hurbil dagoenez hori autoz egin dezaket.
Ze proiektu dituzu esku artean?
Nire orkestrarekin hurrengo kontzertua urrian da. Gero Madrilera noa, asistentzia bat egitera, Teatro Realen, Maria Stuarda opera egitera. Gero, bueltan, bi kontzertu Sheffielden. Gero, Arriagan daukat proiektu bat, eta gero, beste kontzertu bat Liverpoolen.
Beti bueltaka, ezta?
Bai, gora eta behera.
Ze musika mota zuzentzea gustatzen zaizu? Baduzu kanta kuttunik?
Mundu sinfonikoan gehien deitzen nauena da musika posterromantikoa: Strauss, Mahlerren musika… Garai hartako musika. Ez dut askorik zuzentzen musika hori, egia esan, baina aukeratzeko ematen badidate beti joaten naiz errepertorio horretara.
Ze adinetako jendea egoten da kontzertuetan?
Nahiko zahartuta dagoen belaunaldia, esango nuke. 50 urtetik gora, gehienbat. Eta gero, gazte batzuk: musika ikasleak edo musika gustatzen zaien beste gazte batzuk. Jende askok pentsatzen du musikaren amaiera dela, ze jende heldua baino ez da joaten kontzertuetara. Baina beti dago jendea. Orduan, nik uste dut heldutasun bat behar dela kontzertuetara joateko.
Badaude saiakerak musika mota hori publiko orokorrari hurbiltzeko. Geroz eta fusio gehiago ikusten dira. Ikusi dugu Zea Mays Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, edo Izaro… Nola ikusten dituzu zuk fusio horiek?
Nik, itzel. Musika hori ere pila bat gustatzen zait. Niri popa eta musikalak asko gustatzen zaizkit. Jendeari musika sinfonikoa hurbiltzeko bada, ni beti nago horren alde. Edo orkestra atera, orkestraren kontzertu bat herritarrendako. Nik uste dut arazoa izaten dela jendea sartzea antzokira, ze ez daude ohituta antzokira joaten, eta etiketa bat dago han, protokolo bat. Ezin duzu txalorik jo mugimendu artean… Eta ez direnez inoiz han egon, ezezaguna da beraientzat. Orduan, askotan, atera egin behar da orkestra hori antzokitik, gero jende hori sartzeko. Bilboko orkestra irteten da, egiten ditu udako kontzertu batzuk Gernikan, Bermeon, Lekeition…
Beraz, behar da, ezta? Musika hori jendeari hurbildu eta horren aldekoa zara zu.
Nik ez dut ezagutzen inor kontzertu sinfoniko batera joan eta ez zaiona gustatu. Denak irteten dira esanez: “Ze pasada.” Soinua, imajinatu, 80 pertsona, instrumentuak jotzen, afinatuta, batera… Harrigarria da.
Eta igartzen da zuk asko gozatzen duzula.
Nik bai! Oraindik, maitasun hori daukat musikarekiko.
Eta izango duzu, ezta?
Uste dut baietz, hiltzen naizenera arte.
Ba, eskerrik asko, Jon, musikarekiko duzun zaletasun eta maitasun hori transmititzeagatik. Zorte on, lan asko izan dezazula eta joango gara kontzerturen batera. Eskerrik asko, benetan!
Zuri, eskerrik asko!