Jon Fernandez: “Gabon zaharreko kanpaikadak aurkeztea fantasia izango litzateke niretzat”

Ekitaldiz ekitaldi, Gaztea-ko mikrofonoa eskuan, ikus dezakegu Jon Fernandez kazetari irurarra. Sare sozialez, ekitaldiez, kazetaritzaz eta irratiaren egungo egoeraz hitz egin du Fernandezek, TTAP aldizkarian.

Kazetari lanetan zabiltza Gaztea-n. Kazetaria izatea zen zure umetako ametsa?

Bai. Txikitan mikrofonoa eskuetan imajinatzen nuen nire burua, gertakariak kontatzen edo abestiak aurkezten irratian. Oso garbi izan dut, beti, hori egin nahi nuela, eta hori lortzen ahalegindu naiz urteetan zehar, Gaztea-n amaitu arte.

Ebentologoa zarela ere entzun izan dugu. Zer da hori?

Ebentologoa ekitaldi askotara joatea eta horietan murgiltzea izango litzateke. Batzuetan, ekitaldiaren antolakuntzan ere murgilduta egon zaitezke. Orokorrean, ekitaldi horietan –festak, inaugurazioak, sari banaketak, Zinemaldia…– saltsa asko dago, eta ni saltsero bat naiz. Jende desberdin asko joaten da, txutxu-mutxu asko sortzen dira… Oso dibertigarriak dira. Eta janaria badago… itzel, kar-kar.

Ekitaldietan ibiltzen zara, mikroa eskuan. Zein ekitalditan lan egitea gustatuko litzaizuke, eta nor edo nortzuk elkarrizketatzea?

Musika sari handi batzuetara joatea gustatuko litzaidake, Grammy edo MTV sarietara. Profesionalki eta pertsonalki, asko gustatuko litzaidake Aitana elkarrizketatzea. OT-tik gertutik jarraitzen dudan artista da, eta amets bat izango litzateke. Eta oso-oso-oso handi amestuta, Taylor Swift edo horrelako pop izar handi bat elkarrizketatzea izugarria izango litzateke.

Eduki sortzaileen mundua ondo ezagutzen duzu. Udan polemika izan da influencer-en kontuarekin. Zein etorkizun ikusten diozu horri guztiari?

Influencer-en gainbehera delako hori polemika sortu baino lehen naturalki gertatzen ari zen zerbait da. Gero eta eduki sortzaile gehiago dago, eta ez gara edozer gauzarekin konformatzen. Kontsumitzaile bezala exijenteagoak gara. Gainera, hainbeste edukiren artean zurea nabarmentzea gero eta zailagoa da. Eta gaur egungo kontsumo azkarrak ere zailtzen du pertsona bakar batean arreta jartzea. Duela hamar urteko lifestyle estilo horretako influencer handi berri gutxi sortzen dira. Agian, gero eta gutxiago interesatzen zaigulako jende horren bizitza, eta gero eta gehiago kontsumitzen ditugulako zerbaitetan adituak diren edo zerbaiten inguruan hitz egiten duten eduki sortzaileen edukiak. 2016an boom handia izan zuten lehen influencer horiek beraien egunerokoa “saltzen” zuten. Helduagoak gara orain, eta konturatu gara bizitza ideal hori ez dela erreala eta ez dela eskuragarria.

Zer dauka irratiak magikoa izateko?

Esatariak eta entzuleak elkar ez ikusteak egiten du, nire ustez, magiko irratia. Gustatzen zait imajinatzea jendea bere kotxean edo etxean irratia entzuten. Garai batean, entzuleek irrati esatarien itxura imajinatu egin behar zuten, eta hori ere magikoa zen. Gaur egun, “magikotasun” hori, aurpegia ez jartze hori, galdu egin da sareekin. Baina entzuleek beti imajinatu ahal izango dute nola gauden estudio barruan irratia egiten, eta guk ere imajinatu ahal ditugu entzuleak gu entzuten. Magikoa izan daiteke, baita ere, konpainia ere egiten dugulako nolabait. Hor gaude, ez diguzu arreta berezirik jarri behar jakiteko hor gaudela. Baina, ez bagaude, hutsunea nabaritzen dela esango nuke.

Gaztea-n ondo uztartzen duzue irrati klasikoaren eta sare sozialetako edukien arteko plataforma anitzaren modeloa. Hori da kazetaritzaren etorkizuna?

Ez da etorkizuna, oraina da. Gaztea-ren kasuan, hau egin behar dugu irrati musikal baten bizirautea bermatzeko eta erreferentziazkoa izaten jarraitzeko. Gaztea 90eko hamarkadan sortu zen, gazteak irratiaren beste aldean zeudelako. Orain, gazteak pantailaren beste aldean daude, eta irratiak haiengana jo behar du. Kazetaritzarekin berdin: gazteak ez daude telebistaren edo paperezko egunkariaren beste aldean, pantailaren beste aldean daude. Kontsumo ohitura horietara egokitu behar gara, norbait izaten jarraitzeko.

Sare sozialen aro zoro eta berehalako honetan, nola deskonektatzen duzu edo saiatzen zara deskonektatzen?

Uf, galdera ona! Egia esan, aurten lortu dut hori egitea, benetan. Beti saiatzen nintzen oporretan mugikorrarekin ez ibiltzen, sareen detox-a egiten, baina, azkenean, beti erortzen nintzen. Aurten –agian, lanean inoiz baino lan gehien izan dudalako edo–, naturalki atera zaidan zerbait izan da. Uztailean bi astez egon nintzen Kanarietan, eta ez nintzen sare sozialez gogoratu. Ez nituen faltan bota. Ez nuen ia ezer igo, ezta ezer kontsumitu ere. Azkenean, egun osoa pasatzen duzunean horrekin lanean, pantailari begira, egin nahi duzun gauza bakarra da lasai egotea eta sareez ezer ez jakitea. Eta uf, ze zoriontsua izan naizen eta zenbat behar nuen hori egitea! Nola lortu dudan? Uste dut konpainia ona izateak asko laguntzen duela, eta baita buruari reel-ak eta TikTokeko edukiak ez diren beste estimulu batzuk emateak ere –eskulanak egitea, margotzea, hondartzara joatea, irakurtzea…

Oso ezaguna ez den baina gustuko duzun eduki sortzaileren bat? Edo gomendioren bat?

Niri inspiratzen nauten edo nire lanerako gustatzen zaizkidan eduki sortzaile pare bat hauek dira: batetik, @miguelangles, oso kalitate oneko bideoak egiten ditu, edizio oso landuarekin, eta oso inspiratzaileak egiten zaizkit bere bideoak; eta, bestetik, @itsgabilopez sortzailea ere asko gustatzen zait: bideoak egiteko gomendioak ematen ditu, iPhoneen eta kamera ezberdinen review-ak egiten ditu… Gustuko dut bere edukia.

Elkarrizketatu duzun zein pertsonak harritu zaitu gehien?

Metrikak harritu ninduen pila bat. BatBatean jaialdian bera elkarrizketatzeko aukera izan nuen, eta flipatu egin nuen berarekin. Bere itxurak eta izateko erak ez dute zerikusirik. Super pertsona jatorra, gertukoa eta dibertigarria da. Gainera, euskarazko hitz pila bat ezagutzen zituen, eta horrekin flipatu nuen.

Zein izango litzateke zu aurkezle izango zinatekeen zure ametsetako irratsaioa edo telebista saioa?

Amets bat izango litzateke OT bezalako formatu bat aurkeztea, ETBko Ztanda, adibidez. Baita reality-ren bat ere. Gu Ta Gutarrak bueltatuko balitz, aurkezle izatea gustatuko litzaidake. Julen Telleria Gaupasa-n dagoenez, ea aukeraren bat ematen didaten ETBtik, kar-kar. Ah! Eta noizbait Gabon zaharreko kanpaikadak egitea gustatuko litzaidake. Fantasia.