Jon Basaguren: “Oso anbizio txikiak ditut”

Kultur jarduerako profesionalentzat garai zaila izaten ari da, eta, epe erdira, panorama ez da askorik argituko. Aldarte onenari eutsi nahi dio Jon Basagurenek, kontzertu gutxi eta baldintza berezietan egin behar diren aro zail honetan.
Eskerrik asko TTAPen gonbidapena onartzegatik.
Zuei, gonbita egiteagatik.
Zein da zure aldartea pandemiaren bigarren olatu honetan sartuta gaudela?
Umorez hartzen saiatzen ari gara. Eustea da ateratzen zaidan hitza, zeren eta ezin baita gauza askorik egin. Eutsi, ahal dena egin, ahal dugun moduan eta gehiegi frustratu gabe. Burua, behintzat, osasuntsu mantentzeko, ahal den heinean.
Jimmy Jazz aretoan gaude, Gasteiz hiriburuan. Ez da zuentzat nolanahiko aretoa. Izan ere, udaberriaren amaiera aldera, konfinamenduaren aste gogor haietan, hemen bertan eskaini zenuten emanaldia. Streaming bidez zabaldu zen. Hedabide batean adierazi zenuen esperientzia hura mendi gain batera iristea bezala izan zela. Zer-nolako oroitzapena gordetzen duzu emanaldi hartatik?
Oso oroitzapen ona. Beharbada, ez da nahikoa denbora pasatu hau guztia behar bezala ikusteko…
Perspektibarekin ikusteko…
Bai, bai. Hainbeste gauza arraro izan dira gure bizitzetan… Emanaldi hura izan zen akuilu bat. Ezin genuen entseatu ere egin, lokala prezintatua zegoelako. Ezin zen joan hara. Eta Jimmy Jazz aretoak bertan entseatzeko aukera eskaini zigun, orain eserita gauden toki honetan bertan. Distantziarekin eta baliabide teknikoekin. Eta prestaketa hori borobildu genuen streaming bidezko kontzertu horrekin. Berriz ere musikari sentitzea, talde osoa jotzen aritzea…
Zentzua hartzen du guztiak, ezta?
Bai, eta orduan diozu: “Hau zen. Honengatik egiten genuen”. Eta txute bat izan zen momentu hartan. Udan ere emanaldi batzuk eskaini dituzu, bereziak guztiak.
Eta, gainera, kantu berri bi eskaintzeko aukera baliatu zenuten. Melomanoei begira, ze izenburu dute bi kantu horiek?
Oasia eta Gorputz adar mamua dira. Buruan genuen single modukoa prestatzea. Asmoa pandemiak moztu zuen eta Jimmy Jazzen entseatzeko aukera baliatu genuen, etxean nituen bi kantu horiek taldearekin lantzeko eta estreinatzeko. Eta, gerora, zuzenekoetan jotzen ditugu. Grabatu ditugu dagoeneko.
Ez zituen, beraz, streaming-ak eraman. Grabatu eta gero entzun ahal izango dira.
Bai, bai.
Bereziak izango dira bi kantu horiek, denboraren poderioz. Zuk gogoratuko dituzu; ez dakit jendeak, baina zuk bai, garai honekin.
Bai. Musika erdi-egina nuen. Letra aldetik bizi izan dugunaz zerbait atera zait eta kantu horietan agertzen dira. Ez oso modu agerikoan, baina bada bizitako garaiaren eragina.
Neronek letrak beti uzten ditut bukaerarako, eta azken bi horiek itxialdi garaian idatzi nituen. Nabari dela esango nuke.
Hitza bukatu aurretik, zer da abesten duzuna? Spanglish moduko zerbait?
Spanglish edo ez dakit…
Euskalglish.
Bai, horrelako fonema batzuk, eta gero, horren gainean eraikitzen dut letra. Gero, asko aldatzen dira, zeren eta nahiko obsesiboa bainaiz sonoritatearekin eta bokalekin.
Buruko-min bihurtzeraino?
Bai; eta hitzei geroz eta garrantzi gehiago ematen diet. Bukaerarako uzten ditut hitzak, baina ez garrantzi gutxiago ematen diedalako. Kontrakoa baizik. Noizbait gertatu izan zait hitz bat eduki, gero musika aldatu, eta hitzak ez dit enkajatzen. Orain, musika ondo ixten dut, eta melodia gero osatzen dut.
Zerikusia izan dezake esperientziarekin, adinarekin… Hasiera batean, beharbada, ausartagoa zara zenbait gauza abesteko, eta gerora, abesten duzuna gehiago zaintzen hasten zara.
Nik uste dut baietz. Beti eman izan diot garrantzia, baina lehen, igual, gauza gehiagori ematen nien balioa eta orain gauza gutxiagori. Gustura geratu behar dut neure buruarekin, eta kosta egiten zait.
“Zuzenekoetan gozatzen ari naiz, baina arraroa da“
Jimmy Jazz aretoan gaudela, talde askoren artean bereziki gogoan dut Anestesia taldea ikusi nuenekoa. Talde on bat hemen ikustea plazer handia da eta. Anestesiakoek oso soinu propioa dute, eta horrelako toki itxi eta mugatuan ikustea gozamen hutsa da. Zein kontzertu gogoratzen duzu zuk hemen?
Kontzertu asko ikusi dut hemen. Beharbada, Jimmy Jazzen ikusi nuen lehenengoa, unibertsitate garaikoa, Iruñetik Joseba Baleztenarekin etorri nintzenekoa. Snap Case ikusi genuen, hardcore talde estatubatuarra. Garai hartan, metal estiloan oso murgilduta nengoen, eta haiena beste soinu bat zen. Asko gustatu zitzaidan. Geroztik, hemen kontzertu asko ikusitakoa naiz. Maiz, hizpide izaten dugu areto hau. Talde bat ikusten ari gara jaialdi batean eta: “Joe, talde hau Jimmy Jazzen ikustea la ostia izango zen”.
Tenplua, edo katedrala.
Bai. Kantuak egiten ditudanean, diskoa kalean imajinatzen dudanean, beti ikusten dut neure burua diskoa horrelako aretoetan aurkezten. Hemen edo Bilboko Kafe Antzokian. Gero, jo izaten dugu aire librean edo jaialdietan, baina inkontzienteki areto hauetara joaten naiz. Nik uste dut horrek ere eragina baduela konposatzen duzun musikan, zeren eta ari baitzara inguru baterako soinu banda sortu nahian.
Gogoan dut behin Iñigo Muguruza elkarrizketatu nuela, eta aipatu zidan taberna batean ondo funtzionatzen duen talde batek areto handi batean arazorik gabe izan dezakeela arrakasta. Eta, aldiz, talde trakets bat nekez salba dezakeela azpiegitura handi batek eskaintzen dituen baliabide teknikoak.
Argi jokoak, show-a… hori kenduz gero, ez bada ezer geratzen… Kantuekin ere hori geratzen da. Gitarra akustiko batekin eta ahotsarekin, edo piano eta ahotsarekin kantuak ez badu funtzionatzen, nahiz eta kantu hori ekoiztu, nekez izan daiteke kantu ona.
Aipatu diguzu udan emanaldi batzuk eskaini dituzuela. Zer-nolako sentsazioa izan duzu?
Beste gauza bat da. Streaming-arena egin genuen, eta pozik. Baina… uf… ez dakit, hori baldin bada etorkizuna… Jendearen aurrean jotzea beste gauza bat da.
Ikusleak ikusi, sentitu egin behar dira.
Bai. Nahiz eta oso arraroa izan ikusleak musukoa jantzita ikustea. Galtzen da espresibitate guztia. Eserita, gainera, mugitu gabe… begiak bakarrik ikusten ziren. Eta, hala ere, baziren une batzuk jendeak zerbait adierazten zuena. Altxa egiten ziren, eta orduan genion: “Bai, bizirik gaude guztiak!”. Hurbiltzen zitzaigun jendea adierazten ziguna: “Ez genekien zer egin, oihu egin edo altxa”.
Nola jokatu? Hain berria eta ezberdina da dena!
Bai, eta gauzak ondo egiteko hain arduratsu gaude… Gozatzen ari naiz, baina arraroa da.
Musikariontzat oso mundu arraroa geratzen ari zaigu. Ez dakit ez ote den Hibernazioa kantua idatzi eta berridazteko garaia…
Hilabete batzuk, itxura guztien arabera, hibernatzen pasa beharko ditugu.
Irribarre batekin hasi duzu elkarrizketa, eta egoera zail honetan soka berean datoz teknikari asko. Kultur jardueretan, musika eremuan, adibidez, badira lantxo ezberdinak eginez soldata ateratzen dutenak. Horietako bat da zuekin kontzertuetara joatea… eta orain, kide horien guztien panorama oso iluna da.
Oso kolpe latza da. Batez ere, zuzenekoetatik eta jendaurrekoetatik bizi garelako. Nire kasuan, irratsaioarekin badut beste diru-iturri bat, baina bestela… oso panorama iluna da. Eta inguruan baditugu oso egoera latza bizitzen ari direnak, euren ogibideaz bizitzeko ez dagoelako modurik. Aurretik ere nahiko prekarizatua zegoen, oso underground egiten zen dena. Orain, hori ere ezin da egin.
Zaildu egiten da dena.
Bai.
Eta, bestalde, badira 2019aren amaieran edo 2020aren hasieran diskoa argitaratu, aurkezpen emanaldiak ilusioz prestatu eta bat-batean dena erori zaiena. Burura datozkit Skakeitan edo Liher taldeak. Oso ekoizpen landuak eta mamitsuak prestatu zituzten. Ekonomikoki bada, baina artistikoki ere kolpe handia da.
Bai, gogorra behar du izan. Itxialdia hasi eta berehala burura etorri zitzaigun lehengo pentsamendua horixe izan zen. Udaberriko kontzertu guztiak erori zitzaizkigun eta udazkenekoak ere… Gure artean genion: “Pentsa hau gertatzen zaigula diskoa atera eta segidan”. Batzuei hori geratu zaie, eta ez dut euren azaletan jarri nahi… Apustu ekonomikoa, ilusioa, egin duzun lan guztia eta… diskoa hor dago eta hor egongo da betiko. Baina ezin aurkeztea edo hemendik urte pasatxora kantu horiek aurkeztu beharra… Ze aldarte eta ze gorputzaldi duzun…
Gauza bat da artisten denbora, eta bestea entzulearen denbora. Diskoa kalera atera denerako, diskoa mamitu duzue eta, beharbada, ari zarete kantu berriak egiten.
Pandemiak Dena oskol bira amaieran harrapatu gaitu. Asmoa genuen aretoetan bukatzeko. Ez dakit nola egingo dugun. Zerbait egingo dugu bukaera bat emateko eta zikloa ixteko. Baina ez dakigu nola.
“Pandemia garaian ‘eustea’ da ateratzen zaidan hitza”
Denok nahi dugu loraldi bat egotea, baina panorama nahiko iluna da.
Arazoak egongo dira udaberriko programazio guztiak sartzeko. Aretoetako jendearekin hitz eginda, bira asko atzeratu egin dira. Eta disko berriak egongo dira, baina zaharrak oraindik aurkeztu gabe…
Ikusi egin behar jendearen erantzuna ere. Aldarte onari eutsi nahi diozu zuk.
Bai, honek zerbait erakutsi badigu da ezin dela luzera askorik pentsatu. Astez aste edo hilabetetik hilabetera aldatzen baita dena. Eta ari ginen, gainera, kontzertuak urtebetera lotzen. Diskoa grabatu baino lehen, urtebetera egingo duzun aurkezpeneko kontzertua lotzen ari ginen, zeren eta bestela data kenduko baitziguten. Dinamika pixka bat arriskutsuetan sartzen ari ginen.
Sortzaile ezberdinekin egon naiz eta badago eztabaida bat. Ea garai hau aproposa den sormenerako. Pettik, adibidez, esaten zuen garai honetan ezin zela ezer onik atera bere barrutik. Beste batzuek, adibidez, denbora edukita eta denbora izanda, musikan sakontzeko aukera izan dute. Non kokatzen da Jon Basaguren?
Denbora baliatu dut gauza teknikoagoak egiteko. Baneuzkan ideia pare bat, eta horiei forma emateko, maketatzeko, hitzak osatzeko baliatu dut. Apunteak hartu ohi ditut, edo esaldiak mugikorrean idatzi eta gero horiei forma eman eta kantu bilakatzeko. Hori egin ahal izan dut, pare bat kanturekin, eta hor gelditu den beste ideiaren batekin ere bai. Baina zerbait berria sortzeko, gitarra hartzeko eta… ez dit hori eskatu gorputzak.
Itzuli gaitezen Gasteizera. Gipuzkoatik gatozenontzat bada hiri kuttuna. Zein da zuk barrenean daramazun Gasteiz hiria?
Gasteizen jaioa naiz, baina haurtzaroa eta gaztaroa Iruñean egindakoa naiz. Ikastera etorri eta bertan geratu nintzen bizitzen. AEKn lanean hasi nintzen, Hala Bedi irratian Hiru kortxea musika irratsaioa egiten… AEKren eta Hala Bediren artean hiriak erakarri ninduen, hiriak eta herri mugimenduak. Beraz, nik ezer txarrik ez dizut esango. Badago betikoa, dena ez da urre. Jakina. Garai hartan eta oraindik ere kontzertu piloa ikusteko aukera zegoen. Helldorado, Jimmy Jazz, Parral, Gaztetxea, Ibu Hots, Gora… kontzertu asko ikusteko aukera zegoen. Perfektua, beraz, niretzat. Oso gustura bizi naiz hemen.
Sortzaile eta musikari bezala, Kultura posible da sareetan traola irakurri dugu hilabete hauetan. Halako beldurra badago antolatzaileen aldetik. Ez zaitut sektorearen bozeramaile bezala jarri nahi, baina egoera zail honetan badira oso arbitrarioak diren neurriak. Kultura posible dela erakutsi da toki askotan. Azkeneko bi hilabeteetan, adibidez, atzerakada modukoa egon da eta kultur jardueretarako ateak itxita daudela dirudi. Nola zabaldu ate horiek?
Badira moduak, eta badaude proposamenak. Argi eta garbi, era seguruan edota beste gauza asko egiten diren bezain seguru. Badago beste irakurketa bat, kontzertuak gaueko aisialdiaren eremu horretan sartu ditugula, eta, beharbada, guk ere erru pixka bat izan dugu horretan. Kontzertuak kultura ez den zerbait bihurtu ditugulako, eta jende batek horrela ikusten du. Gaueko aisia, jaia, desfasea… Kultur jarduera bat dela aldarrikatu beharko genuke. Jakina, kontzertu bat ikusten ari naizela gustura edan nahi ditut garagardo pare bat, baina kontzertuak kultur jarduera izaten jarraitzen du.
Ezezkoaren giro bat antzematen da, eta horrek eragin egiten du programazioan.
Erantzule izatearen beldurra hor dago. Inork ez du erantzule izan nahi, eta, ondorioz, inor ez da ezer antolatzera ausartzen.
Bakarka emanaldi asko eskaini dituzu. Taldean ere bai. Herrialde handiago batean ibilbide paralelo hori egin daiteke; hemen, aldiz, oso herri txikian bizi gara. Zure kasuan, bietan aritzen zara. Arrazoiak agerikoak dira: aretoa, baldintzak… ba al duzu zuk bakarka edo taldean aritzeko irizpiderik?
Aretoaren arabera da. Eta, jakina, baliabideen eta aurrekontuaren arabera. Azkenean, bost laguneko banda gara Izaki Gardenak, eta batzuetan ezin da talde osoarekin joan. Dena den, gitarra akustikoa jotzen hasi nintzenean, oso helburu xumeak jartzen nizkion neure buruari. Nire asmoa bakarka aritzea zen. Zazpi pertsonako metal talde batetik nentorren, eta txikira jo nahi nuen. Gitarrarekin tabernetara joan, eta jo. Horixe zen nire asmoa. Horrela hasi nintzen. Lehenengo maketa grabatzera joan nintzenean, instrumentuak sartzen hasi eta Izaki Gardenak bilakatu zen. Noizbehinka horretara bueltatzeak eta nik bakarka ere kantuak defendatu ditzakedala ikusteak denari zentzua ematen diola sentitzen dut. Hori da hasiera, eta konposatzen dudan modua ere bai.
Irratian Zidorrean saioan entzungo zaitugu, Euskadi Irratian. Denboraldia hasita dago, oso saio interesgarria da. Neronek, behintzat, batetik bestera noala atsegin handiz entzuten dut. Feedback modukoa sustatzen duzu, gainera, entzuleekin.
Beharbada, gehiago sustatu beharko nuke. Kostatzen zait sareetan galdetzea, baina egin izan dudanean jendeak erantzun du. Irrati urte honetarako parte hartzea sustatzea dut buruan. FMn edo unean bertan entzuteaz gain, streaming bidez entzuteko aukera dago. Euskal Herrian eta nazioartean egiten den erakusleiho modukoa izatea nahiko nuke, bereziki beste leku batzuetan horrenbesteko bozgorailurik ez duten horiei.
Ikasteko ere interesgarria zaizu?
Bai, zalantzarik gabe. Musika asko entzuten dut eta horrek eragin ikaragarria du nire musikan. Belarriak asko zabaldu dizkit, soinu aldetik eta ekoizpen aldetik. Beldurrak kendu dizkit… Gogoz nago soinu ezberdinak probatzeko. Dibertigarria da.
Euskal Herrian barrena tokitxoa egiten ari da Izaki Gardenak. Jon Basaguren bada norbait. Epe ertainean, taldea non ikusi nahiko zenuke?
Oso anbizio txikiak ditut. Taldearekin hasi nintzenean helburua hauxe zen: disko batekin bira modukoa egin ahal izatea. Eta taldekideei eta gurekin lanean ari direnei zerbait eskaini ahal izatea, jende baten aurrean gustura aritzea, goxo egon… eta hori bira honekin lortu dugu. Horrela jarraituz gero… jakina, gero eta hobeto egiten ahaleginduko gara. Oso autoexigenteak gara, eta jarraituko dugu lanean. Oso pozik nago.
Gu ere oso pozik gaude, Jon. Plazer handia izan da, eta zorterik onena.
Milesker.