Jon Azkue: “Egun naizena Bidasoari esker da; dena zor diot”
Arratetik Bidasoara eta handik Limoges taldera. Hori izan da Jon Azkue (Orio, 1994) eskubaloi jokalariak egin duen ibilbidea. Irailean heldu zen Frantziara eta urriaren 13an lotailu gurutzatua apurtu zuen. Errekuperazio prozesuan dago orain, denboraldi berrirako prest egoteko.
Bidasoatik Limoges talderako aldaketa ez zenuen modu onenean hasi: lotailu gurutzatua apurtu zenuen urrian; nola daramazu?
Orain, askoz hobeto nago, baina aitortu beharra daukat hasiera gogorra izan zela. Klubez aldatzea sakon hausnartutako erabakia izan zen, eta Limogesera heldu eta bi hilabeteren ostean, lehen aldiz belauneko lesio larri bat. Baina indartsuago nago mentalki orain, egoera onartuta eta egunerokotasunean nire onena ematen, belauna ondo errekuperatu dadin.
Lesio horrek, besteak beste, urtarrileko Europako txapelketan egoteko atea itxi zizun; zer moduz ikusten da eskubaloia telebistan?
Kantxa barrutik edo kanpotik kirol ikusgarria da, eta telebistaz ere asko disfrutatu dut. Urtarrilean Europako edo Munduko txapelketak telebistaz ikustea urteroko ohitura da.
Hispano-ek martxoan lortu beharko dute Parisko Olinpiar Jokoetarako txartela; Parisen egotea duzu helburu?
Niretzako beti da helburu selekzioaren parte izatea, baina, azkenaldian, oso zail dago bertan sartzea. Klubeko entrenatzaile, mediku, fisio eta abarrekin sakon hitz egin ondoren, errekuperazioa lasai hartu eta datorren denboraldirako ahalik eta ondoen itzultzea da gure helburua. Izan ere, lehenago jokatzen hasteak berriz ere min hartzeko aukerak handitzen ditu.
Zer moduz Limogesen? Nolakoa da eskubaloia Frantzian?
Oso gustura nago. Jokatzeko denbora askorik eduki ez dudan arren, harrera oso ona izan dut, eta, lesioa alde batera utzita, oso pozik nago. Espainiakoarekin alderatuta hemengo eskubaloia desberdina da: fisikoagoa eta, agian, taktikoki urriagoa. Liga txapelketan berdintasun handia dago. Partidu guztiak dira parekatuak eta sorpresa asko egon daitezke.
Alberto Entrerrios duzu entrenatzaile; maila handiko jokalaria izan zen. Entrenatzaile moduan ere halakoa da?
Antzematen da eskubaloi asko duela barruan. Arlo taktikoa asko lantzen eta zaintzen du, eta saiatzen da gauza berriak sartzen. Nahiz eta batzuetan, ditugun jokalari motagatik, gehiago kostatu.
Ardura handiko postua da zurea: erdiko jokalaria zara. Limogesen jokoa zure eskuetatik pasatzen da?
Bai. Erdiko jokalariak taldea antolatu, zer egingo den agindu, eta markagailuaren eta denboraren gestioa eramaten ditu. Egia da erdiko jokalariaren figura hori Europa mailan galtzen ari dela. Egungo erdilariak altuagoak eta tiratzaileagoak dira. Hegaleko jokalarien ezaugarriek dituzte. Halere, badaude kasu berezi batzuk: Melsungen-en dagoen Zarauzko Erik Balentziaga eta PSGko Luc Steins txikiak, adibidez.
Maila handiko jokalari gehienek atzerrirako bidea hartu duzue; zure kasuan, Bidasoan hamaika denboraldi egin ostean. Zergatik?
Bidasoatik kanpo beste zerbait ezagutzeko gogoa nuen, liga berriak esploratu eta jokatzeko modu ezberdinak ikusi. Ni bertan nola moldatzen nintzen probatzeko beharra sentitzen nuen, eta horregatik eman nuen pausoa. Zoritxarrez, ez dut askorik disfrutatzeko aukerarik izan, baina etorriko dira egun horiek ere. Halere, gaur hemen banago, Bidasoari esker da; dena zor diot.
Zer egiten du edo zer egitea gustatzen zaio Jon Azkueri aisialdian?
Mendia oso gustuko dut, eta ahal dudan guztietan joatea gustatzen zait. Libre sentitzen naiz mendian, lasai eta bakean, eta, gainera, kirola eginez. Ez dut askoz gehiagorik behar izaten burua azkarregi dabilkidanean.
Zein da gehien amesten duzun bidaia?
Zorionez, bidaia mordoa egindakoa naiz, baina egiteke ere badauzkat beste batzuk. Egunen batean Himalaia aldera joatea gustatuko litzaidake, eta baita Afrika aldera ere, animaliekin kontaktuan egotera safari batean edo.