Jon Arribalzaga: “Ardi beltza naiz moda munduan”

Jon Arribalzaga (Gernika, 1995), ezustean iritsi zen moda mundura. Bilboko taberna baten zegoela, agente bat hurbildu zitzaion, argazki batzuk atera zizkion eta ate bat ireki zitzaion. Argazki-saioak eta moda desfileak egiten ibiltzen da mundu osoan, eta lehen aldiz Latinoamerikan ibiliko da datozen hilabeteotan. Modeloa baino gehiago, “antimodeloa” dela dio hark, eta argi utzi digu luxuz, diruz eta distiraz beteriko mundu horrek ez duela itsutu.

Jon Arribalzaga, ongi etorri TTAPera!

Eskerrik asko.

Nola daukazu agenda datozen hilabeteotarako?

Ba, lehenik eta behin, datorren astean Txilera joango naiz eta beste etapa bat hasiko dut. Inoiz ez naiz egon Latinoamerikan, eta ea zelan doan! 

Eta zer egin behar duzu bertan? Argazki-saioak?

Nire oporrak orain hasten dira; uda guztia lanean egon eta gero aprobetxatuko dut bai lan egiteko eta baita gozatzeko ere. Txilen agentzia bat daukat, kontratu bat sinatu dut haiekin eta bi hilabete egongo naiz bertan.

Bi hilabete Txilen.

Txile, Argentina eta… ea Peru ukitzen dudan.

Eta nola funtzionatzen du horrek? Izan ere, esan duzu agentzia bat daukazula bertan. Zuk hainbat agentzia dauzkazu? 

Herrialde bakoitzean agentzia bat, bi edo gehiago izan ditzaket. Eta, kasu honetan, agentzia horrek eramaten ditu Mexiko, Peru, Argentina eta hango merkatu gehiago. Agentzia horrekin joatea erabaki nuen. Handia da.

Beraz, jauzi garrantzitsua, ezta? Europatik atera, Latinoamerikan sartu eta, gainera, agentzia potente batekin.

Hori da. Ea zelan doan! Hara noa, baina ezer itxi gabe. Bertako agentziak bezeroei bidaltzen die nire profila, eta ondo badoa lana edukiko dut. Bestela…

Oporrak!

Oporrak, hori da.

Agentziek zure argazkiak dauzkate? Castingak egiten dituzu? Deitu egiten dizute? Nola izaten da?

Normalean, komunikazio guztia posta elektronikoz egiten da. Nik ia 24 orduz egon behar izaten dut posta elektronikoari begira, dena gaurkotzen. Kontaktua horrela izaten da. Haiek esaten didate: “Aukera daukazu hemen edo hemen. Enpresa baterako marka bat, beste bideo-saio bat, kanpainak…”. Eta aukera horietatik irteten da %10 edo; loteria bezala da. Eta irteten denarekin, aurrera! Azkenean, hilean bizpahiru egunez egin dezaket lan. 

Baina imajinatzen dut beste soldata batzuk baino hobea izango dela zurea, 2-3 egun horiek lan eginda. 

Bai, duda barik.

Bizi daiteke horretatik?

Bai. Nik zortea izan dut eta hilean hiru egun lan eginda nahikoa ateratzen dut. Sobera ez, ze nik diru asko gastatzen dut, baina nahikoa.

Esan duzu agentziek zure argazkiak izaten dituztela. Askotan berritu behar izaten dituzu argazki horiek?

Bai. Esango nuke sei hilabetean behin gaurkotu behar direla argazki horiek. Azkenean, fisikoa aldatu egiten da, ilea hazi egiten da edo labur daukazu… Egon da kasuren bat txarto irten dena. Nire kasuan, espero zuten ile pila bat izatea, baina justu ile-apaindegira joan nintzen eta gero… arazoak. Horregatik, gaurkotuta eduki behar dira.

“Hilean 2-3 egunez egiten dut lan”

Hainbat merkatutan egiten duzu lan. Aldea dago argazkietan?

Bai. Adibidez, bakero markek, Pepe Jeans-ek…  mood bat eskatzen dute. Eta lanean esaten dizute: “Begira, nik nahi dut irribarretsu egotea edo txuloarena egitea”. Aldatzen doa marka batetik bestera. Ezarrita daukate haien prototipoa edo erakutsi behar duzun jarrera, eta egokitu egin behar duzu.

Kameleoikoak izaten zarete modeloak. 

Hori da.

Eta kostatu egiten zaizu hori?

Egia esan, ikasketak egin nituenetik asko askatu naiz, eta baliagarria izan da modelo lanetan ibiltzeko. Ez zait kostatzen. Argazkiak ikusi, eta gustatu egiten zaizkie. Zerbait ondo egiten nabilela pentsatzen dut.

Goazen zure hasieretara, zure istorioa nahiko bitxia delako. Kontatu, nola iritsi zinen zu moda mundura?

Bilbon egon nintzen gradu amaierako proiektua egiten, Kale Nagusian, eta nire atsedenaldia zen, zerbait jateko, pintxo bat jateko. Aukeratu nuen aurreko taberna, eta, eserita nengoela, etorri zitzaidan Lucia Marzo izeneko emakume bat bere seme-alabekin. Jaten nenbilela, esan zidan: “Barkatu, atera diezazkizuket argazki pare bat?”. Eta nik, entzungailuak kendu eta hortxe, poserik gabe, tonto aurpegiarekin… Eta handik aurrera, argazki haiek Bartzelonara iritsi ziren eta agente bat etorri zen Bartzelonatik ni ezagutzera. Aurkeztu ginen euren Bilboko agentzian eta Bartzelonara mugitzeko esan zidaten.

Eta Bilboko emakume horrek esan zizunean argazkiak aterako zizkizula, zer pentsatu zenuen?

Blokeatu egin nintzen, shock-ean nengoen. Gutxi pentsatu, eta esan nion: “Atera arin eta utzi bazkaltzen!”.

Eta argazki haiei esker, Bartzelonako agentea etorri zen eta esan zizun: “Bai, uste dugu ibilbide bat izan dezakezula moda munduan. Zurekin egin nahi dugu lan”. Eta, bat-batean, sartu zinen zuretzat ezezaguna zen mundu batean.

Hori da.

Ze, hau ez da zure txikitako ametsa, ezta?

Ez, ez. Justu kontrakoa.

Beraz, antimodeloa zarela esan daiteke. 

Bai, iruzurgilearen sindromea ere sentitzen dut. Gero eta gutxiago, baretzen doa sentimendu hori, baina oraindik ere hor dago.

Agian, ikusten duzulako zure ingurukoek bizi dutela mundu hori eta zuri kasualitatez iritsi zaizula?

Bai. Eta, gainera, modeloak, batez ere, hirietatik datoz eta ni Gernikatik nator. Eta modelo haiek izaten dituzte lagun argazkilariak… Denak zirkulu berekoak dira. Nire kasuan, nik lagun normalak ditut.

Esan dezakegu bizitza bikoitza daukazula. Kanpoan, lanean zaudenean, luxuz inguratuta egoten zara, argazki-saioetan… Baina Gernikan zaudenean ikusten zaitugu zure betiko lagunekin, betiko moduan jantzita, betiko juergetan…

Hori da. Txandala eta katxi-edalontzi bat! Kar-kar…

“Herrialde bakoitzean agentzia bat edo bi edo gehiago izaten ditut”

Bartzelonako agente hura etorri zenean, zure familiak, zure lagunek, zer esan zizuten?

Nire gurasoek esan zidaten saltoa emateko. Bartzelonara joan aurretik komertziala nintzen, eta artisau-garagardoa saltzen egiten nuen lan. Bilbon bizi nintzen orduan, eta soldatak ez zidan ematen errenta ordaintzeko. Beraz, lana utzi nuen eta joan egin nintzen.

Eta zein izan zen egin zenuen lehenengo lana?

Merkataritza elektronikorako; online dena baterako. Outlet bat zen, eta arropa pila bat jarri zidaten, erreferentzia pila bat… Eta ni zoratuta! Lehenengo aldia izateko, zoratuta!

Eta zein oroitzapen duzu?

Gero, argazkiak ikusita, ona. Baina momentu hartan tentsioz beteta nengoen. Oso arraroa izan zen. Baina gero, argazkiak ikusita, pentsatzen nuena baino hobeto atera zirela iruditu zitzaidan.

Bartzelonan egon zinen, eta lan berriak atera zitzaizkizun…

Bai. Koronabirusa etorri arte izan nituen hiruzpalau lan, baina, gero guztiz geldi geratu zen. Bartzelonako alokairua ordaintzen nengoen, eta eskerrak gurasoek lagundu zidaten…

Eta Bartzelonako ibilbidearen ostean beste aldaketa bat etorri zen…

Gero, Milanera saltoa. Eta han askeago sentitu nintzen. Gainera, modeloen pisu batera joan nintzen. Sardinak latan bezala geunden, baina gure arteko harremanak lagundu egin zidan askatzen.

Eta nolakoak dira, ba, modelo-pisuak?

Imajinatu apartamentu bat hiru logelarekin, eta logela batean hiru litera, beste batean lau eta beste batean beste lau…

Imajinatzen dut mundu osoko modeloak egongo zinetela pisu hartan. 

Bai; batez ere, latinoamerikarrak: argentinarrak, mexikarrak… Europarrek diru gehiago izaten dute, konexio hobeak dituzte Milanen, eta errazago aurkitzen dute pisuren bat.

Milan da modaren hirietako bat. Han egon behar da?

Bai. Hiruzpalau aldiz joan naiz, eta bertan egotea eskatzen dute. Casting pila bat daude, eta fisikoki ikusi nahi zaituzte. Ez du balio argazkiekin…

Gaur egun non bizi zara?

Gautegiz Arteagan, gurasoekin. 

Eta zenbat denbora ematen duzu etxetik kanpora?

Gutxi gorabehera, bost hilabete pasatzen ditut kanpoan. Gustatzen zait atseden pixka bat hartzea eta gero berriro ihes egitea. Etxean oso ondo nago, baina, azkenean, mugimendu apur bat behar da.

Ondo daramazu bidaiatzearena?

Bai. Oso ondo. Galdu dut hegazkinen bat, baina, printzipioz, dena ondo.

Hasi zinen argazkiekin eta pasareletara eman zenuen gero saltoa. Kontatu nola izan zen.

Posta elektronikoz iritsi zitzaidan lehen mezua eta esan zidaten: “Madrid Fashion Week dago. Hemen egon behar duzu hiru egun lehenago, arropak probatu…”. Baina esperientzia hura basatiagoa iruditu zitzaidan. Modelo pila batekin zoaz, denak batera, eta mutilentzat, gainera, beti egoten dira desfile gutxiago. Bospasei marka egoten dira mutilenak eta hemezortzi neskenak. Eta bost horietara joan behar duzu arropak probatzera. Jostailu bat bazina bezala, esaten dizute: “Barkatu, baina kanpora!”. Eta hor, zortea izan behar duzu, asko garelako. 

Zer hartzen dute kontuan mutil modeloen kasuan? 

Pasareletarako, altua bazara askoz hobeto. Nik 1,86 metro neurtzen dut eta nire altuera justua da.

Baxua zara pasareletarako?

Bai, pasareletarako bai. 1,90 metro badituzu puntu bat gehiago daukazu. Eta ibilkera ere begiratzen dute. Nola ibiltzen zaren garrantzitsua da.

Hori ikasi egin behar da, ezta? Eskolak jaso dituzu?

Ez, baina gomendio batzuk eman dizkidate. Azkenean, sorbaldak zuzen, burua tente eta begirada finkoa mantentzea da.

Zenbat bideo ikusi dituzu nola ibili jakiteko?

Bai… Jon Kortajarenaren bideo batzuk ikusi nituen, eta amak bidali zizkidan beste batzuk eskuko telefonora. 

Jon Kortajarena da zure erreferenteetako bat?

Bai; euskalduna da, eta horrek tiratzen nau.

Egin duzu lan harekin?

Ez. Ikusi nuen Madrid Fashion Weeken, baina gustatuko litzaidake harekin lan egitea. Pertsona moduan ere erreferentea da, ekologiaren ikuspegitik, batez ere, eta hori zaintzen duen marka batekin egiten du lan. Pertsona ona da.

Zuk jarri duzu marra gorririk? “Ez dakit zer defendatzen duen marka batekin ez dut lan egingo”. Badaukazu marra gorririk?

Ikertzen dut marka harekin lan egin aurretik, baina marra gorririk ez dut jarri.

“Ikusi izan dut agente batek modelo bati esatea ipurdia gizendu zaiola”

Aukera duzu esateko bai edo ez?

Aurrekoan Mallorcan egon nintzen lanean eta esan zidaten Ameriketako Estatu Batuetako bandera jarri behar nuela, uztailaren 4ko Independentziaren Egunagatik. Kostatu egin zitzaidan. Azkenean, egin behar izan nuen, baina ondo legoke aurrerantzean boterea izatea ezetz esateko.

Baina, momentuz, agentziak bidaltzen dizkizun lan horiek hartu egin behar dituzu.

Bai, ze ez badituzu hartzen, ezer egin barik geratu zaitezke. Momentuz, erabaki gutxi!

Zer sentitzen duzu pasarela batera ateratzen zarenean?

Lehenengo aldian, gogoratzen dut, uste nuela bihotza atera egingo zitzaidala. Fokuak, ni dardarka… Oso sentsazio potentea; gorputzak ere dardara egiten dizu. Gogorra eta estresagarria. Sakatu egiten zaituzte, eta hortik aurrera pentsatzen dudana da: “Lagunengatik, kuadrillarengatik!”.

Kuadrilla izaten duzu buruan? Ze polita.

Bai, esaten dut: “Egin dezaket. Aurrera!”. Amarengatik ere bai, familiarengatik ere bai. 

Ikusten dut ama dabilela gozatzen zu mundu horretan egoteaz!

Bai; ilusioa egiten dio elkarrizketak ikusteak.

Ea nork esan dezakeen: “Nire semea modeloa da”. Gernikan ez zaudete asko. Agian, bakarra izango zara.

Bai, ziurrenik bai. 

Nolakoa da moda mundua barrutik?

Egia esan, harritu egin ninduen. Hasieran, aurreiritzi asko nituen: “Hauek denak dira VIP, arropa eleganteekin…”. Baina gero, ikusten duzu lanean neskak ere txandalean doazela, erosotasuna gustatzen zaiela. Modan jendea oso atsegina da. Badaude estilista batzuk ez zaizkidala hainbeste gustatzen, baina, printzipioz, denekin ondo.

Ez dago kanpotik ikusten den bezainbesteko lehiarik modeloen artean?

Lehia isila da, azken finean, bezeroak daukalako erabakia. Modeloak egiten duena da ahalegindu barrea, zoriontasuna… erakusten eta erakarpen hori sortzen. Baina mutua izaten da, bakarrik fisikoa erabili dezakezu lan hori zure egiteko. Egoten da lehia, baina isila. 

Eta presio estetiko handia dago?

Nik ez dut sentitu. Ikusi izan dudana da agentzia handiren baten agenteak esatea modeloren bati ipurdia gizendu zaiola. Udatik bueltan halako gauzak egoten dira, baina gero eta gutxiago ikusten dira. Zorroztasun hori: “Zuk horrela egon behar duzu, fin-fin”. Hori ikusi dut, eta ez da polita. Kendu egin beharko litzateke guztiz.

Zu asko zaintzen zara?

Gutxi gorabehera. Oreka gustatzen zait, gustatzen zait zaintzea, baina beste aldea ere bai, juerga apur bat. Azkenean, lan bat egiten dudan bakoitzean, nire lasaitasunerako orekatu egiten dut eta garagardo bat edo dena delakoa hartzen dut.

Zergatik uste duzu zuk lortu duzula arrakasta moda munduan? Zerk ezberdintzen zaitu beste modeloengandik?

Esango nuke nire aurpegia izan daitekeela berezia, begiak ere bai, eta ilea ere estilistei asko gustatzen zaie. Eta esango nuke nire izaera ere ezberdina dela.

Zein markarekin egin duzu lan?

Nire lan handienak izan dira Mallorcan eta Lisboan hiruna egun Desperados garagardoarentzako. Batez ere, denbora libre asko izan nuelako. Ez da markarengatik ez ezer. Lisboan jarri ziguten hotel bat eta 20-25 modelo egon ginen, bakoitza bere logelan, cateringarekin, dietekin… Nik hiru egunetik batean bakarrik egin behar nuen lan, eta beste biak aprobetxatu nituen turismoa egiteko. Horrelako lanak gustatzen zaizkit. Markari barik, bizitako esperientziari begiratzen diot. Gero, gogoan dut beste bat Mallorcan, eta hura ere oso ondo. Polo Club marka ezagunarentzat izan zen; itsasontzi batean joan ginen, eta itsasontzia gidatzen utzi zidaten. Azkenean, esperientzia berriak dira, eta horrek laguntzen dit esaten: “Lan hau hobea da bestea baino”.

“Nire ametsa ostalaritzan lan egitea da”

Ondo kobratzen da?

Bai, polito.

Baina imajinatzen dut hor ere eboluzio bat egongo zela hasi zinenetik gaur eguneraino.

Bai. Hasieran oraingoaren erdia edo gutxiago kobratzen nuen, eta, hala eta guztiz ere, ordua oso ondo ordainduta zegoen. Orain, saltoa eman dut eta hasierakoaren hirukoitza kobratzen dut. Baina hortxe mantentzen naiz, tarifa hori ez da igo.

Noiz arte ikusten duzu zeure burua moda munduan?

Niri gustatuko litzaidake oraintxe bertan uztea eta nire negozioa hastea. Baina ez daukat behar dudan diru hori. Modelo lanetan hasi nintzenean nahi nuen diru poltsa bat egin eta hortik aurrera salto bat egin; lan hauek uztea eta nire lana izatea, beste bat. 

Beraz, moda mundua zuretzat ez da helmuga, zure helmugara iristeko bidea baizik.

Bai, hori da, eta oraindik nire poltsa oso baxu dago. Beraz, beste 2-3 urte igaro eta gero nahiko nuke nire negozioa abiatu. Leinn (Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza) ikasi dut, eta ikasitakoa praktikan jarri nahi dut.

Zein da zure ametsa?

Batez ere, nire nagusia izatea. Badaukat proiektu bat. Frankizia bat dago Indian eta urte asko daramatzat haiekin solasean, eta hori ekarri nahi dut Europara. Ostalaritzako proiektu bat da. Jendeari ez zaio gustatzen, nire kasua ezberdina da, eta ostalaritzan gustatuko litzaidake lan egitea. Ardi beltz bat naiz.

Ardi beltza? Moda munduan ere ardi beltza sentitzen zara?

Bai, bai, bai.

Baina ardi beltzak arrakasta lortu du. Zu zara horren adibide, eta seguru zure etorkizuneko amets horretan ere zorte itzela izango duzula. Jon Arribalzaga, eskerrik asko gaur gurekin egotearren, eta jarraituko dugu zure lana.

Eskerrik asko!