Joli Pascualena: “Jendea gozaraziz gozatzen dut”
Joli Paskualena. Aktorea, musikaria, zuzendari musikala. Bizia, indartsua, azkarra. Zenbat zor diegun Jolik bezala bizitza seguru bat alde batera utzita sormenaren aldeko apustua egiten duten ausartei, bereziki gurea bezalako kultur ekosistema txiki eta prekarioan.
JUAN KRUZ LAKASTA Zenbat urte joan diren elkar ezagutu genuenetik.
JOLI PASKUALENA Urte batzuk bai. Ez dugu esango zenbat.
Baina argituko dugu ni AEK-ko irakasle gaztea nintzela, eta zu ikasle nerabea.
14 izango nituen, jada institutuan bainengoen. Nire lehen urratsa izan zen hura.
Elkarrizketa hau prestatzeko beste batzuk irakurri ditut. Horietako batean zenioen euskara ikasten hasi zinela baina gero motibazioa galdu zenuela, eta asko kostatu zitzaizula berriro hastea. Ez zen, bada, nire errua izanen?
Ez, ez… Baina euskaraz ongi hitz egiteko oinarri on bat behar da; beraz, elkarrizketa honetan hanka sartzen badut, errua zurea izango da [barrez]. Etapa asko pasa ditut. Eta oraindik ikasten ari naiz. Betiko izango naiz euskaldun berria.
Zu eta biok euskaldun berri zaharrak gara jada.
Ni zaharra ez, ni euskaldun berri nerabea naiz.
Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek eman omen zizuten azken bultzada euskara ikasteko.
Oso lotsatia izan naiz beti, eta hitz egiten hasi aurretik euskara ongi menperatu nahi nuen, hanka ez sartzeko. Baina hitz egiten ikasteko hitz egin behar duzu. Katxiporretan hasi nintzenean, igerilekura salto egin nuen. Moldatzen hasi nintzen. Hanka sartzeak egiten nituen, baina EGA ere gainditu nuen.
Ikasle ona izan baitzara beti.
Bueno, gramatikarekin bai.
Oro har, ari nintzen, ez euskara kontuez soilik: Pedagogia, Irakasletza eta Interpretazio ikasketak egin dituzu. Azken hori hemen, Nafarroako Antzerki Eskolan.
Oso leku polita da, nire bigarren etxea, baita Demode Quartet-ena ere. Hemen estreinatzen ditugu ikuskizun guztiak.
Ikasketak gaztelaniaz egin zenituen, guraso euskaldunak dauzkazu. Zerk erakarri zintuen euskarara?
Etxean anai-arrebekin musika entzuten nuen. Arrebarekin Manolo Garcia eta Lenny Kravitz. Anaiarekin Silvio Rodriguez, Pablo Milanes, Leño, Barricada, baina baita Oskorri ere. Horrela hasi nintzen euskara entzuten, ordura arte ez bainekien deus euskarari buruz. Musikak eraman ninduen euskara ikastera. Eta hasi nintzen euskaraz abesten. Euskaraz abestu nuen lehen kanta ere badut gogoan: Gu euskaraz, zu zergatik ez.
Eta hortik euskara abeslari profesionala izatera, besteak beste, Katxiporretan. Zein garaitan?
Goazen telesailean ari nintzela ikusi ninduten Xabi Zabalak eta konpainiak. Gustatu egin zitzaien. Barricadarekin egin nituen kontzertuak ere gogoko zituzten. Elkarrizketa egin zidaten Porrotxekin, Joxe Marirekin, eta hala sartu nintzen, Pupu eta Lore jaio ziren garaian.
Orduan gure alabak 4 bat urte zituen. Horiek guztiak buruz ikasi genituen.
Xabi Zabala sekulako musikaria da. Asko gustatzen zaizkit bere kantuak. Baina bat hautatu behar izanez gero, piratena hautatuko nuke. Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin jo izan genuen, oso musika epikoa zen. Gitarrarekin abestuko dut
[Gitarra hartu eta abestia kantatu du].
“Bizitza ustez perfektua nuen: nobioa, pisua… Baina antzerkiak harrapatu eta beste leku batera eraman ninduen“
Patakon pirataren garaiak etorri zaizkit gogora. Malenkoniatsu jarri naiz. Zenbat zor diegun Porrotx eta konpainiari: Euskal Herriko haur erdaldunek ez daukate parekorik.
Garai bateko pailazoak, telebistakoak, baina ez dira gauza bera.
Zein erraz hasten zaren kantuan oholtza batean.
16 urterekin hasi nintzen. Egia esanda, ez zait kostatzen, ez.
Zer ematen dizu oholtzak?
Pilo bat gustatzen zait abestea, eta ikustea besteei abesten dudana gustatzen zaiela. Publikoaren txaloak entzutea bilatzen nuen hasiera batean. Bigarren fase batean, Demode Quartet-ekin, umorea ere bilatzen hasi ginen, jendeak ongi pasatzea, dibertitzea. Oso polita da norbaitek esatea: “Oso triste nengoen; zuek ikustera etorri naiz, eta energiaz bete nauzue”. Niretzat egun hori da garrantzitsuena. Txaloak ere, jakina, gustatzen zaizkit, baina gero eta garrantzi handiagoa ematen diot beste horri. Horregatik hasi naiz musika zuzendaritzan.
Asko gustatu behar zaizu oholtza; izan ere, ikasketa serioak egin eta gero, haren aldeko apustua egin zenuen. Ausardia handia behar da…
Egin behar nuen. Ez dakit ausarta naizen ala ez. Bihotzetik atera zitzaidan gauza bat da. Bizitza osoa aldatu nuen. Badakizu, dena perfektua nuen: nobioa, pisua, hipoteka, lana… Zer gehiago?
Txakurra, autokarabana…
Autokarabanarena orain ere gustatuko litzaidake… Orduan, ziklo horretan hurrengoa zen oposizioa egitea lan finkoa lortzeko eta haurrak edukitzea. Baina antzerkiak hartu ninduen eta beste leku batera eraman ninduen. Golden Apple Quartet-eko haurrentzako musikaletan hartu ninduten. Han antzerkia ezagutu nuen. Eta tribu horretako kide sentitu nintzen. Oroitzen naiz hasiera-hasieran Golden Apple Quartet-eko Kikek esan zidala: “Ongi etorri gure mundu ero honetara”: Eta nik pentsatu nuen: “Ni ez naiz eroa. Ni normala naiz, eta oso serioa, gainera, kantautorea. Ai ama”. Une hartan beldurtu egin nintzen, baina gero jabetu nintzen nahi nuen lekuan nengoela.
Damutu al zara inoiz bide hau hartu izanaz?
Damutu ez. Baina dena pikutara bidaltzeko gogoa izan dut.
Euskal kulturaren ekosistema honetan ez da erraza bizirautea.
Artistaren bizitza ez da erraza. Ezegonkortasunarekin jokatu behar duzu. Eta batzuetan, galdu egiten zara: “Kaben dena, lan normal bat bilatu nahi dut”: Hori, batzuetan, gertatzen zait, baina bihotzez egiten duzunari ezin diozu ihes egin.
Zure berezitasun bat da ezegonkortasun horretan krisia iristen delarik, lanik gabe geratzen zarelarik, ez zarela zain geratzen, lana zuk zeuk sortzen duzula. Adibidez, Golden Apple Quartetekin lanean zeniharduela iritsi zen 2008ko krisia eta langabezian geratu zinen. Orduantxe sortu zenuen Demode Quartet.
Krisialdian justu, bai. Zerbait egin behar genuen. Golden Apple Quarteteko esperientzia hori asko gustatu zitzaigun. Jende bila hasi ginen, baina ez genuen nahi soilik abestu eta umorea egin nahi zuen jendea. Honetaz bizi nahi zuen jendea nahi genuen. Eta hori ez da batere erraza. Astean hiru aldiz entseatzen hasi ginen. Intentzioa zen sei hilabetean ikuskizuna estreinatzea. Azkenean, bi urte behar izan genituen; izan ere, halako laukoteetan afinazioak sekulako garrantzia du. Ahotsak oso ongi uztartu behar dira. Uzteko zorian izan ginen.
Baina segitu zenuten, eta Epa! bezalako ikuskizunekin Euskal Herria txunditu zenuten. Zuen ikuskizunetan musika estilo asko uztartzen dituzue. Ez dut batere argi zein musika gustatzen zaizun zuri. Euskal talde edo bakarlari bat?
Beti joaten naiz 80 edo 90eko hamarkadetara. Itoiz pilo bat gustatzen zitzaidan. Oraingoen artean, Gatibu, Zea Mays, Berri Txarrak…
“Bi urte kosta zitzaizkigun Demode Quartet-en lehen ikuskizuna prestatzea: halako laukoteetan afinazioak garrantzi itzela dauka”
Nazioarteko talde edo bakarlariren bat?
Segitzen dut Texas eta Alanis Morisette entzuten.
Pablo Milanes eta Silvio Rodriguez esanen zenuela iruditu zait.
Ez naiz horraino joan, baina ez litzaidake inportatuko. Pimpinela ere esan nezake.
Oso Pimpinela zarete.
Ai, ama.
Pimpinelak abesteaz gain abestiak interpretatzen zituen. Zuek ere horixe egiten duzue.
Horregatik bada, bai. Interpretazioa asko lantzen dugu.
Zer zara gehiago, musikaria ala aktorea?
Gauza asko egiten ditut, baina bakar batean ere ez naiz maisu. Abeslaria naiz? Bai. Aktorea ere bai? Agian. Urte gehiago daramatzat abesten antzezten baino. Ez dakit zerekin geratuko nintzatekeen.
Musikariak eskatu dizkizut; aktorerik, ordea, ez.
Aitziber Garmendia aipatuko nizuke. Itziar Ituño; orain, gainera, boladan dago. Ainhoa Aierbe, Mireia Gabilondo, Iñaki Rekarte… Pilo bat dago.
Goenkale-n aritu zinen.
Hortik pasa nintzen, bai. Eta ohore bat da.
Orduan, euskaraz okerrago moldatzen zinen, eta gogorra suertatu omen zitzaizun.
Goenkale-n eta, batez ere, Goazen-en. Nire pertsonaia oso indartsua zen, irakasle zorrotz bat. Elkarrizketa guztiak buruz ikasteko denbora asko behar izaten nuen, eta interpretazioa lantzeko denbora gutxi geratzen zitzaidan. Orain, gehiago gozatuko nuke.
Orain ETBn telesail bat eginez gozatzea oso zaila da, apenas egiten baitute deus.
Goazen, urtean behin. Fikziozko besterik ez. Lehen, Goenkale genuen, eta hortik jende asko atera da. Itziar Ituño aipatu dugu lehen. Hor hasi zen, polizia, eta begira orain. Zer edo zer egin behar dute, ez da posible, ezin liteke.
Koronabirusak, eta hark eragindako konfinamenduak, ez ote zaituzten harrapatu zuen inoizko unerik onenean, oso proiektu handiekin.
Proiektu handi pilo batekin bai, baina emanaldiak bertan behera utzi behar izan ditugu, konfirmatuta zeudenak eta konfirmatzeko zeudenak.
Baina proiektu handiekin, betiere; adibidez, Iparragirre, bihotzeko Jose Mari, Loraldiarekin ekoiztua.
Martxoaren 11n estreinatu genuen, Arriaga antzokian, eta behin bakarrik taularatu dugu.
Loraldiarekin, egun bakarreko lorea. Berpiztuko ahal da.
Bada zerbait. Buruz ez dakit, baina badugu emanaldiren bat lotua.
Fernando Bernues, Aizpea Goenaga, Arantza Iturbe, Angel Unzu, Ane Gabarain… Euskal selekzioa elkartu zarete.
Mila esker ni hor sartzeagatik. Gainera, zuzendaritza musikala egiten ari naiz. Fernando Bernuesekin batera.
Badakit zuzendari musikala zarela, eta Iparragirreren kantuak ska, runba eta tango bihurtu dituzula: sakrilegioa, kontrafueroa!
Fernandok bazekien norengana jotzen zuen, Epa! ikuskizunean hori bera egin genuen euskal musikariekin; Mikel Laboarekin, adibidez. Ohorea izan da Fernandorekin lan egitea. Berak esan zigun Iparragirreren kantuak gaurko musikara ekartzeko. Esan zigun: “Nolako kantuak sortuko zituen Iparragirrek egun?”. Eta hori landu dugu.
Zer ikasi duzu Iparragirrez prozesu honetan guztian?
Bada, bizizale amorratua zela. Dena topera bizi zuen: abesten, edaten, larrua jotzen. Ezin dugu ikusi gaurko begiekin, 200 urte pasa baitira jaio zenetik. Baina, seguru asko, bere bizitzako emakumeek beste modu batean ikusten zuten. Edonola ere, oso artista ona zen, euskalduna, bikaina.
[Gitarra hartu, eta Iparragirreren kanta bat abestu du].
Beste proiektu bat duzue esku artean: Kutsidazu bidea, Ixabel, musikala. No!
Anjel Alkainekin hizketan ari nintzela, txantxetan atera zen kontua. Niri bururatu zitzaidan. Beste edozer balitz bezala bota nuen. Baina une batez isilik geratu ginen. Eta orduan esan genuen: “Agian, ez da ideia txarra”. Duela urte bat okurritu zitzaigun. Eta aurrera egiten ari gara. Joxean Sagastizabalen obran oinarrituta dago. Demode Quartet-ekin batera lau aktore abeslari egongo dira gurekin. Ainhoa Aierbe, Inazio Tolosa eta Goazen-eko Maria Redondo eta Aritz Mendiola. Hau da, ikuskizuna erakargarria izanen da helduentzat zein nerabeentzat.
Gidoia nork egokitu du?
Patxi Barko eta Aitziber Garmendia ari dira, batera.
Bistan da sekulako arrakasta lortuko duzuela. Galdera da noiz; izan ere, zer gertatuko da gure kultur ekosistema txiki honekin konfinamenduaren ondotik?
Espero dugu estreinaldia urriaren 14an eta 15ean egitea Arriaga antzokian. 16an, Getxon egongo gara. Momentuz, biraren hasiera badugu.
Muntaia handia da, ezta?
Oholtzan zortzi lagun, gehi talde teknikoa. Eszenografia, argiztapen diseinua… Xabier Lozano daukagu. Edu Orrondosoro jantziak egiteko. Nobelan oinarritua dago, istorio bera izango da, baina oso ezberdina izango da dena.
Ixabel zu izanen al zara?
Ez, Goazen-eko Maria Redondo. Demode Quartet-ekoek koruak egingo ditugu. Eta fantasia sartu dugu. Ez da haurrentzako ikuskizun bat. Monty Python-en Spamalot-eko umorea sartu nahi izan dugu. Eta horrekin edozein gauza sar daiteke.
Espainiako telebistan modako galdera da zenbat egiten duzun larrutan. Askoz euskaldunagoa da galdetzea zeure burua non kokatzen duzun politikoki.
Jendeak erantzuten al dizu?
Orain arte bai.
Beno. Ezkerrean nago, eta gertatzen ari den guztiarekin, gero eta ezkerrerago. Konpentsatu egin behar da. Ez naiz gehiago bustiko, baina hori bai esango dut, argi eta garbi.