Jokin Pinatxo: “Etxeko egongelatik jende askoren aurrean jotzera igaro naiz, bat-batean”

Uda honetan, Euskal Herriko txoko askotara iritsiko da Janus Lester taldearen zuzenekoa. Jokin Pinatxo beratarra da taldearen alma mater-a. Kimikaria ikasketez, haren kantuek ere kimika berezia badutela esan daiteke; izan ere, denbora tarte laburrean, ehunka musikazale bihurtu dira taldearen jarraitzaile.

Ongietorri TTAPera, Jokin.

Mila esker.

Jokin edo Janus, nola deitu behar zaitut? Bitasun hori ondo daramazu?

Bi modutara dei nazakezu. Beti izan naiz Jokin, baina orain, bat-batean, Janus bihurtu naiz, eta bi errealitate horiek partekatzen ditut. 

Kalean zoazela baten batek Janus deituz gero, bira egiten duzu?

Bai, buelta ematen dut.

Ezagutu ditut artista batzuk, ibilbide bat osatu dutenak, izen propioa eta alter ego artistikoa partekatzen dutenak. Eta aitortu izan didate halako krisia izan dutela ezin bereizi dutelako pertsona eta artista. Zure kasuan, azti jokatu zenuen. Zer dela-eta erabaki zenuen Janus Lesterren izena erabiltzea?

Zalantzan jarri nuen. Gogoan dut, taldekideekin solasean, Jokinen izenarekin edo Jokin Pinatxorekin plazara ateratzea pentsatzen ari nintzela. Gogoan dut bertigoa sentitu nuela, eta, egitasmoak aurrera egingo zuela jakin gabe –jakiterik ez zegoelako–, izen bat bilatzen aritu nintzen. Proiektuari begira nengoelako, eta ez, hainbeste, neure buruari. Kontua da denborarekin egitasmoaren izen hori nire pertsonarekin identifikatzen duela jendeak. Horrela deitzen didate. Eboluzio natural hori gertatu da. 

Eta nola daramazu bizitzen ari zarena? Zure ibilbide artistikoa laburra bezain meteorikoa izaten ari da.

Ohitzen ari naiz oraindik. Bi urte eta erdi dira, lehenengo diskoa 2022ko bukaeran atera genuelako. Kristoren zortea izan genuen lehenengo diskoarekin: ehun kontzertu egin genituen, eta, biraren amaieran, lortutakoaz jabetzen hasi ginen. Orain, bigarren diskoarekin, antzokietan jende asko batzen ari gara. Etxeko egongelatik jende askoren aurrean jotzera igaro naiz, bat-batean. Egoera berrira ohitzen ari naiz; esaterako, jendeak kalean ezagutzea edo zure izena izen publiko bihurtu dela ohitzera. Segurtasun-gabezia berriak agertu dira; saiatzen zara dena zaintzen edo kontrolatzen, baina ez da posible. Oreka hori bilatu nahian nabil.

Proposamenak ez dira falta, eta oso bakanak dira horrelako arrakasta lortzen dutenak.

Oso kontziente naiz dudan zortearekin. Janus Lesterren aurretik, Azken Trena izeneko taldean aritu nintzen; lagun artean Bera herrian sortu genuen. Ni egon naiz beste aldean, udal guztietara deika, txosnagune guztietara deika‚ zeure burua saltzen jotzeko aukera izateko. Oraingoa oso bestelakoa da, eta orain, programatzaileak deika dauzkagu, gu bertara jotzera joatea nahi dutelako. Orduan, oso kontziente naiz dugun zorteaz. Egia da baita ere ikaragarrizko lana egiten dugula taldea aurrera eramateko. Ehun taldetik, akaso, batek du guk bizi dugun hori sentitzeko aukera, eta saiatzen gara hori baloratzen. Kontzertu eta disko bakoitzeko gure bertsiorik onena ematen saiatzen gara, zalantzarik gabe. 

Ikasketak egin dituzu eta Kimika alorreko tesia aurkeztu duzu. Datozen hilabeteetan musikaren bidetik jarraitzea duzu buruan, ezta?

Bizitzak hautua hartu behar izatera eraman nau. Bizitza akademiko guztia Kimikan egin dut; karrera hasi nuenetik doktoretza amaitu bitarte ia bederatzi urte izan dira. Eta, bat-batean, Janus Lesterrekin jabetu naiz nire ibilbidea egin dezakedala, eta hautua egiteko momentua iritsi zait. Musikaren alde egin dut; ez baldin badut hartzen, noizbait damutu egingo naiz, seguru. Bertigoa sentitu dut, ez baita erraza, inondik inora, musikaz eta eszenatik bizitzea. Baina uste dut hau dela momentua eta horrek emango didala denbora eta espazioa lasaiago sortzeko. Lehen, eguna laborategian pasa eta gauean etxera iristen nintzenean, orduan hartzen nuen sormenerako tartea. Eta, egia esan, bizitza berri honetara ohitzeko gogoz nago.

“Musikaren hautua egin dut, eta, ez banago eroso, beste bide bat hartzeko aukera dut”

Ikasketen bidez egin duzun ibilbide horrekin oso gustura zinen, eta, era berean, orain musikan aritzeko aukera hori daukazu; ez da batere txarra zure egoera, gustuko bi aukeren artean erabaki behar duzulako.

Zalantzarik gabe. Ematen du kexatzen ari naizela, baina inondik ere ez. Banago Janus Lesterren, eta nire beste alternatiba bada doktoretza batean oinarritutako zerbait. Bietan badut barrutik zerbait mugiarazten nauen hori. Musikaren hautua egin dut, eta, ez banago eroso, beste bide hori hartzeko aukera dut. Pozik, nola ez, bi alternatiba edukitzearekin.

Eta etxean nola bizi dute egoera? Musikari oso lotutako familia baita zuena.

Nik uste dut egoerak ni harritu nauen bezala, beraiei ere modu berean eragin diela. Nire gurasoak, batez ere, etxekoen jarraitzailerik handienak izan dira beti: Estitxu arrebarena eta baita nireak ere. Aurreko taldearekin oroitzen naiz Arrasateko taberna batean jo genuela; sei pertsona egongo ginen kontzertua ikusten, eta haietako bi nire gurasoak ziren. Ez dakit non jo, eta nire gurasoak han izaten ziren. Janus Lesterrekin Madrilen jo genuen eta asteburua baliatu zuten gu hara ikustera joateko. Bizi dudan subidoi hori, jendeak gure abestiak kantatzen edo dantzatzen ikustea, gurasoek berdin bizi dute. Beraiekin bizi naiz eta beraiek entzuten dituzte abestien lehen bertsioak. Etxean abesten ditut, lehenik, eta gero ikusten dute kantu horiek jendarteak abesten dituela. Oso pozik daude, eta Estitxu nire arreba ere bai. Estitxu izan da nire irakaslerik handiena, zalantzarik gabe. Hura hunkitu egiten da kontzertu batera etorri eta gure musikak duen harrera ikusita. Eta baita nik oholtza gainean zenbat gozatzen dudan ikusten duenean ere. Garrantzi handia ematen diot horri, ikaragarri gozatzen dudalako oholtza gainean. Etxekoak, hori ikusten dutenean, poztu egiten dira.

Lehen diskoa egitea ez baita erraza, baina bigarrena argitara ematea erronka handiagoa da; Lore aurkezteko zorian zinela izan zenuen beldur artistikoa? 

Guztiz. Ez dizut gezurrik esango, izan nuen beldur hori. Lehenengo diskoa nahiko modu askean konposatu nuelako: gorputzak eskatzen zidana idatzi, eta aurrera. Bigarren diskoa ere horrela egin dut, baina banuen atzean zama hori. Jendeak zer esperoko duen Janusen bigarren diskoa entzuten duenean. Uste nuen jendeak itxarongo zuela disko dantzagarria izatea, eta Lore ez da bereziki dantzagarria. Kantagarriagoak dira, akaso, kantuen konponketa oso ezberdina da eta haize-sekzioa beste plano batean ageri da. Banuen urduritasun puntu hori, ea jendeari disko honekin bajoitxoa emango zion. Banuen beldur hori, eta egia da diskoa argitara eman baino lehen konpartitu nuela konfiantzazko hainbatekin. Entzun nahi duzun hori esango ez dizutenak dira, eta denen erantzuna antzekoa zen: zein ezberdina den, baina zeinen ondo zeuden hainbat gauza. Konfiantzazko eta hurbileko haiengandik jasotako feedback horri esker, urduritasun guztiak kendu nituen. Diskoa atera berritan, bueltan jaso nuen harrera oso-oso ona izan da. Azken batean, egiten dugu musika, lehenik eta behin, guretzat. Dudarik gabe. Baina behin plazaratzen duzula, nahi duzu konexio hori lortu publikoarekin, bestela ez zenuke-eta aterako. Bestela, nire logelan entzungo nituzke abestiak eta listo. Baina, lehen diskoarekin bezala, entzuleekin berriro zubi hori badagoela ikusi nuenean lasaitu egin nintzen. Egia esan, hau guztia gertatu da musikatik bizitzeko hautua hartu izanarekin. Nahastu egin zitzaizkidan sentimendu dezente, eta urduri samar ibili nintzen. 

Akaso, zuzenean konturatu zarete, baina, kantu horiek desberdinak izan arren, zuzenean indar handia hartzen dute; zuzenean dimentsio handiagoa hartzen dute.

Zazpi pertsonako banda bat gara, banda handia da, eta hazi egiten gara guztiak zuzenekoan. Asko entseatzen dugun taldea gara, eta hori zuzenekoetan sumatu egiten da, ikaragarrizko konfiantzarekin gaudelako oholtza gainean. Uste dut diskoan abestiak ondo daudela, eta zuzenekoetan handitu egiten direla. Alboan ditudan musikariak kristorenak dira, eta neu aske sentitzen naiz. Grabaketa-estudioan baino gehiago. Diskoen grabaketetan asko gozatzen dut, baina agertokiak ahalbidetzen dizu suelto aritzea, ez hain zorrotz aritzea eta pixka bat gehiago arriskatzea. Uste dut oso eroso ari garela agertokian eta energia gehigarri hori badagoela zuzenekoetan. 

“Behin diskoa plazaratzen duzula, nahi duzu konexio hori lortu publikoarekin”

Zure kantuekin eta doinuekin identifikatzen da jarraitzaile ugari, baina zure proposamenean ahotsa gailentzen da. Sendoa da, baina, era berean, hegalaria; nola definituko zenuke zure ahotsa?

Jende askok aipatu dit hori, eta lehenengo diskoan ez nintzen guztiz kontziente izan. Lehenengoa erronka gisakoa izan zen. Azken Trena taldean jorratzen genuen pop-rock estilo bat, eta nire ahotsarekin ez nuen hainbeste arriskatzen. Ez zaitzala loak harrapatu diskoan proba egin nuen lehen falseteak egiten, ahotsarekin kolore ezberdinak bilatzen. Jolasean aritu nintzen eta oso gustura sentitu nintzen. Konfiantza hartu nuen lehenengo diskoarekin, eta Lore diskoan joera hori harago eramaten ahalegindu naiz. Abestiak jantzi ditut ahotsaren inguruan. Eta uste dut prozesu horretan badela ni eroso sentiarazten nauen zerbait. 

Bereziki zaintzen duzu ahotsa?

Asko zaintzen dut eztarria. Kontzientzia handia hartu nuen, lehen diskoarekin hasita. Ez dut oso erraz galtzen ahotsa, baina abesti batzuetako melodiak oso exijenteak dira eta ahotsa pittin bat galtzearekin asko sumatzen dut. Alde handia dago, emanaldia gozatzetik tiraka ibiltzera pasa zaitezke, eta, horregatik, ahotsa asko zaintzen dut. Kontzertuen inguruko egunetan loa eta hidratazioa lehenesten dut asko. Eta kontzertu egunean nahiko isilik egoten naiz. Berezkoa dut bolumen handia hitz egiterakoan. Egin izan ditugu hiru kontzertu jarraian, eta jendearekin harremanetan ordu asko ematen ditut. Saiatzen naiz ahotsa askorik ez bortxatzen, kontzertua nahiko exijentea delako.

Bortzirietatik Euskal Herri osora zabaldu da zure musika. Esperientziak badu gauza bat ona: musikaren bidez Euskal Herria ezagutzen ari zara. Aretoak, pertsonak, herriak…

Bai; bikaina da hori guztia bizitzea. Aretoei dagokienez, barrutik ezagutzen ditut orain lehen ikusle modura ezagututako aretoak. Bilboko Kafe Antzokia, Dabadaba… Areto horietan milioi bat bider egon naiz, oholtza azpian. Kamerinoak ezagutzen ditut orain. Bestalde, musikazale zarenean ez gara jabetzen, baina taldearekin zoazenean jabetzen zara kontzertu bat aurrera eramateko zenbat jende dagoen lanean. Atzealdean lanean dabilen jende hori ikustea gogoko dut. Meritua guretzat izan ohi da, baina bada jendea emanaldia hasi baino hamar ordu lehenago lanean hasi dena.

“Ehun taldetik, akaso, batek du guk bizi dugun hori sentitzeko aukera”

Eta Bortzirietan arreta jarrita, zer gertatzen da zuen inguruan? Zein gen berezia duzue artista puska piloa sortzeko? 

Berako musikarien belaunaldi berrienetakoa naiz, ia-ia. Eta ikaragarriko zortea izan dut ez bakarrik Joseba Irazoki, Igor Telletxea, Petti, Estitxu zuzenean ikusteko. Baizik eta eurekin Kataku ostatuan egoteko aukera izan dut, aurreko asteburuko kontzertuez solas egin izan dugu… Baduzu, nahi gabe, musikaren munduan esperientzia asko duen jende horrekin kontaktu zuzena. Gehienok Aduanan entseatzen dugu eta espazio bera partekatzen dugu. Willis Drummondeko kideek Beran asko entseatu dute eta guk alboko lokalean entseatzen genuen. Gertutasunak sortzen dizu grina, gogoa. Petti, Willis, Joseba Irazoki… izan nahi duzu. Neuk gitarra lehen aldiz hartu nuen Joseba zuzenean ikusi ondoren. Eskura dago kultura iturri bat Beran, askoz ere lehenagotik datorrena. Gure lehenengo diskoa grabatzen gogoan dut Joseba Irazokiri aipamena egin niola, eta hark berehala eskaini zizkidan bere gitarrak, pedalak. 18 urte nituen, eta ez ziren gauza merkeak. Musikarien arteko hartu-eman hori landu egiten da, eta nik uste dut horregatik Beran eta Bortzirietan dagoela tamainako testuinguru musikala. 

Udan hainbat tokitan arituko zarete zuzenean.

Emanaldiz beteriko uda izango da. Lehen esan bezala, lehen diskoarekin Euskal Herriko txoko guztietara iritsi ginen, eta asmoa berdin jarraitzea da. Bilbon, Senperen, Iruñeko sanferminetan, Leitzako festetan, Elizondon, Arrasaten, Lekeition… joko dugu. Laster argitara emango dugu emanaldi guztien afitxa. Gozatzeko uda izango dugu aurretik.

Eskerrik asko, Jokin, eta segi gozatzen!

Eskerrik asko.