Joanes Etxebeste: “Iruditzen zait Ipar Euskal Herriaz badela ezjakintasun handia”

20 urteko Sarako gaztea Euskal Herrian barrena ari da lanean: Pontx pailazoa da, eta, beste askotan Lore, Porrotx eta Marimototsen konpainian. Euskara, kultura, sorkuntza eta gure herria zatitzen duen muga hizpide izan dugu elkarrizketan.

Ongi etorri TTAPera, Joanes. Edo Pontx. Tarteka, horrela ibiliko gara.

Mila esker. Orain Joanes eta gero, tarteka, aterako da Pontx edo beste izen bat ere bai, agian.

20 urte dituzu eta dagoeneko zortzi egin dituzu ekinean: aktore, pailazo eta sortzaile. “Gelditu makinak!”, esan beharko genuke. Nola da posible, Joanes? 

Ez dakit, naturaltasunez bizi dut. Inguruan jende anitzek esaten dit: “20 urte dituzu eta pailazo zara. Telebistan ibili zara, sortu egiten duzu, bi disko atera dituzu…”. Niretzat arrunta da baina neure buruari diot ez dela gaizki. Hori guztia egin dut, gustu handiz eta anitz ikasiz eta lan eginez. 

Inoiz baino hobeto esanda, ikasiz eta lan eginez egin duzu bidea.

Egunero ikasten dut. Sortzaileok zerbait sortzen dugunean, proba egin, funtzionatzen du edo ez, hori hobetu… Saiatzen naiz ariketa hori egunero egiten, eta ikasten. 

Argia da zurea bokazioa dela; horrela bizi duzu zuk? 

Gogoko izan dut betidanik antzerkia, musika eta dantza. Txikitan beti erraten nuen, etxean: “Handitan pailazo izan nahi dut”. Beraz, esango nuke bokazioa dela, baina pasiotik datorren zerbait. Hasi naiz zaletasunetik zerbait egiten, gehiegi jakin gabe eta, egun, zorionez, nire ogibidea da.

12 urterekin egin zenuen lehenengo saioa, zure herrian; nola gogoratzen duzu 12 urteko Joanes hura? 

Erreferente nituen Katxiporretako pailazoak, Txirri, Mirri eta Txiribiton telebistan pil-pilean ikusten genituen… Beraz, haiek ikusiz, betidaniko zaletasuna nuen. 6 urterekin egin nuen lehen saioa, Sarako plazan, ikastolako bestan; orduan ez nintzen Pontx. Eta amak esaten dit alkateak esan ziola: “Honek hau egingo du, gerora hau egingo du”. 12 urterekin gutun bat idatzi nuen Sarako herriko etxera. Galdetu nien ea gela hartu ahal nuen saio bat eskaintzeko. Egon nintzen dena uztekotan, baina lotsagatik. Ez dakizu askorik beste begiradak zer onartuko duen, eta, azkenean, besteei begira zaude zuri begira baino. Ikasiz eta eramanez, apustua egin genuen, eta 12 urterekin egindako apustua ona izan zela esango nuke.

“Ez du ematen, baina nahiko lotsatia naiz”

Dena esatera, etxean bidea eman dizute aukera horren alde egiteko; zeren eta zure lagun gehienak ikasten dabiltza oraindik, unibertsitatean… Zu, ordea, dagoeneko masterrak eginda zaude kulturgintzan.

Bai, egia da. Nire inguruan anitzetan horrekin ere irri egiten dugu, klaseak direla eta azterketak direla. Astelehen goizak, adibidez, askotan libre ditut, asteburuetan egiten dudalako lan. Eta haiek asteburuak dituzte libre. Erritmo aldaketa horrekin ere irri egiten dugu, baina etxean beti babesa eman didate, batetik bestera eramaten ezker eta eskuin, nire ideiak bideratzen edo laguntzen. Izaten ahal da administratiboki. Gurasoak, aitatxi, amatxi, osaba eta denak eta inguruko lagunak ere bai. Izan genuen elkarrizketa sakon eta luzea, buruhauste askorekin. 18 urtera iritsi eta nik ez nuen ikasi nahi. Sartu nintzen Baionako Euskal Fakultatean, euskarazko lizentziatura egin nahi nuelako. Momentua iritsi, sartu nintzen fakultatera eta hiru egunen ostean erabaki nuen ez nuela han egon nahi. Argi neukan… zerbaitek esaten zidan, ez dakit zer den, baina nik argi neukan ez nuela hor egon nahi. Etxean ez ziren oso pozik jarri; batez ere, beldurragatik eta urduritasunagatik: “Nora doa? Zer egingo du? Damutuko ote da?”. Eta, momentuz, behintzat, 20 urte ditut, eta, momentuz, ez naiz damutzen. 

Lanik ez zaizu falta, egitasmoak badituzu. Aukeran, akaso, gehiegitxo. Esan daiteke 20 urterekin sortzaile eta enpresari ere bazarela. Pontxen ikuskizunean bi lagunekin zoaz eta haien kargu egiten zara.

Pontxen egitasmora batu dira bi lagun: Alazne Etxeberria, aktore lanetan, eta Iñaki Mujika, teknikari aritzeko. Kontratazioa, ordutegia, agenda… dena eraman behar da, eta egunero ikasten dut. Enpresari naiz, baina beti diot lantaldean lagunen artean gaudela. 

Astelehenetik igandera eta goizetik gauerdira arte etengabe zabiltza lanean.

Kostatzen zait, eta ikasi egin behar dut erritmoa eramaten. Eskola utzi eta bi urtez ibili nintzen Antxeta irratian, esatari, AEKn eskolak ematen, Pontx garatzen…; eta, azkenean, egunak 24 ordu ditu. Iritsi zen momentu bat zeinean astelehen goiz batez ez banuen ezer egiten damutzen hasten nintzela. Egun, ikasten eta apreziatzen ari naiz behar dudala denbora atseden hartzeko.

Hamaika lanetan ibili zara dagoeneko. Go!azen telesailean ezagututako lagunak bidelagun dituzu orain; nolakoa izan zen telesailaren parte izan zineneko esperientzia hura?

Bi urte pasatu nituen Go!azen-en. 16 urterekin sartu nintzen. Nerabezaroan, ahaztuko ez ditudan bi urte izan ziren. Profesionalki kristoren aukera izan da, irakaspena izan baita, baina, bestalde, aberastasuna ere izan da: hor ezagutu dudan jendea, ezagutu dudan talentua eta hortik egin ditudan lagunak. Profesionalki zein pertsonalki hazteko asko eman dit Go!azen-ek. Biziki esperientzia polita izan da. Udan grabatzen da, lagunen artean, baina gogorra ere bada: uda oso bat etxetik urrun, lagunengandik eta herritik urrun. Beste erritmo bat da, ohikoa ez den beste lan bat. Udan grabatzen da, baina gero, ikasturte osora luzatzen da jarduna: kontzertuak, aurrestreinaldiak, aurkezpenak, elkarrizketak… Oso oroitzapen polita gordetzen dut. 

Eutsi diozue harremanari?

Aktore asko eta asko pasa dira. Udalekuetako abenturak kontatzen ditu, eta, beraz, gazteak joan-etorrian ibiltzen dira. Euskal Herri osoko hainbat eta hainbat gazterekin topatzeko aukera izan dut. Gerora ere harremana mantentzen dugu, planak egiteko, parrandan ateratzeko, beste proiektu batzuk ere sortzeko…

“Go!azen’-ekoak ahaztuko ez ditudan bi urte izan ziren”

Denak plazara izena du Pontxen ikuskizunak. Pirritx eta Porrotxekin, aldiz, Lore zara Ostirala iritsi da ikuskizunean. Aipatu duzu lehen: pailazoak oholtza gainean ikustetik haiekin lan egitera igaro zara.

Hori pentsatzen ari nintzen. Laster, hurrengo ikasturterako saioa prestatzen hasiko gara. Nork esango lioke 6 urteko Joanesi 20 urterekin ibiliko zela Euskal Herria zeharkatzen? Biziki polita eta esperientzia oso aberasgarria izaten ari da. Kristoren zortea da, egia esan. Txikitandik, Pontx nintzelarik, beti hurbilean izan ditut. Taldekide guztiak beti egon dira sostengatzen. Bisitan joaten nintzenean Azkainera, Senperera, edozein lekutara, haiek egon dira beti sostengatzen eta animoak ematen. Joxe Mari Porrotx-ek gertutik jarraitu du Pontx. Dei bat izan zen, Lore paperean aritzeko gonbita luzatuz. Argi nuen erantzuna, baina agenda antolatu behar nuen. Baiezkoa zen, noski! Nola errango nuke ezetz? Beraz, baiezkoa eman eta salto egin nuen beste handitasun batera, beste errealitate batera. Oso polita da txikitan ikusten duzun magia horretan sartzea.

Ohitu egin zara, baina hasieran sentitu al zenuen bertigorik?

A, bai, bai. Kristorena, kristorena. Nik egiten dut niretik, ez nekien papera defendatzeko nahiko gaitasun nituenik. Haiek baiezkoa eman zuten; beraz, zeozer ikusiko zuten. Katxiporretak badu proiektua, ibilbidea, esperientzia, agenda, antolakuntza, taldea. Eta hor ere ongi egin nahi duzu. Beso zabalik hartu naute, mimatu egin naute pila bat, denek. Aukera eta esperientzia oso aberasgarria da. 

Hotzean pentsatuta, ez dira artista asko egongo zuk bezain beste emanaldi egiten dituztenak; euskaraz, esan nahi dut. 

Kristoren zortea da. Pontx pailazoarekin ikusten dut Ipar Euskal Herrian hutsune bat bazela, eta iruditzen zait hutsune hori ari naizela betetzen. Alde horretatik, ongi. Zortea dut Ipar Euskal Herrian zein Hego Euskal Herrian lanean ari naizelako. Euskal Herri osoan ibiltzea, leku eta giro ezberdinak ezagutzea… eta hortik ere asko asko ikasten da. 

Haur ikuskizunetan ari zara trebatzen; zuk, bereziki, haurren aldetik zer jasotzen duzu?

Pontxekin, bereziki, haurrengan sortzen den mundu eta magia hori jasotzen dut. Saioa bukatzen da, eta etortzen direnean bizitza bat asmatzen dizute, badakite non bizi den Pontx… dena haiek sortzen dute, eta hori da miresgarriarena. Inspirazio iturri izaten da batzuetan. Beraz, hori da gauzarik politena. 

Joanesi helduko diogu orain. Ttipi Ttapa-n adierazi zenuen: “Pontx Joanes da. Da Joanes hamar aldiz. Joanes egitera ausartzen ez den gauzak Pontxek egiten ditu bitan pentsatu gabe”. Pertsonaz harago transformatzearen beharra sentitzen duzu? 

Ez du ematen, ze orain leku on batean naiz, konfiantzan, lasai, eta, orduan, eroso hitz egin dezaket. Baina ni, bestela, nahiko lotsatia naiz. Ez dut maite nire aurpegia erakustea. Pontxek ematen didan askatasuna kristorena da. Egun, mozorrotuta badakit edozein lekutara joan eta egon naitekeela bi orduz gauza asko egiten, mahai gainera igo eta dantzatzen, oihuka, kantari edo dantzan edo jolasean. Jones bezala kostatu egiten zait asko. 

“Ipar Euskal Herrian euskaraz egiten dugu ikaskuntza osoa, eta euskaraz ezin dugu azterketa pasa”

Aipatu duzu Euskal Herrian eta Ipar Euskal Herrian ari zarela lanean; zerorrek, akaso, ikasi duzu Euskal Herriko kultur paisaiaz. Eta, oro har, euskaldunok zer dakigu mugaz bestaldeko kultur jarduerez?

Iruditzen zait badela ezjakintasun handia, gaur egun ere bai. Ari da pixkanaka aldatzen, baina, hala ere, iruditzen zait badela lana egiteko. Nik hori ikusten dut. Lagun anitz ditut hego Euskal Herrian. Muga horren arabera, nire bizitokia Frantzia da. Batzuek galdetu didate: “Baina Sara non da?”. Duela gutxi bukatu nituen ikasketak Etxepare Lizeoan, eta guk euskaraz egiteko leku bakarra dugu. Ezin ditugu azterketak osoki euskaraz pasa. Eta hori hemen kontatzen dudanean sinesgaitza zaie. Euskaraz egiten dugu ikaskuntza osoa eta euskaraz ezin dugu azterketa pasa. Beraz, euskaraz ikasten jarraitu nahi badugu, Hego Euskal Herrira etorri behar dugu. Bada hutsune handi bat, eta saiatzen naiz zubi-lan hori ere egiten. Beraz, batzuetan sentitzen dut bitartekari lan hori egiten dudala. Polita da beste errealitate bat ere eramatea. Baina oraindik bada ezjakintasun anitz.

Gomendio eske amaituko dugu elkarrizketa: herri , toki, kulturgune eta kulturgile bana gomendatuko zeniguke? Zeintzuk dira zure kuttunekoak?

Oso logikoa ematen du, baina nik Sara esango nuke. Azkenean, ibiltzen naiz hainbat lekutan, ezker-eskuin, baina egia da Sarara iristen naizela eta plazan lasai egotea gogoko dudala. Etxeko leihoak ireki eta mendiak, arbolak ikustea polita eta lasaigarria da. Beraz, Sara gomendatuko nuke, polita delako, eta egun-pasa egiteko bikaina. Bestalde, anitz maite dut Donibane Lohizune. Hango kaleak oso politak dira. Saratik ordu erdira, beraz, ematen digu aukera etxetik ateratzeko, baina urrunegi joan gabe. Kulturguneari dagokionez, Hendaiako Borderline kultur fabrika. Artista asko gonbidatzen dituzte. Eta kulturgileren bat? Bat ezin dut esan. Asko dira gomendatuko nituzkeenak. Aktoreak, batez ere: Danae Riaño, Iñaki Mujika, Lorea Intxausti… 

Eskerrik asko, Joanes. Plazera izan da. Segi lanean, hamaika saltsatan. 

Mila esker zuei.