Jende hezurrik gabea

Eneko Barberena

Chill Mafia etorri bezain pronto joan da eta artean ez dakit ea bluff bat diren ala haien oroimenak gurean iraungo duen. Akaso, pandemiaren oroitzapenarekin lotuta geratuko zaigu, garai hartan egin genituen beste hamaika konturekin batera: haur-parkeak Matabiarekin fumigatu, komuneko papera izu sozialaren adierazle bilakatu, balkoietan txaloak jo, dena bideo-dei bidez konpon litekeela asumitu eta halakoak. Badakizue.

Denborak utziko ditu –gaitu– dagokion lekuan.

Zaila da batek bizi dion garaiari tamaina hartzea. Momentuan ulertzea zer ari den gertatzen, zaratak eta egunerokotasunak berarekin dakarren hauts laino artean gauzak diren moduan ikusten.

Ai Platon gurea… aterako al gaitu inork leize-zulotik?

Eta bai, Donald Trump eta bere lagun-taldeari buruz ari natzaizue. Izan ere, batzuetan iruditzen zait ezetz, ez dela horrenbesterako, pailazoak egon direla ugari lehenago ere eta ez direla urak itsasoraino iritsi.

Tira, nori egin nahi ote diot iruzur nik. Ziur asko, neuri buruari, enegarrenez. Ez banu irakurria Antonio Scurati ez nuke jakingo horrela hasten dela faxismoa: hasieran barregarri, gero ilun, bukaeran gupidagabe. Eta gizon zuri suminduen argumentuek ez badute piperrik ere balio ez direla gutxietsi behar, gure pasioak arrazionalizatu nahian bizia xahutzen duen animalia espeziea garelako.

Ezkertiarrek sermoneatzen nautela nire autor kutsakor eta fast food elikaduragatik? Haserre dago hainbat –arrazoiz, diot nik, nor da inor hurkoa sermoneatzeko bizi garen garaiotan–, eta horregatik nahiago dute mundua pikutara bidali. Ez dugu defendatzen dugunaren jatorriaz zertan tutik hausnartu horren alde muturrera jotzeko. Absurdoa dirudi esaten ari naizenak, jabetzen naiz horretaz, baina horregatik ez du zertan okerra izan. Garaikoetxea guapoa zelako botoa eman zion makina bat ezagututakoa nauzue.

Badira analisi mamitsuak eta ogerleko parea balio ez duten baieztapenak. Migratzaileak migratzaile izateagatik fatxa ezin izan daitezkeen uste xaloa eta malotea izatearen gorespen antzua. Duela hainbat urte, badira akaso hamar, Arrasateko ikastetxeetan militante feminista eta abertzaleei maloteek jazarpena egiten ziotela jakin genuenean aurreikusi behar genuen youtuberrak eskas bezain eraginkorrak izan litezkeela.

Eta erdian gu, inoizko faxista eskasenek garaituko dituzten beldur den jende hezurrik gabea.