Janire Azkueta: “Konplexuek ez gaituzte kontrolatu behar, guk haiek baizik”
Bere irribarrea kutsakorra da oso. Begirada zintzoa dauka Janire Azkueta curvy modeloak, eta, kontatuko digunaren ostean, berarekin denbora gehiago emateko gogoa eman dio Sara Gandara kazetariari. Eta ez gaizki pasatu duelako, oztopoak gainditu dituelako baizik.
Janire Azkueta, eskerrik asko etortzeagatik.
Zuri, deitzeagatik.
Nonbaitetik hasteko, konta egiguzu nor den Janire Azkueta.
Ez da galdera erraza! Modelo profesionala da, neurri handikoa, 13 urterekin hasi zen modelo konbentzionala izaten eta, gaixotasun batengatik, 17 urte zituenean, beste mundu batera sartu behar izan zen. Nire kasuan, modelo konbentzionala izatetik neurri handiko modeloa izatera pasatu nintzen, eta, hortik aurrera, asko dago kontatzeko!
Osasun arazo bat aipatu duzu; nahi duzu kontatu zer gertatu zitzaizun?
Istorio luzea da; agian, aspertu egingo zaitut.
Ezta pentsatu ere!
Nik lan asko izan nuen, Ameriketako Estatu Batuetara joan nintzen lan egitera eta ikastera, eta asko argaldu nintzen, estresarekin, familia gertu ez nuelako. Oso zaila izan zen nuen adinerako. Bilbora bueltatzean esaten zidaten: “Zer gertatzen zaizu? Zergatik argaldu zara hainbeste?”. Hortik hilabete batzuetara, oso gaizki sentitzen hasi nintzen, zorabiatu egiten nintzen, botaka egiten nuen… eta medikuek ez zidaten ezer esaten. Handik bi astera zortzi kilo loditu nintzen. Eta orduan jendeak esaten zidan: “Ze guapa zauden, horrela hobeto”. Izan ere, argal nengoen eta zortzi kilo gehiagorekin hobeto nengoen. Momentu hartan, nire medikuak esan zidan, agian, nire gorputzak aldaketa bat izan zuela.
Nerabezaroan izan zen hori?
17 urterekin. 40 kilo pisatzen nuen momentu hartan, eta bi astean zortzi kilo loditzea, ba, ez da gauza normala. Beti egin izan dut kirol asko, nire bizitza beti izan da oso osasuntsua eta… ez zen normala. Eta, urtebetean, 40 kilotik 140 kilora pasatu nintzen, ezer egin gabe. Oso normal jaten, oso garbi, kirol asko egiten, beti bezala, nire bizimodua izan delako, eta ez zeki ten zer zen. Mediku askok esaten zidaten: “Bai, seguru asko, zuk gauean ezkutuan jango duzu”. Eta nik esaten nuen pertsona bat hainbeste janda ere ez dela urtebetean ehun kilo loditzen, zientifikoki oso arraroa dela. Min handia egiten zidan medikuak ez sinesteak, hainbeste medikutara joanda zer nuen ez jakiteak… oso zaila izan zen. Gauza gehiago ere badago, baina horrela laburtu daiteke.
Zein da gaixotasuna?
Ez dakit oraindik nondik datorren, badakit gaixotasun arraroa dela. Diote hipertiroidismo larri klinikotik hipotiroidismo larri klinikora pasatu nintzela eta, gainera, nire gorputzak daukan koipea 40 kilo nitueneko koipe bera dela. Beste gauza bat likido hormonala da; alegia, nahiz eta ez jan edo nahiz eta kirol asko egin, ezin da kendu. Tratamendu esperimentala egin behar dut hori kentzeko, eta luze joko du.
Adin kritikoan izan zen hori, 17 urterekin; gaizki pasatu zenuen?
Oso gaizki. Gainera, nire ikastolan, ikaskideengandik oso desberdina nintzen: nire pentsatzeko modua, nire bizimodua, oso desberdina zen. Ez nintzen inorekin ondo sentitzen. Asko igartzen zen. Azken finean, nire ikaskideak nirekin sartzen ziren, ez besterik gabe, arraroa nintzelako baizik, eta gauza asko esaten zizkidaten. Urte hartan gauza oso gogor bat pasatu nuen nire ikaskideekin, gauza gogor bat egin zidaten eta psikologo batengana joan behar izan nuen.
Gogorra. Baina egia da gauza horiek indartsuago egiten zaituztela. Buelta eman diozu?
Ez dakit nola izan zen. Gaixotasunarena gertatu zitzaidanean, Ameriketako Estatu Batuetako lan guztia pikutara joan zen. Ezin nuen berriz ere modelo konbentzionala izan. Nik pentsatu nuen nire bizitza hor bukatzen zela, ez zegoela beste irtenbiderik, baina, egun batean, nire aita telebista ikusten ari zela, ikusi zuen albiste bat. Eta andre batek esaten zuen Euskal Herriko neurri handiko sariketa bat egingo zutela. Aitak apuntatzeko animatu ninduen, baina nik esan nion ez nuela horrelakorik nahi. Azken finean, momentu hartan ez zen askorik entzuten neurri handiko modeloen inguruan, Espainiako Estatuan hazten ari zen zerbait zen. Baina ez nuen gogorik ezer egiteko. Oso momentu latza izan zen niretzat, ez nuen etxetik irten nahi, asko kostatu zitzaidan. Zer egin zuen berak? Ni apuntatu! Nik ezer jakin gabe apuntatu ninduen.
Gauza horiek gurasoek bakarrik egiten dituzte!
Gainera, nire aita oso lotsatia da, ez zaio beste jende batekin egotea askorik gustatzen, bere zirkulua oso txikia da. Hori bai, norbait ezagutzen baldin badu, oso azkar zabaltzen da, baina momentuan oso lotsatia da. Horregatik, nik pentsatu nuen: “Nola joan da leku horretara ni apuntatzera, jendearekin hitz egitera…?”. Azken finean, nigatik egin zuen.
Alaba batengatik gurasoek dena egiten dute.
Bai, horrela da. Eta, bueno, Bilbon buelta bat ematen ari ginela esan zidan: “Carltonera joango gara”. Eta nik: “Carlton Hotelera, zertarako?”. Eta berak: “Ez, gauza bat daukat zuretzat”. Casting-a egitekoak ziren eta hor bertan dena kontatu zidan. Momentu hartan, asko haserretu nintzen, ez neukan gogorik ezertarako, baina banekien berarentzat oso berezia zela; joan nintzen eta hartu egin ninduten. Ez nuen irabazi, baina, handik aurrera, nire bizitza asko aldatu zen.
Beste bide bat bazegoela ikus zenuen hor. Ezezaguna, baina beste bide bat. Nola kudeatu zenuen aldaketa hori?
Momentu hartan oso gaizki nengoenez, etortzen ziren gauza positibo guztiak ez nituen ondo hartzen. Ez zelako berdina, beti konparatzen hasten nintzelako beste lanarekin. Momentu hartan ez zekiten zer neukan eta pentsatzen nuen: “Beste jende batekin egon behar dut horrelako errebindikazioak egiten? Ba, nik ez dut hala sentitzen”. Ez nuen gorputz hartan bizi nahi, nire gorputza beste batean sartuta zegoen eta horrelako gauzak egitea ez nuen ondo ikusten. Gero, hazten zarenean eta gauzak pasatzen direnean, zuk ere asko ikasten duzu, baina momentu hartan, 17-18 urterekin, oso gogorra izan zen.
“Oso gaizki pasatu dut gaixotasunarekin, ez nuen gorputz hartan bizi nahi”
Urteek ematen duten perspektibarekin, garai hartako Janire ikusteak min ematen dizu?
Bai. Gehien markatu ninduena, gaixotasunaz aparte, institutuan gertatu zitzaidana izan zen. Ez dakit nola azaldu. Dakidan gauza bakarra da ez nuela bizi izateko gogorik.
Galdetu diezazuket horren inguruan, zer egin zizuten?
Oso jende gutxik daki.
Nahi baduzu ez kontatu, nik ez zaitut behartu nahi.
Nire ikaskide ziren zortzi mutilek gauza bat egin nahi izan zuten eta lortu egin zuten. Hor utziko dut.
Aldatu dezagun kontua! Nola egin zenuen jauzia Euskal Herritik New Yorkera?
2010. urtean, Francina Models izeneko Bartzelonako agentzia batek fitxatu ninduen eta haiekin lan egiten hasi nintzen. Espainiako agentziarik onenetakoa da, nazioartean lan egiten dute. Generation By Francina izeneko sariketa bat egin zuten. Hor modelo konbentzionalak, neurri handikoak eta mutilak geunden. Ez nuen irabazi, baina gustura egon nintzen. Gainera, neurri handiko modeloen artean ni handiena edo zabalena nintzen. Beldurra ematen zidan, neurri handien mundua hastear zen eta ez nekien aukerarik izango ote nuen. Sariketa bukatutakoan, egunak pasatuz joan ziren eta nire agentziak deitu zidan Bartzelonara casting batzuk egitera joateko Elena Mirorako, eta horrela hasi nintzen. Milan Fashion Weekera joan nintzen. Ford Modelseko agentziak Fancina Modelsekin lan egiten zuen, eta haiekin hasi nintzen; kontratua sinatu nuen, eta ordutik hona haiekin nago.
Nolakoa da bizitza New Yorken?
04:30ean altxatu behar izaten dut; beranduenez, 05:00etan. Izan ere, oso ordutegi markatua dute. Alegia, ordu horretan altxatu, 05:00etan auto bat joaten da zure bila, 05:30ean estudioan egon behar dugu, ordubete dugu makillatzeko eta orrazteko, arropa probatu behar duzu zure neurrikoa den ala ez jakiteko… Gaur egun, tratamendu berriarekin, pisua jaisten ari naiz, nire pisu normalera heldu arte. Aldaketa asko ditut; beraz, beti aldatu behar didate neurria.
Desfilatzeaz gain, marka baten irudia izateaz gain, beste sariketa batzuetara ere aurkezten zara?
Ez, nire azken sariketa Espainiako Miss Plus Size izan zen. Esperientzia berri bat izateko aukera izan zen, jende berria ezagutzeko, asko gustatzen zaizkidalako besteekin dituzun harremanak, apuntatu nintzen eta irabazi egin nuen.
Ate asko zabaldu zizkizun horrek?
Ez hainbeste; lehendik zabalik nituen, bidea eginda. Eta bidea eginda daukazunean, askoz ere errazagoa egiten zaizu dena. Gaixotasunetik hamar urtera hori irabazi nuen, eta oso gustura hartu nuen.
Jende berria ezagutzeko aukera eta asko ere lagunak izango dira!
Ia guztiak! Oso harreman ona daukat. Ez egunero, baina astero bai idazten diogula elkarri, edo elkarri deitu gauzak nola doazen jakiteko, eta gure bizimodua elkarri kontatu; oso ondo, egia esan.
Modelo konbentzionaleko sariketetan ikusten duguna neurri handikoetan ere gertatzen da?
Berdin-berdina da. Miss Plus Size irabazi, eta hurrengo urteko irabazleari nik jarri nion koroa.
Pozik zaude?
Hau ere ez da galdera erraza. Objektiboki, baietz esango nizuke. Azken finean, nire familia alboan daukat, maite nauen mutil-laguna daukat, nire osasuna bide onean doa eta nahi dudan lana daukat. Horri begiratzen badiot, ba, bai, pozik nagoela esango nizuke, baina beste gauza asko aldatzea gustatuko litzaidake, edo hobeto egotea. Ez gara konformatzen.
Helburua zure pisua berreskuratzea da eta horretan zaudete, ezta? Ez 40 kilo, mesedez! Ze, zenbateko garaiera duzu zuk?
1,73 metro. Gustatuko litzaidake 60 kilotan egotea. Orain, 91n nago, baina kortisonarekin egon naiz, horrek puztu egiten du eta tratamendu esperimental honek ere bolumena ematen du. Badakit ez dudala 16-17 urteko neskato baten gorputza izango, baina ondo sentitzea gustatuko litzaidake eta gaixotasuna ez edukitzea; pisua gutxienekoa da.
Sare sozialetan moda aholkurik eskatzen dizute? Personal shopper gisa aritzen zara.
Neurri handiko blog bat daukat, neurri handiko neskek zailtasun handiak dituztelako arropa erosteko, baina neurri guztietako jendeak idazten dit eta idazten didatenean, niretzako, oso pozgarria da, sari handienetakoa da. Azken finean, pertsona batek zure buruan ikusten duena gustatzen zaio eta zuk esango diozuna zintzo beteko du. Hori oso sari polita da.
Instagramen egunero igotzen duzu zerbait?
Bueno, duela bi aste ez dudala ezer igo, hori aitortu behar dut, ez daukadalako ezertarako denborarik. Gehiago mugitu beharko nuke, baina ahal dudan guztia egiten dut. Gainera, askotan galdetzen didate ea gaixorik nagoen, ez dudalako ezer igo, kezkatuta bezala; barkamenak eskatzen dizkiet. Atzo, esaterako, kezkatuta idatzi didate ea zerbait gertatu zaidan jakiteko.
Zure lanaz aparte, sare sozialak mamitzea lana ere bada.
Bada. Gainera, urte honetan oso proiektu berezi bat daukat: neurri handiko nire marka aterako dut; lan asko dago atzean. Espero dut urteko azken hilabetean ateratzea.
Bilbo ilun eta heze honetan, zer arropa jantzi dezakegu negu honetan?
Gorria oso ondo geratzen zaizu.
Eskerrik asko!
Kolore argiak eramango dira negu honetan. Iledun arropa asko, brilli-brillia, lur koloreko arropa. Urte guztietan daukagun base hori beti egongo da, baina koloreak gehituko dira, brilloa, lentejuelazko arropa asko baita ere, ez bakarrik festa batera joateko, baizik eta egunero eramateko, eta animal print. Niri ez zait askorik gustatzen, baina onartu behar dut beste neskek ikusteko hartu eta jarri egin behar dudala. Baina hori gabe ere bizi naiteke; kar, kar.
Zer egin dezake segurtasunik eza duen pertsona batek horri buelta emateko?
Beste galdera zail horietako bat. Azkenean, denok ditugu konplexuak, eta, daukagun gorputza daukagula ere, beti nahi dugu zerbait aldatu. Aholkurik ez daukat. Beti esaten dut esaldi bat: konplexuek ez gaituzte kontrolatu behar, guk haiek baizik. Esatea, baina, oso erraza da. Praktika zailagoa da. Nik esango nioke ispilu baten aurrean jartzeko eta bere buruari esateko zenbat balio duen, ze gauza egingo dituen bizitza honetan zoriontsu izateko, eta pentsatzeko ze gauza dituen bizitzak bera zoriontsu egiteko. Horrekin nahiko.
Ispiluaren aurrean jartzearen ariketa zenbatetan egin duzu zuk?
Asko! Egunero egin beharreko lana da, eta ahalegintzea da geratzen zaigun bakarra.
Bota mezu bat zure familiari.
Egunero esaten diet asko eskertzen diedala nigatik egiten duten guztia. Eurek badakite. Oso pozik nagoela nire bizitzan daudelako eta ni haienean nagoelako eta asko maite ditudala.
Telebistan zerbait egitera animatuko zinateke?
Bai, gustura asko, baina inork ez dit ezer esan! Norbait badator esatera nirekin pentsatu dutela programa bat egiteko, moda arloko zerbait, nik egingo nuke. Gauza desberdinak probatzea gustatzen zait; beraz, esango balidate, aurrera. Jende guztiarengana iristeko.
Oso interesgarria izan da elkarrizketa, Janire. Arropa markarena esan didazu, baina bestelako proiekturik baduzu epe laburrera?
Momentuz, hori, proiekturik handietarikoa da, denbora asko behar du. Momentuz, ez dut ezer gehiago pentsatu. Nire New Yorkeko lana daukat, eta, beste zerbait iristen ez bazait, ba, momentuz, hori egingo dut, eta nahiko!
Mila esker gurekin hitz egiteagatik; hain barrutik, gainera.
Eskerrik asko zuri.