Janire Artabe: “Ardi mozketa ofizioa eta afizioa da”

Janire Artabe Mendiola irakaslea da, eta, horretaz gain, Euskal Herriko Ardi Moztaileen talde ofizialarekin aritu da, Zeelanda Berrian jokatu den azken munduko txapelketan. Berarekin hitz egin dugu txapelketa horretaz, ardi mozteaz eta artilea biltzeaz, besteak beste.

Janire Artabe Mendiola. Ongi etorri TTAPera!

Eskerrik asko.

Euskal Herriko ardi moztaile taldeko kidea zara, eta, aurten, lehendabiziko aldiz parte hartu duzue munduko txapelketan, Zeelanda Berrian. Zer nolako esperientzia izan da?

Esperientzia itzela izan da. Lehenengo eta behin, Euskal Herri moduan joatea, zazpi lurraldeak ordezkatuz, emozioz betetako esperientzia bat izan da; baita ardi mozteari dagokionez eta esperientzia pertsonal bezala ere.

Ardi moztea zer da, lanbide bat, kirol bat ala zaletasun bat?

Hirurak izan ahal dira. Txapelketara zazpi kide joan gara, eta bertan esan ziguten gurea oso talde osoa zela eta garrantzitsua dela hori, hain herri txikia izanda. Zazpi kideetatik sei ardi moztaileak dira, lanbidez. Beraz, ofizioa eta afizioa da. Nire kasuan, irakaslea naiz, eta mundu honetan 2018an sartu nintzen, Frantziara ardi moztaile talde batekin joan nintzenean. Bertan, ezagutu nituen artile biltzaile batzuk, eta, erakutsi zidatenarekin, txapelketa batean parte hartzeko gogoa piztu zitzaidan; ordutik hona, hainbat txapelketatan parte hartu dut, Frantzian. Euskal Herrian ez dago artile biltzaile txapelketarik, eta Espainian ere ez. Zergatik? Ofizio hori ez delako existitzen hemen.

Nolakoa da txapelketa?

Taldea osatzen dute taldeburu batek, makinarekin doazen bi ardi moztailek eta guraizeekin doazen beste bik, eta bi artile biltzailek. Zeelanda Berrian Golden Shears and Woolhandling txapelketa egiten da urtero, eta egun horietan egin zen munduko txapelketa ere. Guraize, makina eta artile biltzaile modalitateetan parte hartu genuen Euskal Herriko taldeak.

Zer da kontuan hartzen dena?

Bakoitzak bi erronda egiten ditu. Makinaz eta artaziz egiten dena berdintsu baloratzen da. Bakoitzak bost ardi moztu zituen, eta epaileek kontuan hartu zituzten mozteko modua, makina edo guraizeak toki beretik bi aldiz pasa zituzten edo ez eta zenbat denbora behar izan zuten artile guztia mozteko. Atzean ere egoten dira beste epaile batzuk, eta horiek begiratu zutena izan zen ardiak nola geratu ziren, zauriren bat zuten edo ez… Artile biltzailearen lana, berriz, ardi moztailea mozten ari den bitartean artilea sailkatzea da. Nire kasuan, lehenengo erronda artile luzearekin izan zen eta bigarrena artile motzarekin. Artile luzearekin mahai konkretu batzuk erabiltzen dira, eta epaile batzuk neurtzen dute zenbat denboran egin duzun sailkapena eta artilea mahaira bota duzunean nola geratu den. Atzeko epaileek, berriz, behin artilearen sailkapena bukatutakoan, zelan sailkatu duzun ikusten dute. Nahiko konplikatua izan zen, izan ere, Frantziako txapelketetan lauzpabost sailkapen egin izan baditugu, munduko txapelketan bederatzi egin behar izan genituen. Zoramena izan zen! Baina asko ikasi dugu.

Aurretik joan zineten Zeelanda Berrira praktikak egitera.

2023an hasi zen munduko txapelketara joateko mugimendua Euskal Herrian; urte horretan, Eskozian eskatu genuen ofizialtasuna. Eta, orduan, EAME elkartea sortu genuen: Euskal Ardi Moztaileen Elkartea. Moztaile asko ez daude Euskal Herrian, eta oso jende gutxiren artean egin behar izan dugu ibilbidea. Lehendabizi, eskatu ziguten txapelketa bat egitea, eta Abadiñon antolatu genuen Euskal Herriko txapelketa. Behin hori eginda, munduko txapelketara joan ahal izan ginen. Hilabete bat lehenago joan ginen Zeelanda Berrira, ardiak oso desberdinak direlako. Euskal Herriko ardi gehienak esne-ardiak dira, baina hangoak okelatarakoak dira, eta ahuntzen antz gehiago dute. Beraz, lehenengo egunetan, ardi moztaileak ohitu behar dira ardiak ondo jartzera, burua eta eskua automatikoki joan daitezen gero. Hilabete horretan saiatu ginen praktikak egiten, baina oso zaila izan zen; eguraldiak ere ez zuen lagundu. Gure elkartea oso berria da, eta dena egin behar izan dugu zerotik hasita: bidaia antolatu, bertakoekin kontaktuak egin, egonaldiko egunak antolatu eta praktikak egiteko ardiak lortu; eta, horiek horrela, oso zaila izan da aurretik praktikatu ahal izatea. Baina Zeelanda Berrian ia astebururo daude txapelketak, eta erabaki genuen txapelketa horietan parte hartzea; hala, joan ginen hobetu beharrekoak hobetzen eta ikasten.

Gure artilearentzat bidea topatzea beharrezkoa da

Txapelketaren zer nolako balorazioa egiten duzue?

Podiumean egotea ez dugu buruan eduki momentu bakar batean ere. Herrialde anglosaxoiek ibilbide handia dute, eta horiek egoten dira lehen postuetan. Guretzat beste zerbait izan da garrantzitsuagoa: munduko txapelketa bat egiten den bakoitzean, Munduko Kontseiluko bilera egiten da, eta bilera horretara joan ginen gu ere Euskal Herria bertako parte izateko eskaerarekin; hori lortzea gauza handia izan zen. Horrek esan nahi du, adibidez, hurrengo munduko txapelketara gure epaileak eraman ditzakegula. Bestetik, orain, Euskal Herrian, munduko txapelketa bat antolatu dezakegu. Ez da erraza, baina aukera hor daukagu. Azkenik, txapelketako araudiari buruz zerbait esan nahi baldin badugu, hitza daukagu hemendik aurrera.

Nola hartu zaituztete beste taldeek eta antolatzaileek?

Niretzat bidaia kulturala izan da, lehenengo eta behin kirol hau gure kulturaren parte ere badelako. Oholtzara igotzen ginen bakoitzean, jakin-mina pizten genuen, eta jendea guregana hurbiltzen hasten zen. Bestetik, hartu-eman handiena bertako maoriekin izan dugu; oso handia izan zen momentu hori. Munduko txapelketaren lehen egunean, aurkezpena egin genuenean, Mastertoneko bi maori tribuk ongietorria egin ziguten. Imajinatu: estadiora sartu, ikurrina ikusi, eta haur maoriak ongi-etorri haka bat egiten, beraien hizkuntzan abestuz. Hongi agurra ere egin genuen, aurpegia aurpegiarekin. Oso berezia izan zen. Azkenean, euskaldunak eta maoriak bakarrik geratu ginen berba egiten. Jakin-min handia izan genuen elkarrekiko, batez ere, hizkuntzaz hitz egiten hasi ginenean. Oso sakona izan zen.

Hurrengo txapelketa Australian izango da.

Aurtengo txapelketan gure helburuak ziren herri moduan gure burua aurkeztea eta serio goazela erakustea; eta eraman genituen jantziak ere artilearen alde gaudela adierazteko modu bat ziren. Horretaz gain, atzetik datozen ardi moztaileei eta artile biltzaileei bidea erraztu nahi diegu. Gure helburua izan da Zeelanda Berrian ahalik eta gehien ikastea. Kontseiluan bozkatu egiten da hurrengo txapelketa non izango den, eta, guretzat, sorpresa izan da Australia atera izana. Gure botoa Galesen aldekoa zen. Izan ere, normalean, Hego hemisferioan egiten denean, Ipar hemisferiokoak galtzen ateratzen gara, eta alderantziz. Hemendik hiru urte barrurako, gauza batzuk badakizkigu, eta besteak ikasten joango gara. Garrantzitsuena da etorkizuna egon dadila. Euskal Herrian, ardi moztaile gutxi daude, eta artile biltzailearen ofizioa ez da existitzen; gaur egun, artilea bota egiten da. Artile biltzailearen edo artilariaren izena bera ere sortu behar izan dugu. EAMEren helburua da artilean fokua jarri, eta ikuspegi osoari buelta bat ematea.

Jantzia aipatu duzu.

Jakin genuenean Zeelanda Berrira joango ginela, pentsatu genuen ezin ginela bertara joan amerikana bat jantzita. Honen guztiaren oinarria artilea bada, artilea egon beharko da gure jantzietan. Herrialde batzuk artile-osagarri batekin joan ziren, baina gu bezala, hau da, artilez eginiko jantzi batekin, inor ez. Gasteizen bizi den Maria Cle diseinatzailearekin jarri ginen harremanetan. Urte batzuk daramatza artilearekin lanean, eta, proposamena egin bezain azkar, baiezkoa eman zigun. Emaitza benetan ederra da. Zeelanda Berriko desfilea egin genuenean, jende asko etorri zen galdetuz ea benetan artilea zen. Uste dugu hurrengo txapelketarako herrialde batzuk horri buelta batzuk emango dizkiotela.

Emakume gutxik parte hartu dute txapelketan?

Moztaile moduan, Japoniak zuen emakume bat, aurretik artilari bezala ezagutu nuena. Artilari moduan, ia gehienak ginen emakumeak, lau kenduta. Egia da egunerokotasunean moztaile gehienak mutilak direla, eta zer pentsatua ematen duela. Eta kuriosoa izan da, era berean, artilarietan, mutila izan dela txapelketako irabazlea.

“Euskaldunon eta maorien artean harreman berezia sortu da”

Formazioak garrantzia handia du, ezta?

Momentu honetan, EAMEren helburuetako bat lanbide honek etorkizuna eduki dezan da. Duela gutxi, Zeelanda Berriko ardi moztaile onenetako bat maila goreneko gure moztaileei ikastaro bat ematera etorri da; eta, hasiberrientzat, ekainean eskainiko dugu ikastaroa. Norbaitek interesa izaten badu, gure elkartearekin harremanetan jartzea du onena. Egia da artaldeak gutxituz doazela, baina badaude, eta badago ardiak mozteko beharra. Zeelanda Berrira joan garen taldea adineko talde bat gara, eta espero dut hurrengo mundu txapelketara gaztetxoagoak ere joatea; edo, behintzat, hemendik sei urterako, txapelketak hiru urtean behin egiten direlako. Artile biltzailearen formazioa zailagoa da. Euskal Herrian, pare bat ikastaro egin ditugu, baina ni, adibidez, batez ere, Frantzian eta Zaragozan formatu naiz. Bertan, lagun batek merino ardiak ditu, eta artile hori sailkatu egin behar da, une honetan balorean dagoelako artile mota hori. Gure ardien artilea, berriz, ez dugu balorean jartzen, eta bota egiten dugu. Zertarako sailkatu botako duguna? Buelta eman behar diogu honi. Modu horretan, artilariaren ofizioa ere existitu ahal izango da, eta artilea erabili ahal izango dugu. Naturak ematen digun gauza bat da, eta, bitartean, gauza sintetikoak egiten gabiltza.

Ze aholku emango zenioke ardi moztaile edo artilari izan nahi duen norbaiti?

Gazteei begira, esango nuke gauzarik erakargarriena dela bidaiatzeko ematen dizun aukera. Horrez gain, jende asko ezagutzen duzu ofizio honekin, eta, gainera, lanbide aske bat da, edonon lan egitekoa.

Eta ze amets bete nahiko zenuke?

Artilari moduan, uste dut bete dudala nire ametsa. Zeelanda Berrira joateko zalantza handiak izan nituen, haur txiki bi ditudalako; baina ikusita zer nolako harrera izan genuen eta zein ondo pasa nuen, horrekin bete dut nire ametsa. Artile biltzeari dagokionez orokorrean, gizarte osoak begirada aldatzea izango litzateke ametsa. Zeelanda Berrian ikusi dudana da (batez ere, maoriekin) naturarekin hartu eman gehiago dutela, eta, Euskal Herrian, galdu egin dugu apur bat hori. Ez dugu ahaztu behar Zeelanda Berrira joateko aukera eman diguna lehen sektorea dela. Gure artzainek gure ardi propioak mantendu dituztelako joan ahal izan gara txapelketara, bertan parte hartzeko baldintzetako bat bertako arraza edukitzea delako, eta guk latxa, manexa, Karrantzakoa… ditugu. Artileari ere bidea topatzea beharrezkoa da. Ez da erraza izango, baina begirada horretara bideratu behar dugu.