Jakoba Errekondo: “Jendeak harro egon behar du lurraz eta landareez dakielako”
Jakoba Errekondo modu askotara aurkeztu dezakegu: nekazari agronomoa, paisajista, komunikatzailea… Argi dagoena da lurrari begira bizi dela. Baratzeak duen garrantziaz kulturarekin duen harremanaz eta hizkuntzaz ere aritu gara, besteak beste.
Bi usurbildar aurrez aurre, Aginagan. Ez gaude toki txarrean elkarrizketa hau egiteko.
Ez, hobeak ere egongo dira, baina…
Zure aurkezpena egitea zaila egin zait eta Wikipediara jo behar izan dut. Hauxe da bertan zutaz jartzen duena: Agronomo eta paisajista da. Ezaguna da hainbat hedabidetan landare gaien inguruan parte hartzeagatik. Konforme al zaude definizio honekin?
Hedabideetan parte hartzen dudala baino gehiago, nik esango nuke landare eta landare-kulturaren komunikatzailea naizela. Parte hartzearenak ematen du politikarien tertulietakoa, eta ez da hori. Nik egiten dudana komunikazioa da: eman eta hartu.
Nondik datorkizu landare, baratze eta lurrarekiko grina hau?
Umetatik. Alde batetik, aitak zerrategia zeukan eta ni han egur artean liluratuta ibiltzen nintzen, enbor horietatik ateratzen ziren formak ikusten. Horrek halako harrigarritasun bat sortzen zidan. Bestetik, zerrategiaren parean amona Joxepa zenaren baratzea zegoen, gure amaren jaiotetxea zena. Eta han ikaragarrizko baratze zeukan, benetako baratze bat. Baratze hitza garten izen alemanetik dator; baratze itxi bat da, garai batean hemen izaten ziren bezalakoak, harresi batez inguratua. Hura mundu bat zen niretzat, gaztelu bat. Denetatik zegoen bertan: oilategia, fruta-arbolak, sendabelarrak, loreak… Han bere istorio guztia zegoen, bere bizitza guztia. Bilduta zuen jakintza izugarria zen. Bagenuen ere izeba zahar bat baratzea zuena, eta hura ere oso zorrotza zen gauzak egiten. Eta beste izeba bat ere bagenuen oso-oso lorezalea zena. Saltsa horretatik begira zer atera daitekeen!
Argi zenuen, beraz, horrekin lotutako zerbait ikasi behar zenuela?
Bai. Egia da garai hartan eraikuntzarekin lotutako zerbait gustura egingo nuela, arkitektura edo egurraren gaiarekin lotutakoa. Baina, batez ere, landareak interesatzen zaizkit.
Zuk esana da: “Euskaldun bat ez da inoiz kultua izango baratzeaz ez badaki”. Zergatik?
Euskaldunontzat, baratzea landareen mundutik ditugun premia guztiak asetzeko tokia da. Beste kultura batzuetan jardinak existitzen dira, baina euskaraz ez dago jardina esateko hitzik. Jardin hori guretzat baratzea da. Baratze bat etxe horretatik ikusten diren landare guztiek osatzen dute: urrutiko pagoek edo haritzek, makilek, lokarriak eta sokak egiteko zuhaitzek eta zuhaixkek; sendabelarrek; landare usaindunek; loreek; erritualetan erabiliko ditugun landareek, eta barazkiek ere bai, noski. Baina ez bakarrik guretzat, etxeko aziendarentzat ere bai. Hori dena da baratzea. Ez da gaztelaniazko huerta. Landareekin daukagun harreman osoa da baratzea.
Eta zergatik da iraultzailea baratzea edukitzea?
Kultura hitza cultivare hitzetik dator: landu eta zaindu, alegia. Baratzea egitea lurra zaindu eta lur horretatik behar ditugun mozkinak sortzea da. Hori da benetan kultua izatea. Hori gabe ez genuke ezer edukiko: ez arkitekturarik, ez hizkuntzarik, unibertsitaterik, ez etxerik, ez ezer. Euskaldunok lurra lantzera geratu ez bagina duela 10.000-8.000 urte, oraindik tximinoak izango ginen. Kultura guztia hortik datorkigu.
Baina zergatik da iraultzailea?
Gaur egun bizi garen egoeran, pertsona bat lurrari begira jartzea egin daitekeen iraultzarik handiena da. Zure bizitza eta zure ingurukoen bizitza kalitatea zaintzea delako, kalitatezko elikadura zer den ikastea delako, zure gorputza lurrera begira eta lurreko energiarekin batera jartzea delako, zure ondorengoei zer lur eta inguru uzten ari garen hausnartzea delako, eta abar, eta abar. Hori ez baldin bada iraultza, ez dakit zer den.
Lurrari bezainbat begiratzen diozu zeruari edo ilargiari?
Ez; nik, batez ere, lurrari begiratzen diot. Eta kontuan izan ilargia ere lurra dela. Ilargiari begiratu behar zaio, noski; eguzkiarekin batera dugun espektakulu handiena da eta eragin izugarria du gugan. Baina, batez ere, lurrari begiratu behar zaio. Lurra da dena. Horregatik, nik liburu bat dedikatzen dudanean beti jartzen dut: Eutsi lurrari!. Euskaldun harrook beti esaten dugu “Eutsi goiari!”, baina ez, lurrari eutsi behar zaio. Adarretatik ibiltzeari utzi eta sustraietara joan behar dugu, errotu egin behar dugu.
Baratzerik ba duzu?
Bai, badut baratzetxo bat.
Eta zure aholkuak jarraitzen dituzu?
Horretan izaten ditut lanak! Besteen aholkuak jarraitzen ditut, izan ere, nire aholkuak sortzeko besteenak ikasi behar ditut lehendabizi. Hemengo baratzea egiten dakit, baina Gasteiz edo Tuterara joaten banaiz, hango baratzea nola egiten den ikasi behar dut.
Orduan, baratzeaz ez dakizu dena?
Nola, ba, ez da posible! Bizi-baratzea-ko webgunean badaukagu txoko bat jendeak bere ekarpenak egiteko: hitz berezi bat bidaltzeko, liburuak PDFan igotzeko, galderak egiteko, eta abar. Eta bertako leloa da Dena dakien inor ez dago. Baina denon artean dena dakigu! Gakoa gu horretan dago, hain galduta dagoen gu horretan. Guk horrela ikasi genuen: gure ama –ez dugu esaten nire ama–, gure lurra, gure herria.
1985ean, Landaberri programan hasi zinen Euskadi Irratian. Zer-nolako ibilbidea egin duzu bertan?
Hasieran, landareez hitz egiteko aitzakia izan zen. Geranioa hartzen genuen eta hari buruz jakingarriak eta historiak kontatzen genituen. Gero, okurritu zitzaigun jendeari aukera ematea galderak eta zalantzak bidaltzeko, eta begira nola bukatu dugun: 35. urtea egitera noa bertan! Oso gustura nago. Nik ez dakit benetan jendea jabetzen den –uste dut baietz, zeren sentitzen da– irratiak duen magiaz. Magia hori ez dago beste inongo hedabidetan. Elkarrizketa hau egiten ari gara, baina ez dakizu noiz ikusiko den, zeinek ikusiko duen, eta, ziurrenik, telefono ziztrin batean ikusiko dute, beren kasa. Irratia, batez ere, bat-batekotasuna da, komunikazioa. Irratira joaten naizen aldiro hunkituta joaten naiz, zeren jendeak idatzi egiten du, deitu egiten du, galdetu egiten du. Edozeinek edozein tokitatik deitzen dizu. Joxepak deitzen dizu Aramaiotik, eta hurrengoak Mendatatik, eta hurrengoak Otsagabiatik. Bakoitzak bere hizkera eta esateko moduak ditu. Eta momentu bakoitzean toki bakoitzean gauza bat bizitzen ari dira. Baba eta ilarra ez dira ereiten toki guztietan batera. Mundu horiek guztiak hain era magikoan elkartzea ederra da. Edo entzule bati bere landareaz hitz egiteko aukera ematen diozunean eta bere alabaz hitz egingo balu bezala aritzen denean, hori magia da.
Zenbat galdera erantzungo zenituen 35 urte hauetan?
Ez dakit, baina denak apuntatuta ditut. 35 urte astero eta batez beste saio bakoitzean 12-20 galdera saioko, kalkulatu!
“Adarretatik ibiltzeari utzi eta sustraietara joan behar dugu”
Zuretzat, oso garrantzitsua da jakituria hori guztia jasotzea, ezta?
Ni saiatzen naiz ahal dudana jasotzen, baina baita ere etengabe zabaltzen. Hori oso polita da. Horretan irratiak asko laguntzen du. Askotan galdetzen dugu ea hitz bat nola esaten duten beraien herrian eta jendea segituan hasten da telefonoz deitzen, Whatsappen idazten… ikaragarria da. Hitza ez da tontakeria bat, hitzak gure garunean gutxien uste dugun paisaia berreskuratzera eramaten gaitu. Usainak ere etortzen zaizkigu hitzen bidez! Adibidez, nik ohitura handia dut “hori beste upeleko sagardoa da” eta antzeko esamoldeak esateko. Eta behin esan nuen “hori beste sagardotegi bateko bukoia da”. Sagardoa egiteko tamaina jakin bateko ontzia da bukoia. Eta hantxe deitu zuen Orioko emakume batek garai batean sagardoa bukoi batekin garraiatzen zela gurdietan, eta aspaldi ez zuela hitz hori entzun eta oroimen guztiak etorri zitzaizkiola burura. Horrek bakarrik zenbat balio du, ezta? Mundu guztiak entzuten eta ikasten du irratiarekin. Badirudi landareez, loreez eta baratzeaz baldin badakizu bazterrekoa zarela, ez zarela jendarte honen ardatza. Baina alderantziz da: gu gara kultura guztiaren oinarria. Jendeak jabetu behar du horretaz eta harro egon behar du lurraz eta landareez dakielako. Eta guk harrotu egin behar dugu jakintza hori.
Irratia gutxi ez eta 1995. urteaz geroztik Argia-n artikuluak idazten dituzu.
Pello Zubiriak lazoa bota zidan eta harrezkero astero idazten dut han ere. Laster argitaratuko da bertan nire 1.111. artikulua. 1.111 aste landareei buruzko artikulu bat idazten. Baina Argia beste sagardotegi bateko upela da. Idatzi egin behar duzu eta desberdina da. Magia badago, bueltan gauza asko etortzen zaizkidalako, baina idatzi egin behar duzu, ondo idatzi, eta, gainera, astero; hori izugarrizko kartzela da buruarentzat. Baina egia da ikaragarrizko istorio desberdinak iristen zaizkidala horrela. Adibidez, baba garaian idatzi nuen artikuluan, pertsonari babalorea deitzeko 300 sinonimo topatu nituen. Beste mundu bat da, oso interesgarria eta asko gustatzen zaidana. Horrelako gauza gehiago egin beharko lirateke.
Liburuak ere argitaratzen dituzu.
Garai batean, Elhuyarrekin argitaratu nituen Etxe barruko landareak eta Euskal Herriko sagardoa”, eta orain, Argia-rekin, Bizi baratzea, Altza Porru, urteroko agendak, Bizi baratzea gazteleraz, eta orain, Argia-ko artikuluen bilduma bat aterako da. Durangoko Azokarako denak izango ditugu, ilargiaren egutegiarekin batera.
Aurten ere letxugak banatuko dituzu Durangon?
Bai, dudarik gabe. Letxuga banatzearen kontu horrek ziztrinkeria edo boutade bat dirudi, baina ez da. Azkenean, letxuga batek gauza asko erakusten dizkigu. Ohitu gabeko pertsona batek letxuga hori etxera eraman eta loreontzi batean sartzen duenean, beharbada konturatuko da lau hilabete behar dituela hazteko. Eta letxuga jaten duen bakoitzean beharbada jabetuko da norbait dagoela letxugak egiten beretzat. Horrekin asko lortu dugu. Zu poeta, musikaria edo idazle famatu bat zara Durangon, baina zuk lan hori egin dezakezu beste batek lurra lantzen duelako, eta horretaz jabetzeko banatzen dut letxuga. Eta ez hori bakarrik, azoka batera joaten bazara baserritarrengana eta hark 80 zentimo eskatzen badizkizu letxuga bategatik, ez okurritu ere 70 zentimora jaisteko eskatzea. Alderantziz, euro bat eman beharko genioke. Hori da letxuga horren funtzioa. Eta, batez ere, haurrak gureganatzeko. Haur asko etortzen zaizkit esanez pasa den urtean hartu eta jan zutela, eta berriro bueltatzen dira beste baten bila.
Letxuga asko banatzen dituzu. Zenbat pertsona pasatzen dira zure standetik?
Zenbakia badakit, baina ez dizut esango. Gure sektan hori esatea bekatua da. Baina asko, asko, asko. Durangon izugarri gozatzen dut. Jendeak badaki egun guztietan denbora guztian egongo naizela bertan, eta prestatuta etortzen da galderekin, edo agurtzera. Niretzat, bost eguneko txute bat da.
Arrakastaren ondorioz gaztelaniaz ere atera behar izan duzu Bizi baratzea liburua (Vive la Huerta). Zaila egin zaizu?
Gehien kosta zaidana gaztelaniaz nolako liburua nahiko nukeen pentsatzea izan da. Gazteleraz irakurriko duen norbaiten tokian jarri behar izan dut. Zer nahiko du? Nahiko ondo doa; beraz, seinale ona. Desberdina da, ez oso, baina bai zerbait.
Euskal Herriko pertsona ezagunenetakoa zara eta jarraitzaile fidelak dituzu.
Kar, kar, kar. Baita zera ere! Ni telebistan oso gutxi ateratzen naiz, baina jarraitzaile fidelak ditut, hori bai: Jakobitak, Jakobinoak, Lurraren jaunaren jarraitzaileak… Interesa piztu dut. Nik beti esan dut hemen sektak sortu behar direla; begira kristauek zer-nolako arrakasta duten. Jarraitzaile talde bat edo gaia gustuko duen jendearekin konexio polita izatea garrantzitsua da. Hori zaindu eta landu egin behar da. Egia da ni ez naizela batekin eta bestearekin aritzeko zalea, egunero ez daukat erdi pailazo izateko gogo hori, kosta egiten zait. Baina, normalean, jendea etortzen zaidanean gure gaiez hitz egiteko izaten da, eta hori erraza egiten zait.
Bizi baratzea webgunea ere sortu duzu. Zein da zure muga?
Muga beti da urdina, eta urdinera iritsi bitartean beste kolore guztiak daude. Eta nik berdearekin bakarrik nahikoa dut. Baina badakizu berdea urdina dela, ezta? Euskaraz berdea ez dagoelako. Muga? Nik uste dut Euskal Herrian –oraindik ere– ikaragarrizko jakintza dugula eta, era berean, jakiteko gogoan dagoen jende pila bat dagoela. Hori egiten jarraitu behar dugu.
Beste proiekturik baduzu buruan?
Asmoa da gai hauen inguruan liburu gehiago argitaratzea. Arazoa da ni oso mugatua naizela eta asko kostatzen zaidala gauzak egitea, oso ondo egitea gustatzen zaidalako. Beraz, nik uste dut jende gehiago jarri behar dela lan hau egiten: sakabanatuta dagoen jakintza bildu, bildutakoa arakatu eta gaur egungo formatutan jartzen. Gustura sortuko nuke talde bat crowdfunding bidez gai hauek lantzeko. Gazte mordoxka jarriko nuke horretara lanean.
Zer-nolako harremana du euskarak naturarekin?
Izugarria. Euskaraz jaio eta bizi naiz, baina nik ezagutzen ditudan beste hizkuntzek ez dute horrelako harremanik naturarekin. Kokapenak azaltzeko, toponimia azaltzeko, bizitzeko erak esateko, elikadura… gauza garrantzitsuez hitz egiteko oso hurbila da euskara. Eta ez hori bakarrik, hori eraman dugu gauza modernoetara. Adibidez, gaur egun egunero erabiltzen ditugu garatu, jorratu, alorra edo txertatu hitzak. Oso egunerokoa dugu eta oso interesgarria da hori, lurrerako dagoen koxka txikiagotu egiten baitu. Baliatu behar dugu horri indarra emateko, jakintza izugarria dagoelako hor. Hori bai, badirudi modernitatea dela zenbat eta hitz gutxiagorekin gauza gehiago esatea. Ba, nik alderantziz dela esango nuke. Orain argitaratuko dugun artikuluen liburu horretan, txortena esateko 24 hitz bildu ditugu, eta txertatu esateko 14 hitz. Hain toki txiki eta kultura trinkotu batean horrelako aberastasuna edukita, erabili egin beharko genuke.