Jaione Urtasun: “Arrakastatsua sentitzen naiz: nire herrian, nire hizkuntzan eta nire lagunekin lan egiten dut”

Aktorea eta sortzailea, Jaione Urtasun antzerkiari lotuta bizi izan da 9 urte zituenetik. Adin horrekin hasi zen Nafarroako Antzerki Eskolako arratsaldeko tailerretan, eta eskola hartan egin zituen, urte batzuk geroago, antzerkigintza ikasketa profesionalak ere. Haren ibilbidean ipuin-kontalaritza, umeentzako antzerkigintza eta umore ikuskizunak uztartu ditu, gehienbat. Xabier Flamarique bikotekidearekin La Piel taldea darama, eta, maiz, bestelako konpainientzat ere lan egiten du. Beti, hori bai, lagunez inguratuta. Arrakasta, izan ere, hori baita harentzat: antzerkiaz bizi ahal izatea, euskaraz eta lagunez inguratuta. 

Jaione Urtasun, lehenik eta behin, ongi etorri TTAPera. 

Eskerrik asko!.

Nafarroako Antzerki Eskolan gaude, toki berezia, garrantzitsua zuretzat; zer lotura daukazu leku honekin?

Ni antzerkiarekin hasi nintzenean, hau izan zen nire lehenbiziko tokia. 9 urterekin hasi nintzen hemen antzerkia egiten, arratsaldeetan tailerretan eta abar. Gaztaro osoan ibili naiz hona etortzen, eta gero, profesionalki ere hemen egin nituen ikasketak, eta gaur egun zortea badut ere, hemen antzezteko aukera izaten dut. Beraz, etxean bezala. 

Oso txikitatik hasi zinen antzerki kontuetan. 9 urterekin hasi zinen, erran diguzun bezala, baina zure lehenengo agerpena telebistan lehenago izan zela aitortu diguzu elkarrizketa grabatzen hasi aurretik…

Bai, hala da. 5 urte nituenean, ikastolako ikasle batzuk joan ginen Txirri, Mirri eta Txiribitonek zeukaten programa hartara ETB1en. Kanta bat abestera joan nintzen, eta grabatuta dago.

Beraz, hor gelditu da zure lehenengo agerpena; akaso, han piztu zitzaizun antzerkirako eta aktuaziorako har hori, ezta? 

Ba, agian bai… Gainera, ikastolan ere disko askotan kantatu izan dut. Beti izan naiz oso saltseroa. 

Hemen egin zenituen antzerki ikasketa profesionalak, Bilbon ere urtebete igaro ondoren; zein momentutan erabaki zenuen profesionalki honetara dedikatuko zinela?

Gaztaro osoan antzerkia egin nuen. 16 urterekin, hemen ezagututako lagun batzuekin, gaur egun nire kuadrilla diren lagunekin, antzezlan bat sortu genuen, eta orduan hasi ginen probatzen. Batxilergoan nengoenean, hasieran unibertsitatera joateko ideia neukan, Euskal Filologia ikastera, baina batxilergoko lehenbiziko mailan krisialdi txiki bat izan nuen, eta esan nuen: “Ez, nik antzerkia egin nahi dut”. Gurasoek esan zidaten lehenik batxilergoa bukatzeko. Eta Nafarroako Antzerki Eskolara hamar urte baino gehiago neramanez arratsaldeetan etortzen, kanpora joatea erabaki nuen, Bilbora, nire lagun min Ferminekin. Urtebetez egon ginen eskola batean. Ez zen espero genuena izan, eta, azkenean, hona bueltatu ginen.  Lehenbiziko mailan sartu, eta hiru urteak egin nituen bertan. 

Gurasoak aipatu dituzu, eta kasu hauetan oso garrantzitsua izaten da horrelako lanbide bat aukeratzen denean etxekoen babesa edukitzea; beraz, hor egon dira beti. 

Bai, betidanik beti egon dira ados, konforme eta oso-oso pozik. Gaur egun ere laguntzen didate, orain haurrarekin eta abar. Eta estreinaldi bat dudan bakoitzean, han daude. 

Artistak egin edo sortu egiten direla erraten da; argi dago zure kasuan artista sortu zinela, ezta?

Bai; amak esaten du 3 urterekin handitan zer izan nahi nuen galdetzen zidatenean ez nuela “antzerkia” esaten, “arte dramatikoa” esaten nuela. Badirudi baietz, txikitatik emozio hori banuela.

Zer ote du antzerkiak, aktuazioak, horrenbeste engantxatzen zaituela?

Nik beti esaten dut antzerkia niretzat guztiz sendagarria dela. Ez dut inoiz terapia moduan egin eta bada jende asko ere bide horretatik eramaten duena… Baina niretzat berdin du sukarrarekin eta gaixorik egon; antzeztera sartu eta denbora gelditu egiten da. Hor zaude, topera, egiten ari zaren hori bizitzen. Nire ustez, ez dauka xarma bera antzerkia egiteak eta zuzenean hor, momentuan azala uzteak; edo, adibidez, kameraren aurrean antzezteak. Nire ustez, ez da gauza bera. Kameraren aurrean ez daukat hainbesteko esperientziarik, baina sentsazioa da ez duzula ezer egiten. Antzerkian, normalean, dena handia izaten da, keinuak eta abar. Eta zineman, bat-batean, kutxa batean sartuta bezala aurkitzen zara. Huts egiten baduzu, errepikatu egiten da, eta listo. Antzerkian huts egiten baduzu, gertatu da, ez dago atzera bueltarik. Ahal duzun bezala salbatu, eta jarraitu aurrera.

Beraz, antzerkiko aktorea zarela esan daiteke? 

Bai; denetarik gustatzen zait; zinema edo telebista egiteko aukera gehiago ateratzea gustatuko litzaidake, esperientzia hartzeagatik. Baina egia da antzerkia dela benetan gorputzean bizitzen dudana.  

“Antzezten nabilenean ez du beste ezerk inporta, denbora gelditu egiten da”

Aktorearen lana lan arraroa da: beste baten azalean sartu behar duzu, beste pertsona bat izan… Nola definitu daiteke? 

Askotan kostatu egiten da pertsonaia aurkitzea. Prozesu batean hasten zarenean, lehenbiziko egunean pertsonaia modu batean planteatzen duzu, modu zehatz batean ikusi dezakezu… Eta ondoren, estreinaldira iritsi eta kontrakoa izan daiteke. Bat-batean, klik bat egiten duzu eta esaten duzu: “Hemen dago pertsonaia”. Batzuetan keinu batean edo zuk irudikatzen duzun irudi batean dago, edo, agian, begirada aldatuz gertatzen da. Hori da nire trukoa. Eta, bizitzan, uste dut lanbide honi esker oso gai naizela beste edozein pertsonarekin enpatizatzeko. Norbaitek zerbait kontatzen didanean, nire azalean bezala bizi dezaket. 

Inoiz gertatu izan zaizu pertsonaia baten azalean sartu eta deskubritzea. Ez dakit aurretik pentsatu ez zenuen zerbait?

Gertatu izan zait, adibidez, oroitzapenen bat desblokeatzea. Objektu batekin jolasten hasi eta, adibidez, 3 urterekin nuen zerbaitekin oroitzea. Uste dut antzerkia oso lotuta dagoela haurtzaroarekin. Izan ere, antzerkia egitea jolastea da, eta jolasa da haurtzaroaren oinarria. Jolasa beti dago hor. 

Ez banago oker, lagunartean sortu zenuten lehenengo antzezlana Romeo eta Julietaren berrinterpretazio bat izan zen, eta iruditzen zait obra horretan dagoeneko elkartzen zirela zure ibilbidea markatu duten bi ardatz: ikuspegi berriak bilatzen dituen antzerkia egitea eta umorean oinarritutakoa. 

Obra hori umore betea zen.  Antzezlana kristoren drama da, baina gure garaira ekarri genuen, garaiko umorea egiten. Erabiltzen genituen erreferentziak, akaso, ez ziren gaur ulertuko: oroitzen dut Carmen de Mairena aipatzen genuela, eta, akaso, gaur egun 25 urte dituen norbaitek ez du ezagutuko. 

Akaso, gaurkotu egin zitekeen obra hori berriz ere, ezta? 

Bai, eta pozik egingo genuke. Zeren, gainera, gaur egun oraindik ere kuadrillakoak garen gehienak han sartuta ibili ginen, une hartan ezagutu genuen elkar, eta orduan sortu ziren harremanak. 

Zenbat urte zenituzten elkar ezagutu zenutenean?

10-11 urte. Nerabezaro osoa pasa nuen haiekin. Gure astelehenetako zirrara antzerki eskolara etortzea zen. 

Zein polita nerabe batentzat horrelako zerbaitetan parte hartzea, ezta?

Pribilegio hutsa.

Umoreak oso leku garrantzitsua izan du zure ibilbidean ere. 

Ni pertsona umoretsua naiz. Egia da filtrorik ez dudala barre egiteko. Segun eta norekin nagoen, adibidez lagunekin edo bikotekidearekin banago, nire umorea oso beltza izan daiteke. Profesionalki egia da ez dudala drama egiteko hainbeste aukerarik izan. Zerbait egin izan dut, eta gustatuko litzaidake gehiago egitea. Baina nire pertsonaiak beti izan dira infantilagoak, umoreari lotutakoak… Ez gaiztoak edo ilunak. Eta gustatuko litzaidake alderdi hori ere esploratzea. 

Akaso, zailagoa da drama baino umorea egitea… Eta, aldi berean, iruditzen zait badela arma oso boteretsu bat segun eta zer gauzaz hitz egiteko; zergatik erranen zenuke gertatzen dela?

Hasteko, umorea badelako emozio bat oso kutsakorra. Norbait zure ondoan barrez ari bada, ia seguru barrez bukatuko duzula. Uste dut gorputzean bertan gauzak mugitzen direla barre egiterakoan, benetan sendagarria izan daitekeela. Bestalde, zure akatsak edo bestelako gauzak beste pertsonaia batean ikusten badituzu eta barre eginarazten bazaitu, ona izan daiteke. Ez nuke esango terapia bat denik, baina umoreak eta antzerkiak orokorrean horretarako ere balio duela esango nuke. 

Umorea arriskutsu bilakatu da batzuentzat; ikusi besterik ez dago berriki Ameriketako Estatu Batuetan gertatutakoa, txiste bakar batengatik telebista aurkezle bat kantzelatu duela Trumpek astebetez… 

Bai; nik uste dut umorearen mugak murriztu egin direla urte batzuetatik hona, eta aski da ikustea duela 20 urteko telebistako edozein telesail horretaz konturatzeko. 

Jarri dizkiozu inoiz mugak egiten duzun umoreari?

Bai. Adibidez, nik egindako antzezlan batean edo nik zuzendutako zerbaitetan umore gogorragoa edo beltzagoa erabili nezake, baina ez naiz ausartzen.

“Urte batzuetatik hona umorearen mugak murriztu egin dira”

Autozentsura? 

Zoritxarrez, produktu bat saldu behar duzu, eta egia da ez dela denon gustukoa izango inoiz.  Baina zerbaitek min eragingo ote duen zalantza baldin badaukazu, nik, behintzat, nahiago dut ez egin eta zalantzarekin geratu. 

Askorentzat umorea gizonen kontua da oraindik. 

Mundua gizonen kontua da oraindik. Baina nik nire esperientziatik hitz eginen dut. Eta egia da Nafarroan antzerkia egiten duten mutiko euskaldun askorik ez dagoela. Beraz, nik, batez ere, emakumeekin lan egin izan dut, eta oso umoretsuak, langileak eta onak diren emakumeekin. Agian, Estatu mailan edo Euskal Herri mailan bestelakoa da, ez dakit. 

Beatriz Egizabal aktoreak elkarrizketa batean esan zuen emakumeak beti egin duela umorea, baina etxe barnean egin duela. 

Bai, bai, seguru aski. Lehen bezala, beti etxe barnean. Eta hainbeste gauza egin ditu emakumeak, ikusi ez direnak…

Akaso, falta dena da erreferente kontu bat; zuk zein erreferente izan dituzu antzerkiaren munduan?

Ez dut inoiz horretan pentsatu… Hasieran, seguru aski, pailazoak; Txirri, Mirri eta Txiribiton, adibidez. Ikastolara Kiki, Koko, Moko eta Flash etortzen ziren, ondoren nire lehenengo lan profesionala izango zena. Hemendik atera nintzenean, zortzi urtez egon nintzen haiekin lanean. Nire amak ere asko eramaten ninduen antzerkira. Gero, jada gaztetan, niretik belaunaldi bat edo bi gorago dauden Nafarroako aktoreak ziren ikusten nituenak, eskolan bertan.  

Clownaren mundua aipatu duzu; ez dakit, akaso, ez ote den bigarren maila batean jartzen den antzerkigintza arlo bat, ezta?

Ez dakit. Egia da jende asko ere clownarekin hasi dela. Nik ez dut askorik sakondu. Hemen, Antzerki Eskolan, ikasketa profesionalen barrenean hilabete oso batez Patxi Larrearekin landu genuen, eta gero egin izan ditut beste bi ikastaro hemen beste irakasle batzuekin. Baina clowna oso zaila da, oso gogorra eta oso krudela. Umorearena eta barrearena hor izan dutenez beti, uste nuen erraza egingo zitzaidala, eta gero oso gaizki pasa nuen. Azkenean, zure lotsa gainditu behar duzu, porrota asumitzen jakin behar duzu, eta hori aprobetxatzen, publikoarekin ere kontaktua izaten. Teknika ez da erraza, eta barre eginaraztea ez zait hain erraza iruditzen. Errazagoa da zerbait oso tristea eta sentikorra egitea eta norbaiti malko bat ateraraztea, publiko guztia barrez jartzea baino.

Haurrentzako antzerki asko egin izan duzu. Beti daukate publiko zailena diren ospea; hala dela esanen zenuke? 

Bai, zeren, gainera, umeek dena komentatzen dute, dena esaten dizute aspertzen baldin badira. Antzezlanetan badago puntu bat energia pixka bat jaisten dela, eta hor oso adi egon behar duzu, zeren bestela joan egiten zaizkizu. Asko fisikoki ere joaten dira. Helduekin zailagoa da hori gertatzea.  

Lehen, porrotaren ideia aipatu duzu; aktore bezala horretarako prest egon behar duzu? 

Uste dut urteekin ikasten duzula. Kontua da azaleko poro guztiak irekita eduki behar dituzula,  sentituz, ea publikoak ere zer ematen dizun. Zeren, agian, hemen larunbatean funtzionatzen duenak igandean Atarrabian ez du funtzionatzen. 

Norberaren aldarteak ere eragiten du horretan? Oholtzara nola ateratzen zaren?

Nekatuta egon zaitezke edo egun txarra izan dezakezu, baina jakin behar duzu puntua non jarri behar duzun, gutxienez, funtzionatzeko. Zeren, gainera, ez baldin bazara %100 azala hor uzteko gai, nabaritu egiten da. Automatikoan ere sartzen zara askotan. Nik ipuin saio asko egiten ditut eta badira ipuin batzuk kontatu ditudanak 100 aldiz, eta momenturen batean sartu naiteke automatikoan, eta beste gauza batean pentsatzen egon hizketan dagoen bitartean. Baina hori ezin daiteke gertatu, hor aurrean dituzun ume horiek merezi dute atentzioa. 

Azala aipatu duzu, eta, hain zuzen ere, La Piel Produkzioak sortu zenuen bikotekidearekin batera; ez dakit izena hortik datorren…

Bai, zeren azala da gorputzean dugun organorik handiena, eta azalaren bitartez sartzen dira gauza gehienak. Entzuteko ere azalaren bitartez pasatu behar da. Zaporea sentitzeko ere azaletik pasatzen da… Dena pasatzen da azaletik. Eta hortik atera zen pixka bat: azala sentitu, azala utzi. 

Zerk bultzatu zintuzten proiektua abiatzera?

Antzerki Eskolatik atera ginenean, nire anaia bezalakoa den Ferminek [Cariñena], Xabik [Flamarique] eta hirurok argi geneukan profesionalki antzerkia egin nahi genuela. Xabik idatzita zeukan antzezlan bat irakurri genuen eta esan genuen: “Bai, egin behar dugu”. Gero, pare bat labur ere egin genituen… Hasieran gurekin batera Marcos Goikolea idazlea ere egon zen. Gero, Marcos Bartzelonara joan zen, eta Ferminekin oso lagunak gara, eta nahiago izan dugu, batzuetan elkarrekin lan egiten jarraitzen badugu ere, proiektua elkarrekin ez eraman. Gure lehenengo obra potoloa Palabras encadenadas izan zen, Jordi Galceranena. Hasteko oso obra ona izan zen, oso konprometitua, dramatikoa, umore beltzarekin… Ordu eta piko oholtzatik mugitu gabe. 

“Lanbide honek bizitzarako tresnak eman dizkit; besteekin enpatizatzeko gaitasun handia daukat”

Proiektu propio bat izateak ardura puntu bat badauka, ezta? Nola daramazue alde hori? 

Oraindik ez dugu lortu, eta ez dakit lortuko dugun, bakarrik La Pielekin bizitzea. Gu bikotea gara, eta ez dugu geure burua bakarrik La Pielekin ikusten, beti elkarrekin lan egiten. Askotan, beste konpainia batzuekin lan egiten dugu, eta La Piel gure altxorra da, nolabait esateko, nahi ditugun gauzak egiteko. Ez gara dirulaguntza kontuetan sartzen, daukagunarekin egiten dugu, gure testuak idatziz eta, noizbehinka, inbertsio txikiak eginez. Ez dira formatu oso handiko antzezlanak izaten. Pandemiatik hona, gure marka edozein tokitan egin daitekeen antzerkia egitea izan da. Oso interesgarria iruditzen zait herri txikietan antzerkia egitea. Jende askok ez du autoa hartu nahi hirira antzerkia ikustera etortzeko. Baina antzerkia herrira eramanez gero, herri guztia joaten da, zaindu egiten zaituzte; gozamen hutsa da. 

Eta horrela antzerkiak ere bere funtzio soziala betetzen du, ezta?

Bai; aukera hori izatea garrantzitsua iruditzen zait. Herriak ere gero eta gehiago gutxitzen ari dira, eta gero eta ekintza gutxiago baldin badaude, gero eta jende gutxiago joango da herrietara bizitzera. 

Horrekin lotuta ere arrakastaren kontua; zer da, zure ustez, arrakasta, ospea?

Aktore batek egoa behar du, haren lanabesa da, eta gustuko dugu guri begiratzea, gu txalotzea eta gure lana goraipatzea. Baina ospearena edo ospetsua izatearena… Uste dut, gainera, antzerkiarekin ez dela horrenbesteko osperik lortzen. Telebistarekin edo zinemarekin lortzen da hori. Niri ospearena ez zait askorik gustatzen. Guztioi gustatzen zaigu gustatzea, baina egia da nire ustez arrakasta beste zerbait dela. Ni arrakastatsua sentitzen naiz. Lan egiten dut nire herrian, nire hizkuntzan, batez ere euskaraz eta nahi dudan jendearekin. Antzerkiaz bizi naiteke. Horregatik 1.000 gauza desberdin egiten ditut urtean zehar, baina gustatzen zait. Ez dut neure burua ikusten beti gauza bera egiten. Berriki Eibarko lagun batekin egon nintzen, Mamma mía musikalean dago, eta dagoeneko 900 emanaldi egin dituela aipatu zidan. Nik ez dakit nire bizitza osoan eginen ditudan 900 emanaldi. Egia da denbora asko gauza bera egiten ari banaiz aspertu egiten naizela. Asko gustatzen zait gaur ipuin saio bat, bihar aurkezpen bat eta etzi bideo bat egitea, adibidez. 

Alde horretatik, oreka perfektua lortu duzula erran daiteke?

Bai; honetaz bizi naiz, eta ez zait inporta inork ezagutzen ez banau, ez dut hori behar lana daukadan bitartean. Eta lana hain gustura egiten baduzu, lana ez egitea bezala da. Emanaldi bat bukatu eta esatea: “Ze gustura”. Kirola egitea bezala da. 

Are gehiago obra horrek gutxi aipatzen diren errealitateak erakusten baditu… Askatu. Armairuko gogoetak obran pentsatzen ari naiz. 

Bai, eta, gainera, nire inguruko jende gehiena kolektibokoa da. Horrek asko lagundu digu, esperientzia asko ezagutu ditudalako inguruan: armairutik ateratzeko modu latzak, politak, dibertigarriak… Antzezlana sortu zen, Nafarroako Erdialdeko LGTBI elkarte batek eskatuta, Laia elkarteak. Gala baterako bi esketx eskatu zizkiguten, hurrengo urtean beste bi, eta horrela joan ginen sortzen. Xabi eta biok hasi ginen, baina gero, hura beste obra batekin hasi zen eta Txetxuk ordezkatu zuen, Fermin zuzendari lanetan berriro…

Betiko lagunak, antzerkia egiten; zer da antzerkiaz bizitzea?

Antzerkiaz bizitzea gauza zoragarria da; batzuetan, baita prekarioa ere. Nahi duzuna egin ahal izanda, zuk sortutako zerbait jendeari erakustea eta gustatzea edo iristea izugarria da. Baina uste dut atzean dauden ordu guzti-guztiak ez direla ikusten. Aktoreek ez daukagu seguru bat; udaran ez baduzu kale-antzerkirik egiten, ez duzu lanik, antzokiak itxita daudelako.  Eta autonomoa baldin bazara, ni bezala, ezer ez, zeren ezin duzu langabeziarik jaso. Gehitu nahiko nuke umeentzako antzerkia edo antzerki familiarra ez dela ongi baloratzen, orokorrean. Aktoreek ere ez dugula baloratzen behar den bezala. Zeren badirudi umeentzat edozein gauza egin daitekeela, eta ez. Lan bera dago umeentzako antzerkia sortzen duzunean eta helduentzako obra bat egiten duzunean, baina gero, gehiago balio du helduentzakoak. Eta hori, kontuan hartuta jende gehiago joaten dela umeen antzerkia ikustera, umeez gain gurasoak ere joaten direlako.