Jabi Elortegi: “Euskal zineman industria dago eta jendeari utzi egin behar zaio gauzak kontatzen”

Aurtengo Donostia Zinemaldian, Jabi Elortegik zuzendutako El Vasco filmak ireki zuen jaialdia; Zinemira zikloa ireki zuen. Honezkero iritsi da zinema areto guztietara, eta tartetxoa hartu dugu Elortegi zuzendariarekin berba egiteko.

Nola jaio zen El Vasco? Proiektu berezia da; non du abiapuntua?

Nirekin lan egiten duen bazkide Xabi Zabaleta eta biok beti ari gara ideiak botatzen, eta, halako batean, diasporarekin dugun harremana kontatzen hasi ginen. Eta, egia esan, ateratzen ziren gauza guztiak barregarriak ziren. Eta esan genuen: hemen komedia bat badago, badago zerbait egiteko. Xabi idazten hasi zen; gero, beste gidoilari bat sartu zen tartean, Arantza Cuesta. Horrela hasi zen sortzen hau. Hortik aurrera, finantzaketa bilatu behar duzu… eta hori guztia.

El Vasco-k Mikelen historia kontatzen digu. Haren bizitzatik ihes egin nahi du, Euskal Herritik, ez dagoelako momentu onean. Argentinara bidaia egiten du, sare sozialen bitartez osaba batek lana proposatzen diolako. Zuk zuzendu duzu filma, aipatu bezala, eta Xabi Zabaletak eta Arantza Cuestak idatzi dute. Elkarlan handia da, proiektu handia da. Euskal Herrian abiatzen da pelikula, hasten da Mikel herrian, baina Argentinara doa, eta pelikula ia osoa Argentinan gauzatzen da.

Bai, hori da; idatzi egin genuen, eta gero, egia esan, kaxoi batean sartuta geratu zen, urte pare batez, agian. “Hori hor dago”, pentsatzen genuen… Eta Zinemaldian ekoizle argentinarrekin antolatutako topaketa batzuetan aurkeztu genuen. Argentinar batekin egon ginen han, eta zera esan zigun: “Utzi gidoia, hotelera joango naiz, irakurriko dut eta bihar deituko dizuet”. Hurrengo egunean, gustuko zuela esateko deitu zigun. Eta hor hasten da abentura, argentinar batek esaten dizunean: “Me encanta, quiero hacerlo”. Lehen pausoa ondo dago, baina dirua lortu behar da. Hura Mendozakoa zen. Gero, elkartu ginen beste produktore batekin, Cordoba probintziakoa. Eta tira, finantzaketa lortu zenean, “orain bai”, esan genuen, “2020 martxoaren 20an bagoaz”. Baina martxoaren 13an pandemia iritsi zen. Berriro kaxoira; baina pentsatu genuen kostatu zen guztiarekin ezin zela kaxoian geratu. Data bat jarri genuen, iraila. Baina pandemiak jarraitu egiten zuen; azkenean, iaz joan ginen. Uztailaren 25ean atera nintzen hemendik, eta Argentinan hiru hilabete egon ginen, urrira arte.

Hiru hilabetean grabatu zenuten, eta ia pelikula osoa gertatzen da Argentinan.

Bai; bost asteko errodajea han, eta hemen astebete. Gainera, han beste bost edo sei aste egon ginen, prestaketa lanak egiten.

Nolakoa izan da hango sortzaileekin lan egitea?

Lantalde osoa hangoa zen. Hemendik joan ginen argazki zuzendari Jon Sangroniz, zuzendari laguntzaile Telmo Esnal eta ni. Hirurok joan ginen, eta gerora etorri ziren Joseba Usabiaga eta Itziar Aizpuru aktoreak. Beste guztiak bertakoak ziren. Eurekin ondo moldatu ginen; ez da herrialde erraza, diru arazo handiak dituzte. Ekonomikoki oso ezegonkorra da herrialdea.

Argentinan non grabatu zenuten?

Cordobako eta Mendozako probintzietan. Cordobaren kasuan, Villa Maria deitzen den herria dago eta sekulako euskal etxea dute.

Hori da pelikulan agertzen dena?

Ez; bertan gure lan egiteko lekua jarri genuen. Gero, nik beste herri bat bilatu nuen, Morrison deitzen dena, handik ordu erdira. Nire asmoa zen gure protagonista iristea Argentinara. Baina, jakina, inor ez dagoen leku batera, western antzeko bat.

Herriak zirrara bat sortzen dio ikusleari, polita da, baina, aldi berean, ez dago inor.

Herri txikia da. 1.000 edo 1.500 biztanle edukiko ditu, eta hori nahi nuen nik. Protagonista bertara iritsi eta esatea: “Nora ostia etorri naiz?”.

Mikel protagonista Joseba Usabiagak gorpuzten du eta aipatu duzu Itziar Aizpuru ere. Pertsonaia potoloa egiten du: Joseba Argentinara iritsi eta Itziarren pertsonaiak memoria arazoa du.

Pelikula komedia baten moduan sortu genuen. Baina diasporari buruz ere hitz egin nahi genuen, beste era batera. Hots, amona bertan dago; hau da, Mikelen aitonaren arreba da, bertara joan zena orain dela 60 urte. Eta duela hamar urte Mikelen aitona hil zenetik ez du hitz egin, ez du ezer gogoratzen. Baina Mikel iristean euskara entzuten du eta esnatu egiten da, eta 60 urte atzera egiten du eta Mikel bere anaia dela uste du. Gure asmoa memoriari buruz hitz egitea zen, pertsona batek memoria galdu duenean. Guretzako joko polita zen, eta nik uste dut funtzionatu duela.

Beste gaietako bat deserria da, herritik joan behar izana, eta nostalgia edo herrimina, baina pertsonaia guztiek ez dute berdin bizitzen deserri hori. Eta pelikulan hori oso argi ikusten dugu.

Bai; batez ere, deserri hori bizi du gure pertsonaiak. Hemendik alde gura egin, hemen ez dauka ezer, zeukan guztia txarto atera zaio, eta alde egin nahi du. Gero, Argentinara joaten da motxila arazoz beteta duela. Pentsatzen du munduko beste puntara joanda dena konponduko dela. Argentinan badaude beste pertsonaia batzuk, amonaren zaindaria, esaterako, beste ikuspuntu bat ematen diona. Erakusten dio arazoak norberarekin doazela, nahiz eta beste puntara joan; arazoak norberak konpondu behar dituela, oso zoriontsu izan daitekeela edozein herritan, eta zaintzailearen pertsonaiak positibotasun puntu hori ematen dio. Eta Mikel, nahiz eta hasieran pixka bat dezepzionatuta egon, gero bizitzeko beste era bat ikasten hasiko da.

Pelikulan diasporari buruz hitz egin nahi genuen, beste era batera

Iristen den momentu horretan, pelikularen tarterik umoretsuena dago. Mikel ez da Argentinako edozein herritara iristen, euskaldunez jositako herri txiki batera iristen da.

Herri txiki batera iristen da eta ez dago inor kalean. Jendea dagoen lekua da, euskaldunen tokia, euskal etxe bat. Euskaldunok egiten ditugun gauzak egiten dituzte, bertsotan, irakurle txokoak eta abar. Horrelakoak dira. Guk gidoi bat idatzi genuen, baina gero joan ginen bi aldiz lokalizatzera eta aldiko berridatzi egin genuen gidoia guri gertatutako gauzekin. Zu zoaz, bazkaltzen duzu eurekin eta esaten dizute: “Ahora vamos a cantar, pero que canten los vascos”. Nik abesten ez dakidala esaten nuen. Bueno, ba, “a bailar”. Nik, ez dakidala dantzatzen. Harrituta ez dakidalako, eurak hasten dira dantzan eta abesten eta norberak baino hobeto dakite. Nahiz eta euren aitona-amonak edo birraitona-birramonak izan bertara joan zirenak, ahalegindu egin dira, belaunaldiz belaunaldi, geure tradizioak-eta transmititzen, konektatzen eta hori mantentzen. Eta hori kristoren meritua da.

Umore puntua du, baina bestelako gai batzuk ere baditu. Deserria ere aipatu dugu. Baina maitasun istorio bat ere badago.

Bai. Mikel joaten da Argentinara, beste gauza batzuen artean, hemen neskalagunak utzi egin duelako. Argentinatik deiak egiten dizkio, telefonoan mezua uzten dio. Erantzungailuan, neskaren ahotsa entzuten du. Eta ezin ahaztu dabil, ezin ahaztu. Eta ez badituzu gauzak ahazten, ezin duzu aurrera egin. Eta orduan, amonaren zaindariak erakusten dizkio beste gauza batzuk. Eta, nola ez, maitasuna agertzen da.

Joseba Usabiaga eta Itziar Aizpuru euskal aktore ezagunak ditugu,  baina badaude aktore argentinarrak,  Eduardo Blanco eta Ines Efron. Nola izan da eurekin lan egitea?

Eduardo ezaguna da hemen, El hijo de la novia egin zuen. Guk ezagutzen genuen. Madrilen bizi da, eta Madrilera joaten nintzen harekin entseatzera. Gero, pandemia etorri zen… eta prozesuak luzeegiak izan dira. Ines Efron ere ezagutzen genuen, Zinemaldian egondakoa zen pelikula pare batekin. Xabik, gainera, oso gustuko zeukan, pertsonaiak ere Ines du izena, jakin baino lehen Ines Efronek gorpuztuko zuela. Eduardoren arreba Argentinako produktoreek eskaini zidaten esanez oso ondo egiten zuela lan, eta proba bat egin eta ikaragarria izan zen. Egia esan, eurekin lan egitea beste era batekoa da. Euskal aktoreak oso fidelak dira testura.

Elkarrizketa batean entzun nizun grabazio egunera joan eta Josebak bakarrik zekiela ondo testua.

Bai; azkenengo egunean irakurketa bat egin eta Josebak bakarrik zekien testua. Besteek bai, baina azaletik. Eta ni esaten: “Ene, bihar hasten gara grabatzen”. Eta eurak: “¡Y qué pasa!”. Errespetua badago testua idatzi duenarekiko. Lan handia dago, ordea, elkarrizketak idazten, eta, besteak beste, ikuspuntu bat dago. Eta eurek zentzua badaukate eta gero testua botatzen dute, gutxi gorabehera. Eta nik esaten nuen beste bat egingo genuela, eta esaten zuten: “¿Por qué? ¿Qué pasó?”. Eta galdetzen zuten ea txarto egin zuten. Messi bezalakoak dira. Erne egon behar duzu, bestela, di-da, zentzua aldatzen dute.

Euskal Herriari eginiko keinuz beteta dago pelikula. Nori pentsatuta dago hori guztia?

Guk beti publikoarengan pentsatzen dugu. Publikoa hunkitzea edo hari barre eragitea. Eta hor mugitzen ditugu gure armak. Elkarrizketa askotan, katalanek, batez ere, esan izan didate deigarria dela geure buruari buruz barre egiteko daukagun erraztasuna; eurek Katalunian ezin dutela hori egin.

Hori oso osasungarria da.

Guk geure buruari egiten diogu barre, baina, agian, beste batek egiten badu, hori beste gauza bat da. Ohituta gaude, Vaya semanita bezalako programak eduki ditugu; oso ohituta gaude, eta hori ez da beste inon egiten. Gure protagonistak lehenengo esaldia esaten duenean, “gorroto dut Euskal Herria”, katalan batek esaten zidan ez zuela ikusten pelikula bat Katalunian horrela hastea, eta hemen, zineman inor ez da haserretu. Barre egiten dute.

Aldi berean, pertsonaia ulertzen duzu.

Hori da, hori esaten du eta jendeak barre egiten du.  Zergatik? Ulertzen duelako ze  egoeratan dagoen pertsona, eta ez zen erraza izan Josebaren pertsonaia. Barre eragin behar dio jendeari, hura oso serio egonda. Eta minduta egonda. Hori izan da gure lana,  Joseba mantentzea sokan lotuta.

Zinemiran estreinatu zen; pozik zaudete izan zuen harrerarekin?

Bai, amestutako pasea izan zen, jende guztia barreagatik negarrez… Pelikulak izugarrizko harrera izan zuen. Ondorengo solasaldia izugarria izan zen, argentinarrak altxatu egin ziren. Halako solasaldietan, askotan, galderak egoten dira: musikaren gainekoak, edo plano moten edo kolorearen gainekoak… Argentinarrek ez, haiek altxatu egin ziren eta pelikulak zer eragin zien kontatu zuten. Niretzako gauzarik politena izan zen.

Zinemaldia baino lehen ez zenuten pelikula erakutsi?

Hemen erakutsi genuen, beti daukagu pase bat babesleekin, hamar pertsona egon ziren.

Jende gutxi da hori.  

Babesleek barre gutxi, horiek serio doaz. Horiei barre eginaraztea ez da erraza, baina polit joan zen. Guretzako testa Zinemira izan da. Orain, benetako testa dator. Zinemaldian jende asko zure alde dago. Zinema areto osoa beteta dago. Gu ere Kursaalean egon ginen 600 pertsonako areto baten, dena beteta. Hori gaur egun ez da normala; orduan, benetakoa orain dator, benetako proba.

Urriaren 7an estreinatu da. Pelikula gaztelaniaz da, baina badu tarte garrantzitsu bat euskaraz. Nola egingo duzue?

%30 euskaraz da eta %70 gazteleraz. Eta horrela joango da. Euskaraz doana azpitituluekin joango da.

Argentinan estreinatuko duzue? Diasporak nola jasoko du?

Bai, han denak zain daude ea noiz entrenatuko den. Guk hemen Estatu mailan eta Euskal Herrian Contracorriente banatzailea dugu eta nazioarterako Filmax daukagu. Nik ez dut uste aurten izango denik, denbora beharko da. Ea 2023ko lehenengoko hiru hilabeteetan ematen dugun. Nik kristoren gogoa dut Argentinan ikusteko. Filmaxekin hitz eginda, asmoa da Argentinan eta Latinoamerikan eta Ameriketako Estatu Batuetan ere estreinatzea.

Zinema aretoen errealitateaz galdetu nahi dizugu: %40 jaitsi da zinema aretoetako ikusle kopurua. Hori zinemagile batentzat kezkatzeko modukoa izango da.

Gogorra da. Gogorra da ezin duzulako zure lana erakutsi; guk erakutsi dugun moduan  Zinemiran Zinemaldian, areto osoa beteta dagoela edo areto batera etorri eta oso jende gutxi egotea, ez da berdina. Gure pelikula komedia da eta ikusleak barrez entzutean zuri ere barrea ateratzen zaizu. Malkoekin ikusi dituzunean, malkoak ateratzen zaizkizu.  Horrek beti laguntzen du. Eta lehen esan duguna, telebistan eta etxean oso-oso eroso gaude gauzak ikusten, eta pandemiak ohiturak aldatu egin dizkigu, ezta? Baina nik uste dut zinema aretora zatozenean pelikula ikustera, ez daukala zerikusirik.

Gure asmoa memoriari buruz hitz egitea zen, pertsonaiak memoria galdu duenean

Zinemagileok pantaila handian ikusteko sortzen duzue.

Bai, horrela sortzen da. Teknika bera da, baina ez da berdina zelan kontatu gauza bat pantaila handian ikusteko edo mugikorrean ikusteko. Plano handi bat egitea pantaila handian ikusteko ondo dago, baina mugikorrean ikusteko hobe plano txikietan lan egiten bada. Desberdina da. Nik hemendik animatzen dut jendea zinema aretora joatera, eta, El Vasco-rekin hasten baldin badira ohitura horrekin, hobeto.  

Euskal zinema loraldian dago? Ze iritzi duzu horren inguruan?

Bai, nik uste du baietz. Ikusi dugu aurreko Zinemaldietan produkzio euskaldunak egon direla. Goya sarietan ere bai. Moriartitarrak Handia pelikularekin; gero, La trinchera infinita pelikularekin. Aurtengo Zinemaldian Suro egon da. Nik uste dut puntu-puntuan gaudela. Industria asko dago, eta horri guztiari irtenbidea eman behar zaio. Jende guztiari  utzi behar zaio gauzak kontatzen, talentu handia dago hemen.

Pelikula bat egiten zenbat denbora tardatzen da?

Gu ia zortzi urte egon gara El Vasco hasi genuenetik atera den arte. Prozesu oso luzeak dira, baina, bien bitartean, jan egin behar da eta beste gauza batzuk egin behar dituzu. Bai, oso prozesu luzeak dira: ideia sortu, finantzaketa bilatu, grabaketa… Esaterako, grabaketatik urtebete pasa da eta duela lau hilabete amaitu dut pelikula. Gero, aurkeztu, noiz aurkeztu, non azaldu, zer plataformatara joan… Bueno, oso prozesu handi eta luzea da.

Ikus-entzuleei gogora ekarriko diegu El Vasco zinema aretoetan dagoela ikusgai dagoeneko. Eta joan daitezela ikustera.

Gustura sartuko dira eta gusturago aterako dira. Hori seguru.

Eskerrik asko, Jabi.

Zuei.