Izaskun Moyano: “Kaleko kazetaritza sekulako eskola izan da niretzat arlo profesionalean eta pertsonalean”

Urteak eman ditu Izaskun Moyano kazetari bermeotarrak, mikrofonoa eskuan, Euskal Herriko txoko guztietatik erreportajeak eta zuzeneko emanaldiak egiten. Kaleko kazetaritza alde batera utzi du, oraingoz, baina bide berriei ekiteko prest da bermeotarra.

Urtea hasi berri dugu, Izaskun. Zelan dator 2026a?

Urte berri on! Ez nago ziur esaldi hau noiz arte esan daitekeen, kar-kar, baina, badaezpada. Egia esango dizut: Indonesian, dortokekin igeri egiten, agurtu nuen 2025a. Inoiz ez nuke imajinatu ere egingo urtea horrela bukatuko nuenik; beraz, 2026a ere hala dator, itxaropentsu, sorpresaz betea eta Süneren azken diskoa bezala, Amaineman! Erronka berriei aurre egiteko prest eta bizitza lasai hartuz; horrela ekingo diot urte berri honi.

Kazetari moduan, Euskal Herriko txoko asko eta askotan ibili izan zara. Gustuko duzu hara eta hona ibiltzea, ala, noizean behin, gelditu egin behar da?

Zuk zeuk esan duzu: gustuko dut hara eta hona ibiltzea, baina, noizean behin, gelditu egin behar da. Pandemiaz geroztik, Euskal Herriko txoko ia denetan –eta atzerriko zenbaitetan ere– ibili izan naiz lanean. Dibertigarria izan da, batik bat, egunero nire bulegoa ezberdina zelako eta gogaitasunak ez zuelako lekurik nire egunerokotasunean. Dena den, badu bere alde nekagarria ere. Batzuetan, eskertzen da lantokian gelditzea, ordenagailu aurrean: inora joateko presarik gabe, eta, nolabait esateko, etxetik gertu.

Kaleko kazetaritza asko egin duzula esan genezake. Zer eman dizu horrek? Jendearekiko gertutasuna?

Euskal Herriko errepideetako radar guztiak kontrolpean ditut, eta herri bakoitza kafearen arabera sailkatu dezaket: onenetik hasita, kaxkarrenera; kar-kar. Txantxa da. Egia esan, kaleko kazetaritza sekulako eskola izan da niretzat, arlo profesionalean eta pertsonalean. Pilo bat ikasi dut: kamera aurrean segurtasun osoz hitz egiten, edo, behintzat, nire urduritasuna ez erakusten; eta Euskal Herriko euskalkiak ezberdintzeko eta ia guztiak ulertzeko gaitasuna ere eman dit, Iparraldean zein Hegoaldean. Bestalde, hainbat gonbidaturen istorioak eta errealitatea ezagutu ditut, eta lagun berriak ere eman dizkit kaleko kazetaritzak.

Inprobisatzeko ahalmena ere eduki behar da kaleko kazetaritzan, ezta?

Bai, batik bat zuzeneko saioetan. Telebistan irudiak berebiziko garrantzia du. Askotan, zuzenean, edozer gauza gerta daiteke, eta kazetariak gertatzen ari den hori kontatzen edota ikusleei transmititzen jakin behar du. Batzuetan, pinganilloko seinalea galtzen da, eta ez dira zuzendariaren aginduak entzuten, baina kameraria ingurua enfokatzen ari dela ikusten duzu, eta, badaezpada, gertatzen denaren berri ematen jarraitu behar duzu. Beste batzuetan, berriz, platoan arazoren bat egon daiteke, eta zuzenekoak saioaren pisu guztia hartu, ondorioz. Kasu horietan, erakusten ari garena etxeetara helarazi behar duzu, etenik gabe berbetan. Horiek dira tentsio une nagusienetakoak eta gogorrenak; baina, zure lana ondo egitean, zoriondu egiten zaituzte, eta sekulako gorakada ematen dizu.

Emakume izateagatik, pairatu izan duzu egoera desatseginen bat zure lanean?

Bat? Dezente, zoritxarrez. Komunikabideetan matxismoa ikusteko ez dugu Etxe Zuriraino jo beharrik, inguruko auzoetan aise atzeman daiteke. Feminismoa indarra hartzen ari da egungo gizartean, baina, oraindik, pausu ugari emateke daude. Kameratik at, egoera deseroso bat edo beste bizi izan dut; eta horietako batzuk, gainera, urrunegi iritsi direla esango nuke. Kalean gertatzen direnean, norberak bestea bere lekuan uzteko askatasun handiagoa du. Alegia, erreportari lanetan nenbilela, beste batek lekuz kanpoko iruzkinen bat eginez gero, isildu eta lanean jarraitu behar izaten nuen; eta nik, halako egoeretan, momentu deserosoak bizi izan ditut. Zuzenean nagoelako ezin diot ezer esan? Kazetaria baino lehenago, pertsona eta emakumea naiz. Halaber, kontu handiz ibili behar da: “Ez da horrenbesterako izan” edo “Jesus, neska…” bezalako komentarioak entzun behar izaten direlako. Luze eta zabal hitz egingo nuke horren inguruan…

Kazetari izateko aro interesgarria bizitzen ari garela esango zenuke? Nazioarteko kontuak, fake news-ak…? Ala zailagoa da, orain, kazetari izatea?

Egia esan, bai. Bizitzen ari garen guztia muturreko egoera batean gertatzen ari da. Nazioarteko egoera politikoak zirkua dirudi. Egunero gertaera pentsaezinak dira nagusi, eta, biharamunean, egunkarietako azaletan irakurtzen dugunak hype handia sor dezake. Bestalde, AA bete-betean sartu da gure gizartean, eta horrek beldur handia ematen dit. Tresna horren bidez, gauza asko “oso erraz” egin daitezke, baita gezurrak kontatu ere. Ondorioz, eta sare sozialen presentziaz, kazetari gisa aritzea zailagoa dela deritzot. Baina, era berean, berriemaile ona izatea, hots, beste guztien artean nabarmentzea, errazagoa dela esango nuke.

Beste zerbait probatu nahiko zenuke kazetari moduan?

Duela urte batzuk, prentsa idatzian aritu nintzen; azken urteotan, telebistan jardun dut; eta, duela gutxi, irratia probatu dut. Polita da, gustatu zitzaidan; teknikoki errazagoa da, eta bizkor hartu nion martxa. Hala ere, komunikazioaren munduan zerbait berria probatze aldera, agentzia batean lan egitea ondo egongo litzateke. Marka ezberdinekin harremanetan, ekitaldiak antolatzen… ederra litzateke –edo, agian, Emily in Paris larregi ikusi dut azkenaldian, kar-kar–.

Kazetari lanetan gertatu zaizun anekdotaren bat?

Asko! Kamera aurrean askotan aitortu dut txoriekiko fobia izugarria dudala, eta horrek makinatxo bat arazo sortu dizkit lanean. Usoez betetako parkeetan egoteko ezintasuna; zuzeneko batean, bat-batean, hegazti bat agertu eta susto itzela hartzea… Elurretan ere sekulakoak pasatakoa naiz: ez zait hotza gustatzen, eta Biba Zuek saioko lankideek, zuritutako parajeetan zuzeneko konexioak egiten nituenean, Frozen deitzen zidaten. Baina señora euskaldunak elkarrizketatzen bereziki ondo pasatzen nuen; barre ugari egiten genuen, jakina baita emakume horiek filtrorik ez dutela, eta egiak, plaust!, zentsurarik gabe botatzen dituztela. Burura etortzen zaizkit, beste batzuen artean, Benito Lertxundi edota Joseba Ezkurdiaren inguruan kalean galdezka ibili ginenekoak. Benetako idoloak ziren kamera aurrean lotsatzen ez ziren emakume haiek! Sekulakoak eta gehiago botatzen zituzten!

Zer dira sare sozialak zuretzat? Lanerako tresna bat? Deskonektatzeko modu bat?

Sare sozialak asko erabiltzen ditut, egia esan; larregi, akaso, kar-kar. Alde batetik, ondo informatuta egoteko eta gizartean gertatzen denaren berri izateko kontsultatzen ditut. Kasu horretan, ordea, kontu handiz ibili behar dugu, ea zein kontu jarraitzen ditugun. Baina, era berean, deskonektatzeko tresna bezala hartzen ditut. Reels absurdoak ikustea maite dut; egunerokotasuneko erritmo frenetikotik ihes egiteko modu hoberik ez dago. Bestalde, ni neu ere edukiak igotzen dituen horietakoa nauzu. Txikitatik maite dut argazkilaritza; aitak ere sekulako afizioa du. Argazkiak ateratzea atsegin dut, eta, nola ez, besteren batek niri ateratzea ere bai, noski.