Izaskun Etxaniz: “Ez da erraza lau urtera begira entrenatzen jartzea”


Arraunketa olinpikoan bi urrezko domina eskuratu berri ditu Izaskun Etxaniz (Santurtzi, 1998) arraunlariak. 2028ko Los Angelesko Olinpiar Jokoetarako bikain hasi ditu prestaketa-lanak.
Espainiako Txapelketan 4x modalitatean eta distantzia luzean urrezko dominak eskuratu berri dituzu; urre horiek zer esanahi dute zuretzat?
Bizitzeko ederrak izan ziren bi estropadak. Distantzia luzeko proban Estherrekin aritu nintzen. Arraun-kide izateaz gain, nire lagun handia da; beraz, imajinatu… Ontzitik kanpo harremana duzun jendearekin estropadetan aritzea gozamena da niretzat. Ontzian, binaka, batera esertzen ginen lehenengo aldia izan zen, eta elkarrengandik asko ikasi dugu. Autonomiaka, 4x proban, Estherrekin, Virginiarekin eta Maialenekin aritu nintzen. Oso talde indartsua gara, eta gutxitan izan naiz horrenbesteko maila duen talde batekin. Beraz, dominak, berez, bigarren maila baten daude niretzat. Prozesuaz gozatzea eta ikastea da garrantzitsua, horrek egiten zaituelako arraunlari hobea.
Santurtzikoa zara; arrauna odolean daramazuela esan daiteke. Itsasoko Amak edo Soterak zenbaterainoko eragina izan du zure ibilbidean?
Gaur egun Getxoko Raspas taldean oso pozik nabilen arren, ezin dut ukatu santurtziar petoa naizela. Kolore morea daramat zainetan eta herriari oso lotuta sentitzen naiz. Itsasoko Ama klubak asko eman dit, 13 urterekin arraunean hasi nintzenetik. 11 urte eman ditut more jantzita, eta sekulako bizipenak izan ditut bertan. Hala ere, gaur egun, klubaren interesak beste batzuk dira, eta Santurtzin jarraitzeko erraztasunik eta interesik ez dut ikusi. Goi-mailan zaudenean kluba aldamenean izan behar duzu, babesten. Orain, Raspas taldean, familia batean zainduta nagoela sentitzen dut.
Nolakoa da zure egunerokoa? Entrenamendu luzeak izaten dituzu?
Goi-mailako kirolean nahiko monotonoa da gure egunerokoa. Astelehenetik larunbatera entrenatzen gara. Astean bizpahiru ordu inguruko hamalau lan-saio egiten ditugu. Nik gustuko dut errutina eta bizitza mota hau, baina egia da beste gauza batzuk egiteko indar gutxi izaten dudala. Larunbatetan afaltzera kanpora joaten naiz, eta igandeak atseden hartzeko eta konpainiaz gozatzeko erabiltzen ditut.
Zaila izango da errutina horretatik deskonektatzea…
Naturaz gozatzea, mendira joatea… Hor deskonektatzen dut. Gainera, sukaldari trebea naiz eta ordu libreetan sukaldean aritzen naiz, pozik. Jatetxe bat ireki behar dudala esaten didate lagunek; kar,kar. Bestalde, Instagramen kontu berezi bat zabaldu dut –@ep_izaskunetxaniz–, ariketa fisikoarekin, osasunarekin eta goi-errendimenduarekin lotutako informazioa eskaintzeko. Ongizatearen eta ariketa fisikoaren garrantzia azpimarratzen dut bertan.
Los Angeles 2028: ametsa ala helburua da?
Biak. Gogor entrenatzen hasi nintzenetik, nire ametsa Olinpiar Jokoetan parte hartzea izan da. Nire barrenak astintzen dituen amets bat da. Baina, bestalde, helburu baten moduan ere hartzen dut. Horretarako entrenatzen nabil. Ez da erraza lau urtera begira entrenatzen jartzea. Sarritan, ikusleek kirol honetako une ederrenak bakarrik ikusten dituzte, baina goi-mailako kirolari baten errealitatea oso gogorra da; fisikoki eta mentalki. Gorenera heltzeko ondo prestatuta egon behar duzu, eta edonork ez du hori lortzen. Gaur egun, nire ibilbideren une erabakigarrian nago, kirolari moduan hobetzen, hazten, eta babesle berriak bilatzen ari naiz. Babesletza bat baino gehiago, bi aldeentzat onuragarria den akordioen bila nabil. Kirolaren pasioa, diziplina eta esfortzua partekatzen duten bidelagunak behar ditut.
Duela bi urte Munduko Kopan lortutako zilarra izan da zure lorpenik onena?
Ez. Dominak, benetan, bigarren maila batean uzten ditut. Egia da balentria handia izan zela, ontzi haren debuta izan baitzen, eta zilarra emakumezkoen laukotearekin historikoa izan zela. Mugarria izan zen kirolariendako, baita Espainiako Federazioarendako ere. Baina, gaur arte, nire lorpenik handiena 2023ko Europako Txapelketakoa izan zen. Finalerako txartela lortzea oso zaila izan zen, baina 350 metroren faltan egoerari sekulako iraulia eman genion. Txapelketa hura emozio handiarekin bizi izan genuen.
Euskal Herrian arraunketa oso errotuta dago; baina zein da arraunketa olinpikoaren egoera?
Beheranzko joera argia dago, eta pena handiarekin diot. Klubak traineruen alde egiten ari dira. Duela urte batzuk bazeuden mundu mailan elitea ziren banku mugikorreko arraunlariak. Gaur egun, hiru edo lau lagun bakarrik gabiltza. Horren gaineko gogoeta egin beharko genuke, bi modalitateak beti izan direlako uztargarriak.
Eta traineruetan ikusten duzu zeure burua?
Nik ETE ligan debuta egin nuen aspaldi… Deusturekin egin nuen debuta, 2017an. Estropaden denboraldirako fitxatu ninduten, eta Bizkaiko txapeldunak izan ginen. Ligako bi bandera irabazi genituen. Hala ere, gaur egun, ez dut neure burua traineru barruan ikusten. A plana besterik ez dut: Los Angeles 2028ra heltzea. Horren ostean, mundua bukatuko da, eta berri bat hasiko da.
Los Angeles badakigu baietz; baina zein beste toki bisitatuko zenuke gustura?
Ez naiz asko bidaiatzen duten horietakoa; denbora librea dudanean etxera itzultzea gustatzen zait. Baina bat esan beharko banu, hondartza ikusgarriak eta aktibitateak dituen leku bat izango litzateke. Geldirik egotea eta eguzkia hartzea gorroto dut eta.