Izaro Andres: “Tonbolan tokatutako gitarrarekin hasi nintzen kantuak idazten”

Euskal musikari ezagunenetako bat da Izaro Andres bere 26 urteekin. 2016az geroztik egun duen lan bakoitzarekin arrakasta baino ez du lortu bizkaitarrak. Orain, Limones de invierno diskoa kaleratu berri du, bere fantasiazko mundura garamatzan lan intimoa.

ANA GOITIA: Izaro, nik daukat poza, zurekin hemen nagoelako!

IZARO ANDRES: Nik ere bai!

Gure mallabitarra. Izaro, beste arrakasta bat lortu duzu. Disko berria atera berri… Nolakoa da disko hori?

Diskoa fantasiari apologia bat da. Iruditzen zait ez garela geratzen bakarrik gure irudipenarekin, denok gaude lar kargatuta kanpoko input-ekin, eta ez dugula sortzen guk barruan daukagun hori. Ni beti egon naiz maiteminduta Alicia en el país de las maravillas-ekin edo Charlie y la fábrica de chocolate-rekin, eta esan nuen: “Nik ere nahi dut neure mundu bat, nik zer daukat nire buru barruan?”. Eta orduan sortu nuen nire limoizko unibertsoa. Askotan iruditzen zait irudipen asko duen heldu bat edo ume bat ikusten dugunean esaten dugula pertsona hori ez dela serioa, eta niri iruditzen zait fantasia oso mundu serioa dela. Landu behar dena eta asko daukaguna bertatik ikasteko.

Orduan, zure barnetik sortutako diskoa da. Nahiko pertsonala dela esango dugu?

Bai, baina, gainera, badaude kantu zehatz batzuk, nire inguruko pertsona oso maiteei idatzitakoak. Adibidez, kantu bat dago, Aquí deitzen dena, bigarrena. Denok gara oso zirkunstantzialak, hau da, askotan uste dugu gure bizitzaren parte handi baten meritua daukagula, baina ez daukagu. Ez dugu ia ezer aukeratzen. Ia dena da edo zorte ona eduki duzulako edo dena delakoa. Nik zorte handia izan dut nire etxean jaio izanarekin. Eta hortik sortu zitzaidan ideia bat, El haber nacido aquí, nire etxe horretan. Pentsatzen hasi nintzen ze oroitzapen neukan lehenengoa, nire amarena, nire aitarena eta nire ahizparena.  Eta lehenengo oroitzapen horiek kantu bihurtu ditut. Niretzako omenalditxo bat da. Ze gerora eskertzen dituzu gurasoak. Umetan ez zara konturatzen. Gero, nerabezaroan, Cruz y Raya, eta gerora esaten duzu, bale. Zortea izan dut.

Noiztik duzu musikarenganako lotura? Txikitatik egon izan zara lotuta? Etxean bizi izan duzu?

Txikitatik lotuta, bai. Txikitatik asko landu dut irudimena, ahizpak ere bai, biok. Nire aita eta ama ere bai, gehien bat nire aita, oso sortzailea da, oso ameslaria, nik uste. Beti oso gazte sentitzen den pertsona bat. Eta horregatik uste dut etxean beti izan dugula espazioa sortzeko eta irudikatzeko, sortzen ari zarela jakin gabe. Beti ibili izan naiz ezpata dantzan, gidoiak idazten nire eskolako lagunek gero antzerkiak egiteko… Eta kantuan beti, ispilu aurrean… Gogoratzen dut zenbat ordu kantatzen nituen ispilu aurrean Hannah Montana.

Hannah Montana-rekin hasi zinen orduan?

Bai. Adin berdinekoak gara Mylie Cyrus eta ni eta orduan Hannah Montana irten zenean niretzako onena zen! Takolo, Pirritx eta Porrotx ere izan dira nire musikaltasuna esnatu duten kausa bat. Bai; gainera, enpatiatik eta ongietorri etengabe batetik, badirelako espazio seguru bat edonorentzat. Eta hori oso polita da.

Hannah Montana eta Pirritx eta Porrotx, sekula ez nuke pentsatuko batuko genituenik esaldi batean. Zure hasierak ikusita, 2016an Youtuben hasi zinen zure abestiak ezagutzera ematen, hortik gero crowdfunding bat egin zenuen eta horrela atera zenuen zure lehenengo maketa.

Bai; gainera, espero gabea izan zen. Nik sasoi hartan unibertsitatean ikasten nuen, ez nekien gitarra jotzen… Orain ere ez, e.

Ez? Orduan esperantza badaukat.

Bai, badaukazu, musikan inoiz ez da berandu ikasteko, ez da kirolean bezala. Nire gelakide bati, tonbola baten tokatu zitzaion gitarra bat, unibertsitatean, eta ez zuen nahi eta esan nion, “utzi niri”. Etxera joan nintzen eta Youtubetik pixka bat eta triki-traka, triki-traka, hasi nintzen kantuak idazten eta etxekoei jotzen.

Beraz, tonbolako gitarragatik hasi zinen kantuak idazten? Zoragarria da hau.

Bai. La vida es una tómbola! Eta pisukideek esaten zidaten, dagoeneko badauzkazu bost bat, ba hasi jotzen tabernetan eta. Mallabian nire etxe ondoan dagoen taberna baten hasi nintzen jotzen, lagun minak dira eta. Gero, bakarrik ibili nintzen urte bat edo jotzen eta halako baten ezagutu nituen nire oraingo musikariak. Geratzen hasi ginen eta animatu ninduten diskoa grabatzera. Egin genuen crowdfunding-a, oso ondo atera zena. Oso polita da crowdfunding baten bitartez zerbait ateratzea. Jendearen konfiantzagatik.

2016an hasi zinen eta oso denbora gutxian izugarrizko arrakasta lortu duzu. Duela egun batzuk, adibidez, Madrilen egon zara eta komunikabide ezagunenak hartu zaituzte alfonbra gorriarekin.

Bai, eta sentsazio nahiko arraroa da bat-batean ikustea zuk benetan miresten dituzun pertsonak zure lana baloratzen eta zure lanari kritika oso positibo bat egiten eta zu zoriontzen, zuzenean ni zoriontzen. Adibidez, Julio Ruiz, Radio 3en. Bat-batean sartzea eta Julio Ruiz, normalean loreak botatzen dituen pertsona bat ez izanda,  eta zoriontzea disko oso batengatik, eta bere saiora gonbidatzea eta beti tarte bat izatea hor niretzako, hori izugarri handia da.

Madrilen esan dugu, baina Euskal Herrian nork ez du ezagutzen Izaro?

Ni liluratuta bizi naiz. Ze orain adibidez hasiko gara Kursaalean, Euskaldunan, Baluarten, Baionara ere bagoaz eta hainbeste pertsonak sarrerak erosteak, hainbeste jende diskoa erosten egotea eta hainbeste jende mugitzen…

Ze diskoa irten orduko, hainbeste salduta izan dituzu, Durangoko Azokan egindako aurresalmenta bat egon da.

Bai, eta eskertzekoa da. Nik sentitzen dudana da halako gauza txiki bakoitzetik, maitasun opari bat. Ez dakit zenbat disko erosi direla irten aurretik… niretzako hori da maitasun kartak bidaliko balizkidate bezala. Edo sarrerak erosi eta areto bat betetzea. Niretzat azken finean kontzertu bat aktiboa da bi parteetatik, publikoa eta gu. Publikoa ez da pasiboa, niretzako publikoak eragin oso handia dauka kontzertua nola joango den ikustean. Eta normalean hain sentitzen naiz babestuta, aske sentitzen naiz ahal dudan dena emateko.

“Sortzaileen ingurukoak kondenatuta daude sekretuak ez izatera”

Oholtza batera igotzen zaren momentu hori, adibidez Kursaala edo Euskalduna bera beteta daukazunean,  bertigoa edo zer da sentitzen duzuna?

Bertigoa bai, batez ere zurrumurrua entzuten duzunean, eta konturatzen hasten zarenean zenbat jende dagoen hor. Eta gero agertoki erdira irten eta jende hori guztia ikusten duzunean… Txalo egiten dutenean, izugarrizko zarata da bueltan jasotzen duzuna eta beraiek hain daude pozik, niri poz hori heltzen zait.

Sarrera guztiak agortu dira.

Bai, eta jende asko da. Ni konturatzen naiz oso garrantzitsua dela jendearen denbora eta jendea erabakitzen egotea denbora hori zu ikusten pasatu nahi duela edo maite duten norbaiti kontzertu bateko sarrera oparitzea… Norbaitek denbora bere maiteekin zu ikusten pasatu nahi izatea, oso polita da.

Disko berrian, Invierno a la vista abestian edo Paris-en, bideoklipak oso landuta daude, bai atrezzoa, bai jantziak Beharbada, fantasiazko mundu hori erakusteko. Argi izan duzu garrantzi handia eman nahi diozula horri?

Bai. Ni oso erromantiko naiz diskoen munduan. Diskoa gustatzen zait fisikoa, kontzeptuala izatea. Nik uste dut orain esperientzien garaian bizi garela, dena da batera: ikusi, entzun eta sentitu egiten dugu batera. Orduan, nik argi neukan narratiba bat diseinatuko nuela ezaugarri jakin batzuekin, koherentea sonoroki eta irudian baita ere: arropak errepikatu, estilistak kontaktuan jarri. Denak zentzu bat izateko, azken finean unibertso hori sinisteko. Eta egia da disko honetan nire inbertsiorik handiena egin dudala, bai denboran eta baita diruari dagokionez.Eta bai, zentzu horretan oso gustura geratu naiz. Nire kantu irakasleak esaten du beti: “Si no sale, que se muera”. Eta orduan esan dut saiakera egingo dut, nik nahi dudan besteko ondo lan egin. Ez bada irteten, ba bueltatuko naiz ur lasaiagoetara. Baina ahal den bitartean goazen saiatzera. Euskal Herriko zuzendariak dira bideoklipetakoak, Ander Merino eta David Olariaga, hauei baliabideak ematen badizkiezu benetan beraiek gaitasunak esplotatzeko, hori magia da.

Zuk non uste duzu dagoela zure arrakastaren arrazoia? Inoiz galdetu diozu zeure buruari?

Nik uste dut gauza baten baino gehiagoren konbinazioa dela. Alde batetik, egin ahal dudalako hau. Hau da, ez naizelako jaio, adibidez, orain mediterraneoa gurutzatzen ari den norbaiten lekuan. Agian izugarrizko talentu musikala daukana, baina hor geratuko da. Gero, konfiantzazko espazio bat izan dudalako, non erosotasun batetik bermatu zaidan saiatzea. Eta gero, lana. Lantalde potente bat gara. Eta talentua, suposatzen dut. Ez talentu berezi bat, baina bai gaitasun bat, momentu batean lekua egon da hori betetzeko. Hori guztia eta zorte pixka bat…

Zuk egiten duzu dena? Edo lantaldearen laguntza ere badaukazu?

Bai, oso garrantzitsua da jende ona izatea inguruan. Ona pertsona bezala eta ona egiten duen horretan, noski. Ni nire kantuekin joaten naiz nire musikariengana eta lokalean gaudenean nik jotzen dut kantua eta esaten diet gutxi gorabehera nondik joatea nahi dudan abestia eta guztion artean hasten gara probatzen. Ez dakit nola, baina kimika ona lortzen dugu. Eta kantu hori ondo jartzen hasten gara, onena lortu arte. Asko aportatzen dute inbaditu gabe eta ez da erraza. Lehendik izan dudan familiara gehitu dira eta nire familia dira.

Garrantzitsua da inguruan konfiantzazko jendea izatea.

Bai, egia esaten dizuna. Lagun onak ez dira beti defendatzen zaituztenak, lagun onak dira beti egia esaten dizutenak. Eta nik badauzkat lagun on asko noizean behin nire lekuan jartzen nautena. Nik uste dut oso garrantzitsua dela.

Zelan sortzen dituzu abestiak? Inspirazioa heltzen zaizu bat-batean pelikuletan pasatzen den bezala?

Bai! Hori pasatzen da! Badago abesti bat, Libre; lagun batekin nengoen arratsalde baten hasi ginen matxismoaren inguruan hausnartzen eta hasi ginen oso gora etortzen, gora, gora… Oso enpoderatuta joan nintzen etxera eta autoan konposatu nuen kantua. Melodia eta dena errepikatzen joan nintzen ordu erdiz eta heldu nintzenean Donostiara aparkatu eta grabatu egin nuen.

Benetan etortzen da inspirazioa bat-batean, orduan?

Bai harrapatzen bazaitu lanean, bada, hobeto. Egia da batzuetan zirikatu egin behar duzula. Askotan egunerokotasun bat bezala sortzen dut, gero ez doa inora, baina nire aisialdirako da.

Baduzu abestiren bat kajoian daukazuna, baina ez zarena ateratzen ausartzen?

Bai, agian ez dela momentua sentitzen dudalako, edo beste buelta bat eman behar diodalako. Edo agian ez delako sortu ateratzeko, hortxe egoteko baizik.

Eta badaukazu abesti intimorik? Sekretuan daukazunik?

Ez, egia esan, oso intimoak direnak beti ateratzen ditut. Ez dakit non entzun nuen sortzaile baten inguruan dagoen jendea kondenatuta dagoela sekreturik ez edukitzera. Alegia, esposiziora kondenatuta daudela.

Baina zelako ederra den norbaitek zuretzat zerbait sortzea, ezta? Abesti bat, koadro bat…

Musa bat izatea, ezta? Nik badauzkat musak. Oso ente kuriosoa iruditzen zait.

Nortzuk dira zure musak?

Nire musak. Begira, disko honetan nire etxeko hirurak dira nire musak; nire amama Eli izan da musa handi bat. Nire karrera musikal guztian nire bikotekidea musa handi bat izan da, eta da, eta espero dut izaten jarraitzea. Eta natura da nire musa handi bat. Uste dut asko daukala esateko.

Sortzeko orduan zuk abestiak dituzu, euskaraz, gazteleraz, ingelesez… Pentsatu egiten duzu euskaraz edo erdaraz egingo dut, ala etortzen zaizun bezala egiten duzu?

Etortzen zaidan bezala. Ni sonoridadean fijatzen naiz eta esaldi bat badator edo hitz bat, gustatzen zaidan tinbrearekin, ba horrekin aurrera. Adibidez, koilarak, eta koilarak hitzak duen soinua gustatzen zait…

Oso ezagun egin den beste abesti bat da katalanez eta euskaraz Mikirekin egin duzuna; Escriurem abestia. Nola sortu zen abesti hori egiteko aukera?

Berak idatzi zidan Instagrametik eta esan zidan entzunda zituela nire diskoak eta nire musika gustatzen zitzaiola. Ni harrituta. Eta gerora esan zidan abesti bat nahi zuela abestu katalanez eta euskaraz. Baietz esan nion, itzuli nuen eta Zestoara etorri zen Eñauten estudiora grabatzera. Oso jatorra da Miki. Grabatu genuen eta pila bat emozionatu zen, bere amets bat omen zen bere kantu bat euskaraz abestuta egotea.

Ez da egin duzun kolaborazio bakarra, zure disko berrian ere kolaborazio eder bat egin duzu, Invierno a la vista abestian.

Bai… Xoel… Izan da 2019ko highlight-a, egin dudan gauzarik onenetarikoa; top 3an seguru, igual nire bizitzan. Ni beti izan naiz haren oso jarraitzailea eta ez nuen espero baietza jasotzea. Baietza jaso dut, baina ez bakarrik baietza: berarekin laguntasuna izatea orain, bere eskuzabaltasuna, Madrilera grabatzera joatea, bera bideoklipa grabatzera etortzea… Harremanetan jarraitzen dugu.

Badago beste norbait gustatuko litzaizukeena berarekin abestea?

Asko. Badago artista frantses bat, Pomm. Natalia Lafourcade ere gustatzen zait, Nora Jones, Billie Eillish… Amesten jarrita…

Kanpoan ibili zara, Mexikon, eta abar… Badago zerbait egiteko geratzen zaizuna?

Bai, gauza pila bat. Adibidez, Europan jo nahiko nuke, Ipar Ameriketan ere bai. Hori da nire etorkizuneko plana.

Ez da erraza musikatik bizitzea eta gutxiago Euskal Herrian, eta zuk lortu duzu eta horretan zabiltza.

Bai, momentuz bai, eta eutsiko diot!

Zuk uste duzu euskaraz bakarrik abesteak limitazio batzuk dituela arrakasta izateko orduan?

Izan ditzake, baina ni konturatu naizena da hizkuntza, gehienetan, muga handiagoa dela buru barruan, kanpoan baino. Egia dena da Euskal Herrian daukagun industria daukaguna dela eta ez ditu bere sortzaileak ekonomikoki sustengatzen, ikusi baino ez da egin behar. Eta horri guztiari bat eman behar zaio.