Izar de la Hoz: “Arrantza tradizionalean lan egin nahi dut”

Izar de la Hoz Agirrek (Getaria, 1999) bere burua itsasneska bezala definitzen du. Haurra zela, bederatzi urte pasa zituen bere familiarekin munduan zehar bidaiatzen belaontzi batean. Berarekin hitz egin dugu esperientzia horretaz, arrantzale izatearen nahiaz eta itsasoarekin duen harremanaz, besteak beste.

Izar de la Hoz Agirre, ongi etorri TTAPera.

Eskerrik asko.

Itsasoarekin harreman estua duen pertsona bezala aurkeztuko zaitut?

Bai, hori da.

Zazpi urte zenituenean, zure gurasoek erabaki zuten belaontzi bat hartu eta munduan zehar bidaiatzea.

Nire gurasoak oso abenturazaleak ziren, eta erabaki zuten munduari buelta ematea. Hasieran, karabana batean egitea pentsatu zuten, eta, gero, autoan. Baina ama Bakiokoa eta aita Getariakoa izanda, azkenean, erabaki zuten belaontzian egitea. Dena prest zutenean, ama haurdun geratu zen nitaz, eta bidaia atzeratu behar izan zuten. Bi hilabete nituenetik ohitu ninduten itsasontzian ibiltzera. Momentu batean, jolas-parkean egotea baino nahiago nuen itsasontzian ibiltzea, eta gurasoek pentsatu zuten hirurok egitea bidaia. Baina pauso hori eman behar zutenean, ama nire anaiaz haurdun geratu zen. Nire anaiarekin nirekin egin zuten berdina egin zuten, eta, azkenean, nire anaiak lau urte eta nik zazpi nituenean, Atlantikoa gurutzatzera joan ginen hamaika metroko belaontzi batean, txakurtxoa eta guzti, bederatzi urtez.

Nola gogoratzen duzu hasierako hura?

Despedida handiekin lotzen dut. Gurasoek, egun batean, esan ziguten: “Orain, hasiko gara despeditzen”. Nik ez nuen oso ondo ulertzen zergatik despeditu behar ginen, ez nuelako pentsatzen bederatzi urtez kanpoan egongo ginenik. Gurasoek jolas modura antolatu zituzten agur horiek, eta pozetik bizi izan genituen anaiak eta biok. Konturatzerako, Venezuelan eta Kolonbian esnatzen ginen.

Nolakoa zen zuen eguneroko bizitza?

Nabigatzen genuenean, soilik horretara egoten ginen. Gurasoek nahikoa lan zuten kozinatzen, guraso-lanak egiten, maniobrak planeatzen, GPSa eta radarra begiratzen… Super heroien kapa zuten, oso zaila delako hori dena batera egitea. Anaia eta biontzat, egunerokotasuna zen itsaso zabalean esnatu, gurasoei ahalik eta kasu gehiena egin (itsaso zabalean, bagenekien gurasoei kasu egin behar geniela, zorrotz), itsasontzian jolastu, animalia pilo bat ikusi, urpean igeri egin, eta kultura, hizkuntza eta zapore desberdin pila bat ezagutu.

Eta ikasketak?

Nire amari urruneko hezkuntzan irakasteko baimena eman zioten, eta, urtean behin, bueltatu egin behar ginen, udan, bost orduko azterketa bat egitera. Neguan zehar amari gaiak pasatzen zizkioten, eta berak ematen zizkigun eskolak. Azterketa egiteko hegazkinez etortzen ginen, eta, behin eginda, gure itsasontzira bueltatzen ginen, utzitako herrialdean beste urte batez bidaiatzen jarraitzeko. Nabigatzen genuenean, ezin genuen ikasi, alde batetik, batzuetan ezinezkoa zelako olatuekin, eta, bestetik, bat-batean izurdeak agertzen zirelako eta haiek ikustera joaten ginelako. Bost edo sei eguneko zeharkaldiak egiten genituen, eta, gero, lurrean geundela ikasten genuen. Urteak aurrera joan ahala, konturatzen ari naiz nolako haurtzaroa izan genuen. Zoragarria izan zen!

Zer eman dizu haurtzaro horrek?

Haurtzaroa erabateko askatasuna izan da niretzat. Eta, gaur egun, gurasoei eskertzen diet kultura desberdinak ezagutzeko aukera eman izana. Txikitatik, oso kontziente izan gara nondik gatozen, zer daukagun eta, gehienbat, zer jaten dugun. Ikusi dugu toki desberdinetako haurrek eguneko plater bakarra dutela jateko, eta guk gehiago ditugula. Alde horretatik, benetako eskola bat eduki dugu. 

Mundua zeharkatzetik bueltatzean errutinara ohitzea izan zen zailena

Kontinente guztietatik bidaiatu duzue?

Ozeania falta zaigu. Duela bi urte, aitak, anaiak eta hirurok Ozeano Pazifikoa gurutzatu genuen, txikitan Venezuelan ezagututako kapitain batekin. Berak bakarrik ez zuen nahi egin, guri galdetu zigun, eta, noski, baiezkoa eman genion! Lau hilabeteko zeharkaldia egin genuen, Polinesia Frantsesera arte. Zeelanda Berrira eta Japoniara iritsi nahi genuen, baina lanean hastekoa nintzen, eta ez ginen iritsi. Hori geratzen zaigu egiteko.

Ezagutu dituzun toki guztietatik, zeinek utzi dizu arrasto gehien?

Guztiek utzi digute, baina arrasto sakonena Peruko Ocongate herriak utzi digu. Itsasontzia Venezuelan utzi behar izan genuen bi urtez, motorra txikitu egin zelako. Uda horretan, motxilak hartu eta Amazonas ibaian nabigatu genuen, eta Perun eta Bolivian ere ibili ginen. Perun, jesuita euskaldun baten etxean geratu ginen, eta esan zigun umezurtz etxean utziko zigula geratzen umeei laguntzen bagenien. Gurasoek idazten erakusten zieten eta guk baratzean laguntzen genuen. Txoko hori oso pobrea zen, baina oso alai bizi izan ginen denok. Nire anaia bertara joan da berriro monitore bezala laguntzeko, txikitan ezagututako haur horiekin batera. Hor hasi ginen benetan baloratzen zer daukagun.

Getariara bueltatu zinetenean, nola egokitu zinen?

Hamahiru urterekin bueltatu nintzen Getariara. Bidaia bukatu baino urte bete lehenago, gurasoak hasi zitzaizkigun esaten abentura bukatzera zihoala, baina guk ez genuen sinistu ikusi genuen arte. Getariara iritsi eta ikusten nituen hilabeteak pasatzen, urteak pasatzen, eta gogorra egin zitzaidan aldaketa. Getarian bi urte generamatzala, amarengana joan nintzen eta esan nion: “Ama, egunero okina ikusteaz kokoteraino nago. Munduan zehar genbiltzanean, egun guztiak ziren desberdinak”. Ama barrez lehertu zen, eta esan zidan berez bizitza hori zela. Errutinara ohitzea egin zitzaidan zailena, baina orain eskertzen dut. Hala ere, Ozeaniara bihar joateko eskatuko balidate, bihar bertan joango nintzateke.

Argi zenuten zer ikasi nahi zenuten?

Anaiak eta biok ez dugu zalantzarik eduki. Nire anaiak ontzi-mekanika ikasi du, eta nik altuera-patroia izateko, atunontzietan hemengo kostaldeko baxuretan ibiltzeko. Itsasoarekin lotutako zerbait egin nahi izan dugu, eta halaxe egin dugu.

Zure laneko ibilbidea ere itsasoarekin lotuta dago.

Praktiketan egon nintzen, Zumaian, jendea flyschak ikustera eramateko itsasontzian. Horretaz gain, bi urtez egon nintzen Donostiako katamaran batean, jendea eramaten. Titulazio guztiak lortu nituenean, saiatu nintzen baxurako arrantza-ontzian muturra sartzen, baina ezin. Nik hemengo arrantza tradizionalera dedikatu nahi dut; gaur egun, oraindik, lanpostu horren bila nabil. Egia da bi kontratu eskaini dizkidatela, baina itsasontziak ez daude prestatuta emakumeentzat. Patroiak ulertzen ditut: beste hamabost gizonekin batera bizi behar da toki txiki batean, intimitaterik ez dago, hilekoa ez da existitzen bertan… Itsasontzi bat ez dago horretarako prestatuta. Gustatuko litzaidake, biharko egunean, gutxienez itsasontzi bat edo bi egokituta egotea.

Munduan zehar bidaiatu genuen familian bederatzi urtez”

Emakumezko patroirik ez dago?

Hemen inguruan ez. Espainiako estatuan badago bateren bat, baina ez da baxurakoa, eguneko arrantzakoa baizik; hau da, goizeko lauretan atera eta hamabietarako bueltatzen direnetakoa. Normalean, familiako barkuak izaten dira; aita batek alaba bat du, eta ondorengotza eman dio.

Gaur egun, zertan lan egiten duzu?

Mekanikaria naiz. Nire titulazioak (ontzi-mekanika) daukan alde ona da balio dizula itsasoko motorrak eta lurrekoak konpontzeko. Aurreikusten nuen zaila izango zela itsasontzietan lan egitea, eta horregatik ikasi nuen hori. Gustura nago lantegian, baina, aurrerago, berriro saiatu nahi dut itsasontzietan lana aurkitzen. Eta, bestela, lan egingo dut, inoiz alaba bat izaten badut, berak aukera hori izan dezan.

Lanbide gogorra da.

Oso gogorra da. Ez dago ordutegi zehatz bat. Atunek ez dizute esaten: “Hemen egongo gara ordu honetan”. Lo gutxi egiten duzu, ez daukazu dutxa bat egunero, kresalaz beteta zaude, ezin duzu egunero etxera bueltatu, eguraldi txarrari egin behar diozu aurre… Baina egia da, kresalarekin lotura dugun pertsonentzat, itsasoa droga bat dela.

Ze harreman duzu itsasoarekin egunerokoan?

Egunero hondartzara joaten saiatzen naiz; ez naiz egunero bainatzen, baina kresalarekin eguneroko harremana behar dut. Bestetik, oraindik txaluparik ez daukat, baina aukera ematen badidate beste txalupa baten kubierta garbitzeko edo motorrari olioa aldatzeko, hantxe joaten naiz.

Zer da itsasoa zuretzat?

Nire etxea. Itsasorik gabe ez naiz pertsona.