Ixabel Agirresarobe: “Ipuinak tokian tokiko euskalkian kontatu nahiko nituzke”

Ixabel Agirresarobe Arzallus ipuin-kontalariak Euskal Herriko txoko gehienak ezagutzen ditu. Berarekin hitz egin dugu, bere ibilbideaz, ipuinak sortzeko eta kontatzeko erabiltzen dituen inspirazio iturriez eta ipuin kuttunez, besteak beste.

Ixabel Agirresarobe Arzallus, ongi etorri TTAPera.

Eskerrik asko.

Nolakoa zen Ixabel txikia? Bazeneukan antzerkirako zaletasuna?

Txikiagoa, baina beti betaurrekoekin! Nik uste dut, txikitatik, bakoitzak dakarkigula zerbait. Badirudi antzerkigintzan edo ipuin-kontaketetan gabiltzanok beti arrazoi bat behar dugula gure bizibidea azaltzeko. Iturgin bati edo abokatu bati inoiz ez zaio hori galdetzen. Nik pentsatzen dut horrelaxe etorri nintzela mundura. Gogoan dut ikastolan, behin, antzerkilari bat gonbidatu zutela eta txundituta geratu nintzela. Ondoren, atsedenaldian, lagun batzuk bildu nituen, eta ikastolako emanaldian egiteko antzerkiak entseatzen hasi ginen. Zuzendari-lanak egiten gustura aritu nintzen!

Nola sartu zinen antzerkiaren eta ipuingintzaren munduan?

Zortzigarren mailan erabaki egin behar genuen hortik aurrera zer egin, baina niri ez zitzaidan ezer gustatzen. Pare bat urte pasa nituen batxilergoaren eta lanbide heziketaren tarteko proiektu batean ikasten, baina ez ninduen asebetetzen. Ikasketa guztiek gela baten barruan ez zutela izan behar pentsatzen hasi nintzen, eta, orduan, Donostian, Antzerki Eskolaren berri izan nuen, eta bertara joan nintzen.

Zer nolako esperientzia izan zen bertakoa?

Denetatik egon zen. Batzuetan, oso gustura; eta, bestetan, aurre egin behar genion lotsari. Pixkanaka-pixkanaka, aurkitu nuen nire lekua, eta, azkenerako, oso gustura nengoen. Egitea gustatzen zitzaidana umorezko esketxak ziren, batez ere. Antzerki Eskolako taldean inork ez zuen umorea egiten, eta, ni oholtzara ateratzean, esaten zidaten nahi gabe ere barre eginarazten nuela. Orduz geroztik, konturatu nintzen hor bazegoela niretzat bide bat, eta, nire buruari konfiantza emanez, horrekin atera nintzen aurrera. 

Gogoan duzu egin zenuen lehen lana?

Ipuin-kontaketa bat izan zen. Lagun batek laguntza eskatu zidan ordu beteko saioa euskaraz betetzeko. Bion artean egin genuen, eta ikaragarri gustatu zitzaidan. Lagunari esan nion bakarrik probatu nahi nuela, eta horrelaxe hasi nintzen. Antzerki Eskolatik kale-antzerkiko esketx batzuk ere atera zitzaizkigun, eta, aurrerago, Hankagorri taldeak Pirata ikuskizunean kontalari-lanak egiteko kontratatu ninduen. Saltsa horretan gustura sartu nintzen!

Zer ematen dizu zuzenekoak?

Alimentua! Ondo ateratzen bada, behintzat, bai. Eta bi aldeetatik esker onekoa da, gainera. Gaizki ateratzen denean, etxera joan arte aguantatu egin behar.

Telebistan ere aritu izan zara.

Hankagorri haurrentzako kale-antzerkia zen, eta, aurrerago, helduentzako egiteko aukera izan genuenean, Gorringo izena jarri genion. Umorezko antzerki potolo bat egin genuen, eta, hortik, telebistara sartu ginen. Bertan, faltan botatzen nuen jendearekin zuzenean aritzea. Momentuan ez nuen jendearen erantzuna ikusten, eta, gainera, oso ondo hitz egin behar zenuen, akatsik gabe. Egia da haur eta gazte literaturari buruzko Ipupomamuak saioaren bukaeran ipuinak kontatzen nituela, eta, hor, gusturago ibili nintzela. Telebistan ere egin nuen umorea, Brinkola telesailean, eta badirudi oraindik ez dagoela iraungita. Bertan, asko gozatu nuen.

Garrantzitsuena ipuina gogoarekin kontatzea da

Zergatik ipuinak?

Ipuinak kontatzen ditudanean niretik kontatzen ditut, ez dut pertsonaia batetik kontatzen. Nik uste dut horregatik disfrutatzen dudala, ez dudalako zorrotz bete behar gidoia eta zuzenekoak ematen didanaren arabera moldatu dezakedalako.

Ipuinak haurrentzat direla esango dute askok.

Harrigarria da; ipuin-kontaketak geroz eta haur txikiagoentzat antolatzen ari dira, baina badago adin bat ipuinaren jarraipena egiteko gaitasunik ez dutena oraindik. 8 urtera artekoentzat egiten diren kontaketak ondo daude, baina ederrena litzateke ipuin-kontaketak antolatzea 9 eta 12 urte bitartekoentzat. Adin horretan, zirikatu ditzakezu, adarra jo, beldurtu, barre eragin… Gaur egun, hori galtzen ari da, eta pena da. Zorionez, aukera izan dut 15-16 urtekoekin saioak egiteko  ikastetxeetan, eta beraiek aitortu dutena baino gusturago egon dira. Adineko jendeari ere ipuinak kontatzen dizkiot, eta benetan zoragarria da. Orduan eta ipuin zorrotzagoa edo astakirtenagoa izan, orduan eta gehiago disfrutatzen dute.

Nola prestatzen duzu saio bat?

Nik herri-ipuinak kontatzen ditut, batez ere; asko gustatzen zaizkit. Eta gero begiratzen dut ea nola moldatu ditzakedan adin konkretu baterako. Kontratazioa gai jakin baten inguruan datorrenean, zailagoa izaten da, baina beti baliatu ditzakezu herri-ipuinak ere gai horrekin lotzeko. Saioak aurreko esperientzietatik prestatzen ditut. Aurreko batean gauza batek ez badu funtzionatu, beste era batetara egiten dut hurrengoan. Askotan, ideia batekin iristen zara tokira, eta beste ipuin bat aukeratzen duzu, giroa ikusi ondoren. Horretaz gain, saiatzen naiz tokian tokiko esamoldeak eta hitzak erabiltzen. Nire euskalkian egiteko aukera baldin badut, berriz, ikaragarri gozatzen dut, eta espresio pila bat erabiltzen ditut; inoiz ez badituzte entzun, niri entzungo dizkidate. Tramak balio du, baina nola kontatzen den, horrek istorioa asko aldatzen du.

Zer eduki behar du ipuin-kontalari on batek?

Niretzat, garrantzitsuena ipuina gogoarekin kontatzea da. Nik ez dut teknika bat ikasi; esperientziatik iritsi naiz leku batera eta bestera. Ni neu konturatzen naiz erdizka ari naizenean ipuinak ez duela funtzionatzen. Istorioa bizitzen ari naizenean, berriz, entzuleek ere jarraitu egiten naute. Une batean arreta jaisten ari dela ikusten badut, hitz jokoren bat edo antzekoren bat sartu, eta berriro denak zakuan hartuta aurrera egiten dut.

Zein dira zure inspirazio iturriak?

Azkue, Barandiaran, Errose Bustintza eta Angela Carter, adibidez. Azken honek emakumeak protagonista dituzten mundu osoko ipuin pila bat jaso zituen, eta denek antzeko zerbait dutela ikusten dut. Barandiaranen ipuin batek eta munduko beste puntako beste batek antzekotasunak dituztela ikusten dudanean, batetik eta bestetik zerbait hartu eta horrela sortzen dut beste ipuin bat.

Saioa ona denean, zer sentitzen duzu?

Sentimendu euforikoa da. Zuk ideia bat egin duzu aurretik, gauzek non funtzionatu dezaketen, eta, ikusten duzunean horrela dela, agertokia txikia egiten zaizu. Ezin kabiturik egoten naiz ni, puztuta. Hori nahi duzu, publikoak ikustea zu ere handi egin zarela beraiei eskaintzen ari zarelako. Elkarrekin sortzen den zerbait da. Ez badute erreakzionatzen, berriz, izerdi hotza izaten duzu bizkarrean, eta “ea bukatzen den” pentsatzen duzu.

Herri-ipuinak gustatzen zaizkit gehien

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak proiektuak uda honetako egonaldiak babestu dizkizu.

Niretzat salto handia izan da. Nire buruari erronka bota nion: “Saiatu zaitez idazlan luze bat egiten”. Proiektua aurkeztu eta onartu egin zidaten. Egonaldia bi herri txikitan egin dut: Asparrenan eta Ziordian. Zoragarria izan da. Material asko nuen, eta eskerrak aholkulari bat izan dudan laguntzeko. Ikasketa handi bat izan da. Urtarrilean ikusiko da emaitza.

Zein da zure ipuinik kuttunena?

Hainbeste daude! Errose Bustintzak jaso zuena esango dut: Gizonak gizontxo.

Eta zein amets bete nahiko zenuke?

Ipuinak tokian tokiko euskalkian kontatzea.