Itziar Ituño: “Ezerosoa baldin bazara, aktore moduan jai edukiko duzu”

Zinema, telebista, antzerkia, musika… Interpretazioarekin loturiko hainbat proiektutan dabil gaur egun Itziar Ituño aktore basauritarra. Bilboko Errekalde aretoan elkarrizketatu du aktorea Jon Gomez Garaik.

Topera zabiltza, Itziar.

Bai, uda honetan topera ibili naiz, mila gauzatan.

Esaterako, Basque Selfie irail amaieran estreinatu berri Agus Barandiaran ezagunarekin.

Bai; bere baserriarekin zerikusia duen istorioa da eta pasa den Aste Santuan egin genuen.

Benetako istorioa da, hortaz.

Bai, gauza batzuk benetakoak ditu eta beste batzuk fikzioa dira; nire pertsonaia, esaterako, fikziozkoa da. Baina Agusen benetako istorioa da.

Benetako istorioa ere Yo soy Pitxitxi-n kontatzen duzuena. Athleticeko jokalari ezagunaren historia kontatzen duzue antzezlan horretan.

Ezaguna ez bada ezagunena… Sekulako arrakasta izan da, pasada bat aretoan bete egin dira egunero. Historia nahiko tragikoa da, tragedia greziar bat, baina kontatzeko moduari umorea gehitu diogu, abestiak… kabaret tragikomikoa dela esan daiteke. Denok dakigu Pitxitxi ostrak janda hil zela, baina istorioa oso polita da, eta dibertigarria egiteko, talde oso jatorra osatu dugu eta itxaropena daukagu datorren urteari begira berriz egingo dela. Nahasten ditu oso ondo antzerkia eta futbola, badirudi bi kontzeptu kontrajarri direla, baina oso ondo enkajatu dute.

Futbola gustatzen ez zaionari gustagarri egiteko modukoa.

Bai; eta alderantziz ere bai: futbolzale amorratua izanda antzerkira ez doanari. Eta, agian, lortuko dugu antzerkira erakartzea…

Eta zu antzezlan horretan zara Teresita Zaza.

Plasenciako artista zen. Oso famatua izan zen, 1920 inguruan sekulako bira egin zuen Carlos Gardelekin abesten. Eta 1915ean, berak, hemen, Bilbon, Salon Bizkaian, Alirón, el Athletic es campeón.. abestia kantatzen zuen eta sarrera guztiak agortu egiten ziren. Xarma berezia zeukan Bilbok orduan, eta, Teresita Zaza etortzen zenean abestera, bilbotarrak hankaz gora jartzen zituen. Oso pertsonaia dibertibarria da.

Eta ez hain dibertigarria La casa de papel telesailean izan duzuna. Raquel Murillo inspektorea. Hirugarren denboraldirik egongo da?

Bai, egongo da. Uste dut gidoia prestatzen ari direla. Ez dakigu noiz hasiko den, nortzuk egongo garen… oraindik misterio handia da.

Horrez guztiaz gain, antzerki bat ere zuzendu duzu eta badabil bere bidea egiten. Deskontrolatuta.

Antzerki laburra da; hortxe dabiltza nik zuzendutako aktoreak, eta sekulako ilusioa egiten dit. Emakumearen gaia jorratzen da; psikologoaren eta pazientearen arteko solasaldia da, une batzuetan paperak aldatu egiten dira, eta, une batzuetan latza bada ere, beste batzuetan dibertigarria ere bai. Antzezlana badabil bidea egiten eta oso pozik nago.

“Euskarak ate asko ireki dizkit, Euskal Herrian eta mundura”

Zer nahiago duzu, antzerkia ala kamerak?

Galdera konplikatua da. Antzerkia, niretako, funtsa da, zutabea, baina hortik bizi ahal izateko antzerki asko egin behar da. Eta telebistan, zineman lanak ateraz gero, hartu egin behar dira bizi ahal izateko. Baina gustatu, niri gehien antzerkia gustatzen zait. Eta horren ondoren, zinema; eta gero, telebista, nahiz eta gehienetan telebistan ibili naizen. Telebista, bestalde, gogorra da; gidoiak oso arin ikasi behar dira, egun batetik bestera prestatu. Zinema egiteko denbora luzeagoa hartzen da; hortaz, lasaiago zabiltza aktore moduan. Eta antzerkirako asko entseatu behar da pare bat hilabetez, agertoki batera igotzen zarenean guztia ondo joateko.

Erritmo ezberdinak.

Erabat. Baina publikoa aurrez aurre edukitzea, hori antzerkiak dauka, beste biek ez daukate. Berehala igartzen da ikusleak sartuta dauden, aspertzen ari diren, ondo pasatzen… Igarri egiten da, komunikazio zuzena dago.

Telebistari, dena den, eta bereziki Goenkale-ri asko zor diozu. Nork esango zizun hainbeste urtez ertzain arituko zinenik?

Gainera, sartu nintzenean, oraindik euskara ikasten ari nintzen Bolintxun, nire herriko AEK-ko euskaltegian, eta kideek esaten zidaten egunen batean Goenkale-n bukatuko nuela. Eta nik esaten nien ezetz, oso ondo egin behar zela euskaraz horretarako, eta gaitz ikusten nuen. Eta begira, azkenean… 13-14 urte egin nituen bertan.

Zenbat urte zenituen?

22-23 urte neuzkan.

Eta orduan hasi zinen euskara ikasten?

Ez, ordurako EGA atera guran nenbilen. Eta gogoratzen dut Goenkale-ko grabaketetan atariko probak egiten nituela. Euskaldun berria naiz, euskara nire bigarren hizkuntza da. Txikitan ama saiatu zen Basauriko ikastolan apuntatzen, baina ume asko ginen eta kanpoan geratu nintzen, eta, orduan ez zegoenez besterik, bada, A ereduan ikasi nuen. Gurean eskolan euskara sartu zen bost edo seigarren mailan ari ginela, ingelesarekin batera; hizkuntza arrotzak. Eta noski, eskolatik atera eta ez zara gai euskaraz berba egiteko. Euskaldun sentitzen nintzen, baina ez nuen euskararik, kontraesana zen. Hori horrela, matrikulatu egin nintzen AEKn lagun batzuekin batera eta euskara ikastearena izan da…

Gogorra?

Batere ez. Polita. Batzuetan, desesperantea ere bai, bereziki pentsatzen duzunean dena dakizula eta gauzak aldatzen dizkizutenean, baina polita. Eta gero, deskubritzen duzu, gainera, bizkaiera… Izan ere, nongoa naiz ni, bizkaitarra; hortaz, bizkaiera ikasi behar, eta hori kalean egin dut, lagunei esker, euskaldun zaharrei esker.

Gaur egun, zure erreminta sendoenetako bat hizkuntza da. Zenbat zor diogun, ezta, hizkuntzari.

Ogibide honetan euskarak eman didana asko da; Loreak filma, adibidez. Ate asko ireki dizkit mundura eta Euskal Herrian ere bai.

Euskal Herritik mundura hainbat lan egin dituzu; ondorioz, ezagunagoa ere bazara. Nola daramazu hori?

Ba, imajinatu… Bizitza osoa hemen lanean eta goizetik gauera telesail batekin, La casa de papel, halako oihartzuna gertatzen da, Netflix bitartez munduan barrena ikusten hasten da eta sekulako arrakasta izaten du… Dena den, nik hemen jarraitzen dut nire bizitzarekin berdin-berdin. Baina ikusten duzu sare sozialetan oihartzuna. Nik Instagram bakarrik daukat, eta egun batetik bestera ikusten duzu mila jarraitzaile gehiago dituzula eta mila gehiago eta beste mila… 800.000 milara iritsi arte. Itzela da hori. Oihartzunik handiena Hego Amerikan izan du telesailak, Frantzian ere bai, Turkian.. Eta horren ondorioz, Yo soy Pitxitxi antzezlana ikustera etorri dira Portugaldik, Frantziatik, Brasildik, Argentinatik ezagutu nindutelako La casa de papel telesailean eta gura izan naute antzerkian ikusi. Eta horietako asko Goenkale ikusten ere hasi dira.

Telebista gehiago kontsumitzen dute, akaso, Hego Ameriketan, Turkian… hemen baino?

Ez dakit. Nik uste dut gaur egun aldaketa itzela dagoela; ohiko kanalak direnak, zabalak, jeneralistak daude eta orain, Netflix moduko plataformekin bakoitzak gura duena ikusten du, aukera itzela dago eta. Egoera aldatzen dabil asko. Aktoreondako lan berriak suertatzen dira, aukera berriak. Asko mugitzen ari da guztia eta ez dakit zer gertatuko den ohiko telebistekin.

Pentsa, Handia pelikula Netflixen dago, mundu osoan ari dira ikusten; Errementari ere bai, eta jatorrizko bertsioan ikusteko aukera dago; hau da, euskaraz. Zabaltzen ari da panorama eta hori aprobetxatu egin behar dugu euskaldunok eta gauza onak egin eta mundura.

Askok ez dute jakingo panderolari eta abeslari fina zarela.

Panderoa jotzen hasi nintzen Janire Egañarekin, nire lagun minarekin. Kalejirak egiten, triki-poteoak egiten genituen… Ikasi, etxean ikasi nuen; sekulako turradak ematen nizkien gurasoei. Eta gerora, taldea osatu genuen, plaza dantzen taldea, Dangiliske, eta hor hasi ginen plazaz plaza. Gaur egun baztertzen ari garen taldea da, nahiz eta oraindik bolo batzuk sortzen zaizkigun. Bertsioak egiten ditugu: Barrikada, Kortatu, Alaska, Extremoduro… denetarik nahasten dugu.

Nostalgiko jartzen zarete, hortaz.

Bai, eta halako asko dago, antza. Gure belaunaldikoak direnak zale amorratuak dira. Baina pentsatu genuen bertsio propioak egitea eta orain horretan gabiltza. Talde berria sortu dugu, Ingot izenekoa, eta entseatzen ari gara. Bestea akustikoa zen bezala, hau elektrikoa da.

Eta zu, abeslari.

Bai. Ez naiz profesionala, baina ahal dudana egiten dut. Eta honek balio izan dit gero Yo soy Pitxitxi-n aritzeko. Hasieran, sekulako lotsa ematen zidan abesteak, baina joan nahiz lotsa hori gainditzen esandako musika taldeei esker, eta orain, Yo soy Pitxitxi egiteko solteago nago.

Aktore batek ez luke, ba, lotsati izan beharko?

Ez, ba. Lotsatiz beteta dago ogibide hau, ez dakizu ondo. Nik uste dut terapia modukoa dela, norbere beldurrei aurre egiteko bide bat, eta lotsati guztiok amaitzen dugu aktore izaten.

Uda askotan, sarri Amazonas aldera joaten zara.

Abesti bat egiten ari gara, Guararu izenekoa. Guaranieraz sutan esan nahi du hitzak. Zikinkeria ibaietara botatzen dabilen petrolio-konpainia bat dago, eta bertako biztanleek metal astunak dituzte odolean. Horren inguruan gabiltza kanta bat egiten. Gure ale txikia da abesti hori.

Gainera, bertan lagun eta senide asko dituzu.

Bai, dagoeneko indigena bat gehiago naiz.

Ezagutu gabe ere, beti oso gertuko igarri izan zaitut.

Ni Basauriko Kareaga auzokoa naiz. Hori izan da nire giroa, naturala, normala, eta oso sustraituta nago. Kanpora lan egitera joatea kostatu egiten zait. Euskal Herritik hurbil bada, ez horrenbeste, baina bestela… Astebururen bat edo beste igarotzen dut Gasteizen edo Madrilen, baina Basaurin bizi naiz, eta ahal dudan guztietan bueltatzen naiz etxera.

Beti egin izan duzuna egiten jarraitzen duzu. Aurpegi ezaguna izanda, nahi duzuna egin dezakezu?

Ez guztiz. Egunerokotasunean, agian, ez duzu horrenbeste igartzen.

Euskal Herrian trankil ibiltzen naiz. Jendea lasaia da orokorrean, eta, nahiz eta ezagutu, agian, hurbildu eta zerbait esaten didate. Hala ere, niri, bidaiatzea asko gustatzen zait, motxilarekin eta inprobisatzen. Eta Argentinan, adibidez, esan didate, ahaztea. Ezin izango dudala horrela ibili. La casa de papel sekulako fenomeno bilakatu da eta aktore batzuk Argentinan egon dira, eta fan guztiak aireportuan zeuden itxaroten. Niretzako, hori oso arrotza izango litzateke. Amorrua ematen dit.

Euskaldunok gehiago errespetatzen ditugu aurpegi ezagunak?

Idoloak-edo direnak ez pentsa… Badakit Goazen! fenomenoa zer den. Hori kontatu didate, eta gazteak fan moduan ibiltzen dira. Behintzat, nik oraindik ez dut hori sumatu. Eta leku batzuetan oraindik Goenkale telesaileko Nekane Beitia moduan ezagutzen naute. Madrilen, adibidez, jendea gerturatzen da argazki bat ateratzera.

Euskal Herritik kanpo ezin da edozer egin, beraz, baina ezin da edozer esan ere… Zuk hori bizi izan duzu, ezta?

Hori bizi izan dut, eta latza izan da. Baina badakit nongoa naizen, badakit zer naizen, eta beti izan naiz. Orain ez dut atzera egingo. Naizena naiz. Batzuei ez bazaie gustatzen naizena, ba, hori haien arazoa da. Denon gustukoa ezin dugu izan. Aukera librea da pentsatzen duzuna esatea. Bidezkoa ez den gauza bat argi eta garbi ikusten duzuenean, eta beldurragatik isiltzea… Zerbaiten defentsan jartzeagatik gero lanik ez duzula izango pentsatzea… Hori nire aukera da. Gauza batzuen aurrean ezin dut isilik gelditu.

Hori dela-eta eskaintza batzuk ez zaizkizula iritsi nabaritu duzu?

Bai. Publizitatean, batez ere. Ezerosoa baldin bazara, jai edukiko duzu. Galdetu, bestela, Willy Toledori. Miren Gaztañagaren eta nire defentsan irten zen hura, eta zortzi urte inguru lan egin gabe daramatzala kontatu zidan. Hori gertatzen da.