Itziar Garate: “Esne bidea lehenengoz ikusi nuenean, txundituta geratu nintzen”

Itziar Garate astrofisikari zarauztarrarentzat, Artizarra bere laborategia da, planeta hartako hego-poloko zurrunbiloa ikertzen baitu. Zientziaz, teleskopioez eta Lurraz kanpoko biziaz hitz egin dugu EHUko Fisika Aplikatua I Saileko irakaslearekin.

Ongi etorri, Itziar. A zer poza zuri elkarrizketa egitea.

Fisika ikasketak egin zenituen. Dirudien bezain zaila da?

Zenbakiak beti gustatu zaizkit eta zientzietan bukatuko nuela argi nuen. Garai hartan, fisikak ate gehiago ireki eta aukera gehiago emango zizkidala iruditzen zitzaidan. Zaila den kontuari dagokionez, fisika beste hainbat gai baino zailagoa dela uste  dut, baina, azkenean, hori norberaren baitan dago. Niri, adibidez, artea ulertzea edo historiak dituen milaka kontuak gogoratzea egiten zaizkit zailak. Fisikan, ordea, lehenengo pausoa ulertzea zaila izan daiteke, baina, behin ulertuta, betirako hor geratzen zaizula iruditzen zait. Ez dut esango erraza denik, soilik nire gaitasunekin hobeto ezkontzen dela.

Espezialitatea aukeratzeko garaian, astrofisika hautatu zenuen, eta La Lagunako unibertsitatera joan zinen, Kanaria uharteetara.

Leioan karrerako hirugarren mailan nengoela, espezialitate desberdinak ikasteko hautazko ikasgaiak aukeratu behar izan genituen. Leioako Unibertsitateko (EHU) aukera garai hartan oso teorikoa zen: fisika orokorra eta fisika kuantikoa. Nik garbi nuen ez nuela hori nahi eta 22 urterekin etxetik ateratzeak asko erakartzen ninduen. Aukeren artean astrofisikarena ikusi nuen –nahiz eta ordura arte gehiegi ez interesatu– eta une hartan polita iruditu zitzaidan. Gaia jorratzen zuten hitzaldietara joaten hasi nintzen, jakin nuen EHUn bazegoela Zientzia Planetarioen talde bat, eta beraiekin hitz egin nuen. Astrofisika gero eta gehiago gustatu, eta ikusi nuenean Madrilen edo Tenerifen ikasi nezakeela, “bada, Tenerife!”, esan nuen.

Aldaketa handia izango zen Euskal Herritik Tenerifera joatea, ezta?

Bai. Ematen du ezetz, Espainia izaten jarraitzen duelako, baina beste mundu bat da. Lehenik eta behin, Afrika da, eta jendea oso desberdina da, zentzu askotan. Eta, batez ere, uharte bat da. Etxera soilik Aste Santuan, Gabonetan eta udan etortzen nintzen. Bestetik, lanean zein egunerokotasunean erritmo lasaiagoa dutela ere nabarmentzen da. Ikasketei dagokienez, jende asko astrofisika ikastera joaten da propio bertara. Beraz, guztiz murgilduta nintzen gaian. Alde horretatik ere, beste mundu batean sartu nintzen.

Mundu mailako behatoki eta teleskopio onenetakoak daude Kanarietan. Zerk txunditu zintuen?

Batetik, Teideko behatokira joan ginen praktikak egitera. Kontua da behatokiaren kupula zabaltzeko baldintza zehatz batzuek egon behar dutela. Ez da soilik zeruan lainorik ez egotea. Horretaz gain, atmosferan ezin da hezetasun handirik egon, teleskopioan ura sartzeko arriskua dagoelako. Ba, hain zuzen ere, ikasleok hezetasuna noiz jaitsiko itxaroten ari ginen gau batean, lurrean etzan ginen zerura begira eta hortxe ikusi nuen lehenbiziko aldiz gure galaxia, Esne Bidea, bere osotasunean. Bere milioika izarrekin eta bere gasekin ikusi nuen eta txundituta geratu nintzen. Eta, bestetik, karrera amaieran La Palmako behatokira joan ginen. Handiena da, hamar metroko diametroko teleskopioa baitu. Eta hura nola mugitzen zuten, zer-nolako egitura behar zuen funtzionatzeko… eta lortzen dituen irudiek zeharo harrituta utzi ninduten.

Noraino ikusi dezakegu teleskopio horrekin?

Argi urteak! Zenbat eta diametro handiagoa eduki teleskopio batek, orduan eta argi gehiago jasotzen du; beraz, orduan eta objektu ahulagoak atzeman ditzake. Ahulak diodanean esan nahi dut argi gutxi dutenak edo oso urruti dauden objektuak direla. Ideia bat egiteko, planetekin lan egiten dugunok ez dugu erabiltzen teleskopio hori handiegia delako; pentsa!

Iragana ikusten duzue, beraz?

Hori da. Argi horrek gugana iristeko denbora behar duenez –eguzkiaren argiak 8 minutu bakarrik behar ditu lurrera iristeko–, mila milioika kilometrotara dagoen argi hori ikusten ari garenean, iragana ikusten ari gara. Agian, ikusten ari naizen izar hori hilda dago dagoeneko. Agian, ez, baina izan daiteke.

Artizarra planeta ikertzen duzu, maitasunaren planeta ere deitua. Horregatik aukeratu zenuen?

Kar, kar, kar. Ez, kasualitate bat izan zen. La Lagunako unibertsitatean nengoela, nire ikaskide gehienak udako lanak egiten hasi ziren, baina nik argi nuen uda ez nuela Kanarietan pasa nahi. Etxera etorri nahi nuen. Baina ingurukoak curriculuma osatzen ari zirela ikusi nuenean, urduritzen hasi nintzen eta Bilboko zientzia planetarioen taldeaz gogoratu nintzen. Beraiekin harremanetan jarri, eta uda hartan Saturnoko ekaitzak aztertzen pasa nuen eta asko gustatu zitzaidan. Hurrengo ikasturtean, Artizarraren zurrunbiloa ikertzeko sortu behar zuten tesi edo doktorego bat egiteko proposamena egin zidaten eta baietz esan nuen, noski. Gaia hasieratik gustatu zitzaidan eta ondoren ikertu dudan guztiagatik gero eta gehiago maite dut, baina beraiek eskaini zidatelako iritsi naiz Artizarra ikertzera.

“Espazioko argia ikusten dugunean, iragana ikusten ari gara”

Zer berezitasun ditu Artizarrak?

Maitasunaren planeta deitzen zaio, alde batetik, soilik egunsentian eta ilunabarretan ikusi dezakegulako –maitaleen orduetan, alegia– eta eguzkiaren eta ilargiaren atzetik zeruan ikusi dezakegun astrorik distiratsuena delako. Eta distiratsuena da planeta osoa hodeiez inguratuta dagoelako eta, ondorioz, eguzkiaren argia islatu egiten delako. Hodei horiek, gainera, badute beste berezitasun bat: oso azkar doaz. Artizarrak bere buruari bira bat emateko 243 egun behar izaten ditu, eta oso egun luzea dauka. Denbora gehiago behar du bere buruari bira emateko eguzkiaren inguruan bira emateko baino. Aldiz, hodeiek Artizarrari bira emateko soilik lau egun behar dituzte. Super errotazioa deitzen zaio fenomeno horri eta soilik Artizarrean eta Saturnoko ilargia den Titanen gertatzen da. Ez dakigu zergatik. Horrek berezi egiten du Artizarra. Horretaz gain, berotegi efektu ikaragarria dago eta 500 gradu egiten du, egunez eta gauez.

Zehazki, Artizarreko hego poloko zurrunbiloa ari zara aztertzen.

Hori da. Esan bezala, alde batetik, planetaren errotazioa oso mantsoa da eta hodeiena, berriz, oso azkarra. Poloetarantz hurbiltzen direnean, haize horiek gero eta bira txikiagoa egiten dute eta zurrunbiloak sortzen dituzte polo bakoitzean. Egunero zurrunbiloa hor egoten da, baina beti forma desberdinarekin. Ez gara gai forma hori ulertu edo aurreikusteko, eta hori ikertzen gabiltza.

Parisen ere ikertzaile ibili zara. Zer-nolako esperientzia izan da?

Beste mundu bat da, bai profesionalki eta pertsonalki. Jendea ezagutzen duzu, lan egiteko modu desberdinak, baliabide berriak… Ni talde handi batera iritsi nintzen, zenbakizko simulazioetan formatzera. Talde honek badu Artizarraren  atmosferen dinamika orokorra simulatzen duen modelo indartsu bat eta Artizarrean gauzak simulatzen ikasteko joan nintzen bertara, gero Bilbon lanean aplikatzeko. Pilo bat ikasi nuen. Baina pertsonalki ere aldaketa handia izan zen; izan ere, beste herrialde batera iristen zara, beste hizkuntza bat duena, beste kultura batekin, beste ordutegi batekin, eta guztira moldatu behar duzu. Egun onak eta txarrak daude, toki guztietan bezala. Bi urte egon naiz bertan eta bi urte oso biziak izan dira. Jendea beti dago joaten eta etortzen, baina, egiten dituzun adiskidetasunak denboraz laburrak badira ere, oso indartsuak dira. Bestetik, zure buruaz gauza asko ikasten dituzu; gauzak ikusi eta egoerei aurre egiteko moduak ikasten dituzu. Pertsonalki hazi egin nintzen bertan.

Mundu guztiko ikertzaileekin elkartuko zinen bertan.

Bai; Paris eskala hiria da ikertzaileentzat.

Eta norekin elkartzen zinen?

Mediterraneo inguruko ikertzaileekin. Bakoitza den bezalakoa da, baina, normalean, Espainia, Italia eta Greziako ikertzaileak batera ibiltzen ginen. Eta Hego Amerikakoekin ere bai, hizkuntza dela medio.

Baina dena ez zen ikerketa eta lana izango, ezta?

Ez, eta deskonektatu egin behar duzu. Hasieran, familia eta lagunik gabe, ez nuen ezagunik eta nik lana bakarrik nuen buruan. Baina iritsi zen une bat zeinetan jendearekin egotea behar nuen. Horregatik, bertan egin nituen harremanak oso indartsuak izan ziren.

Ze hizkuntzatan lan egiten zenuen Parisen? Frantsesez bazenekien?

Frantsesa DBHn ikasi nuen, baina 15 urtez ez nuen ezer egin. Zarauztarra izanda, udan frantses asko etortzen dira herrira, eta belarria egiten dut. Gainera, aitortu behar dut hizkuntzetarako erraztasuna dudala. Baina egia da frantsesak oso frantsesak direla, eta, guztiok bezala, beraien hizkuntzan hitz egitea gustuko dutela. Bilera guztiak egiten genituen frantsesez, baina mundu guztitik etortzen ziren ikertzaileekin ingelesez egiten genuen. Gero, parranda egiteko gaztelaniaz egiten nuen, eta koadernoko apunteak euskaraz hartzen nituen. Beraz, egunero lau hizkuntzak erabiltzen nituen!

Euskalduna zinela esaten zenuenean, sorrarazten zuen interesik?

Bai; une hartan, Kataluniako procés-aren kontua puri-purian zegoen eta denek galdetzen zidaten: “Zer nahi dute katalanek? Zergatik? Euskaldunek ere berdina nahi duzue?”. Frantsesengandik harritu nauen gauza bat izan da politika guk baino serioago hartzen dutela. Gustatzen zaie horri buruz hitz egitea, eztabaidatzea, kritika egitea… interes handia dute.

Artizarra ikertzen teleskopioari lotuta irudikatzen zaitugu. Horrela da?

Tamalez, ez. Zorionez, eguzki sistemako planetak nahikoa gertu ditugu eta misio espazialak bidaltzen dituzte. Misio batek bidaltzen dituen datuak aztertuta gauza askoz gehiago lortzen ditugu teleskopioarekin behatuta baino. Hala ere, urtean bitan-edo Almeriara joaten gara, Calar Alto behatokira, eta planetak ikusteko guk diseinatutako kamera bat ere badugu –Jupiter eta Saturnorentzat–, baina nik, batez ere, espaziora bidalitako misioetako irudi eta datuekin egiten dut lan. Beraz, egiten dudan gehiena programazioa da eta ikusten dudan gehiena kodea eta Excelleko dokumentuak dira, eta horiekin kalkuluak egiteko programak prestatzen ditut. Nire lana ez da behatokiko langileen lana bezain erromantikoa, ez.

Zuk uste duzu unibertsoan bakarrik gaudela?

Zerbait egon behar duela uste dut. Bizi mota bat egon behar du gutaz gain. Gure eguzkiaren inguruan zortzi planeta ditugu, eta bost planeta nano. Galaxia bakoitzean ehun mila milioi izar daudela pentsatzen da eta unibertsoan ehun mila milioi galaxia omen daude. Horietan guztietan bizitzarik ez egotea eta gu kasualitatearen kasualitatea garela bakarrik pentsatzeak harrituko ninduke. Beste gauza bat da bizitza mota hori gurea bezalakoa izatea; alegia, adimentsua izatea. Hori ez dut uste. Orain, behintzat. Unibertsoak mila milioi urte ditu eta beste hainbat geratzen zaizkio. Denbora horretan guztian ziur naiz bizi motak sortu direla, desagertu direla eta horietako bat, agian, adimentsua izan zela. Zergatik ez?

Euskal Herriko zeruak ba al du berezitasunik?

Ez, baina ez da tokirik okerrena ere zerua behatzeko. Hori bai, Euskal Herriko ipar partean zeru garbiak aurkitzea ez da hain erraza. Behatoki bat eraikitzeko orduan hainbat kontu hartu behar ditugu: alde batetik, altuera. Izan ere, espaziotik datorren argi horrek gero eta atmosfera gutxiago zeharkatu dezan komeni da, irudiak ahalik eta distortsio gutxienarekin jasotzeko. Bestetik, atmosfera hotza eta homogeneoa behar izaten da. Eta hori lortzen da ingurua laua denean. Horregatik, behatoki profesional gehienak uharte bolkanikoetan aurkitzen dira. Inguruan lautada handia dute, itsasoa, eta, bestetik, sumendiek altuera handia izaten dute. Euskal Herrian itsasoa badugu, nahiz eta ez 360 gradutan, eta, bestetik, altuera Pirinioetan dugu. Pic Du Midi behatokia dago bertan.

Gizarteak baloratzen al ditu ikertzaileak?

Nik uste dut bidean gaudela. Gero eta gehiago baloratzen gaituztela esango nuke. Euskal Herrian egoera hobea da beste toki batzuetan baino. Denok daukagu barneratuta zientzia gehiago egin behar den ideia. Bestetik, nire alorrari dagokionez, oso zaila da institutu astrofisiko batean lan egitea. Gutxi daude, eta Euskal Herrian, bat ere ez. Beraz, esparru honetan ikertzen jarraitzeko modu bakarra unibertsitatean irakasle lanpostu bat lortzea da. Kontua da era horretan irakaskuntzak duela lehentasuna. Behin irakaskuntzarekin lotutako lanak egin ondoren, orduan ikertu dezakezu. Eta, askotan, zure denbora libretik hartzen duzu tartea, ikertzea delako gustatzen zaiguna. Zorionez, gizarteak gero eta argiago dauka ikerketa egin behar dela eta zer-nolako onurak ekartzen dituen. Baina oraindik asko dago egiteko alor honetan.

Eta dibulgazioaren papera zein da?

Oso garrantzitsua. Gizarteak gero eta argiago dauka zientzia garrantzitsua dela, baina bide luzea dugu aurretik hemen ere. Hori lortzeko modua zientziak zertarako balio duen erakustea da, eta hori dibulgazioaren bidez egiten da.