Itziar Cantera: “Janari erreala baskula botatzea eta lasaitasuna dira dieta on baten gakoak”

Bost bat minutu berandu etorri da Itziar Cantera gure hitzordura, baina bere irribarrea kutsagarria da oso. Kameretatik at esan digunez, bizitza patxadaz hartu behar dugu, eta hobe da berandu iristea, inoiz ez iristea baino. Amen.

Itziar Cantera. Dietista eta nutrizionista. Baina hobe zuk zeuk aurkezten baduzu zure burua.

Zuk esan bezala, Itziar Cantera naiz, dietista eta nutrizionista, 34 urte ditut eta betidanik argi izan dut osasun arloan lan egin nahi nuela. Jendearekin harremanetan egotea gustatzen zait. Eta hauxe modu on bat da jendeari laguntzeko, motibatzeko. Beti jakin izan dut hauxe zela nire lanbidea. Lanbidea eta bizitzeko modua.

Esan genezake Itziar Cantera bere lanarekin asko gozatzen duen horietako bat dela.

Bai.

Nolakoa da gaur egun zure lanegun bat?

Egun guztiak desberdinak dira. Autonomoa naiz eta nik antolatzen dut nire eguna. Gehienetan; kontsultan egoten naiz; beste batzuetan, nire kabuz lan egiten dut. Kontsultan jendearekin harremanetan nago, dietak edo plan nutrizionalak azaltzen ditut, haiekin kontsultan egoten naiz, motibatzen edo baliabide desberdinak ematen ohitura osasuntsuak izateko. Baina gero, nire etxean, plan horiek prestatu behar ditut. Batzuetan; hitzaldiak ematen ditut; beste batzuetan, nutrizio kliniketan lan egiten dut. Gauza desberdin asko egiten ditut.

Etxean, kontsultan, hitzaldiak… egun bete-beteak izango dituzu, ezta?

Bai; kar, kar. Eta asteburu batzuk baita ere.

Egun bete horiei aurre egiteko, zenbateko garrantzia dauka janariak gure bizitzan?

Pentsatzen duguna baino askoz gehiago. Egia da gure inguruan edo harreman sozialetan askotan geratzen garela bazkari baterako, edo zerbait hartzeko edo txikito batzuk hartzeko, poteoan… Beti esan dut osasun arloan lan egin nahi nuela eta horregatik Giza Elikadura eta Dietetika ikasi nuen, banekielako janariak pentsatzen duguna baino garrantzi handiagoa duela. Gaixotasun asko prebeni daitezke elikadura ona izanda, baina nik uste dut ez dela janaria bakarrik. Alegia, ohitura osasuntsuak izateko, oso garrantzitsuak diren hiru oinarri bete behar dira: janaria, osasuntsua izatea, janari erreala, benetako janaria. Esaterako, barazkiak, frutak, fruitu lehorrak, egoskariak…; aktibitatea ere bai, kirola egitea oso garrantzitsua da. Ez dakit entzun duzuen NEAT handitzea, kirolaz kanpo egiten duguna; izan ere, gure bizitza oso sedentarioa da.

Janaria, kirola, eta bestea?

Atsedena. Oso garrantzitsua da. Nahikoak diren orduak lo egitea, baina lo sakona. Askotan, gauez esnatu egiten gara, eta atsedena oso garrantzitsua da. Batzuetan, oso estresatuta gaude, edo lehentasuna ematen diegu beste gauza batzuei atsedenari baino, eta pentsatzen duguna baino garrantzi handiagoa dauka, bai.

Esan duzu betidanik argi izan duzula hau ikasi nahi zenuela.

Hau edo osasunarekin zerikusia zeukana, bai.

Zein adinekin  izan zen hori?

Egia esan, 18 urte nituen selektibitatea egiterakoan, eta Giza Elikadura eta Dietetika gradu hau ez zen oso ezaguna. Janariari lotuta, dietak erabiltzen genituen argaltzeko. Erizaintza ikastea ere pentsatuta neukan, baina gradu hau bazegoela ikusi nuen eta, azkenean, hori aukeratu nuen.

Gradu hori ezezaguna zen. Etorkizunari begira beldur zinen zein izango ote zen edo etorkizunik izango ote zuen?

Gradua bukatzean bai, baina institutuan ez. Gurasoek gustuko dudan zerbait ikasteko esan didate beti, eta hori egin nuen. Hori bai, bukatzean, aukerak ziren edo autonomoa izatea, alegia, kontsulta zabaltzea, edo aukera gutxi zeuden. Baina nik zorte ona izan nuen, ikerkuntzan sartu nintzen.

Zer egin zenuen gradua bukatu eta hurrengo urteetan?

Bukatu nuenean, irakasle batengana joan nintzen eta gradua bukatu nuela esan nion, ez nekiela ezer, teoria bai baina praktikak behar nituela. Kontsultak, pertsonekin harremanetan egoteko. Ohitura hartu behar nuen, eta unibertsitatean hori ez da irakasten; duela hamar urte ez, behintzat. Eta esan zidaten tesia egiten ari zen neska batekin ikasi nahi banuen, aukera ona zela, eta berarekin egon nintzen ikerkuntzan lan egiten, eta ikasten.

Bilboko zure kontsulta duela urtebete zabaldu duzu. Zer moduzko esperientzia da hori?

Uste nuen txarrago moldatuko nintzela edo zailagoa izango zela, baina hainbeste disfrutatzen dut, hainbeste gustatzen zait nire lana, esperientzia izugarria izan da.

Mota guztietako jendea gerturatuko zaizu.

Bai. Batzuetan, kirolariak.

Kirolariak ere bai?

Bai! Kirolarekin zerikusia duen master bat ere egin nuen, eta batzuk etortzen dira, bai.

Ematen du kirolariek nahiko argi edukiko dutela dena.

Errendimendu ona izateko, entrenamendua oso inportantea da, baina elikadura ere bai. Errendimendu ona izateko, elikadura egokia izan behar da.

Udari begira, jende askok galdetuko dizu zer motatako dieta egin behar duen fin egoteko, ezta?

Niretzat, oso inportantea eta interesgarria da ohitura osasuntsuak izatea. Eta 15 egunean kilo asko jaisteko etortzen dena, hori ez doa nirekin. Nik beti esaten diet dieta miraritsu bat nahi badute, nirekin ez dutela lortuko. Izan ere, niretzat, janaria oso inportantea da, elikadura ona izatea baita ere, eta kilo asko jaisteko 15 egunean, osasuntsuak ez diren gauza asko egin behar dira. Ni oso gardena naiz.

Zer iritzi daukazu dieta mirarien inguruan?

Hori nirekin ez doa. Dieta horiek, hasieran, emaitza azkarrak ekartzen dituzte kilo asko jaistea bada helburua. Baina gero, errebote efektua dator, eta hori gorputzarentzat ez da ona. Nik beti esaten dut: azkar jaisten dena azkar berreskuratzen da. Onena pixkanaka jaistea da;  izan ere, guk jaitsi nahi duguna gantza da, ez giharra, ez likidoa. Gihar-masa mantentzea oso inportantea da, eta galtzen baldin badugu, txarra da gure gorputzarentzat.

“Azkar jaisten den pisua azkar berreskuratzen da”

Janaria oso inportantea da. Zein da gutxien gomendatzen duzun jakia?

Dietak, plan nutrizionalak, pertsonaren araberakoak dira. Baina gutxien gomendatzen dudana janari ultraprozesatua da. Nik janari erreala gomendatzen dut. Benetako janaria: barazkiak, fruta, fruitu lehorrak, zerealak, egoskariak… benetako janaria da nik gomendatzen dudana.

Hobe da egunean bost jatordu egitea? Alegia, gutxiago jan baina gehiagotan?

Hori duela urte asko esaten zen, baina ez da egia. Garrantzitsuena da egunean zehar irensten duguna. Eta hori pertsonaren arabera moldatu behar da. Nik nahiago baldin badut askotan pixka bat jatea, niretzat errekurtso ona izango da. Beste batek nahiago izango du gehiago jatea hiru jatordutan.

Umetxoek jaten dituzten opil industrialen inguruan zer iritzi daukazu?

Txarra dela guztientzat! Ume batek jan behar du heldu batek bezala, baina kopuru gutxiagoan. Guk gosaltzen duguna eurek ere gosaldu dezakete. Ez dituzte gailetak edo azukredun zerealak jan behar. Guk bezala jan dezakete.

Eta kantitate txikian jaten badugu, txarra da baita ere?

Pixka bat jatea txarra denik ez dut esango. Adibidez, asteburuan jaten baldin baduzu gailetaren bat, ba, ez da ezer gertatzen. Baina jakin behar duzuna da osasuntsua ez dela. Zuk baldin badakizu osasuntsua ez dela, ederto. Baina askotan saltzen dizkigute produktu asko esanez: gaileta hauek, oloa dutenez, osasuntsuak dira. Eta hori ez da egia.

Hori marketina da eta gezur asko dago hor, ezta?

Bai, baina hor gaude dietista eta nutrizionistak hori dena azaltzeko eta gure lana egiteko. Batzuetan ere esaten dute gaileta batzuk edo zereal batzuk osasuntsuak direla eta beste batzuetan esaten dute bananak loditu egiten duela. Edo mahatsak ezin dituzula jan dieta batean, eta hori ez da egia. Bananak eta arrautzak oso osasuntsuak dira.

Arrautzak oso txarrak direla esan ohi digute.

Kolesterolarentzat txarra dela esaten digute, baina kolesterolarentzat txarra dena opila da; arrautzak ez, arrautzak oso onak dira.

Orduan, egunero jan ditzakegu?

Bai. Arrautzak egunero jan ditzakegu eta batzuetan esaten digute bananarik ez sartzeko dieta batean, edo arrautzak, eta, bestetik, gosarian gailetak sartu behar ditugula esaten digute. Nola da posible? Kontraesana dago hor.

Zein da, zuretzat, gosari on bat? Gosaria eguneko janaririk inportanteena dela esaten da.

Hori ez da egia ezta ere; kar, kar! Niretzat, interesgarria da gosarian proteinak sartzea. Zeintzuk elikagaik ematen digute proteina? Arrautzek, adibidez. Niretzat, arrautzak jatea gosarian interesgarria da. Egosia, tortillan edo plantxan. Arrautzak ahuakatearekin  eta ogi integrala, adibidez; fruta ere bai.

Eta laranja-zukua txarra da?

Txarra, txarra ere ez da. Onena da fruta jatea. Alegia, laranja bera jatea, zukua baino.

Bat jaten duzulako, eta ez hiru zukututa.

Hori da. Eta, gainera, zukua egiten dugunean, zuntza eta beste nutriente asko makinan gelditzen dira. Bakarrik irensten dugu zukua, eta zukuan zuntz asko galtzen da, azukrea kontzentratuta dago, eta onena fruta osoa jatea da, bertan matrize osoa aurkitzen dugulako.

Sare sozialetan ere informazioa eta gomendioak ematen dituzu. Hor beste lan bat dago. Nolakoa da?

Nire denbora librean erabiltzen ditut. Beste bide bat da ohitura osasuntsuak partekatzeko. Batzuetan, nik jaten dudana publikatzen dut. Adibidez, gosaltzera noa, argazkia ateratzen dut edo errezeta osasuntsu bat egiten dut, bizkotxo bat edo gaileta batzuk baino osasuntsuak, eta hori partekatzen dut. Instagramera igotzen dut eta horrek errekurtso ezberdinak eskaintzen ditu.

Jende askok idazten dizu zalantzak argitzeko?

Bai, askok!

Suposatzen dut askok eta askok benetako arazoa izango dutela.

Bai, eta nik esaten dut galdera oso pertsonalak ez ditudala erantzuten. Gauza batzuk ezin dira erantzun kontsultan landu behar direlako. Eta, gainera, hori nire lana da. Arazo bat baldin badaukazu, edo patologiaren bat, nik informazio asko jaso behar dut. Nire lehenengo kontsultan, ordubete egoten gara hitz egiten. Gero, plan nutrizionala egiten dut; eta gero, beste ordubete ematen dugu guztia azaltzen. Denbora behar du, analisi klinikoak…

Osasun azterketak eraman behar dizkizute?

Bai, beti esaten diet lehenengo kontsultara analisi kliniko bat ekarri behar dutela.

Zein da neurri ona kirola egiten duen pertsona batentzat? Zer jan beharko luke?

Pertsona guztiek egin behar dutena da janari osasuntsuak jan. Fruta, barazkiak, fruitu lehorrak, egoskariak, gauza horiek guztiak. Arraina edo haragia nahi baduzu, zure iritziaren arabera. Baina guztiok jan behar dugu janari osasuntsua. Eta kopurua, zure aktibitatearen edo egiten duzun kirolaren arabera egokitu. Gainera, kirol oso ezberdinak daude: erresistentzia…

Beraz, onena da Itziarren kontsultara joatea, azterketa sakona egingo digula berak, zer behar dugun hobeto jakiteko.

Pertsonak oso desberdinak gara eta kirolarientzat ere hidratazioa funtsezkoa da. Ona izan behar du, eta hori, askotan, ahaztu egiten dugu.

Zenbat ur edan behar da egunero?

Gutxi gorabehera, litro eta erdi. Baina hori izango da, baita ere, egiten duzun kirolaren arabera. Askotan egarri bazaude, ba, edan, nahi baduzu, baina ondo hidratatuta zauden  jakin nahi baduzu, txizak esango digu. Iluna baldin bada, gehiago edan behar duzu.

Eta alkohola?

Beti da txarra, baina nik kontsultan beti esaten dudana da nik plan nutrizional batean ez dudala inoiz alkohola gomendatuko. Baina hemen bizi gara, poteoa ohikoa da, ni ere pertsona naiz eta ulergarria da. Egunero ezin dugu alkohola edan, baina asteburuan, nik beti esaten dut gutxi edateko, edo ahal duzun gutxien. Esaterako, kaña hartu beharrean, hartu zurito bat, edo joan txandakatzen, alkoholarekin eta alkoholik gabe.

Zer esango zenioke hainbat dieta egin eta emaitzarik lortu ez duen pertsona bati, etsita dagoen pertsona bati?

Sare sozialei esker, nik azaltzen edo erakusten dudana da ohitura osasuntsuak izan behar ditugula. Eta lasaitasunez hartu behar dela. Beti esaten dudana da lasaitasunez hartzeko eta, askotan, ez dela bakarrik dieta bat egitea, ohitura osasuntsu horiek hartzea baizik. Izan ere, batzuetan, ez dakigu jaten. Askotan etortzen da kontsultara sare sozialetan ezagutu dudan baten bat eta esaten dit: “Itzi, jakin nahi dut jaten, ez dakidalako, eta lasaitasunez egin nahi dut”. Beraz, zure galderari erantzunez, zer esango niekeen? Baskula botatzeko eta ez obsesionatzeko. Batzuetan, profesionalen laguntza behar dugu.

Badakizu zer? Denbora agortu zaigu! Bota azken gomendioa.

Ohitura osasuntsuak izatea oso garrantzitsua dela uste dut, eta lasaitasunez hartzea.

Mezu horrekin bukatuko dugu, ederra da eta. Eskerrik asko, Itziar Cantera, gurekin izateagatik. Gomendioak apuntatu ditut.

Eskerrik asko!