Ithaka taldea

Josune Freirek, Eneko Eizagirrek, Arantza Igartuak eta Leire Olariagak osatzen dute Ithaka taldea. Orion eta Zarautzen izan zuen abiapuntu taldeak. 2022an Gazte Maketa Lehiaketa irabazi zuten eta 2023an Katapulta Tourrerako aukeratu zituzten. Orain, diskoa kaleratu dute.

Ze musika lantzen duzue?

Azken hilabeteetan mundu osoko ehunka erreferentez elikatzen ibili gara. Koktel horretatik atera da Biluzten. Post-punka, alt-rocka, stonerra, post-rocka eta antzerako soinuak daude bertan.

Diskoa sortzeko prozesuan biluztu egin zarete?

Guztiz. Biluzte prozesu erraldoia izan da. Urteetan gordeta genituen ideia, sentimendu eta bizipen guztiak disko honetan askatu ditugu. Ithaka bere identitate gordineneraino eta intimoeneraino eraman dugu.

Zein harrera izan du diskoak?

Oraindik goiz da galdera horri erantzuteko. Kantuak zuzenekoetan jotzean, jendearen harrera ona dela esango genuke. Guk kantuak gustura jotzen ditugu eta jendeari ere iristen zaiela sentitzen dugu.

Zer ekarriko dizue 2024ak?

Urte hau berezia izango da guretzat. Gure lehen lana zuzenekoetan babesteko gogotsu gaude, Euskal Herriko plaza eta aretoetan. Helburua da gure kantuak jendeak bere sentitzea; izan ere, neurri handi batean, horretarako eginak daude.