Isabel Landa Sola: “Uste dut ‘konkistologo’ kritikoa eta hurbilekoa naizela”
Isa Landa Sola (Donostia, 1986) oso ezaguna da ETBko Conquis saioaren komunitateko kideendako. Parte-hartzaile izan zen, eta, egun, eztabaidetan parte hartzen du. Bada, azken bi urteetan beste modu batera ikusi ahal izan dugu telebistan: zaldi lasterketen kontakizuna egiten, Lasartetik. Alderdi askotako emakumea da.
Zure alderdirik ezezagunena Donostiako autobus-gidari izatea da. Konta egiguzu.
Ikasketak egiten ari nintzela [Enpresagintza], gimnasio batean lan egiten nuen asteburuetan, eta han ezagutu nuen Jon, Dbus enpresako gidaria. Oso ondo egiten zuen berba enpresari eta bere baldintzei buruz. Baina oso gaztea nintzen eta ikasten ari nintzen, gainera. Dena den, ez nuen baztertu gidabaimena atera eta konpainian sartzeko oposizioak egitea. Atzerrian bizi izateko esperientzia amaitu zenean, gidabaimena atera eta ikasten hastea erabaki nuen. Oso ondo joan zitzaidan; atera beharreko tituluak lortu eta oposizio baten ostean Dbusen sartzea lortu nuen. 7 urte daramatzat oso pozik lanean, eta, Joni esker, ematen jarraitzen dut, hari esker ezagutu bainuen lanbide hau.
Conquis-eko jarraitzaileentzat saioko konkistologoetako bat zara. Enpatikoa eta nahiko kritikoa zarela esango nuke. Nola definitzen duzu zeure burua?
Uste dut konkistologo kritikoa naizela, baina hurbilekoa. Parte-hartzaileek lekuan jartzen saiatzen naiz beti, ni lehiatu nintzen garaiko miseriak gogoratuz. Une oso gogorrak izaten dira, eta ez dakigu nola erreakzionatuko dugun horiek bizi arte.
Pentsatzen dudana esateko orduan ere oso zuzena eta argia naizela uste dut. Hala ere, onartzen dut batzuetan ikusi eta esan nahi duzunaren ideiarekin joaten naizela, baina, eztabaidan kanporatua ezagutzen dudanean, zaila da gauzak esatea. Era berean, uste dut naizena baino serioagoa ematen dudala. Akats handia dut: urduri jartzen naizenean garrasi egiten dut berba egiteko orduan.
Saioko lehiakide izateak, eta zer jasaten den jakinda, laguntzen al du objektiboa izaten eztabaidan?
Parte hartu izanak askoz objektiboago egiten zaitu; ezagutzen dituzu programaren dinamika, probak, bizikidetza, lehiaketaren zirrikituak… Parte-hartzaile guztiok sentitu ditugu sentsazio horiek, neurri handiagoan edo txikiagoan. Horrek guztiak objektiboago egiten zaitu.
Era berean, zaila izaten da beti asmatzea, eta, hainbeste urteren ostean, hanka-sartze bat edo beste egin dut. Oso modu bizian bizi dut, eta batzuetan ez naiz konturatzen programa jende askok ikusten duela, eta uste dut etxeko egongelan nagoela lagunekin.
Apustu batengatik eman zenuen izena castingean; errepikatuko zenuke?
Behin eta berriz egingo nuke. 12 urte igaro dira, eta atzo balitz bezala gogoratzen naiz. Nire bizitzako esperientziarik onenetakoa. Betirako lagunak egin nituen han.
Zure azken abentura Lasarteko hipodromoko zaldi lasterketen berri ematea da. Gustura zabiltza?
Bai. Bi denboraldi bakarrik daramatzat, eta asko ikasi behar dut oraindik. Proposatu zidatenean izugarri gustatu zitzaidan ideia, baina onartzen dut segurtasun falta pixka bat dudala. Ez nekien mikrofonoa hartu eta hitz egiteko gai izango nintzen, Conquis-eko eztabaidetan egiten dudan bezala. Lehen eguna oso urduri pasatu nuen. Eskuak dardara egiten zidan. Askatuz joan nintzen, eta gero eta erosoago sentitzen naiz. Gainera, zaldiak dira nire pasioa, nire zaletasun osoa. Imanol Arruti ipini zen nirekin harremanetan, eta hari esker beste lan-esparru bat ezagutu dut.
Alderdi horiek guztiak ikusita, Isa Landa abentura-zalea izan da txikitatik?
Bai, abentura-zalea naizela uste dut. Autobuseko gidabaimena atera arte, buelta asko eman nituen. Hara eta hona ibili nintzen. Finkatu nintzen arte, leku askotan bizi izan nintzen etxetik kanpo, eta asko ikasi nuen.
Zer moduz moldatzen zara sare sozialekin?
Gustatzen zaizkit. Gehien, X erabiltzen dut Conquis-eko eztabaidetan. Barre egiten dut iruzkinak irakurtzen eta parte hartzen. Profil batzuek, fisikoki ezagutzen ez baditut ere, urteak daramatzagu elkarri eragiten, eta, azkenean, adiskidetasun birtual bat sortu da, lehiaketa komentatzeko.
Zein izango litzateke zure ametsen bidaia?
Japoniara joatea gustatuko litzaidake. Hango ohiturak, kultura, gastronomia, hizkuntza… Japonia barrutik ezagutu gurako nuke.