Isa Egiguren: “Europak Mediterraneoa hilerri bihurtu du”

Isa Egiguren (Tolosa, 1973). Txantrearturiko tolosarra. Konprometituriko kazetaria. Abuztuan, jatorri senagaldarreko txantrear gazte bat, Moussa Diagne, kanpora ez dezaten kanpaina martxan jarri du, auzolanean. Ekainean eta uztailean, Aita Mari salbamendu itsasontzian izan zen, 34 pertsona erreskatatzen laguntzen. Aliren irribarre ederra eta Omarren begirada tristea gogoan ekarri ditu bueltan. Migratzaileei izen-abizenak eta aurpegia jarri behar zaizkiela dio, hobeki uler bitez haiekin egiten dituzten bidegabekeriak.

Zer moduz?
Oso gustura.

Seguru asko, gauden tokiagatik; non gaude?
Oso gustura gauden tokiagatik eta zurekin nagoelako. Iruñean gaude, baina niretzako oso berezia den leku batean, Txantrean, Felix plazan, Armonia Txantreana peñaren parean.

Peña horretako bazkidea baitzara.

Bai; ez da erraza sartzea, baina zorte handia eduki nuen. Aukera bat sortu zen, eta sartu nintzen. Askotan egoten naiz hemen.

Txantrea langile-auzoaren bihotzean gaude, beraz. Migratzailez josiriko auzoa, baita migratzaileek josirikoa ere.

Auzora etorri ziren lehen pertsonak migratzaileak izan ziren. Haiek eraiki zituzten etxe eder hauek. Modu batean edo bestean, beti migratzaileak egon dira hemen. Migratzaileen auzoa dela esan dezakegu.


Nerea Perez Ibarrola historialari txantrearrak dio industrializazioa bizkortzearekin batera, 50eko eta 60ko hamarkadetan, lehen migratzaile olatua heldu zela Iruñerritik auzora; bigarrena, Nafarroa osotik; hirugarrena, Espainia aldetik; eta laugarrena, Afrikatik eta Amerikatik.

Oso inportantea da hori gogoraraztea. Beti egon izan dira migratzaileak hemen eta beti egongo dira, hemen eta leku guztietan. Hori ezin da gelditu. Auzo honetan ederki ikusten da. Jende berria etorriko da, seguru.

Zu zeu etorkina zara, Gipuzkoatik etorria.

Barrez esan ohi dut ni Tolosakoa naizela, gipuzkoarra, eta, beraz, hemen migratzailea naizela, giputxi esaten didatenean. Banaiz, baina oso egoera onean etorri nintzen: unibertsitatean ikastera, diruarekin, hiri handiago batera. Oso polita izan zen eta horregatik geratu nintzen.

Gazte txantrear bat kanpora ez dezaten kanpaina hasi berri duzue.

Bai, historia errepikatu egiten da. Duela zenbait urte, auzoan jatorri senegaldarreko lagun bat eduki genuen, Cheikhouna [Dieng]. Kale saltzailea zen, tabernetan kamisetak eta halakoak saltzen ezagutu genuen, eta, azkenean, laguntasun harremana sortu zen. Egun batean, Poliziak gelditu zuen, paperak eskatu zizkion eta, azkenean, salaketa jarri zion eta kanporatze mehatxua egin. Orduan, urte erdiz, niretzat historikoa izan zen mobilizazioa lortu genuen, oso handia. Hemengo jendearen bultzada ikaragarria izan zen, mila pertsonak parte hartu zuten manifestaldian. Halako istorioei aurpegia jartzen diezunean, izen-abizenak, pertsona hori zure laguna denean, ikuspegia aldatzen da eta pertsona hori defendatu behar duzula argi ikusten duzu. Kanporatzea gelditzea lortu genuen. Egun, Cheikhouna Arrotxapean bizi da, alboko auzoan, baina askotan etortzen da Txantreara. Lan bat dauka, Senegalera joaten da, tarteka, familia bisitatzera… Oso bizitza normala dauka.

Orain kanporatze mehatxupean dagoena Chikhounaren iloba da.

Bai, Moussa [Diagne]. Historia ia-ia berdina da. Kalean kamisetak eta zapatilak saltzen harrapatu zuten, salaketa aurkeztu zuten eta kanporatze mehatxupean dago. Orain ere kanpaina prestatzen ari gara, mugitzen ari gara, dirua lortzen abokatua lortzeko, seguru asko iritsiko den isuna ordaintzeko. Mugitu nahi dugu jendeak ikus dezan gauzak ez direla aldatu. Jendeari azaldu nahi diogu halako pertsona migratzaileek etortzen direnean zein aukera dauzkaten. Senegaldik, oro har, pateran joaten dira Kanaria uharteetara, hamar eguneko bidaia arriskutsu batean. Asko hiltzen dira hor. Azkenean, hona iristen direnean, hiru urte pasa behar dituzte beren paperak egin ahal izateko. Eta hiru urte horiek igarota ere oso zaila izaten da paperak lortzea, lan-kontratua behar baitute. Baina hiru urte horietan zer egin dezakete jateko, bizitzeko? Badaude laguntza batzuk, baina oso-oso zaila da beraientzat hemen bizitzea.


Esan duzu Administrazioaren eta Poliziaren jarrera ez dela aldatu; eta jendearena aldatu al da?
Cheikhounaren aldeko mugimendua duela zazpi bat urte sortu genuen. Orain, kanpaina honekin hasiberriak gara eta ez dakigu zer gertatuko den, zein izango den erantzuna, duela egun gutxi jakin baikenuen zer gertatzen ari zen Moussarekin. Ez da erraza maila bereko mobilizazioa lortzea; izan ere, Cheikhounarekin gertatu zena oso-oso berezia izan zen. Nik halakorik ez dut inoiz ikusi. Bestalde, momentu honetan gauzak aldatzen ari dira, ez dakit indar bera dagoen. Diskurtso horiek beldur handia sortzen dute jendearengan, eta, agian, jendeak ez du mugitu nahiko lehen bezainbeste.

Txantrear bat kanporatu nahi dute, gure lagun
bat; derrigorrez erantzun behar dugu

Egun, txantrearrak, iruñerritarrak, nafarrak, euskal herritarrak, migratzaileekin abegikorrak gara ala xenofoboak?
Nik beti esaten dut ni gauza askotan arrazista naizela. Hainbatetan harrapatzen dut neure burua halako jarreretan. Motxila handia daukat. Beldur batzuk dauzkat. Denok dauzkagu. Baina, orokorrean, Euskal Herrian jendea nahiko solidarioa dela esango nuke. Denetarik dago, baina Euskal Herrian borroka asko bizi izan ditugu, horiek beti etorri dira langileen eskutik eta hauek ere langileen istorioak dira. Horregatik, bada hor elkartasun bat. Gazan gertatzen ari denaren aurrean Nafarroa nola mugitzen ari den izugarria da.

Gure gainean, peñaren egoitzako balkoian, Palestinako bandera daukagu.
Halako bandera asko ikusten dira langile-auzoetan. Borroka handienak hemen daude. Langileak halakoen aurrean asko mugitzen dira.

Erantzuna gustatu zait: solidarioak gara, baina oraindik arrazista: gauza asko desikasi behar ditugu.

Moussarekin, adibidez, jendeak askotan esaten dit: “Ze pertsona onak zareten, zein ederra halako kanpaina bat egitea”. Ez gara pertsona onak. Hemen gakoa ez da hori. Onkeria hori ez zait gustatzen. Errealitatea zein den ikusi behar da: Gure laguna da, eta gure lagunaren alde mugitu behar dugu. Pertsona guztien eskubideak ere hor daude eta horien alde borrokatu behar da. Kezkatzen nau ezkerreko zenbait jende ere hasi dela esaten: “Bai, baina hemen ez gara denok sartzen, zer egingo dugu horrenbeste jenderekin?”. Ezkerreko jende asko diskurtso nahiko kezkagarriak barneratzen ari da. Beldurraren diskurtso hori zabaltzen ari da: “Kanpotik datozen horiek lana kenduko dizute”. Pentsatu zer lan egiten dituzten: adineko jendea zaintzen dute, landa eremuko lan gogorrak… Mediku lanik ez dute egiten.

Baina ongi letorkiguke, mediku eskasia dugu eta.
Bai.

“Migratzaileak hainbeste maite badituzu, sar itzazu zure etxean”, esan ohi dute. Auzo honetan bada migranteak bere etxean hartzen duen jendea.

Bai, nik ere ezagutzen dut pertsona hori. Ikaragarria da. Hor ikusten duzu jendeak zer-nolako eskuzabaltasuna duen. Baina hori, berez, Administrazioak egin behar du. Nazioartean ere ezagutu dira horrelako kasuak. Lesbosen, Grezian, 2015ean Siriako eta Afganistango errefuxiatuak iristen hasi zirenean, uharteko jendeak etxean hartu zituen, ateak ireki zizkien. Gero, Grezia krisi ekonomian sartu zen, ez zeukaten dirurik deuserako, eta gauzak aldatu ziren. Baina lehen urteetan ikaragarria izan zen.

Zuri nondik datorkizu halako sentsibilitatea, enpatia, migratzaileekiko?

Ez dakit. Gogoan dut unibertsitatean nengoenean, Jugoslavian zer gertatzen ari zen ikusten nuenean, jendetza haien herrietatik alde egiten-eta, gogoan dut pentsatzen nuela: “Baina nola da posible gobernuek ezer ez egitea pertsona horien alde?”. Hor zerbait piztu zitzaidan. Lehenago, bi telebista kate besterik ez genuenean, gogoan dut Informe semanal saioan Afrikako goseteen irudiak ikusten genituela, goseak tripa hanpatutako haur txiki haiek, eta hori ere oso gogorra egiten zitzaidala. Jugoslaviako irudiak ikusita, pentsatzen nuen: “Egunen batean, geure buruari galdetuko diogu zergatik ez genuen ezer egin”. Eta orain Gazan gertatzen ari denaren aurrean gauza bera pentsatzen dut: “Baina zergatik ez dute gobernuek ezer egiten?”. Gainera, orain sare sozialak dauzkagu eta etengabe, minutuero, ikusten dugu zer egiten ari diren. Eta, bitartean, gure gobernuak ez dira ezer egiten ari, baina posible da zerbait egitea.

Aita Mari itsasontziarekin erreskate lanak egitetik itzuli berria zara.
Hilabete eman dut, ekain erdia eta uztail erdia. Ez zegoen planeatuta, baina joan behar zuen kazetariak azken momentuak arazo bat izan zuen, joatea proposatu zidaten eta, beldur handiarekin bada ere, joatea erabaki nuen.

Joan aurretik prestakuntza egin behar izan zenuten.
Pasai Donibanen bi aste inguru eman genituen, bai. Harrigarria da zenbat entrenatu behar den erreskateak egin ahal izateko. Aita Mari bera ez da hurbiltzen pateretara. Badauzkate beste bi zodiak txalupa, Donostia eta Neska deitzen direnak. Gauza asko ikasi, entrenatu behar dira: nola hurbildu paterara, nola jaitsi behar diren pateratik, nola igo behar duten zodiakera… Errefuxiatuak oso urduri egoten dira, paterak jendez bete-beteta egoten dira eta edozein gauza txikirekin iraul daitezke. Patera nolakoa den ere ikusi behar da: egurrezkoa den, plastikozkoa… Horren arabera, albo batetik edo atzetik hurbiltzea komeni da. Motorrak kendu behar zaizkie. Hori guztia egiteko haiekin hitz egin behar da. Horretarako, Aita Mari-n badugu gizon senegaldar bat lan izugarria eta oso polita egiten duena. Haiekin hitz egiten du, lasaitu egiten ditu… Tentsio handia izaten da, baina oso lan polita egiten du.

Zenbat pertsona erreskatatu dituzue?

Hogeita hamalau. Erreskate bakarra egin genuen, Italiak ez duelako uzten bat baino gehiago egiten. Aita Mari-n bada 150 pertsonarentzako tokia. Pena da erreskate bakarra egin ahal izatea.

Zenbakiak oso hotzak dira. Arestian esan duzu izena eta aurpegia jarri behar zaizkiela.
Bost egun eman genituen haiekin, 24 orduz, itsasontzi txiki horretan. Denbora eduki genuen haien istorioak entzuteko. Bazen Ali izeneko mutiko bat, 19 urtekoa. Lehen egunean dena nahiko estresagarria da, eroa. Bazkari guztiak prestatu behar dira… Bigarren egunean konturatu nintzen Ali han zela, izkina batean, bakarrik. Gerturatu nintzen, eta hurrengo egunak harekin oso politak izan ziren. Beti zegoen irribarretsu. Nigeriarra zen. Boko Haram taldeko terroristak haren bila joan ziren. Alik zioen Nigerian bertan jendeak ez dakiela zer gertatzen den haiekin, Iparraldean bakarrik. Halako batean, Boko Harameko kideak haien etxera joan ziren, eta hilko zituztela esan zieten hari eta haren anaiari. Eskapu egin zuten, eta lau urteko bidaia egin zuten. 15 urterekin atera zen Nigeriatik. Hark zioen ezin nuela imajinatu ere egin zer ikusi duen lau urteko bidaia hartan. Libian preso hartu zituzten eta torturak jasan zituen. Hori oso ohikoa da. Hark kartzelatik ihes egitea lortu zuen, baina anaia han gelditu zen. Orduan, hura, batetik, pozik zegoen bizitza salbatzea lortu zuelako, baina, bestetik, triste, anaia Libian gelditu zelako. Bazen 15 urteko beste mutiko bat, Omar. Kontatu zigun gurasoekin istripu bat eduki zuela eta bakarrik geratu zela. Zeramika-fabrika batean egiten zuen lan. Bakar-bakarrik eta oso gaizki zegoenez, Europara alde egitea erabaki zuela, bizitza hobe baten bila. Sekulako beldurra zuen eta oso-oso begirada tristea zeukan. “Mundu honetan bakarrik nago; orain Europan zer edukiko dut? Familia bat edukiko al dut?”. Hark uste zuen agian adopzioan hartuko zutela. Ezin genuen gurasoarena egin, baina mutiko hura bereziki babesten saiatu ginen. Dena dela, denekin izan genuen oso harreman berezia. Argazki pilo bat erakutsi zizkiguten. Siriatik zetozenen kasuan, eta gehienak Siriatik zetozen, ikusten zenuen gure bizitzen oso antzekoak zituztela: Instagram kontuak, jatetxeak, jantziak…

Euskal Herrian migratzaileekin solidarioak gara,
baina nik neuk arrazakeria sumatzen dut nigan

Libian Alik pairaturiko torturak aipatu dituzu. Erreskatea egiteko tenorean, hain justu, Libiako mafiekin arazoak eduki zenituzten, ezta?
Gauza jakina da hor, batetik, Libiako mafiak daudela eta, bestetik, Libiako kostazainak, eta apenas dagoela desberdintasunik batzuen eta besteen artean. Italiak, Europaren babesarekin, ordaindu egiten die egiten dutena egin dezaten. Europak hor jokatzen duen rol horretan pentsatu behar dugu.

Zer da egiten duten hori? Tortura, bahiketak?

Bai, hori da. Eta emakumeak bortxatu egiten dituzte. Aita Mari-n bazegoen emakume bat haurdun, zazpi hilabetekoa. Beste pertsona batzuek kontatu ziguten emakume hori eta beste zenbait etxe batean zeudela, zain, txalupa hartzeko, eta gauetan emakume guztiak bortxatzen zituztela. Haurdun zegoena oso emakume gaztea zen eta, seguru aski, ez zekien nor zen bere haurraren aita. Oso istorio gogorrak dira. Mafiak hor erdian daude.

Zer gertatu zen erreskatean?
Goizaleko hirurak ziren eta halako batean patera batekin egin genuen topo. Ez da batere ohikoa. Normalean, dei bat jasotzen duzu. Baina honako honetan hala suertatu zen, bat-batean ikusi genuen patera aurrez aurre. Dena prestatzen hasi ginen, tentsio handiz, oso une bereziak baitira. Baina entrenamenduei esker denok genekien zer egin. Foku bat genuen, eta fokuari esker txalupa txikia ikusi genuen, eta barruan jendea oihuka, laguntza eskatzen. Baina handik segundo batera, beste hiru txalupa ikusi genituen. Libiarrak zirela argi genuen. Gero, esan ziguten bi mafienak zirela eta bestea kostazainena. Guretzako berdinak ziren hirurak. Tentsio ikaragarria izan zen. Gure kapitainak esan zien gu lehenak izan ginela iristen eta guk erreskatatuko genituela. Azkenean, amore eman zuten eta aurrera egiten utzi ziguten. Maskarak eta metrailetak zeuzkaten. Oso zaila da europar batzuei ezer egitea, baina gu han izan ez bagina ez dakigu zer egingo zieten errefuxiatuei. Gauza jakina baita askotan tiro egiten dietela.

Maiz esaten da Italiako eskuin muturreko gobernuak ordaintzen diola Libiari halakoak egin ditzan; Europako Batasunak zer egiten du horren aitzinean?
Hau ez da Italiak bere kaxa egiten duen zerbait. Italia Europako gobernuetako bat da eta Europak babestu egiten du. Espainiaren migrazioaren gaineko politikak ere eskuin muturreko politikak dira niretzat. Italiako gobernua gai honetan oso-oso gogorra da: erreskate bakarra egin dezakezu eta erreskate hori egin bezain pronto portu bat eskatu behar duzu. Nazioarteko legeriak dio gertueneko portua eman behar dizutela, baina urrunena ematen dizute. Guri, adibidez, geunden tokitik bost egunera zegoen kai batera joateko esan ziguten. Gainera, isunak jartzen dizkizute. Adibidez, Louise Michel ontziak erreskate bat egin zuen eta Siziliako portura bidali zuten. Portu hori oso ongi dago, eta hurbil, baina, eguraldi txarra zegoenez, azkenean, Lampedusara joan ziren. Isuna jarri zieten eta itsasontzia hogei egunez geldi edukitzera zigortu zuten. Oso zaila da erreskate-lanak egitea Italian.

Gainera, gizaki trafikoan aritzea egozten dizuete.

Hori okerrena da. Gure kasuan, adibidez, libiarren hiru txalupekin tentsio une horiek izan zirenean, amore eman zutenean, libiarren txalupetako batetik eskuarekin aurrera egiteko keinua egin ziguten. Bideoan grabatu nuen eta sareetan jarri nuen. Eskuin muturreko egunkari batek irudi horiek hartu zituen eta esan zuen eskuaren keinu horrek frogatzen zuela Aita Mari gizaki trafikoan aritzen dela. Hori auzitegietara iritsiko balitz eta egiatzat onartuko balute, Aita Mari-ren kapitainak 20 urteko espetxe-zigorra paira lezake. Oso lan zaila da.

Itsas Salbamendu Humanitarioaren webgunean zuen aldarrikapenak irakur daitezke: itsasoan erreskatatua izateko eskubidea, laguntza humanitarioa jasotzeko eskubidea, Europarako bidean ez hiltzeko eskubidea… Gezurra dirudi halakoak ez betetzea eta aldarrikatu behar izatea.

Gure aldarrikapenik inportanteena da gobernuek egin beharko luketela erreskate-lan hau. Egiten ez dutenez, Aita Mari-k eta beste hamabost itsasontzi inguruk lan hori egiten dute, baina haiek egin beharko lukete; ardura hori gobernuena da. Itsasontzi hauek desagertu egin beharko lukete. Eta oinarrizkoena migratzeko eskubidea da. Migratzailea diruduna bada ez zaigu axola, baina pobrea bada bai.

Zuek erreskate-lanetan ari zineten bitartean, aberats batzuk galdu ziren Italiako kostaldetik hurbil eta Italiako gobernuak bitarteko andana jarri zuen haiek erreskatatzeko.

Hori oso ongi dago, asko pozten niaz, baina egun horietan berberetan Tunisiatik eta Libiatik patera pilo bat atera ziren eta haietan zihoazen asko ur haietan ito ziren. Jende asko hiltzen da han. Mediterraneoa hilerri bat da.

Izan ere, hasiera batean, larrialdi humanitarioa esamoldeak behin-behineko egoera bat izendatzeko balio zuen, baina errefuxiatuentzat larrialdi humanitarioa egiturazko bihurtu da, 2017an Europako Batasunak eta Turkiak akordioa sinatu zutenetik.

Europak erabaki duena da Turkiari, Libiari, Marokori eta Tunisiari ordaintzea lan zikina egin dezaten. Milioiak eta milioiak ematen dizkiete, migratzaileei hel diezaieten, Europara hel ez daitezen. Hori da egiten ari garen politika. Pedro Sanchezek Mauritaniara bisita egin berri du hori bera egiteko. Gainera, deportazioak aipatzen hasi da, eta hori legearen aurkakoa da. Ez du aipatu zer egiten dugun guk Afrikan. Senegalen, adibidez, Espainiako [eta Euskal Herriko] arrantzontziak joaten dira, dena txikitzen dute, eta hango arrantzale tradizionalak bizibiderik gabe uzten dituzte. Arrantzale-txalupa horiek orain Kanaria uharteetara joateko erabiltzen ari dira. Ez ditugu hemen nahi, baina gu Senegalera joaten gara eta arrain guztiak kentzen dizkiegu. Agian, guk gogoeta bat egin behar dugu. Sanchezek, batez ere.

2017an sinatu zuten Europako Batasunak eta Turkiak akordioa, 2015ean Grezian, Kiosen, abiaturiko errefuxiatuen krisiaren kontura. Han ere izana zara.
Birritan izan nintzen Kiosen, han ere Itsas Salbamendu Humanitarioarekin. Duela hiru urte, palestinar asko ikusi nituen han. Horrek esan nahi du Gazan gertatzen ari dena ez dela berria. Badakit gazatarrak orain Lesbosera iristen ari direla, pilo bat eta oso gazteak. Halako kanpamenduetan bizi baldintzak zeintzuk diren azaltzea oso zaila da. Etxola batzuetan daude, baina etxola horiek ez daukate ezer. Mendi batean galduta daude, uharteko jendeak ikus ez ditzan. Hilabeteak edo urteak ematen dituzte han. Gero, bat-batean, Atenasera eramaten dituzte asko, baina han kale gorrian uzten dituzte. 14 urteko haur pilo bat zegoen. Horrek atentzioa eman zidan. Hor zure semearen adinkide bat ikusten duzunean, eta haiek bizi izandako istorioak ezagutzen dituzunean, oso-oso gogorra egiten zaizu. Greziak orain deportazio ilegalak egiten ditu Turkiara. Europak badaki, eta hori babestu egiten du. Kiosen eta Turkiaren artean hamaika kilometro daude, besterik ez. Kiostik Turkia ikusten duzu. Greziako kostazainek bidean harrapatu eta Turkiako uretara bueltatzen dituzte. Europak ordaintzen dien diruaren truke, Turkiako kostazainek Turkiara bueltan eramaten dituzte. Kiosera iristea lortzen badute, eta errefuxiatu kanpamentuan sartzen badituzte, han ematen dieten janaria ezin da jan…

Zaporeak gobernuz kanpoko erakundeak alimaleko lana egiten du han.
Lan izugarria egiten dute, kanpamenduetan janariarekin mafia bat baitago. Greziako presidentearen senide baten enpresa arduratzen da, eta janari zikin eta onartezina ematen die. Zaporeak elkarteak lan izugarria egiten du.

Kiostik edo Aita Mari-tik Euskal Herrira bueltatuta, zer moduz deskonpresioa?
Buelta beti gogorra izaten da. Ikusten duzuna buruan geratzen zaizu. Aurretik gauza asko imajina ditzakezu, baina han zaudenean sentsazioak barruan pilo bat mugitzen dira. Horregatik, lehen asteetan oso arraro sentitzen naiz. Bat-batean, negarrez hasten naiz, zergatik ari naizen oso argi eduki gabe. Gero, badaukat behar handia lagunekin egoteko, familiarekin. Oso arraroa izaten da, baina gero pasatu egiten da eta berriro bizitza normala egiten hasten zara, nahiz eta buruan beti bueltaka duzun zer egin dezakezun haien alde.