Irune Bengoetxea eta Maialen Ariz: “Zementuzko patioak desegin eta naturak espazio handiagoa hartzeak onurak dakartza haurrarengan, emozionalki zein fisikoki”

Irune Bengoetxea (Iruñea, 1998) eta Maialen Ariz (Iruñea 1996) pedagogoa eta arkitektoa dira, hurrenez hurren. Iruñean, ikastetxeetako patioak eta, oro har, hiriko zenbait eremu birnaturalizatzeko prozesuan buru belarri ari dira beste hainbat sail eta alorrekin batera, elkarlanean. Iruñeko San Jorge ikastetxe publikoko patioan mintzatu gara haiekin.

MAIALEN HUARTE: Maialen eta Irune, arratsalde on.

IRUNE BENGOETXEA eta MAIALEN ARIZ: Arratsalde on.

Arkitektoa eta pedagogoa. Ikastetxe honetako patioan bildu gara, izan ere, gero eta espazio gehiago ikusten ari gara berdegune gehiagorekin, berrantolatuta… zergatik?

M.A.: Gaur patio batean gaude, baina hiri osoan zehar sustatzen ari den ekintza baten inguruan mintza gaitezke. Orain arte, hirigintzak ahaztua izan du espazio berdeak hirian txertatzearena. Patioak aukera bat dira, hori abian jartzeko.

Izan duzue oinarriren bat hau guztia diseinatzeko garaian? Bada herrialderen bat edo txokoren bat halako prozesua egiten ari dena?

M.A.: Iruñean, bada denbora bat patioak birnaturalizatzearen ekimena martxan jarri zela. Egia da urtebete dela serioski gaiari heldu eta prozesuan barneratu ginela. Bartzelonara begiratu genuen: ikastetxe askotako kanpoko parteak ari ziren berrantolatzen, eta bazekiten antolaketa hori zein parametrorekin egin.

Prozesua luzea da, hari mutur asko ditu, alor asko hartzen ditu… Zein kezkatatik abiatuta hasi zenuten?

M.A.: Hiri osoan jarri genuen begirada, baina, batez ere, patioek kezkatzen gintuzten, zor bat badelako haurrekin. Txikiak egunero daude hemen, eta haiei natura gerturatzeko zor eta aukera bat bezala ikusi genuen.

Arkitekturaren aldetik eta pedagogikoki mintzatuko gara gaur, batez ere, baina esan dugu ikuspegi askotatik ari zaretela prozesua egiten.

M.A.: Birnaturalizazio Mahaia sortu genuen eta hor batu gara arkitektoak, pedagogoak, parte hartze arloa… Patioak nolakoak izan behar diren aztertzen hasi ginen ikuspegi desberdinetatik. Ez hori bakarrik, baita prozesua bera nolakoa izan behar zen ere. Hezkuntza komunitatearekin egin beharrekoa da: ikasleekin, gurasoekin, irakasleekin… Landu eta proiektu pedagogikoaren nolakotasuna zehaztu.

Zenbateraino hartu da kontuan haurraren ikuspegia?

I.B.: Asko ikasten ari gara, eta gero eta gehiago ari gara kontuan hartzen haiek esandakoak. Zailtasunak ere baditugu; kosta egiten zaigu, nahiz eta jakin asko daukatela esateko. Gure buruan oso barneratuta dugu patioa zementuzko xafla bat dela eta futbolean edo saskibaloian jokatzeko dela, eta haiei ere asko kostatzen zaie imajinatzea nola nahiko luketen patioa. Haien espazio perfektua nolakoa izanen litzatekeen galdetzen hasi gintzaizkien. Haiekin gero eta hartu-eman gehiago ditugu, gero eta gehiago ikasten ari gara eta teknikak gero eta hobe lantzen.  

“Neskak lekua irabazten ari dira, patioen birnaturalizazio prozesuei esker; futbola erdigune izanda, alboratuta egon dira, zokoratuta”

Aldaketa ikusten da fisikoa dela, baina pedagogikoa ere bada.

I.B.: Eskola guztiz aldatzen da, bai. Eraikin-patio binarismoarekin amaitzea da ardatzetako bat. Hau da, eraikinaren barruan gertatzen dena hezkuntza dela eta patioan gertatzen dena aisialdia dela uste izatearekin amaitzea. Gure filosofia da ulertzea hezkuntza dena dela, bi espazioak direla bat. Eskola kanpora ateratzea da helburua, hezkuntzan eta garapenean txertatzeko. Guztiz aldatzen da eskola egiteko modua.

Ez dakit zuen garaian ere hala ote zen; nirean, espaziorik handiena futbol zelaiak, zementuzkoak, hartzen zuen ikastetxeko patioan. Gaur egun oraindik halako asko daude eta prozesu hau ere hori aldatzera dator.

M.A.: Ikastetxeen diseinuan eraikina nolakoa izanen zen pentsatzea izaten zen ia lan bakarra. Kanpo espazioak galdera ikur gisara uzten zituzten. Eta, hortaz, kaleko espazio horietarako diseinatzen ziren gune bakarrak futbolean jokatzeko edo saskibaloian aritzeko ziren. Beste egoteko edo jolasteko moduetan ez zen pentsatu ere egiten. Ikasteko eta irakasteko moduak garatzeko espazioak zirela ez zen aztertu ere egin.

Zein irizpide hartu dituzue, orain, kontuan patioen berrantolaketan?

M.A.: Patio bakoitza desberdina da, ingurunearen, tamainaren edo azpiegituraren arabera. Horietako batzuetan zuhaitzak daude, besteetan perimetroetan besterik ez… Horregatik, ikastetxe bakoitzeko hezkuntza komunitatearekin biltzen gara, haiekin aztertzen dugu nola aritzen diren patioan. Hortik abiatuta, haiekin proiektu bat garatzen saiatzen gara, eremu berdeak, zoru iragazkorrak… erabiliz. Estrategia hori finkatuta, patioan gune desberdinak diseinatzen saiatzen gara, askotariko gauzak gerta daitezen; aberastasuna sustatzea da.

Landareei, loreei kendu zaien espazioa itzultzen ari zarete.

M.A.: Hori da helburua; itzultzeko lehen pausoa da. Naturak bere ekosistema berreskuratzeko aukerak sortzen ditugu lehenbizi. Gero, ekosistema garatuko da, eta gerta daiteke landare batzuek irautea eta beste batzuek ez. Natura patiora ekartzen dugu, beste jolasteko eta ikasteko eremu batzuk sustatzeko, eta ikuspegi klimatikotik ere onuragarriagoa izateko.

Zer nolako jolasteko moduak sor daitezke?

I.B.: Denetarik. Patioa mundu berri bat da, kontuan izanda orain arte zementuzko xafla bat izan dela. Askotan, ikastetxeetara hurbiltzen garenean, esaten digute ez dakitela zer egin; ikasleek, gurasoek eta irakasleek esaten digute hori, ez dagoelako deus. Prozesua garatuta, bat-batean, agertzen zaizkie aukerak: zuhaitzak, belarra, egurrezko azpiegiturak… eta haientzat mundu berri bat da. Mugitu daitezke gora eta behera, bota dezakete euren burua, saltoka ibili, txoriak entzun, xomorroak ikusi… nahi dutena egin dezakete. Guk argi ikusten duguna da ez dutela azpiegitura askorik behar, naturarekin aukera berri asko sortzen zaizkielako.

“Eskuak lurrez zikinduta itzultzen dira ikasgelara, eta zer? Esperimentazioa eta naturarekin harreman zuzena sustatzen ari gara

Garai bateko patioak gehiago ziren espazio gidatuak eta orain jolas libre gehiago izateko aukera dute?

I.B.: Bai, noski. Azkenean, patioan, futbolean aritzeko edo saskibaloian jokatzeko aukerak baino ez badaude, badakite aukera horiek baino ez dituztela. Emakumeok hori ere jasan dugu; neska askorentzat ez zen aukera bat partidetan sartzea. Hori lekualdatzen badugu eta ez erdialdean jarri, espazioa ere emanen zaio emakumeari. Futbola deszentralizatu. Aukera berriak ematen ari gara, belarrarekin, zuhaitzekin eta estimuluekin. Hortik sortzen dira jolas berriak eta esperimentazioa.

Landarez osatutako iglua… zer nolako materialak erabili dira?

I.B.: Material iragazkorrak, ura pasatzen uzten dutenak. Jolasteko aukera berriak eta irudimena sustatzeaz gainera, aldaketa klimatikoaren kontra lan egiteko aukera ematen dute. Ura pasatzen uzten duten materialak dira eta uraren kudeaketa errazteko sortuak. Manipulatzeko aukera ematen dute gehienek: areak, harrixkek, zuhaitzen azal zatiek,  eremu berdeek… Horiek guztiek bi onura dituzte: pedagogikoa eta aldaketa klimatikoaren kontrakoa.

Baratze txikiak ere sustatzen ari dira.

I.B.: Iruñeko eskola askotan ari dira lanketa horretan, bai. Haurrek ikusi dezakete nola funtzionatzen duten. Dena dela, orturik gabe ere, espazio hauek eskaintzen dute aukera naturaren zikloak ezagutu ditzaten: guk ez dugu deus ureztatzen, ez belardiak, ez zuhaitzak. Ikastetxe batzuetan gertatu da, uda pasata, larritzen direla belarra hori kolorez ikusten dutenean; badirudi hilda dagoela. Hori da ez dugulako ohiturarik belarraren ziklo naturala ikusteko. Aukera ematen die horrek benetako zikloa ezagutzeko.

Zergatik da ona naturarekin harreman zuzena izatea?

I.B.: Jolasean ikusten ditugularik, atzeman daiteke, psikomotrizitatean, hasteko: motrizitate lodia zein fina lantzen dute, korrika egin, salto egin… edo manipulatzen ari direnean. Garapen kognitiboan ere badaude onurak: esperimentazioa, frogak, ikusteko aukera… garapen sentsoriala, autonomia, emozioena… dena ikusten da kanpotik.

Eta bizia den naturarekin ari dira harremanetan.

I.B.: Edozein gauza aurki dezakete patio hauetan. Txoriak baldin badaude, haien kantua entzunen dute. Hori bakarrik bada estimulu bat.  

“Hirietako arnasgune izan daitezke birnaturalizatutako patioak; bero sapatik libratuko gaituzten espazioak

Hezkidetza, inklusioa edo jasangarritasuna ere lantzen dituzue.

I.B.: Hezkidetza ikus daiteke futbola erdigunetik kenduta. Horretara jolasten ez ziren haurrek espazioa irabazi dute, neskak, gehienak. Horretaz gain, inklusiboagoa da, horrelako patio batean edozein haurrek duelako lekua; askotan ikusi dugu haur hezkuntzakoek eta lehen hezkuntzakoek konpartitzen dutela patioa. Baina agerikoa da txikienak bazter batean geratzen direla; ikusten dute handiek hartzen dutela espazioa. Badira orain zonalde lasaiagoak edo aktiboagoak, askotariko beharrak asetzeko.

Patioetan bai, baina hirigunetan ere nabaritzen da horrelako espazioak sortzean, zuhaitzez inguratutako txokoek mantentzen dutela eremua freskoago. Arnasguneak dira.

M.A.: Horren inguruan ere asko hitz egin genezake. Ikerketa askok diote zergatik diren beharrezkoak horrelako espazioak. Enpirikoki, denok sumatu dugu. Askoz erakargarriagoa da parke batean arratsaldea pasatzea, zementuz betetako plaza gogor batean baino. Ezin dugu ahaztu txikiek denbora asko pasatzen dutela halakoetan. Orain arte, espazio horiek fisikoki oso gogorrak ziren: itzalik gabe, deserosoak.. hori moldatzea da helburua. Guztiok bizi izan dugu plaza batean zuhaitz baten bila aritzearena.

Kutsaduraren aurka egiteko ere baliagarriak dira.

M.A.: Bai. Ikuspuntu bat ere bada pentsatzea Iruñean, adibidez, 24 ikastetxe publikotan ari garela lanketa egiten. Hiriaren barruan topa ditzakegun arnasguneak dira. Aldaketa klimatikoari dagokionez ere, aukera dago patioetan obrak eginez, auzo guztietan gune berdeak sortzeko eta bero irla horiek saihesteko. Behar bat ere badago.

Aldaketa handia sortzen da haurrarengan espazio aldaketarekin?

I.B.: Hezkuntza komunitatea osatzen dutenekin asko hitz egiten ari gara. Haiek nabaritzen duten lehen onura da askoz ere erlaxatuagoak ateratzen direla kalera. Horrek zer esan nahi du? Bada, askoz ere istilu gutxiago sortzen direla patioan. Lasaiago jolasten direla, kanpoan egiten dituzten esperimentazioak eta jolasak alde positibotik sortuak direlako. Garapenerako onurak ere hortik datoz, lasaitasunetik, konfiantzatik eta ongizatetik.

Zenbat patio aldatu dira hemen, Iruñean?

M.A.: Zazpi. Aurten beste bi moldatzeko aurreikuspena ere bada.

Etorkizunari begira, iruditzen zaizue hori dela bidea, ez bakarrik patioetan baizik eta hirietan ere?

M.A.: Bai. Espazio bakoitzak bere beharrak eta aukerak ditu. Ikusi behar da horrelako esku-hartzeak non egin daitezkeen. Patioak aukera espazioak dira, zor bat ere bazelako. Ildo horri eutsi behar zaio.

Haurraren ikuspuntutik hiriari begira jarrita, hiriak ez daude batere prest haur bat hartzeko.

I.B.: Orokorrean, hiriak produktibitatearekin erlazionatutako parametroetan daude diseinatuta, ez zaintzarekin edo haurrekin zein adineko jendearekin pentsatuta. Hiri gisa zor asko daude. Gutxinaka, hiria ikusteko modua aldatzen ari da, eta jarraitu beharreko ildoa da perspektiba guztiak kontuan hartuko dituena. Horrela eginez gero, denontzako izanen da onuragarria.

“Hezkuntza dena da, eskola eraikina eta patioa, bi espazioak bat dira

Erronka ez da makala. Zer nolako mezu positiborekin amaitu dezakegu elkarrizketa?

I.B.: Guk konpromisoa dugu, benetan sinesten dugulako egiten dugun horretan. Pasa den astean, birnaturalizatutako patioen ikastetxe komunitatearekin elkartu ginen; haien sentsazioa ona da. Benetan nahi dute bide horretan segitu. Haiek dira egunero patioa bizitzen dutenak eta pozten dira prozesua egin izanaz.

M.A.: Oso prozesu polit eta itxaropentsuak dira. Ikusten dugu espazioaren erabilera desberdina dela, eta polita da hori ikustea. Sarea ere sortu da. Ikastetxe desberdinak haien artean harremanetan jarri dira, patioez eta hezkuntzaz hitz egiteko. Duela urtebete atera genuen patioen eraldaketarako aukera, eta bostek eman zuten izena. Sumatzen da badela gogoa.

Modu positiboan bukatu nahi nuen, baina orain otu zait: izan duzue kontrako iritzirik? Adibidez, gurasorik esan dizuenik: “Jo, eske patio berri hauetan goitik behera zikintzen dira haurrak”.

I.B.: Bai, denetarik dago, eta, batez ere, sumatzen duguna da badela beldurra aldaketari, oso aldaketa handia delako, besteak beste; zementua ikustera ohituta gaude. Erori daiteke eta min hartuko du. Bai, zementuan ere min hartzen du. Haurrak modu batera edo bestera eroriko dira.

M.A.: Beldurra da hitz gakoa. Kritikak aldaketak gertatu baino lehen iristen dira gehienetan. Gero, beldurrak desagertu egiten dira. Badaude aldaketen alde ez daudenak, baina gehienetan beldurra dago horren atzean.

Ze beste kontrako iritzi jaso duzue?

M.A.: Mina hartzea, zikinkeria eta prozesua bera, deserosoa dela. Obrak ez dira atseginak.

Lurrez zikintzen den haurra, ez ote da ongi pasa duen haurra?

I.B.: Bai, guretzat bai.