Irene Caminos: “Triala ez da jendeak uste duen bezain arriskutsua”

Irene Caminos gehiago ibiltzen da bizikletan oinez baino. Beharko ibili, triala egiten duelako: eserlekurik gabeko bizikleta bereziarekin oztopoak gainditzea bereizgarritzat duen kirol hori. Munduko txapeldun izana da taldeka, eta bi gurpilekin lotuta badu amets bat: Dakar Rallya egitea egunen batean.

AITOR MANTEROLA: Trialean aritzen zara. Bizikleta berezia, oztopoz beteriko zirkuituak… Kontatuko zein diren kirol honen ezaugarriak?

IRENE CAMINOS: Trialeko bizikleta da gure laneko tresna, eta berezia da, ez baitu eserlekurik. Gurpilak ere ohikoak baino txikiagoak dauzka. Balaztak oso garrantzitsuak dira gu ez erortzeko, oztopoz oztopoz joaten garelako. Atzeko gurpila aurrekoa baino lodiagoa da, denbora gehiago igarotzen dugulako atzekoaren gainean.

Ez da oso kirol ezaguna Euskal Herrian, ezta?

Ez. Pixkana ari da ezagunago egiten, baina oso kirol txikia da. Gero eta jende gehiago ari da gure kirola probatzen, eta ea denon artean handiago bihurtzen dugun.

Nola hasi zinen trialean?

13 urterekin ekin nion [21 dauzka orain], eta berandu samar dela onartu behar dut. Aurretik, surfean eta futbolean ere ibili nintzen. Bartzelonako lagun batzuk etorri ziren Hondarribira proba batzuk egitera, eta, urtero bezala, haiek ikustera joan nintzen. Urte hartan esan nion aitari: “Hori nahi dut egin”. Ez nekien zer zen ere. Bartzelonakoek bizikleta bat ekarri zidaten, eta nire kasa hasi nintzen Tolosan.

Aitak eta etxeko gainontzekoek zer esan zizuten triala egin nahi zenuela entzun zizutenean?

Uste izan zuten berehala ahaztuko zitzaidala, aspertu egingo nintzela, baina hemen segitzen dut. Aitari egunero esaten nion: “Goazen entrenatzera”. Eta aitak: “Gaur ere bai?”. Motorreko kirolak egin zituen, eta Dakar rallya ere egina dauka. Beti esaten dit ez dakiela nondik datorkidan trialeko zaletasuna. Bi gurpil ditu honek ere, eta, agian, hortik izango dut gogoa. Odolean daramat, azkenean [barrezka].

Triala ez da bizikleta hartu eta errepidean kilometroak egitea bezala, leku bereziak behar dira-eta entrenatzeko. Nola moldatu zinen hasieran?

Ez nekien zer zen ere, eta Tolosako kaleetan barrena ibiltzen nintzen, bankuetan gora eta behera. Tolosako lagun bat eta biok batera hasi ginen, eta gero ezagutu genuen Unai Iraola, trialean zebilen bat. Eskola sortu genuen ondoren, eta, azkenik, Udalarekin elkarlanean, trialeko parkea eraiki genuen, kiroldegiaren ondoan.

Bankuetan gora eta behera ikusten zintuztenean, harritu egingo zen jendea, ezta?

Bai. Gauza arraroak egiten nituen, baina jendea ohitzen joan zen. Batzuek gogoratzen didate nola ibiltzen nintzen.

Gizarteko ohitura eta jarrera moldearen aurka aritzen zinen zu, nolabait esateko.

Bai. Behin galdetu zidaten ea ez zen oso arriskutsua egiten ari nintzena.

Autodidakta izan zara ia erabat.

Bai. Bakarrik hasi nintzen, eta gogoa neukanez ikasteko, ordu asko sartu nituen, eta gauzak ateratzen joan ziren.

Esperimentu eta proba asko egitea ezinbestekoa izango da, ezta?

Txapelketetara joaten hasi nintzen; bakarrik hasieran, eta gero, Jon Areitiorekin batera hasi nintzen ibiltzen. Gauza arraroak egitea zen kontua, edozein lekutara igotzea. Gero, teknika lantzen hasi nintzen.

Zer behar da kirol honetan ondo ibiltzeko?

Gogoa, lehenik eta behin. Pazientzia ere asko behar da, ez baita beste edozein kirol bezalakoa. Ordu asko pasa behar dituzu bizikleta gainean, gehienbat hasieran, gauzak ez zaizkizulako nahi bezala berehala ateratzen. Oreka, teknika eta indarra ere behar dira.

Nola lantzen duzu prestakuntza?

Denetarik egiten dut. Bi entrenatzaile dauzkat. Gijongoarekin bizikletako kontuak lantzen ditut eta Granadakoarekin arlo fisikoa. Urtean pare bat aldiz Granadara joaten naiz han entrenatzera, eta Gijonen uda igarotzen dut. Tolosa-Gijon-Granada, hor ibiltzen naiz. Uda sakrifikatzea ez da gozoa izaten, lagunak-eta hemen utzi beharra, baina badakit hau dela nire bidea.

“Ez dut neure burua ikusten trialik gabe”

Bide horretan barrena noraino iritsiko, eta munduko txapeldun izateraino. Ez zara edozein trialean.

[Barrezka] Duela bi urte munduko txapeldun izan ginen taldeka, eta ikusi nuen egindako lan guztiak balio izan zuela zerbaitetarako. Urte osoa entrenatzen igaro eta gero, zalantza garaiak ere izaten dira, hori guztia baliagarria izango den edo ez.

Nola antolatzen duzu urtea?

Atseden garaian gaude azarotik, eta otsailean hasiko da Gipuzkoako Txapelketa. Pixkanaka hasiko gara hor, eta ekainean, Espainiako Txapelketa izango dugu. Hortik aurrera, beste guztia dator: Espainiako eta Munduko kopak, Europako Txapelketa…

Zein dituzu helburuak 2020an?

Iaz oso ondo ez zitzaidan atera, aurrekoarekin alderatuta. Banekien zaila izango zela goi-goian mantentzea, eta iaz dena alderantziz atera zitzaidan. Baina gauza txarrei buelta eman behar zaie, eta aurten ere iazko helburu berberak dauzkat: Munduko Txapelketan goian ibiltzea, eta hain ezaguna den ortzadar maillota ekartzea; bakarkakoa, ahal dela.

Azkeneko Munduko Txapelketan, Txinan, esan duzu ez zarela gustura aritu. Zer ikasgai atera zenituen?

Esaten da galtzen denean gehiago ikasten dela irabazitakoan baino, eta egia baldin bada hori, iaz asko ikasi nuen [barrezka]. Urte osoa joan zitzaidan nahiko eskas, Munduko Kopako azkeneko proban izan ezik, laugarren izan nintzen eta. Hortik hilabetera neukan Txinakoa, eta motibatu egin ninduen emaitza on hark, baina proba batera izaten da gurea, kale edo bale, eta gaizki atera zitzaidan Txinakoa. Finalean nengoen, baina erori eta puntu asko galdu nituen. Zazpigarren bukatu nuen, azkenean.

Nolakoa da trialeko proba bat?

Aldatu egin da formatua. Bost esparru egoten dira, eta bakoitzean sei gezi. Hamar puntu ditu gezi bakoitzak, eta 60 puntu lor ditzakezu emaitza onenarekin, hanka lurrean ez baduzu jartzen. Hori gertatzen bada, jarrai dezakezu esparru horretan, baina erortzen bazara, beste esparru batera joan behar baduzu, batere punturik gabe. Oztopoak harriak, egurrak izan daitezke, oso zailak batzuetan.

Kirol txikietan txikienetakoa izango da triala Gipuzkoan. Zein da egoera?

Hasi nintzenean askoz gehiago ginen. Azkenean, pazientzia eduki behar da, baina ez da erraza, jendeak utzi egiten duelako goi mailara ez dela iristen konturatzen denean. Txikien artean ere gauza bera gertatzen da. Orain, ari gara pixkanaka hazten, eta badatoz txikienak ere. Horiek etorri behar dute.

Zenbatek hartzen duzue parte Gipuzkoako proba batean?

50 inguru gehien batu ginen batean. Kirol asko daude, eta ez da erraza.

Probak egiteko parkeak propio prestatzen dira ala bada nahiko parke lurraldean barrena?

Duela bi urte, Hernanin, kalean egin zuten. Tolosan eta Aretxabaletan parkeak daude. Azkenean, antolatzaileak nahi duen bezala egiten da. Mendietan ere ibiltzen gara. Oraingoz, dena kanpoan egiten dugu, ez dugu leku itxietan egiten.

Nolako etorkizuna dauka trialak gurean?

Aretxabaletan eskola sortu zuten duela bi urte, eta ume asko dabiltza. Horietako bat, gainera, munduko txapeldun izan zen. Tolosako ikastetxeetan nabil triala zer den azaltzen, eta etortzen zaizkit galdezka umeak. Bila joan behar izaten dugu, beren kasa oso gutxi etortzen dira eta. Ikusitakoan gustatu egiten zaie.

Gurasoen ikuspegitik iruditzen zaizu “arriskutsutzat” har dezaketela triala?

Bideoren bat ikustean edo ni ariketak egiten hasten naizenean, konturatzen dira ez dela buruan daukatena, ez zaie hain arriskutsua iruditzen. Umeak hasten direnean, lehenengo lana da bizikleta berezietan ibiltzen ikastea, oreka lantzen eta. Baina jendeari arriskutsua iruditzen zaio triala aurrez aurre ikusi aurretik.

Lesio txarrik izan duzu?

Ez.

Kirol segurua dela salduko dugu, hortaz.

Hori da. Oraingoz, ez dut hezurrik-eta hautsi.

Epe luzera begira jartzen bagara, trialean ikusten duzu zure burua?

Oraingoz, bai. Iazkoa urte txarra izan zenez, bi aldiz pentsatu nuen jarraitu edo ez. Baina egunero nabil bizikletan, eta ez dut buruan trialik gabeko urterik; jarraitu nahi dut urteetan, ez dut neure burua ikusten trialik gabe. Bestelakoan, suhiltzaile izateko oposizioak ateratzen direnerako prestatzen ari naiz.

Badira trialean egoera zailetan jartzen dituztenak beren buruak, oso leku garaietatik jaisten, eta abar. Zeure burua ikusten duzu horrelakoren batean?

Agian, bai. Asko gustatzen zaizkit. Polita litzateke. Emozio puntua ematen dute, eta egunen batean, zergatik ez.

Bizi daiteke trialetik?

Oso zaila da. Lehiatzen bakarrik ibilita, ezinezkoa. Eskolaren bat edo dendaren bat dutenak badira, eta horrekin bizi daiteke. Ezagutzen ditut pare bat trialetik bizi direnak; adibidez, nire entrenatzaileetako bat, baina 70 bat ume dauzka eskolan.

Laguntzak edo bekak jasoko dituzu, ezta?

Espainiako Selekzioarekin goaz Europako eta Munduko txapelketetara, baina beste lehiaketa guztietan guk ordaindu behar dugu dena. Proba asko izaten dira, eta babesle asko dauzkat. Alde horretatik, zorte oneko naiz. Garestia da kirola, asko bidaiatu behar dugulako. Laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke.

Bizikletak ere sarri samar matxuratuko zaizkizu, ezta?

Bai, baina babesle batek asko laguntzen dit horretan. Dena dela, ez zait inoiz hautsi.

Zure berri izan nahi duenak zeure webgunera jo dezake, gainera (www.irenecaminos.com). Beharrezkoak dira gaur egun horrelakoak edukitzea.

Bai, dudarik gabe, oso garrantzitsua da komunikazioa. Sare sozialak asko erabiltzen ditut, telebistan oso gutxi ateratzen delako gure kirola. Gure berri emateko ezinbesteko dira.

Olinpiar Jokoak dira aurten, baina triala ez da kirol olinpiarra. Egunen batean izango da?

Oso zaila izango da, fitxa edo lizentzia gutxi dauzkagulako, besteak beste. Ederra litzateke Olinpiar Jokoetan aritzea, dena ematen dizulako. Kirol hau gehiago ezagutaraziko litzateke. Jarraitu egin beharko dugu lanean.

Bakardadean, askotan.

Bai. Bakarrik entrenatzen naiz askotan, batzuetan Jonekin [Areitio] joaten banaiz ere. Buruari buelta asko ematen dizkiot bakardadean, baina hau nahi dut, eta emaitza onak lortzeko lan egin behar da. Ikusten ez den lan hori egitea gogorra egiten da batzuetan.

Bukatzen joateko, saldu zure kirola, erakarri irakurlea trialera.

Kirol zaila dela ezin dut ezkutatu, baina gustatzen zaiona, erakargarri zaiona, etor dadila probatzera. Oso kirol ezberdina da. Merezi du probatzea, ona da denetik egitea, eta zergatik ez triala ere probatu?