Iratxe Etxebarria: “Gure belaunaldiak sinistu egin du lanak duintasuna ematen digula”

Lanean erre egin zen Iratxe Etxebarria. Krak egin zuen, eta beste era batera bizitzen ikasi behar izan du. Bi urte, terapia asko, 7.300 mg botika eta zenbatu ezin den besteko ahalegina egin behar izan du sendatzeko. Irakurtzeak, oinez ibiltzeak, musika entzuteak eta bidaiatzeak lagundu dio. Baita idazteak ere. Bere buruko gaixotasuna hobeto ulertzeko hasi zen idazten, eta, hausnarketa haietatik abiatuz, liburu bat argitaratu du: 7.300 mg eszitalopram. Egun, entrenatzaile emozional ari da lanean, antzeko prozesuak jasaten ari direnei laguntzeko. Izan ere, burnout-aren zulo ilunetik irtetea posible da, eta hura da horren adibide.
Iratxe Etxebarria, ongi etorri TTAPera!
Eskerrik asko.
Iratxe, kazetaria zara, komunikatzailea. Baina lanean erre egin zinen, krak egin zenuen, eta zure esperientzia jaso duzu 7.300 mg eszitalopram liburuan. Zer aurkituko dugu hemen?
Alde batetik, hausnarketa batzuk, nire gaixoaldian idatzitako hausnarketa batzuk; bestetik, autozaintzarako errezeta batzuk, literatura zientifikotik ekarritako informazioa. Eta azkenengo partean, erreminta-kutxa bat: liburuen erreferentziak, bi poema, kanta bat… Denetik apur bat, baina dena autozaintzara bideratuta; eta mezua da esatea buruko gaixotasunak beste gaixotasun batzuk bezala sendatzen direla, posible dela sendatzea.
Autoekoizpena izan da, ezta?
Bai.
Eta nola bizi izan duzu prozesu hori?
Sendatze prozesuaren baitan kokatu dut. Lehenengo idatzi nuena, hasiera batean, ez nuen idatzi argitaratuko nuela pentsatuz. Gero, erabaki nuen zerbait polita egin nahi nuela, eta horregatik jarri nintzen harremanetan June Baonza ilustratzailearekin. Eta hortik, gerokoa, dena izan da sendatze prozesuaren beste atal bat.
Durangoko Azokan ere ikusi zintugun; nolako esperientzia izan zen?
Oso esperientzia ona. Lehenengo, nik beti Durangoko Azoka beste aldetik ezagutu dudalako, gehienon antzean. Gerediaga elkarteak autoekoizleen standean egoteko aukera eskaini zidan, eta oso esperientzia ona izan zen, publikoarekin harremana oso estua zelako eta etorri zelako, hurbildu zelako jendea ezagutzen ez nuena eta nire liburuan interesa erakutsi zidana. Aprobetxatu zuten antzeko prozesu batean daudenek kontatzeko edo galderak egiteko, eta oso-oso esperientzia polita izan zen.
Feedback positiboa jaso duzu, gainera; izan ere, liburua zerrendetan ikusi dugu jendearen gustukoenen artean. Ze polita, ezta?
Bai, oso-oso polita; eta horrek ematen dit berotasuna eta momentu baxuetan sentitzea merezi izan duela hau kontatzea, nire miseriak kontatzea, beste batzuk ere antzeko egoeretan egon daitezkeelako eta daudelako.
Ez da erraza izango barrua hustea, ezta?
Ez. Ez da erraza.
Bizi izan duzun prozesu hori hobeto ulertzeko, hasierara joango gara: kazetaria zara zu, eta urte luzez Euskadi Irratian esatari lanetan ibili zara. Noiz hasi zinen irratian lanean?
Lanean, ikasketak amaitu nituenean, baina aurretik bekadun hasi nintzen Euskadi Irratian, eta hor egin dut nire ibilbide profesional guztia. Telebistan ere egin dut lan, beste aldizkari batzuetan ere kolaboratu dut, eta egin ditut beste gauza batzuk, baina nire ibilbidearen urterik gehienak eta aukerarik onenak Euskadi Irratiaren eskutik izan dira.
Lan estresagarria da gurea, eta, zure kasuan, gainera, korrespontsala izan zinen zortzi urtez. Lehenengo, Madrilen; eta gero, Bruselan. Liburuan kontatzen duzu nolako esperientziak bizi izan zenituen korrespontsal. Nola gogoratzen duzu etapa hura?
Oso polita, oso-oso polita. Ez daukat damurik, eta amets bat betetzea izan zen. Uste dut, azkenean, nik neuk Kazetaritza ikasi nuela korrespontsal izateko. Eta bete nuen amets hura. Esperientzia oso inportanteak; eta gero, medio oso txiki bateko kazetaria izanda, aukera eduki dut medio oso handietako kazetarien alboan egoteko, eta eurentzat ni beste kazetari bat gehiago nintzen, nahiz eta Euskadi Irratiko edo EITBko esataria izan eta eurak Financial Times, BBC edo CNNkoak izan. Oso-oso esperientzia aberasgarria izan da, modu pertsonalean. Modu profesionalean, zer esanik ez, eta bizi-esperientzia oso polita Euskal Herritik kanpo bizitzeko aukera izatea.
Eta albiste potoloak kontatu dituzu!
Bai, baina hori da, agian, garrantzi gutxien duena. Bai, kontatuko nituen oso albiste garrantzitsuak eta potoloak, baina, azkenean, hori da ofizioaren beste zati bat. Uste dut albiste potoloak kontatu ditudala korrespontsal izanda, baina baita Euskal Herrian erredaktore izanda ere.
“Edonori gerta dakioke ‘burnout’-a, eta enpresek adi egon behar dute“
Erredaktore lanetan ibili zinen Euskal Herrian, telebistan ere egon zinen programa batean, eta gero, aginte postuetara igaro zinen. Nolakoa izan zen salto hura?
Esperientzia aberasgarria; batez ere, ardura postuak hartu nituenean. Azken finean, bazelako nik urte askoan lan egindako enpresa batean ardura postu bat izatea, eta beti pentsatzen duzu aukerak egon daitezkeela aldatu daitezkeen gauza batzuk aldatzeko. Ahalegin hori egiten da.
Orduan hasi zen zure gainbehera?
Hasiera ez dakit non jarri. Badakit baja hartu baino lehenago hasi zela, baina ez dakit ardura postuetan hasi nintzenean hasi ote zen nire gainbehera, geroago edo lehenago. Ni korrespontsal egon nintzen urte haietan ere estres maila oso handia zen. Oso gaztea nintzen, eta nire gorputza, seguruenik, osasuntsuago zegoen, baina estres maila oso-oso handiak izan ditut urte askoan zehar. Orduan, ez dakit. Ardura postuetakoa egia da, ardura postuetan nengoelarik pandemia etorri zen, eta uste dut 400 bat pertsona genituela gure ardurapean; hori kudeatu egin behar zen. Gero, ni euren arduraduna nintzen, baina ordura arte nire lankideak izandakoak ziren eta pertsona bat gaixotzen zen bakoitzean ez genekien nola garatuko zen gaixotasun hura. Eta, orduan, egon behar zen gainean. Eta ez dakit non hasi zen, baina denak balio izan zuen gaixotzeko.
Motxila betetzeko.
Motxila betetzeko, horixe.
Eta noiz igarri zenuen arazo bat zeneukala?
Ni konturatu nintzen medikuak esan zidanean: “Baja hartu behar duzu eta lo egin behar duzu”. Ni orduan konturatu nintzen. Baina horren aurretik, oporrak hartu nituenean hasi nintzen konturatzen neure burua ez zela gai nengoen tokian egoteko. Cadizera joan ginen oporretan, eta, bidean, Meridako antzerki jaialdian geratu ginen. Ni ez nintzen gai ezta antzezlana jarraitzeko ere, ez geunden tokiaz gozatzeko… Eta orduan hasi nintzen, eta bueltan esan nuen: “Ez nago ni inora bueltatzeko”.
Zer ari zinen, lanari bueltak ematen ala laneko kontuei bueltak ematen?
Bai, lana, eta gero, beldurrak, paranoiak… Pertsona osasuntsu batek buruan ez dauzkan kontu asko neuzkan nik momentu hartan buruan.
Eta zer izan zen baja hartu behar izatea?
Hori da zulora erortzea, bat-batean. Konturatzea zuk zeure burua gaixotu duzula, nork norbere buruari mina eragin diola, hori da kolperik handiena. Nik esango nuke gaixotasunean edo nire prozesuan, behintzat, egon direla bi puntu oso ilunak: bat izan da hori, esaten dizutenean: “Etxean geratu behar duzu, gaixorik zaude”; eta bestea da botikak hartzeari uzteko erabakia hartu nuenean. Puntu bi horiek dira ilunenak.
Botikak hartu zenituen. 7.300 mg eszitalopram zenbat pilula dira?
Asko. 7.300 mg, gainera, dira hartu nituen pilulak psikiatrak esan zidan arte: “Orain bai, Iratxe. Hasiko gara pixkanaka-pixkanaka dosia jaisten. Beraz, 7.300 mg baino dezente gehiago hartu nituen”.
Lagundu zizuten pilulek?
Bai. Lagundu zidaten, psikiatrak esan zidalako: “Hemen sute bat dago eta itzali egin behar da”. Nik ez nuen botikarik hartu nahi, baina sendatu egin nahi nuen; niretzat oso inportantea zen sendatzea. Eta itzali egin zuten su hura. Psikiatrak esan zuen su hori itzali zutela, baina baserrietan-eta ematen zaionean su basoari garbitzeko dena erretzen dela, ez dela erretzen belar txarra bakarrik. Eta dena erre zen. Eta gero, botikak hartzeari uzten diozunean ikustea dena erreta dagoela, berriro hasi behar dela, hori da gogorra, baina merezi du. Nik orduan dena erreta ikusten nuen, baina orain konturatzen naiz dena egiteko neukala. Eta ordutik hona egin ditudan gauza guztiak izan dira su hura itzaltzearen ondorio. Itzali ez banu, gaur egun ez nintzen egongo nagoen tokian.
“Kolpe handiena da konturatzea zuk zeure burua gaixotu duzula”
Prozesu gogorra izan da, eta liburuan kontatzen duzu hainbat gauzak lagundu dizutela: irakurtzeak, bidaiatzeak…
Lehenengo-lehenengo, nire babeslekua irakurketa izan zen. Neure burua gai zelako irakurtzen nenbilenean toki batean eta gauza batean enfokatuta egoteko. Horri esker, lasaitasun bat lortu nuen, eta esatea: “Orain, sendatu egin behar dut, eta, liburuetan kontzentratuta posible bada, horrela jarraituko dut”. Horri esker hasi nintzen ikasten ere bai. Hasieran, irakurtzen nituen liburuak, saiakerak, gure munduaren inguruko gauzak, eta gero esan nuen: ikasi egingo dut. Gero, oso ondo egin dit idazteak ere, beste baliabide inportante bat izan da idaztea. Eta, horregatik, hasieran esan dudanean idatzi nituela hausnarketa horiek ez ziren argitaratzeko, ziren neure burua ulertzeko. Ze zuk belauneko mina daukazunean edo arazo bat duzunean esaten duzu: “Ibiltzerakoan min egiten dit, edo zapaltzerakoan, edo korrikarik ezin dut egin, baina oinez ondo nabil…”. Baina buruko gaixotasuna daukazunean, nola azaldu zenezake ez daukazula barruan aurrera jarraitzeko behar den bizipoza, ez daukazula indarrik etxetik ateratzeko ogia erosten joateko edo ohea egiteko ez daukazula adorerik? Eta egun batean ez daukazu, baina hurrengoan badaukazu. Hori nola azaltzen da? Orduan, nik hori idatzi egiten nuen eta esaten nuen: “Gaur ezin dut eta gaur triste sentitzen naiz, eta gaur mina daukat eta gaur haserre nago… Orduan, idaztea beste formula bat izan da. Bestalde, musika niretzako arimarentzako botikarik onena izan da. Hori ikasita dago, musikoterapia hor dago, eta zientzia bat da. Nik neure azalean bizi izan dut. Eta gero, asko ibili naiz. Ibiltzeak balio izan dit askatzeko bere momentuan askatu ez nituen korapilo horiek. Eta ibili eta ibili eta ibili, eta orain kilometroak eta kilometroak egiten ditut egunero. Eta gero, bidaiatzea. Esan dizut korrespontsala izatea zela nire ametsa, nire ametsa zelako atzerritarra izatea eta atzerrira bidaiatzea, eta ezagutzea beste gauza batzuk. Ezagutza behar hori. Eta bidaiatzea da nire izaera horretara bueltatzea. Urrundu egiten naiz etxetik, Euskal Herritik, eta konektatu egiten dut neure buruarekin. Eta ikusten dut han Iratxe ameslari bat naizela. Bueno, naizena: ameslaria, oso kuriosoa, ikastea eta beste gauza batzuk ezagutzea gustatzen zaiona, beste batzuekin komunikatzea gustatzen zaiona… Horrekin konektatzen dut urruntzen naizenean nire tokitik, bidaiatzen dudanean.
Bakarrik bidaiatzen zenuen?
Bakarrik eta beste batzuekin bidaiatu izan dut.
Medikua ez zegoen ados horrekin, ezta?
Medikuak ez zuen ulertu esan nahi niona; agian, ez nuen oso ondo azaldu. Hark esaten zidan: “Bai, joan, baina bueltan hemen egongo dira arazoak”. Eta bueltan nirekin zetozen arazo asko, baina, behintzat, han ez zara gaixoa. Apur bat aldentzen zarenean ez daukazu konpromisorik, ez daukazu betebeharrik, badago beste askatasun bat, edo nik, behintzat, horrela bizi dut.
Zenbat denbora behar izan zenuen sendatzeko?
Gizarte Segurantzak urte eta erdira esan zidan nahikoa zela, lanera bueltatu behar nuela. Hori izan zen haren ebazpena. Ni orduan ez nintzen gai lanera bueltatzeko. Hori izan zen urte eta erdira. Ba, nik uste dut pare bat urte-edo behar izan ditudala. Baina gaur egun ere nik jarraitzen dut. Esaten dut sendatuta nagoela. Orain, beste era batera bizitzen ikasten eta praktikatzen nabil. L-arekin noa. Egunero oinez ibiltzen naiz edo igeri egiten dut, gorputza mugitu behar dut egunero. Egunero behar dut apur bat idatzi. Egunero behar dut irakurri. Egunero behar dut nire babeslekuak diren gauza horiek egitera bueltatu. Eta orain, gai naiz konturatzeko noiz nagoen gaixotzen edo noiz nagoen mutur horretara heltzen. Orain, gai naiz.
Eta orain ezetz esaten duzu. Agian, lehen esaten ez zenuena.
Hori da. Orain gai naiz esateko: “Ez, ze bestela gaixotu egingo naiz”.
Irratiko lanera ez zinen itzuli, erabaki zenuen beste bide bat hastea, eta orain coach ari zara, hain zuzen ere, zure prozesu bera jasan dutenei laguntzen. Instagram kontu bat ere badaukazu: Bixibizi coaching. Nola daramazu hori guztia?
Ba, oso-oso ondo. Oso gustura nago, harrera oso ona izan duelako proiektu honek. Eta, egia esan, ez da bakarrik nire prozesuan edo antzeko prozesu batean egon direnentzako. Helburu bat edo euren bizitzan ongizate bat bilatzen duten pertsona horientzat guztientzat ere bada. Zuk norantz joan nahi duzun argi duzunean, bizitzako arlo guztiak orekatzen dira. Eta hori argi edukitzea oso gauza polita da. Nik bere egunean izan banu nire moduko profesional bat alboan, ez nintzen egoera horretara helduko. Eta orduan, nik ikasi dudana nire esperientzia propiotik beste batzuekin partekatzea zoragarria da. Eta zoragarria da emaitzak ikustea. Atzo amaitu nuen prozesu bat mutil batekin, eta poz-pozik egon nintzen, oso beteta; esan nuen: “Zelan hasi zen, zelan heldu zen nigana eta zelan amaitu duen, zelan doan!”. Eta oso polita eta eskertua da lana.
Zer esango zenuke, gaur egun jende gehiago gaixotzen dela lanaren ondorioz? Geroz eta gehiago exijitzen digu lanak ala guk exijitzen diogu gehiegi geure buruari?
Nik uste dut, eta hau da nire iritzi pertsonala, gure belaunaldiak sinistu duela lanak duintasuna ematen digula eta lana dela gure identitatea zehazten duen partea. Baina lanak, gure bizitzako beste arlo batzuk moduan –autozaintza, atsedena, harreman soziala–, bere dimentsioa eduki behar du. Eta gure sinismen horregatik, “lana da gure identitatea eta gu gara egiten dugun lana”, horregatik gaixotzen gara. Ze… lana zer da? Gu lanera goaz behar dugulako diru bat bizitzeko, kontsumitzeko. Eta lanari eskaintzen diogun denbora estra hori guztiori, eskaintzen diogun energia hori guztiori? Hori da egin behar dugun hausnarketa. Merezi du? Mereziko du batzuetan, baina, agian, beste batzuetan larregizkoa da, eta hobe da, denbora hori, energia hori, eskaintzea zure harreman sozialei edo zure autozaintzari. Loaren inguruan zenbat aldiz entzun dugu: “Lo? Lo gero ere egingo duzu. Lo egiteko denbora gero ere badago”. Lo egitea denbora galtzea balitz bezala. Gure burmuinak behar du lo egin, gure gorputzak behar du guk lo egitea, atseden hartzea, onera etortzeko gure neuronek behar dute hori.
“Beste era batera bizitzen ikasten nabil”
Iratxe, burnout edo erretze hori edonori gertatu dakioke, ezta?
Bai. Hor ez dago ez klase sozial, ez genero, ez bestelako ezberdintasunik. Edonori pasa dakioke, eta adi egon behar dugu. Eta adi egon behar dute enpresek ere bai. Ni neu ez nintzen konturatu gaixotzen ari nintzela, baina nire ingurua bai. Eta ikusten zuten. Baina nik pentsatzen nuen normala zela, ardura postuak neuzkalako. Eta oso lan baldintza onak eta kristoren enpresako postu bat. Baina berdin dio. Enpresarik onenean, soldatarik onenarekin ere, norbere burua zaindu egin behar da.
Eta zer egin dezakegu geure burua zaintzeko?
Lehenengo, konpromiso hori hartu, baina benetan norbere burua zaintzeko konpromisoa hartu. Ze… “bai, bai, egingo dut, baina ez daukat denborarik”. Nire egunek eta zureak 24 ordu dituzte biek, eta asteak zazpi egun. Ez dago denborarik? Seguru iluntzean edo gauean egoten zarela telebistan telesailak eta pelikulak ikusten. Sare sozialetan, egunero, ordubete edo gehiago pasatzen duzu. Zer egin behar da? Konpromisoa hartu, lehentasunak jarri. Eta konpromisoa hartuta norbere buruarekin eta lehentasunak jarri norbere buruarentzat.
Eta argi izan lana lana dela eta bizitza bizitza dela.
Lana beharrezkoa da, gehienok lan egin behar dugu, baina lanak behar du gure bizitzako beste arlo batzuek behar duten dimentsio bera. Lanak ezin du bete gure bizitzako %70 eta beste bizitzako atal guztiek %30. Ez. Bakoitzak bere portzentajea behar du.
Iratxe, gaur egun zelan zaude?
Ondo. Ondo, pozik eta eskertuta.
Mezu horrekin geratuko gara. Esan behar dizut ni oso identifikatuta sentitu naizela liburua irakurri dudanean, eta denei gomendatzen diet liburua irakurtzeko, zer pentsatu ematen du eta. Eskerrik asko gaur gurekin egotearren!
Zuei!