Iraitz Lizarraga: “Gure zirkuak asko du esateko”
Lanbide bakarra aipatu beharko balu, aktorea aukeratuko luke. Baina ezin zeregin bakarrera mugatu, eta ekilibrista onenen pare, askotariko jarduerak batera egiteko gai da. Aktorea, idazlea, zuzendaria, irakaslea… ertz ugari dituen kulturgilearen aurrean gaude.
Ongi etorri TTAPera, Iraitz. Aktorea, irakaslea, sortzailea, zuzendaria, akrobata… zerrenda amaigabea da. Nola aurkeztuko zaitut?
Horrela, ondo.
Nahiko, ezta?
Kar, kar. Bai. Uste dut ez duzula ezer ahaztu.
Badira urte batzuk jarduera batean baino gehiagotan ari zarela. Lan ezberdinak eginez, ibilbidea osatzen ari zara. Eramangarria da?
Ondo daramat. Tarteka, kableak gurutzatzen dira, baina ondo. Izan ere, harremana badute. Edo nik behintzat loturak topatzen ditut, lanen artean.
Uler dezaket nekagarria izatera iritsi daitekeela eskolak ematetik entsegu batera sartzea, eta, era berean, sormen lan bat dela-eta burua bueltaka izatea…
Bai, egia da. Nekagarria, fronte asko irekita dituzulako. Izan ditut gauza bakarrean aritu naizen garaiak, baina behar nuen aldi berean gauza gehiagotan egotea. Ezin uka, tarteka, nekea nabaritzen dela.
Langintza bakarrean ari den artisaua, edo soilik idaztera dagoen idazlea… haien aurrean nolabaiteko inbidia sentitzen duzu?
Tarteka. Neure buruari ere esan izan diot jarduera bakarrean zentratzeko. Gero, nahi gabe sortzen dira gauzak; ez da neuk bilatzen dudan ezer. Kar, kar. Zer esango dizut, Gure Zirkuan nago eta antzezlan batean aritzea proposatzen didate. Ezinezkoa zait ezetz esatea.
Eta, orduan, lanak nola uztartu pentsatzen hasten zara.
Denbora tartea hartu, osagarri izaten ahalegindu, eta jarduera batean ikasitakoa bestean aplikatzen ahalegintzen naiz.
Hogeita lau orduz jardunean zaude, beraz.
Bai, halaxe da. Ideia asko autoan noala lantzen ditut. Batetik bestera noala ideiak sortu eta buruan gorde edo Whatsapp bidez nire buruari bidaltzen dizkiot hainbat ohar.
Out egiteko premia duzunean, zer egiten duzu?
Igerilekura joan, edo korrika aritzen naiz.
Ezagun egin zara Gure Zirkuan. Urte gehien egin dituen partaideetakoa izango zara, akaso. Baina, hain justu, denboraldi honetan ez duzu parte hartu, lesio bat tarteko.
Hasiera-hasieratik murgildu nintzen abentura horretan. Bost urte egin ditut, baina seigarren honetan kale egin dut. Eguneroko lanetik ihes egiteko irteera horietako batean bizikletatik erori eta eskumuturra hautsi nuen. Ebakuntza izan dut, tartean, eta denboraldia galdu dut.
Dagoeneko dena esanda dagoen arren, zer esan daiteke Gure Zirkuaz?
Urtero-urtero, denboraldi bakoitzean, zerbait berria proposatzen du, eta uste dut oraindik ere asko duela esateko Gure Zirkuak. Gu harritzeko, ikuslegoa harritzeko gaitasuna du oraindik.
Bestela ere nekez ogibidea aterako zukeen hainbat artistak lan finkoa topatu du Gure Zirkuan.
Kristorena izan da hori. Iker Galartzak egin duena eskertu nahi dut. Trapezioa, telak, sokak… zirkuko jarduera horietan trebatu naiz, baina hori ogibide bilakatzea ez nuen sekula irudikatu. Aktorea naiz, eta akrobaziak egiten nituen. Eta bat-batean, egitasmoa gorpuztu zen; sendo, gainera. Eta hortik ogibide bat izan dugu neuk eta beste jende askok. Zirkuaren alor ezberdinetan ari zen hainbatentzat aterabide artistikoa izan da.
Zuen jardunean badira mitoak. Akrobatak aipatzen hasita, arriskutsutzat hartzen da zuen jarduna. Defendatu ezazu zure burua.
Oso erraza da. Urte mordoa daramat bederatzi metroko altueran ikuskizunak eskaintzen. Akrobaziak egiten ez dut sekula istripurik izan. Aldiz, bizikleta hartu nuen egun batean, eta eskumuturra hautsi nuen. Horixe, erantzuna.
Hain erraza eta sinplea.
Kar, kar. Garrantzitsua da segurtasun neurriak ondo betetzea. Zirkuan hartzen dira, eta arriskuaren inguruan kontzientzia handia dago. Geroz eta gehiago. Protokoloak bete behar dira, homologazioa lortu… Egin beharreko zerbait da.
Zuena jarduera fisikoa da, artistikoa. Baina edozein kirol jarduera gehiago sustatzen da.
Jarduera fisikoa da, artistikoa. Zirkua mundu guztiaren esku dagoen jarduera da. Edozeinek ez ditu egingo salto mortalak, baina eskolak ematen ikusten dudanagatik, denok dugu zirkuan aritzeko gaitasuna. Askotariko haurrak etortzen zaizkigu; psikomotrizitatearen aldetik badira iaioak eta baldarxeagoak. Baina denek dute zerbait egiteko gaitasuna.
“Arteak mezua izan behar du, moralinan erori gabe“
Zure jarduera guztien artean zirkua aukeratuko zenuke?
Antzerkitik nator; beti egon da hor. Antzerkia aukeratuko nuke.
Bada bitxikeria bat. Gure Zirkua sortu aurretik, Ekain Ibarguren malabarista eta zu zeu Pupu eta Lore haur antzerkiko protagonistak izan zineten.
Poxpolo eta Konpainia pailazoen emanaldi berezian elkar ezagutu genuen. Makillatzeko aholkuak eman genizkion, eta gero Pupu eta Lore antzezlanean bat egin genuen. Gure Zirkua ia garai bertsuan abiatu zen. Gogoan dut Tolosako zezen plazan egin genuela zirkuaren estreinaldia, eta handik azkar batean abiatu ginen Bilbora Ekain eta biak, Pupu eta Lore antzeztera.
Aktore lanetan antzezlan askotan parte hartu duzu. Akrobazia antzezpenarekin lotuko bagenu, antzeko zerbait izan daiteke dagoeneko martxan dagoen obra batean murgiltzea. Horrelakoak egitea egokitu zaizu zuri. Zaldi urdina horietako bat da. Ez du batere erraza izan behar. Hori bai salto mortala!
Halaxe da, bai. Ordezkapen express horietan trebatzen ari naiz. Aktore batek hanka hautsi eta hura ordezkatu beharra zegoen. Astebeteko epea-edo izan nuen.
Antzezlan hori oso ezagun egin zen. Landua zen, eta aktore guztiak taula gainean zeuden, etengabe. Ez du batere erraza izan behar. Estresantea izan behar du, oso.
Zalantzarik gabe. Behin antzezlana hasita, martxan dago dena. Baina une hori iritsi bitartean, mugimendu guztiak barneratu behar nituen. Testua bigarren mailako ardura zen. Aktore guztiak geunden taula gainean, etengabe. Gogoan dut esaldirik gabeko eszena batean ispiluak genituela, eta horiek mugitu behar genituela.
Ez da enbaxada bakarra izan. Txalo konpainiarekin ari zara, orain.
Baginaren bakarrizketak berriro taularatzen ari dira, hiru aktoreren parte-hartzearekin. Haietako batek utzi, eta hura ordezkatzeko deitu zidaten. Hori ere, bat-batean. Entsegu gutxi batzuk egin, eta aurrera.
Udazken honetan Teilatupean haur ikuskizunaren estreinaldia izan da, Lankuren eskutik. Lan hori idatzi eta zuzendu duzu. Ekoizpen prozesu osoan gainean izan zara.
Enkargua jaso nuen, urte bat atzera. Etxea, horixe da aipatu zidaten gaia. Aktoreen izenak eman zizkidaten. Eta hortik abiatuta, lanean hasi nintzen. Antzerkigintzako gidoiak egin ditut, baina oraingoan elementu berria txertatu behar nuen. Teilatupean ikuskizunean bertsoa eta antzerkia uztartzen dira. Ausart jokatu, eta baiezkoa eman nuen. Bertso doinuak aztertu ditut, errimak landu, bertsoak sortu… Prozesu osoa zuzendu dut.
Erronka handi samarra da gaztetxoei begirako lan bat sortzea. Buruhauste asko eragin dizu horrek?
Bai, adin tarteari egokitzeko lanak izan ditut. Ideia batzuk haur txikientzat egokiagoak ziren; bilaketa horretan zalantza oso gainean izan dut. Antzezlan familiarra egin behar nuen. Horrela deitzen den ikuskizuna aurreikustea ez da batere erraza. Denengana iristeari oso zaila deritzot. Horrek eragin dizkit buruhausteak. Iritsi zen estreinaldia eta, adinaren arabera, ikusle bakoitzak antzezlana bere erara ulertu zuela uste dut. Polita da ikusle bakoitzak antzezlanaren iritzi bat sortzea.
Teilatupean antzezlana bi lagunen istorioa da.
Munduan bizi den margolaria dugu, batetik. Ez du etxerik, eta berak dio egunero eraikitzen duela bere etxea. Harekin topo egiten du beste protagonistak. Gurasoekin haserretu da, eta etxeko patioan berea eraikitzea erabaki du. Hor sortzen da bien arteko harremana. Hainbat abentura biziko dituzte bertan. Etxearen inguruko gogoeta egiten da. Jabetza, etxegabetzeak, etxeak zer esan nahi duen… Gai potolo horiek ageri dira antzezlanean.
Beti ere, zure sormen lanei erreparatuta, arteak zerbait iradoki behar du. Mezua izan behar du.
Nire kasuan bai. Arteak mezua izan behar du, moralinan erori gabe, hori bai. Erantzunak ez ditut. Zerbait badut zalantza da; posizioa hartzea ere kosta egiten zait. Baina antzezlanen bitartez irakurketa ireki bat egitea proposatzen dut. Noski, balore batzuk transmitituz.
“Ideia asko autoan noala lantzen ditut”
Elkarrizketari ekin aurretik galdera egin dizut, dituzun lanbide guztiak direla eta. Erantzun azkarra ematekotan, irakaslea zarela esan ohi duzu.
Gorputz Hizkuntza irakaslea naiz EHUn, Gasteizen. Laugarren mailan ari naizenez, ia-ia irakasle diren gazteekin ari naiz lanean. Dantza, itzal txinatarrak… Praktika ugari egiten dugu.
Prestaketa lan askea da unibertsitatekoa?
Nahiko askea da. Neronek ere nahiago dut programa irekia izatea. Zein gai landuko ditudan badakit, baina talde batetik bestera aldaketak izaten dira. Moldagarria zaidan egitasmoa eramaten dut aurrera, modu nahiko librean.
Aipatutako guztiaz gain, ipuingintzan ere ari zara bidea egiten. Hainbat lan Izaro lehengusuarekin batera egin dituzu.
Pandemia urtean, jairik ez zegoela, Zizurkilgo jaietan ezaguna den Melo maskota ipuin berri baten protagonista bilakatu genuen. Oso esperientzia ona izan zen. Hura ipuin ilustratua izan zen, eta hortik Nekane Txapartegi iheslari politikoaren historia kontatzeko aukera suertatu zitzaigun. Alabarekin zuen harremanaz hitz egiteko parada ematen duen ipuin ilustratua sortzeko aukera sortu zen. Argitaratzeko bidean da lan hori.
Kasu zehatza, gordina da. Gai sentsible horietan pentsatzen dut protagonistak jakinaren gainean daudela.
Parte hartu du proiektuan. Berak, eta bere alabak. Haien lekukotza jaso dugu, eta ekarpenak egin dizkigute. Hori bilatu genuen, oso gai pertsonala delako.
Antzezlanak, ipuinak zerbait adierazi behar du. Aipatu dugu hori, lehentxeago. Zein da honetan zabaldu nahi den mezua?
Amaren eta alabaren arteko harremana. Testuinguru zailean, gainera. Ama preso dago, eta alabaren eta amaren artean horma bat dago. Ipuin osoan horma hori ageri da, eta hura gainditzeko moduak jaso ditugu. Komiki bidez komunikatzen ziren, esaterako. Horiek ikusteko aukera izan dugu. Oso interesgarria zen hori, lanean hasteko.
Zure ertz asko ezagutu ditugu, Iraitz. Gutxi ez dira, baina gainera poliglota zara. Katalanez aritzen zara, italieraz ere hitz egiten badakizu. Ingelesez ere moldatzen zara. Ez zara galduko!
Ezetz uste dut. Gogoko dut hizkuntzak ikastea. Irakurzalea naiz. Hizkuntzak menderatzea ondo etorri zait, gainera. Kataluniako antzerki konpainia batzuekin egin dut lan, hemengo beste batek kontratatu ninduen italieraz banekielako… Ateak ireki dizkit.
Galdera bakarra geratzen zait egiteko. Noiz egiten duzu lo?
Goiz oheratzen naiz, eta azken urteotan nire burua asko zaintzen dut. Atsedena behar-beharrezkoa da.
Eskerrik asko. Zorte on eta segi hamaika lanetan!
Segiko dugu.