Iraila
Mare bizi edo ur handiak izaten dira irailean. Horrenbestez, agerian geratzen dira gehienetan ezkutuan dauden haitz-mutur, hondartza-eremu eta errio-bazterrak. Haatik, urak beretzat hartu ohi ditu lehorrekotzat ditugun edozenbat toki, kale eta pasealekuak barne. Olatu handiak ere badakizki eskaintzen irailak. Halakoetan, sakonera handiko hutsuneak sorrarazten dituzte olatuok hondartzetan. Badirudi itsasoak, gosez amorratuta-edo, jan beharraren jan beharrez, lurra irentsi nahi duela.
Tarteka-marteka, itsas belarrez, oholdiz janzten dira hondartzak. Sarritan, kresal usainak bat egiten du pikondoenarekin. Bide-ertzetako sasietan masustek izaten dute tokia, zelaietan bezala barrengorri eta galanpernek.
Bien bitartean, erreka-haize bigunetan, agortuz joaten da lurra. Hortik, bada, irailak hartzen dituen bestelako izenak, hala nola, agorrila eta buruila. Ira edo garoa ere lehortzen denez gero, berau ebaki eta ira-metak egiten ziren sasoi batean, gerogarrenean abereen azpitarako erabili ahal izateko, bai eta gorotzarekin batera simaurra egiteko ere. Hortik hilabetearen izena.
Alabaina, irailaren bukaera aldera, eguna moztu ahala, jaka lepora esaten zen hainbat tokitan, auzoetako zaindarien eguna ospatu ostean. Esaera zahar batek argi dio: iraila udaren buztana eta neguaren hastapena.
Halako irudiak gorde ditzagun bada oroimenean, ez baitakigu aurtengo irailak zer utziko digun aukeran koronabirusaren baimenarekin. Irudiok izan daitezela lagungarri inguruan duguna hobeto balioesteko.