Iraia Iturregi: “Athleticek ezer badauka aldagelaren indarra da”

Iraia Iturregi (1985, Loiu) Athleticen historiako parte da. Jokalari bezala lau liga irabazi ditu, partida gehien jokatu dituen hirugarrena da eta gol gehien sartu dituen zazpigarrena. Orain, entrenatzaile karguan momentu gozoa bizitzen ari da, baina lehen taldea hartzeko eskatu ziotenean egoera oso bestelakoa zen. Aukera goizegi iritsi zitzaiola dio, eta jakitun zela bere entrenatzaile ibilbide hasiberriaren amaiera izan zitekeela gaizki ateraz gero. Etxekoa izanda, ordea, ezin zuen beste alde batera begiratu.

Iraia Iturregi, ongi etorri! Zer moduz gabiltza?

Ondo. Lanpetuta, baina ondo.

Agenda topera?

   Bai; normala da. Futbol munduan goi mailan gabiltzanok topera izan ohi dugu agenda.

Badakit azken astean, gutxienez, konferentzia batean parte hartu duzula, Lezaman prentsaurrekoa, elkarrizketa hau, beste ekitaldi batzuk… Athleticeko entrenatzaile izateak berekin daramatza, entrenatzeaz gain, beste hainbat gauza, ezta?

Athleticeko entrenatzailea izanda, guk ere hurbilekoak izan behar dugu. Klubaren esentzia hori da, herrikoia izatea. Jendeak hurbil sentitzen du eta guk ere gure aldetik hori eman behar dugu.

Jokalariak ondo entrenatu eta entrenatzaileak behar duenerako prest egon behar du, hori da bere ardura nagusia. Entrenatzailearen ikuspegiak zabalagoa izan behar du?

Bai, badauka. Baina ni zortzi urtez egon naiz kapitain, eta nik uste dut horrek ere ikuspegi zabalagoa ematen dizula. Ez da soilik entrenatzea eta partiduak irabaztea. Emakume erreferente bezala ardura sozial bat daukagu eta ni jokalaria nintzenean banintzen kontzientea. Beti ahalegindu naiz ekitaldi askotara joaten eta erreferente bezala mundu hobeagoa eraikitzen ahalegintzen. Goi mailan gaudenok, kamera aurrean eta prentsa aurrean gure ahotsa entzuten denez, erantzukizun hori daukagu, eta entrenatzaile bezala are handiagoa.

Eta erantzukizun horrek, praktikan, zer ondorio dauka? Nolakoa izan da, adibidez, gaurko eguna?

Goizean Lezamara joan naiz. Asteburuko aurkaria aztertzeko bideo saioa izan dugu; gero, antigeno probak ere bai; entrenamendua ondoren; eta han, Lezaman, bazkaldu. Gero, etxetik pasa naiz, eta, jarraian, hona, elkarrizketa egitera. Hemendik ateratakoan Athleticeko beteranoekin partidua daukat. Bi astean behin elkartzen gara. Batzuetan, eguna nekagarria da eta ez duzu joateko gogo handirik, baina gero, piloa disfrutatzen dugu eta piloa eskertzen da apur bat deskonektatzeko. Esfortzua egin behar dugu, egunaren amaierara nekatuta iritsi arren, mentalki, bai jokalarientzat eta bai guretzat ere deskonektatzeko garrantzitsua delako sozialki harremanak izatea.

Deskonektatzeko balio dizula diozu. Nik imajinatzen zaitut, aipatu duzun horretaz guztiaz gain, autoa hartu eta etxera bidean ere buruari bueltak ematen…

Entrenatzaileok dugun gauzarik txarrena da ezin dugula deskonektatu. Partidu bat 3-0 irabazita ere berdin dio, beti daude gauza asko hobetzeko. Gainera, jokalari batzuek ez dute ezer jokatu, haserre egongo dira, edo baten bat mentalki ez dago momentu onean, eta bueltak ematen dizkiozu ea nola lagundu… Adibidez, aurreko baten penaltia huts egin genuen 92. minutuan, eta, gainera, aurkariaren berdinketa gure akats batetik etorri zen. Bada, hurrengo egunetan lokartu ezinik egon naiz akatsetan pentsatzen. Ezinezkoa da deskonektatzea. Horregatik, ni neurriak hartzen hasi naiz, eta asteburu libre bat daukagunean eta kanpora noanean ez dut ordenagailua eramaten. Buruak diotsu baietz, eramateko, partiduak ikusteko, aurkariak analizatzeko eta abar, baina esfortzu hori egin beharra dago deskonektatzen saiatzeko eta mentalki fresko egon ahal izateko.

Bizikleta ere bada deskonektatzeko modu bat?

Bai; jokalari ohi batzuk bizikletan ibiltzen hasi gara. Duela hilabete inguru erosi nuen errepideko bizikleta, eta egia da asko deskonektatzen dudala.

Batez ere, errepidea maldan gora jartzen denean…

Saiatzen gara errepide erosoetan joaten, oraindik ez gaude sasoian; kar, kar, kar. Baina egia da asko laguntzen didala, ia ez dugulako futbolaz hitz egiten. Jokalari ohiak gara, baina aprobetxatzen dugu sozializatzeko eta gure gauzez hitz egiteko, futbola askorik ukitu gabe.

Momentu latzetan etxeko jendeak beti emango du aurrerapausoa

Zerk arduratzen zaitu gehien? Emaitzek, taldearen jokoak, aldagelako giroak…?

Alde batetik, aldagelak. Oso inportantea da. Athleticek ezer badauka, aldagelaren indarra da. Nik badakit Espainia mailan guk baino talentu handiagoko jokalariak dituzten 5-6-7 talde daudela; beraz, aldagelak oso ondo egon behar du. Hori babestu eta landu behar dugu. Bestalde, lan asko egin behar dugu, eta aurten horretan ari gara. Astean sei saio egiten ditugu. Ez dut esango ezohikoa denik, baina futbol profesionalean talde guztiek ez dituzte zelaiko sei saio egiten astean. Entrenamendu eta lan karga handiagoa sartu dugu, jakitun garelako gure ligako maila gora eta gora ari dela, atzerritar asko eta onak ari dira etortzen, eta, guk hobetu nahi badugu, gehiago eta hobeto entrenatu behar dugu, eta aldagela zaindu. Hori eginda, teorian, errazagoa da emaitzak lortzea, eta ezin da ahaztu, azkenean, emaitzengatik baloratuko gaituztela. Guk geure buruarekin eta egindako lanarekin lasai egon behar dugu. Gero, emaitzak iristen ez badira, badakigu hau futbol profesionala dela eta kalera joango garela, baina horretan ahalik eta gutxien pentsatzen saiatu behar dugu eta lanean zentratu, nahiz eta ez den erraza ez guretzat ez eta jokalarientzat ere. Begira aurreko denboraldia zer gertatu zen… Emaitza txarrak zama bat izan ziren mentalki jokalarientzat eta gu iritsi ginenean ere kosta egin zitzaigun emaitzei baina, batez ere, jokalariei psikologikoki buelta ematea. Emaitza txarrek motxila astuna jartzen dizute bizkarrean.

Orduan, egia da Athleticen aldagela ezberdina dela?

Bai, egia da. Nik beti diot, bost liga irabazi ditugu azken hemeretzi urteetan eta inoiz ez dugu talderik onena eduki, inoiz ez. Beti egon da talderen bat jokalari hobeak zituena, baina guk, azkenean, beste indargune hori geneukan. Oso aldagela homogeneoa da Athleticena, denok gara hemengoak. Filosofiak trabak jartzen dizkizu fitxaketak egiterakoan, baina indarra ematen dio aldagelari. Azkenean, jokalari batzuk ikastola berekoak dira; Arrate [Orueta] eta ni, adibidez, urte askoan egon gara aldagela berean eta ikastola berekoak gara. Beste batzuk herri berekoak dira, edo kuadrillakoak! Antzerako jokalariak dira, taldekide izateaz gain lagunak ere badira batzuk, eta hori igartzen da eta zaindu egin behar da. Koronabirusak, alde horretatik, min handia egin digu. Guztioi, baina bereziki guri, kontaktu hori galdu genuelako. Ezin genuen Lezaman elkarrekin gosaldu eta bazkaldu, aldagela ezin genuen erabili… Eta harremanak hoztu egin ziren. Orain, pixkanaka, berreskuratzen ari gara.

Aldagelatik kanpo ere, ikuskizun bezala, nolako mina eman dion koronabirusak futbolari, ezta? Ez da gauza bera…

Ez da, ez. Koronabirusa etorri zenean, bigarren taldeko entrenatzailea nintzen. Denboraldi izugarria egiten ari ginen Reto Iberdrola Ligan, oso txapelketa zaila. Osasunaren, Alavesen eta Eibarren kontra lehiatzen ari ginen oso jokalari gazteekin, eta, gainera, Bartzelona B eta Atletico Madril B taldeak ere bazeuden. Lehenengoak gindoazen, eta, koronabirusa etorri zenean, txapeldun jo gintuzten, baina ezin izan genuen ospatu, ez zen gauza bera. Eta gero, bueltatu ginenean ere, partiduak irabazten zenituen, golak sartzen zenituen, baina publiko gabe ospakizuna ez zen gauza bera. Nik beti esan dut irabazi ditugun titulu guztiak garrantzitsuak direla, baina nire buruan jendearekin partekatu ditugun momentuak daudela. Adibidez, lehenbiziko liga San Mamesen irabazi genuenean, titulua bera baino gehiago, zelaiari eman genion buelta daukat buruan gordeta. Ni oraindik ikastolan ari nintzen eta gogoan daukat nola zeuden nire ikaskideak, lagunak, irakasleak, familia… harmailetan ospatzen. Beste ligak irabazi ditugunean ere, udaletxean, edo Diputazioan, edo autobusean Bilboko kaleetatik zoazenean eta haurrek, neska zein mutikoek superheroia bazina bezala nola begiratzen dizuten, hori geratzen da gogoan. Jendearekin partekatutako momentuak.

Aldagelaren garrantziaz hitz egin dugu, aldagelaren kudeaketaren garrantziaz. Eta nola kudeatzen da lagun eta taldekide izandakoak orain zure jokalari izatea?

Esperientzia oso ona izaten ari da. Egia da nik jokatzeari utzi nionean bigarren taldera pasa nintzela eta eguneroko harreman hori ez geneukala. Lezaman elkar ikusten genuen, baina ez geunden talde berean. Hurrengo urtean lehen taldeko prestatzaile fisiko izatera pasa nintzen, eta, entrenatzaile kargua beste gauza bat den arren, teknikaria zaren heinean distantzia bat mantentzen da jokalariekin. Hori bai, konfiantza dago eta nolabaiteko zubi-lana egiten duzu euren eta teknikarien artean. Hurrengo urtean bigarren taldeko entrenatzaile izendatu ninduten eta berriro ez genuen harremanik izan, eta, azkenik, aurten, lehen taldea hartu dut. Orain bai, tratua urrunagokoa da. Baina ez dut eurekin horri buruzko solasaldirik eduki. Eurek lehen minututik jakin dute zein den euren rola eta zein den nirea. Ez da inolako arazorik egon. Nik eurak oso ondo ezagutzen ditut, eta baita eurek ni ere. Agian, ez entrenatzaile bezala, baina ondo dakite nola bizi dudan futbola, eta erraza izan da. Taldekide ohiak izanik, sufritzen ikusten ditudanean pena ematen dit. Iaz, adibidez, momentu txarrak pasa genituenean, erantzukizuna sentitzen nuen eta ahalegintzen nintzen jokalariak ondo egon zitezen, dena ondo joateko. Noski, beti ez da lortzen, hogeita bi jokalari direlako eta hamaikak bakarrik joka dezaketelako, baina nik erabakiak buruarekin hartzen ditut, ez bihotzarekin. Bihotzarekin hartu dudan erabaki bakarra lehenengo taldea hartzea izan da. Oso momentu latza zen eta pertsonalki ez zen taldea hartzeko momenturik onena. Gehiago neukan galtzeko irabazteko baino. Hori bai hartu nuen bihotzarekin. Baina Athleticen egonda eta etxekoa izanda, edonork egingo zukeen. Gainera, dena ondo atera zen, eta orain oso pozik nago…

Bihotzarekin hartu dudan erabaki bakarra lehen taldea hartzea izan da; gehiago neukan galtzeko irabazteko baino

Bai, baina zer sentitu zenuen deia jaso zenuenean? Ez zenuen pentsatu goizegi zetorrela eta egoera gaiztoa zela? Athleticen historia zara, baina zuk esan duzu emaitzek agintzen dutela eta hasten ari zen zure entrenatzaile ibilbidea bera ere goizegi erretzeko arriskua zegoen…

Gainera, erabakia oso azkar hartu beharra zegoen. Taldeak asteazken edo ostegun batean galdu zuen Realaren kontra eta asteburuan berriro partidua zegoen. Eta egia da hurbileko pertsona batzuek esan zidatela nire karreraren hasieran egonda nire karreraren amaiera izan zitekeela…

Jakinda, gainera, tren hori berriro etorriko zela…

Ez dakit berriz etorriko zen, baina ni oso gustura nengoen bigarren taldean, ez nengoen trena noiz etorriko zain, eta bai pentsatu nuen agian goizegi zela. Bestalde, klubak nire laguntza behar zuen eta, gainera, nigan sinisten zuten, konbentzituta zeuden ni nintzela taldea egoera horretatik ateratzeko pertsona egokia. Askok esaten zidaten eskaintza jaso aurretik ere ni nintzela egokia jokalariak ondo ezagutzen nituelako, gauza asko ukitu baino lan mentala egin behar zelako, bigarren taldetik etorrita gazteei aukera emateko aproposa nintzelako eta, gainera ,lantalde on bat osatzeko modua neukalako. Lezaman oso harreman ona daukagu teknikarien artean eta nik garbi neukan etxeko jendearekin osatuko nuela nire lantaldea. Azkenean, Athletic momentu latz bat pasatzen dagoenean etxeko jendeak beti emango du aurrerapauso hori, inoiz ez du beste alde batera begiratuko, nahiz eta, agian, pertsonalki, onena beste alde batera begiratu, beste bati hartzen utzi eta aukera aurrerago etorri arte itxarotea izan. Alde horretatik, ez nuen askorik pentsatu eta garbi neukan baietz esango nuela. Jokalari horiek nire taldekide ohiak dira, ez nituzke sekula albo batera utziko, eta kluba ere ez. Gainera, prest sentitzen nuen neure burua, ez geneukan prestaturik ez egotearen beldurrik, goizegi izan arren, eta, zorionez, ondo atera zen. Egia da kontrako aukera ere bazegoela.

Ondo atera zen, eta aurten, proiektua denboraldiaurretik patxadaz hasteko aukera izan duzu. Kanpotik ikusita, badirudi kluba, orokorrean, eraberritze prozesu batean dagoela…

Bai, baina kontuan izan behar da iaz bi jokalari oso garrantzitsu galdu genituela. Bat Evertonera joan zen [Damaris Egurrola] eta bestea Real Madrilera [Maite Oroz]. Orain, Damaris Europako talde indartsuenetakoa den Lyongo Olympiquen dago. Emakumezkoen futbolean talde batzuk merkatua apurtzen ari dira. Bartzelona, Real Madril, Olympique, PSG… eta ezin duzu eurekin borrokatu ez ekonomikoki ez eta kirol proiektu aldetik ere. Jokalari gazteak dira, formatu egiten dituzu eta benetako errendimendua ematen hasten direnean badoaz. Amaiur [Sarriegi] ere bigarren taldetik Realera joan zitzaigun, eta begira zer-nolako maila ari den ematen. Eta gero, baditugu jokalari batzuk, Erika, Vane [Gimbert]… azken txanpan daudenak. Azken urteetan jokalari gazte asko igotzen ari da, jokatzen ari dira, baina lehenengo mailan egonkortzeko eta errendimendu handiagoa emateko denbora pixka bat behar dute. Orduan, momentu horretan gaude. Berehalako errendimendua ematen diguten jokalari batzuk behar ditugu eta, aldi berean, jokalari berriak igotzen doaz. Erronka da gazte horiek maila oso ona ematen hasten direnean klubean mantentzea. Edonola ere, Damaris, Oroz edo Amaiur joan arren, taldea Txapeldunen Ligako postuetatik bi puntura dago, eta hori da garrantzitsuena, batzuk joan eta beste batzuk erretiratu arren, behetik datorren jende gaztearekin onenekin lehiatzeko gai garela. Liga irabazteko adina? Ez, errealistak izan behar dugu eta oraintxe bertan ia ezinezkoa da; baina lehiatzeko bai.

Ez dakit inoiz honetaz berekin hitz egin duzun, baina susmoa daukat aurrean Marcelino izango banu, oso antzeko zerbait erantzungo lidakeela…

Seguru baietz. Kanpotik etorri da eta bere prentsaurrekoak entzunda uste dut berak hori ikusten duela. Exijenteak izan behar dugu geure buruarekin, anbizio handia eduki, baina, aldi berean, uste dut emaitzak ez direla dagokien bezala baloratzen. Mutilen kasuan, kritika asko egon dira galdutako Kopa finalengatik, galtzeko moduagatik, batez ere, baina, ikuspegi zabalago batetik begiratuta, balioa eman behar zaio. Aurrekoan, Bartzelonak antolatutako ekitaldi baten hitzaldia egin nuen, eta hitzaldi horren harira askok idatzi didate esanaz ikaragarria iruditzen zaiela bai mutilek eta bai neskek, daukagun filosofia edukita, lehenengo mailan nola lehiatzen garen eta nola ateratzen ditugun hainbeste jokalari gure harrobitik. Kanpotik hori ikusi eta baloratu egiten dute. Flipatu egiten dute. Horregatik diot ona dela gu eta gure zaleak exijenteak izatea, horrek belarriak tente jarri eta hobetzera behartzen gaituelako, baina daukaguna behar bezala baloratuz

Amaitzeko, Iraia. Gogoan daukat umetan, ikastolan, aurrenekoz futbolean jokatzen ikusi zintudanean sentitu nuen harridura. Uste dut gaur egun hori aldatu egin dela, baina ez dakit zenbateraino egin den aurrera eta zer gelditzen den egiteko?

Nik uste dut gauzak asko aldatu direla. Ikastolan hasi nintzenean, jendea asko harritzen zen neska bat mutilekin jokatzen ikusita. Hori, gaur egun, oso barneratuta dago. Gurea bezalako klub askok infantil mailako neska taldea daukate eta mutilen ligan lehiatzen dira erabateko normaltasunarekin. Garai baten, ohikoa zen entzutea, “baina nola izkin egin zaitzake neska batek!”  edo “nola sar diezazuke gol bat neska batek!“.Gaur egun ere noizean behin entzungo dira horrelakoak, baina ez da ohikoa. Hala ere, bide luzea dago egiteko; sare sozialetan, adibidez. Ni ez naiz askorik sartzen, jendeak izen faltsu baten atzean ezkutatu eta edozer esaten duelako eta ez dudalako horretan askorik sinisten, baina iristen zaizkizu gauzak. Jokalari batzuei esaten dizkietenak edo epaile batek emakumea izateagatik entzun behar izaten dituenak… Eta, sarritan, irainak gazteengandik datoz, eta horrek bai harritzen nau. Pentsarazten dit zer ari ote garen txarto egiten, nola ari ote garen gazteak hezten horrelako jokabideak izateko. Ez dakit hitza beldurra den, baina pena bai, penatzen nau. Lan handia dago eskoletan egiteko. Akademikoki eta futbol eskoletan. Heziketari emaitzei baino garrantzi handiagoa eman behar zaio. Gu ere, erreferente garen heinean, saiatzen gara haurrei hitzaldiak egiten, adibidez, ni entrenatzaile bezala ikus nazaten Marcelino ikusten duten bezala.

Emakume bat gizonen futbol talde bat entrenatzen ikusten dugunean izango da berdintasuna lortu den seinale?

Bai. Begira, aurten bost emakume gaude Iberdrola Ligan lehen entrenatzaile karguan, eta errekorra da. Jendeak ospatu egiten du Iraia Athleticeko lehen emakume entrenatzailea delako edo San Mamesko aulkian eseri den lehen emakumea delako, eta nik diot hori ez dela berdintasuna. Benetako berdintasuna helduko da munduko edozein taldek, gizon zein emakumeena izan, entrenatzailea aukeratzen duenean soilik bere gaitasunagatik, ez generoagatik. Emakumea bada ondo eta mutila bada ondo. Eta hori, momentuz, lehen mailako mutilen taldeetan burutik pasa ere ez zaie egiten. Egia da emakume entrenatzaile gutxi gaudela eta ibilbide laburra daukagula eta, beraz, zaila dela iristea, baina bigarren entrenatzaile emakumezkorik ere ez dago, eta analistarik edo prestatzaile fisikorik ere ez. Eta nik badakit goi mailako emakume prestatzaileak daudela. Fisioek eta medikuek bai eman dute pauso hori, baina staff teknikoetan ez dago emakumerik. Denbora pasa behar dela uste dut, guk emakumeok gure gaitasuna erakusten jarraitu behar dugu, eta helduko da momentua.