Ion Celestino: “Iruñerrian Euskal Rock Erradikala hil egin da, behingoz”
Ion Celestino. Underground-a du gustuko, baina nahiko mainstream dabil: Bertsolari Txapelketa Nagusiko sintonia egin berri du, Nerea Erbitirekin, eta Black is Beltza pelikulako Nicaragua sandinista kantuaren bertsioa, Broken Brothers taldearekin. Mihigaiztoek diote Iruñerriko musika eszenako loraldiko aitapontekoa dela, gibeletik hari guztiak mugitzen dituela. Hark dio ezetz, kontua dela musikari gazteek entzuten diotela, eta hori ez dela beraren errua. Edonola ere, azalpen arrunt mamitsuak eman dizkigu euskaldunon hiri buruzagiko panorama musikalaz.
Zergatik elkartu gara Iruñeko Arrotxapea auzoan, Runa parkean?
Toki goxoa delako, batetik, eta, bestetik, hurbil den zubi batean ibili izan garelako, eta hor gauzatxoak gertatu direlako. Bilera toki izan dugu behin edo behin, eta parrandarako toki ere izan da behin baino gehiagotan.
Rave-tokia. Gogoan dut bigarren sanfermin pandemikoetan, kontzertuak egitea debekatuta egonagatik ere, Chill Mafia taldeko kideek eta beren lagunek ehunka gazte elkartu zituztela zubi horren pean, sare sozialen bitartez mezua zabalduz.
Gu ez ginen egon horretan, jada adin batean gara eta, baina ekintza hori gertatzea bera gauza polita da. Gure ikonografian zubiak badira maite ditugun tokiak. Badirudi zubi baten gainean gertatzen dela gertatu beharreko garrantzitsuena, baina interesgarriena azpian dago.
Esaterako, Iruñea Nola ekimena zubipeetan gauzatu zenuten. Sanferminetako rave hartara itzulita: ez ote zen izan Euskal Rock Erradikalaren (ERE) hileta Iruñerrian.
Ofizialki egun bat jartzekotan hori jarriko genuke, bai. Eta EREaren sortze egun bat jarri beharko banu Iruñerrian, hemendik hurbil ere jarriko nuke, 500 bat metrora dagoen Jito Alai pilotalekuan, Tijuana in Blue-ko Jimyk eta Eskrotok maiz aipatzen zuten kontzertu berezi hartan.
Pasadizo bat kontatuko dut, 2009koa. The Foralettes taldean zenbiltzan. Iruñeko Terminal tabernan kontzertua eman zenuten. Ikasle abertzalez mukuru beteta zegoen. Sarri iraultza eginen zenutela esan zenuen, eta denok txalo egin zuten. Iraultza egindakoan, 40 urte baino gutxiago edukita EREa gustuko zuten guztiak fusilatuko zenituztela gaineratu zenuen, eta denok aho bete hortz geratu ziren. Zer zegoen horren gibelean?
Lehenik eta behin, probokatzeko nahia. Baina horretaz gain, orduan argi ikusten genuen EREa aspaldi bukatua zela, baina gutxi esaten zela. Aukera genuen aldiro esaten genuen, xaxatzeko. Kosta zaigu, baina heldu da.
Berria-n egin zioten elkarrizketan, J Martina taldeko Kattalin Barcenak zioen EREa gehiegi luzatu dela, eta aspaldidanik ez zuela zentzurik, iraganeko errealitate eta mugimendu politikoei erantzuten zielako. Ados?
Antzera ikusten dut. Agian, nire garaian ez nuen hain modu zorrotzean irakurriko, hauek egiten duten bezala, ETAren amaierako ziklo politikoarekin lotuz. Agian, nik hori buruan nuenean gehiago ari nintzen, batez ere, estetikaz, gauzak esateko moduaz.
Sakonki lotua da. Interesgarria iruditzen zaidana da gazteek hori pentsatzeko eta esateko oso modu diferenteak erabiltzen dituztela. Hori maitatzen dut. Halere, ikuspuntu historiko bat hartzen baldin badut, EREa deitu izan dugun hori bere urrezko aroan ez zen inondik inora gauza monolitiko bat eta panfleto hutsa. Oso gauza askotarikoa izan zen. Egiten dizkiodan kritikak ez dizkiot egiten hainbeste bere unean gertatu zenari, baizik eta horren ondoren sortu zen kiste monolitikoago horri. Orduan, bai, uste dut gertatzen ari denak erantzuten diola gaurko gizarteari eta talde eta joera diferenteek dituzten loturak, agian, gehiago direla gauzak eta haien arteko harremanak egiteko moduez, eta ez hainbeste idazteko edo kantatzeko moduez.
“Euskal Rock Erradikala, urrezko aroan, ez zen panfleto monolitikoa izan, baina gero, kiste bihurtu zen”
Gauzak horrela, zein heinean da bizitzen ari garen bazterrotako eszenaren loraldia egungo egoera politiko eta sozialaren ondorio?
Sakonki lotua da. Interesgarria iruditzen zaidana da gazteek hori pentsatzeko eta esateko oso modu diferenteak erabiltzen dituztela. Hori maitatzen dut. Halere, ikuspuntu historiko bat hartzen baldin badut, EREa deitu izan dugun hori bere urrezko aroan ez zen inondik inora gauza monolitiko bat eta panfleto hutsa. Oso gauza askotarikoa izan zen. Egiten dizkiodan kritikak ez dizkiot egiten hainbeste bere unean gertatu zenari, baizik eta horren ondoren sortu zen kiste monolitikoago horri. Orduan, bai, uste dut gertatzen ari denak erantzuten diola gaurko gizarteari eta talde eta joera diferenteek dituzten loturak, agian, gehiago direla gauzak eta haien arteko harremanak egiteko moduez, eta ez hainbeste idazteko edo kantatzeko moduez.
Loraldia errealtzat eman dut, galdetu gabe, baina, akaso, galdetu beharko nizuke, hasieran zenbaitzuek ukatu egin baitzuten. Iruñerritik burbuila gehiegi puzten ari ginela zioten. Zure ustez, Iruñerrian loraldi batean gaude?
Zegoen lehortea ikusita, esanen nuke baietz. Bestalde, horrelako ebentoak beharrezkoak dira zerbait ikustarazteko. Gaurko egunez ez dauka horrenbesteko garrantzirik ea loraldia izan ote zen edo ez, baina bai landatuko haziek emanen dituzten fruituak eta sortuko diren hazi berriak.
Musika eszenan, Laba elkartean, Iruinkokoan eta, etxe aldera eginen dut, Euskalerria Irratian kolaboratzen, jende bertsua zabiltzate. Hor sare berezi batzuk badira, ezta?
Aspaldidanik gabiltza horrekin tematuta, hori delako euskararen inguruko komunitate bat. Belaunaldi ezberdinetako jendea ere bada sare horietan guztietan. Horrek giharra egiten du. Horrela behar du. Hor garen jende gehienak denbora guztian aurrera begira ari gara, ez autokonplazentzian, baizik eta pentsatzen zer dugun oraindik egiteko, zer falta zaigun.
Musikari dagokionez, Chill Mafia plazara ateratzeak leherrarazi zuen guztia.
Dudarik gabe.
2014an Espainiako musika urbanoaren eszenan gertaturikoaren euskal bertsioa izan zela esan izan duzu.
Hortik asko eduki zuen; batez ere, komunikatzeko, erabili zituztelako tresna eta molde asko jada Espainian entseatu zituztenak. Haiek gaztetxo edo fan moduan ikusi izan zituzten. Gainera, Espainian gertatu zenean oso agerikoa izan zen nola gertatu zen, eta berehala idatzi zen horri buruz.
Ernesto Castroren liburua (El trap: filosofia millennial para la crisis en España) gomendatu zenidan behin.
Adibidez, bai. Uste dut horren nolabaiteko errepikapen bat izan zela hemengoa, baina oso modu inteligentean bertakotua, ez, besterik gabe, errepikatua, baizik eta hemengo gauzak irakurrita eta zeri zirto egin ongi pentsatua; adibidez, zure lehen kanta zein irratitara bidali modu inteligentean erabakita.
Hedabideon eta disko etxeen radarretatik at mugitu ziren, musika etxean grabatuz eta etxetik zabalduz. Ez ote den egon euskal kulturaren zentroan nolabaiteko zailtasuna hori digeritzeko.
Modu batean bai. Periferiaz hitz egiten dugunean, normalean esan nahi duguna da gu garela periferia. Horrek, askotan, ez digu ikusten uzten badirela beste subalternitate pilo bat. Gure lana euskaraz egiten dihardugunok, ni neu musikari bezala, ari gara gure txikitasunari begira, ikusi gabe gu baino gauza askoz txikiagoak eta azpikoagoak badirela.
Konparaziora, D ereduko langile auzoetako institutuetatik ateratako musikariez ari gara, baina auzo horietako G ereduko institutuetara joanez gero askoz jende azpiratuagoa topatuko dugu.
Hori da. Oro har, musikarekin horrela da. Euskal Herrian dagoen musika industriak badu bere buruaz txikitasun kontzeptu bat, eta ikusezin egiten zaio badela hori baino gauza txikiagoak beste modu batean zabaldu ditzakeen jendarte bat. Kontraesan bat sortzen da.
Mendillorritik zerura, Chill Mafiakoek abesten duten moduan. Ikus-entzule-irakurleren bat pentsatzen ariko da: “Bai, baina gero Oso Politarekin, hau da, Last Tourrekin fitxatu dute”.
Bai, baina uste dut ez dela erantzun beharreko zerbait. Aurreko belaunaldietan interesgarri egin zaizkidan musikari batzuek bide hori egin dute. Mano Negrak Virgin-ekin fitxatu zuelarik Puta’s Feber diskoa atera zuen; hain zuzen ere, hori zelako leporatzen zitzaiena. Edo The Clash. Beti errepikatzen den zerbait da. Nik nire pentsamendu propioa dut horri buruz, nik hori ez dut desiragarri nire talderentzat, baina ulertzen dut eta zilegi iruditzen zait.
“Espainian 2014an gertaturikoa Euskal Herrira ekarri du Chill Mafiak, ederki bertakotua”
Solasaldi hau prestatzeko, Hedoi Etxartek 2027an El Salto aldizkarirako egin zizun elkarrizketa berrirakurri dut. Hartan zenioen Iruñerriko eszenak nerabeek entzunen zituzten lauzpabost hit edo kantatzar behar zituela. Lortu al dituzue?
Baietz uste dut. Garai haietan buelta asko ematen genizkion horri: zer behar da? Behar genuena ez ziren aretoak, edo medioen kontrola edukitzea. Sare sozialek hori ahalbidetzen dute: hit bat edukitzen ahal duzula radarretik at. Horrek eragiten du komunikabideek zu begiratzea, eta ez alderantziz. Zentzu horretan nioen lau hit-ena.
Broken Brothers taldearen azken diskoa, Katebegia, pandemiaren aurretik grabatu zenuten; hau da, Chill Mafia eszenara salto egin aurretik. Disko horretan, baina, egungo loraldiko talde guztiekin grabaturiko kolaborazioneak daude. Nola da posible?
Posible zaidan umiltasun guztiarekin esanen dut: niretzat horrek egiaztatzen du, disko bakar batean, dena egia dela. Ez da bestelako harreman makiavelikorik: disko bat grabatzera goaz, bazkaria prestatuko dugu, heldu gurekin egun-pasa eta grabatu hau eta grabatu bestea. Egia da pertsonalki sare hori badela. Hori erakusten du diskoak.
The Foralettes taldearen garaietako beste pasadizo bat: Gor disko etxeko Marino Goñik kontatu zidan diskoa grabatzea proposatu zizuetela eta ezetz erantzun zenutela. Zurekin hitz egiteko esan zidan. Egin nuen. Esan nizun underground izateko zure obsesioa ulertzen nuela, baina Iruñerriko eszenak zu bezalako liderrak erreferenteak behar zituela. Ez dakit gogoan duzun zer erantzun zenidan.
Ez dut, ez.
Bide hori beste modu batean egin zitekeela, taldean, komunitatean. Ez ote duzuen lortu.
Bere garaian saiatu izan bagina ez dut uste lortu genuena baino askoz gehiago lortuko genukeenik. Egia esan, Beñatekin [Chill Mafiako Beñat RodrigoKiliki Frexko] hizketan, lehen kantua atera eta berehala hainbat disko etxetatik deitu zietenean, egia esan, izan nuen halako atzera begirako damu moduko bat. Gogoan dut Beñati esan niola nik nire garaian oso ziur nengoela ez nuela inorekin deus sinatu behar. Baina 40 urte ditut eta bi seme-alaba, eta ez dut ez lanik, ez dirurik, ez deus lortu musikaren bidez. Eta esan nion: agian, zuek beste bide batetik saia zaitezkete. Ez dira bide kontrajarriak, gainera.
Deabruaren galderetan ere aterako da: mihigaiztoek diote loraldi honetako aita pontekoa zarela, talde guztietan badirela zure ikasleak izandakoak, hari asko mugitu dituzula.
Aita pontekoa esatea gehiegitxo da, baina haiekin harremanetan egon izanak eta halako eskarmentu bat edukitzeak… Ez dakit… Entzun egiten didate. Hori da kontua. Ez da nire errua, haiek dira entzuten nautenak [barrez]. Dena dela, niretzako interesgarriena da nik haiek entzutea, haiengandik ikastea.
Agian, musika beltzak badu zerikusirik horrekin. Zure proiektu guztien erdian musika beltza dago, eta horretan komunitatea da ardatza.
Musika beltzarengandik plazer estetiko hutsa baino gehiago hori ikusi izan dut beti. Horrekin beti interes berezi bat izan dut. Gerora ikusi dut niri musika beltza interesatzen zaidanez hori musika beltzean ikusi dudala, baina, azken finean, herri musika gehienek badute hori bera. Ez dut pedante izan nahi, baina izanen naiz: gakoa da praktika kultural prekapitalistak direla, modu batean edo bestean, nahiz eta gero merkatuak hatzaparrak hor sartzen dituen. Hain justu, nire hipotesi guztien artean bat baldin bada huts egin duena, hori da nire irudimenean Iruñerrian zerbait gertatzen bazen musika beltza izanen zela gauza guztiz zentrala. Eta ez da izan. Irakaspen polit bat izan da.
Nerea Erbitiri eta bioi hamaika bider egin dizuedan galdera: euskal musika beltza al da?
Gure erantzuna beti baiezkoa da. Hau ez dakit erantzuten egundoko txapa eman gabe. Kontserbatorioan ikasi dugu. Musikara hurbilpen nagusia oso mendebaldeko teoriatik egin dugu. Eta, hain justu, musika beltzak hori ezbaian jartzen du. Eta Euskal Herriko musikak hori bera ekartzen du orain gutxira arte. Baina euskal musikaren bergauza gertatzen da Extremadurako mendietako artzainen musikan. Elizaren eta mendebaldeko kulturaren korronte nagusiaren azpitik bizirik iraun duten gauzak dira.
“2004tik lehendabizikoz, aurten ez dut Oteizaren ‘Quosque tandem’ berrirakurri. Orakulua da”
Euskalerria Irratian Hau ez da euskal musika izeneko saioa zenuen. Kontrakoa galdetuko dizut: zer da euskal musika?
Izenburu hori erabiltzen nuenean, batez ere, aspaldiko kontu bati egin nahi nion zirto. Haurrak eta gazteak ginela, Xalbador dendara –gerora Elkar denda izan zena– disko bila joaten ginelarik, bazen apal bat Euskal musika jartzen zuena, eta hor bertan baziren nazkagarriak iruditzen zitzaizkidan disko asko. Eta ondoko apaletan euskarazko disko zaharrak zeuden, eta disko zahar instrumentalak, kasik etnomusikologiaren arloan egonen liratekeenak. Etiketa hori horregatik egiten zitzaidan hain mingarria. Orduan, niretzako galdera da: euskal musika definituko duten elementu estetiko jakin batzuk ba al dira? Zuk, seguru asko, Magrebeko musika apenas entzunen zenuen inoiz, baina baditu elementu batzuk, ez bakarrik instrumentuei dagokienez, berehala esanaraziko dizutenak: honek Aljeria usaina du. Posible da hori euskal musikan definitzea, ez bada organologian instrumentuetan? Instrumentu jakin batzuek ekarriko naute euskal musika dela pentsatzera, baina nagusia izanen da duela 150 urte proletario italiarrek ekarritakoa –trikitia–, hori da gure totem kulturala.
Baina Anariren kantaeran euskal musikaren arima dakusazula esan izan duzu.
Adibidez, nik zantzuak, batez ere, kantaeran ikusten ditut eta.
Oteizaren Quosque tandem liburuan bilatu izan duzue, Erbitik eta biok, Urpekariak eta Eskola Ergatiboa proiektuekin, euskal musikaren arima estetikoa.
Guretzat hor badago orakulu bat. Oso kontziente naiz Oteizak 1963an atera zuen liburu batean aipatzen dituen zenbait zantzu, ni 40 urte geroago irakurtzen hasi nintzenean, harremantzen zirela ondoren gertatutako gauza askorekin. Eta bilaketa aitzakia horrekin hasi zen. Nik euskal musika eta jazza harremanetan jarri behar baditut, egin behar dudana da euskal musikaren tradizioa sakonki aztertu, ea hortik zer aurki dezakedan.
Orakuluaren ahotsa ulertu duzu, beraz.
Esan beharra daukat aurtengoa izan dela lehendabiziko uda, 2004tik, Quosque tandem irakurri ez dudana. Halako masokistak gara. Oporretako garaia iritsi zen, eta ez eramatea erabaki nuen, errepasatu nuelako eta pentsatu nuelako: uste dut ulertu dudala, 40 urteren ondoren.
Euskal musika euskaraz egiten dena da?
Euskaraz egiten den musika guztia nik ez dut euskal musikatzat, baina ez dut hori laido bezala esaten, eta ez dut hala hartzea nahi. Broken Brothersek euskaraz abesten duelarik argi eta garbi dago egiten dugun gehiena ez dela euskal musika, gure erreferente guztiak hemendik 10.000 kilometrora dagoen 500.000 pertsonako hiri batekoak direlako, eta gure erreferente kultural indartsuenak horiek direlako. Euskaraz ematen dugu hemen garelako eta esaten duguna jendarte batek ulertzea nahi dugulako, baina ez dut euskal musikatzat euskaraz delako.
Nola iritsi zineten Iruñean New Orleanseko musika egitera?
Tradizioz. Ni neu aitarekin asko ibiltzen nintzen Renato Valeruz izeneko kontrabaxu jotzaile batekin. Austriatik heldu zen tipo bat eta hasi zen inprobisazio eta jazz eskolak ematen, 80ko hamarkadaren hasieran. Nahiko tipo xelebrea zen. Norbaiti maisu esaten ahal badiot tipo horri da. Hark antolatu zuen Amama Luisa Brass Banda zena. Bazuen ikasle talde bat Durangon, beste bat Iruñean, beste bat Donostian. Jende hori guztia elkartu eta hasi zen New Orleanseko tradizio zaharreko musika lantzen. Hari horretatik tiraka ibili ginen. Gorka Gaztanbide sartu zen, eta gure inguruko beste batzuk. Eta, azkenean, erabaki genuen horrelako talde bat egitea, baina zentzu lokalagoa edukiko zuena funtzionatzeko eran eta egiteko moduan. Eta hori da Broken, azkenean.
Amamaren alabak.
Horixe, hain zuzen ere.
Black is Beltza Ainhoa filmeko kanta bat aurkeztu berri duzue. Izenburu ezin aproposagoa zuentzako.
Beti ibili gara hor, eta gu horretan ibiltzeko sorburuetako bat pelikula horren inguruan dago: Fermin, Iñigo, BAP… Unibertso horretatik heldu zitzaigun.