Ion Aramendi: “Telebistan zaila da egin nahi duzuna aukeratzea”

Factor X telebista saio erraldoiaren gidaritzapean egotea nolakoa da? Ilusioz hartu duzu proiektua?

Sekulako poza eta ilusioa da. Nazioarte mailan talent-show handienetakoa da. Eta, gainera, musikazale handia naiz. Horregatik ere ilusioa bikoitza da. Oraindik talent-show formatua ez dut inoiz landu, eta Mediaset taldearekin batera egitea ametsa da. Eta epaimahaia ere zoragarria da! Willi Barcenas, Vanesa Martin, Lali eta Abraham Mateo. Lalik asko harritu nau, niretako aurkikuntza bat izan da.

Reacción en cadena saioan primeran pasatzen duzula ikusten dugu egunero; gogoko dituzu programa horiek?

Txikitatik gustuko izan ditut lehiaketak, eta ikus-entzule sutsua izan naiz. Oso-oso dibertigarria da Reacción en cadena, parte hartzeko eta grabatzeko. Gainera, familia ikusteko saio bat izateak ere betetzen nau; umeek etxean ikus dezatela eta kulturaz ikas dezatela. Asko gozatzen ari naiz.

Aurkeztu dituzun reality guztietatik zeinetan parte hartuko zenuke?

Gran Hermano-k beti txunditu nau. Hura da reality-en jatorria, lehena. Hura bai dela esperimentu bat. Baina erronka fisiko bezala, pixka bat argaltzeko eta tripatxoa kentzeko, Supervivientes aukeratuko nuke. Ez denbora luzez egoteko! Apur baterako. Goseari aurre egitearenak erronka izugarria izan behar du.

Kazetari izateko jaio zinen?

Nire ustez, kazetariak egin egiten dira. Badaude txikitatik bokazioa dutenak, baina ez da nire kasua izan. Ni apurka egin naiz kazetari, eta ikasi ahala motibatzen joan nintzen. Kazetaritza baino gehiago telebista gustatzen zait niri. Ez dut ikerketa-kazetaritzarekin edo informazioarekin burua galtzen. Etxean ibiltzeko kazetaria naiz ni, kar-kar.

EBA mailan saskibaloian jokatu zenuen; ona zinen?

Egia esan, oso ondo moldatzen nintzen eta 13-14 urterekin Euskadiko jokalari promes horietako bat izan nintzen. 8 urterekin hasi nintzen jokatzen, eta oso gustuko izan dut beti. Erdi-profesionala izatera heldu nintzen; hau da, jokatzeagatik ordaindu egiten zidaten. 18 eta 30 urte artean diru-sarrera bat izan zen niretzat. Belaunean lesio bat izan nuen…

Zure anaiekin talde berean jokatu zenuen, gainera…

Lau anaia gara, eta laurok talde berean jokatu genuen. Saskibaloiko Gigantes aldizkarian erreportaje bat atera zuten, taldean hamabi ginelako eta zazpi anaiak ginelako. Hau da, lau Aramendi eta hiru Nuñez. Oso-oso bitxia izan zen. Oroitzapen ederrak gordetzen ditut garai hartaz.

Salvame saioa zer izan da zuretzat?

Telebistan izan ditudan hastapenak. Eskola izugarria izan da niretzat. Telebistaz ikasi dudan ia guztia bertan ikasi nuen. Oso eskertuta nago horregatik.

Telebistan bada jorratu ez duzun formaturik?

Egia esan, ez dut etorkizunean pentsatzen. Telebistan oso zaila da aukeratzea. Oso zoriontsu nabil saio horiekin. Jartzen nauten tokian ahalik eta profesionalen izaten saiatzen naiz. Hori da gakoa. Formatu asko jorratu ditut, eta ez dakit zer gehiago egin dezakedan.

Gaztetan zerbitzari lan egin zenuen Australian? Zer dela eta?

Jatetxe greziar batean kafeak jartzen hasi nintzen coffe-maker gisa, eta handik zerbitzari eta arduradun izatera igaro nintzen. Esperientzia zoragarria izan zen. Urtebete egon nintzen eta zoriontsu izan nintzen. Nire bizitza pertsonala berreraikitzera joan nintzen, eta surfa eta lana ziren nire bi egitekoak. Bizitza lasaia izan zen eta bidaiatzeko aukera polita izan nuen, Zeelanda Berria ere bisitatu ahal izan nuelako.