Iñigo Etxarri: “Irudia bezain garrantzitsua da soinua”


Iñigo Etxarri Sistiaga soinu-ingeniaria eta musikaria da; harekin hitz egin dugu soinuak duen garrantziaz, Liher taldeko ibilbideaz eta Bele proiektu berriaz, besteak beste.

Iñigo Etxarri Sistiaga, ongi etorri TTAPera!

Kaixo! Zer esan behar da, egun on edo arratsalde on?

Ez, “kaixo” esan behar da.

Kaixo!

Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?

Saltsero gisa. Soinu-ingeniaria naiz, musikaria…

Betidanik izan zara musikazalea?

Ez naiz gogoratzen, baina amak esaten dit txikitan behin eta berriz Queen-en eta Michael Jackson-en diskoak jartzen nituela. Gogoratzen dut erosi nuen lehen diskoa Negu Gorriak-en Salam agur izan zela. Hiri gerrillaren dantza kantagatik eskatu nion amari disko hura erosteko.

Argi zenuen handitan musikarekin lotutako zerbait egin nahi zenuela?

Handitan zer izan nahi genuen galdetzen zidatenean, musikaria edo lapurra izan nahi nuela esaten nuen. Oraindik ez dut ezer lapurtu, baina agertokien gainean banago.

Zer ikasi zenuen?

Gasteizen lau urte Historia ikasten egon ondoren, Bartzelonara joan nintzen Soinu-ingeniari eta Produkzio Musikala ikastera. Eskertu izango nukeen DBHn edo batxilergoan ikasketa-orientazioan gehiago lagundu izan balidate. Historia aukeratu nuen, beste ikasketa guztiak baztertu nituelako. Lehenengo bi urteak egin nituen eta konturatu nintzen kontatzen dizuten dena gezurra dela, historia irabazleek kontatzen dutela. Bartzelonara joan nintzenean askoz errazago egin zitzaidan bertako edukia ikastea. Lau urteko ikasketak modu intentsiboan egin nituen bi urtean, eta konturatu nintzen orduak hegan pasatzen zitzaizkidala eta benetan hori nahi nuela egin. Horregatik pentsatzen dut hezkuntza sisteman akats bat dagoela, aukera guztien berri ematen ez dutelako. Eta zenbat jende egongo den horrela!

Non hasi zinen lanean?

Lehenengo praktikak Donostiako REC estudioan egin nituen, eta bizpahiru urte egin nituen bertan lanean. Gero, nire kabuz jarri nintzen eta orduz geroztik pixkanaka-pixkanaka hortxe nabil.  

Hutsetik hastea izan da Bele, zentzu guztietan

Zein lan egiten du soinu-ingeniari batek?

Nire lanetik garrantzitsuena nire lana ez nabaritzea da. Adibidez, pelikula batean zerbait ez bada ondo entzuten, pila bat nabaritzen da. Askotariko lanak egiten ditut: gaizki grabatu diren elkarrizketak grabatu, soinu banden nahasketa egin, nahasketa orokorra… Batzuetan, dena eskatzen dizu bezeroak; eta beste batzuetan, zati bat.

Oso desberdina da zineman edo telebistan lan egitea?

Telebistak eskatzen dizu lana oso azkar egitea, dena atzorako izaten da, eta kalitateak ez du hainbeste inporta. Zinema askoz ere sotilagoa da.

Irudiaren gizarte honetan soinuak ze garrantzi du?

Ba, inoiz baino gehiago entzuten ditugu audiopodcastak. Gaur egun, ia denok daukagu mugikorrean podcastak entzuteko aplikazio bat. Eta irudia hor dago, noski, baina irudia eta soinua elkarrekin doaz eta ahalik eta ondoen entzun behar da. Irudia bezain garrantzitsua da soinua.

Zenbat mikrofono dituzu?

Uf, ez dakit. Hogeita hamar edo. Ahotsarentzat, gitarrarentzat, bateriarentzat…

Zein dohain eduki behar du soinu-ingeniari batek?

Pazientzia! Askotan, pentsatzen duzu izugarrizko lana egin duzula eta hurrengo goizean berriro entzuten duzu eta ez zaizu batere gustatzen. Belarria muskulu bat da eta bizio batzuk hartzen ditu. Horregatik, nik nahiago izaten dut bizpahiru orduz lanean egon eta gero beste gauza bat egin; batez ere, nahasketak egiten ari naizenean. Bestetik, aparailu bakoitzak desberdin grabatzen du eta denbora hartu behar duzu dena ongi entzuteko.

Maniatiko samarra zara?

Bai, hori esaten didate.

Eta entzule ona?

Egunaren arabera. Nola lo egin dudan arabera edota lanean zenbat ordu egin ditudan arabera. Baina beti egoten naiz adi inguruko soinuetara. Adibidez, gu biok egon gaitezke taberna batean hitz egiten, eta nik belarri bat edukiko dut aldameneko mahaiko elkarrizketan. Mendian ere soinuak detektatzen egoten naiz. Beharbada, belarria entrenatzeko modu bat da, edo, agian, obsesio bat da. Askotan esaten diet ingurukoei: “Entzuten duzu hori?”. Eta beraiek: “Nik ez dut ezer entzuten!”.

Gauean soinu bat entzuten baduzu…

Ez dut lorik egiten! Norbaitek gauean garbigailu bat jartzen baldin badu, nire onetik ateratzen naiz.

Musikaria ere bazara; nola hasi zinen mundu horretan?

DBH-1en, lagun batzuk ikastolako goiko gelan bildu eta zarata ateratzen hasi ginen. Gero, 2005-2006an Xikinkei izeneko taldea sortu genuen eta lehenengo maketa eta disko luzea grabatu genituen. Abeslaria nintzen. 15-16 urterekin hasi eta hiru urte aritu ginen, eta nahikoa bolo egin genituen. Gero, Naizroxa taldean baxua jo nuen; ondoren, Anai Arrebak-en; gero, Liher-en; eta orain, Bele-n. Tartean, Txemak taldean ordezko bateria-jotzailea izan nintzen.

“Astean behin disko berri bat entzuteak inspiratzen nau”

Baina zenbat musika tresna jotzen dituzu?

Ondo, bat ere ez! Pianoarekin hasi nintzen, eta gero, bateria jotzen ikasi nuen. Gero, baxua; eta ondoren, gitarra. Azken bi horiek, belarriz eta ordu asko sartuz.

Liher taldeko ibilbidea izan da luzeena.

Lidek bakarka sortu zuen taldea, 2015ean, baina sei hilabetera Gazte Eszenan kontzertu bat ematea proposatu zioten eta inguruan geunden lagunak bildu ginen Liher banda formatuan jotzen hasteko. Duela bederatzi urte izan zen hori, eta, geroztik, izugarrizko turra eman dugu! Lau lan luze, EP bat, bideoklipak eta birak egin ditugu. Euskal Herrian badaude areto mitikoak, eta lehenengo bi diskoekin hainbat aldiz jo genuen bertan. Gero, Espainiako Estatura atera ginen, eta  Europara… Liherren inork ez du inoiz dirurik eraman etxera; dena proiekturako izan da.

Zer eman dizu Liherrek?

Nik nahiago izaten dut ezer ez espero izan. Nahiago dut dena eman eta, jendeari gustatzen bazaio, bueltatu. Liherren azkeneko kontzertuetan jende pila bat bildu zen eta nik jarraitzen nuen inor ez zela etorriko pentsatzen. Eta jendea etorri da. Liherrek eman dit gure artean proiektu bat aurrera eramateko erronka. Beti ez zaude puntu berean, eta taldekideok ere ez gaude puntu berean; horregatik da oso garrantzitsua da elkar zaintzea. Urtean zehar beti bi hiru hilabete gelditu egiten ginen, gero gogoz bueltatzeko, eta zaintza hori esperientziak bakarrik erakusten dizu. Liherreko parte izan ez banintz, ziurrenik ikasgai hori gainditu gabe edukiko nukeen. Oso ondo konpontzen gara. Iruditzen zait taldea eraman dugun modua super osasuntsua izan dela. Beti eraman dugu motelaren abiadura.

Bueltatuko zarete?

Atea irekita dago. Abestiak eta maketak badaude. Indarra baldin badago, helduko diogu hari horri.

Belen zaudete zu eta Lide orain; zer-nolako esperientzia izaten ari da?

Hutsetik hastea izan da, zentzu guztietan. Estilistikoki, funtzionatzeko moduan… Lide da burmuina eta hark markatzen du nondik jo. Besteok mahai horren hankak gara. Erronka bat izan da. Bateria jotzen duela urtebete hasi naiz berriz. Uste genuen estilo aldetik Liher baino zabalagoa izango zela, baina egin dizkiguten kritiketan esaten digute oraindik musika estiloa nitxoagoa, txikiagoa dela. Lidek hori nahi zuen, eta nik forma eman diot.

Ekoizle lanak egin dituzu.

Bai. Lide estudiora ahots melodia batekin etortzen zen, eta hortik eraikitzen nuen base instrumental guztia. Askotan, Whatsappeko audio bat bidaltzen zidan, nik base oso bat eraikitzen nuen eta hark “zer arraio da hau?” esaten zidan. Eta alderantzizkoa ere gertatu da; hau da, hasieratik zerbait asko gustatzea.

Zuzenekora eraman behar izan duzue diskoa.

Estudioko aukerak infinituak dira; milioika bonbo eta milioika baxu dituzu eskura. Zuzenekoan, ordea, baxu-jotzaile/gitarrista bat daukagu, teklista bat, eta bateria organikoa da; hor zuzeneko teknikariak ere badu bere ardura. Beraz, egokitzapena egon da. Abesti bakoitzari bi hilabete edo hilabete eta erdi eskaini diogu. Kanikak kantari ez diogu kasurik egin urte batez. Nik ez nuen ikusten, eta, halako batean, estudioan sartu eta asmatu egin nuen.

Zer gustatzen zaizu gehiago: sortzea ala publikoaren aurrean jotzea?

Desberdina da. Zuzenekoan jendearen erreakzioak asko baldintzatzen gaitu. Jotzen ari garenean, jendea ondo pasatzen, dantzan ikusten dugu. Estudioan ez daukazu hori, baina egia da estudioan asmatzen duzunean beste era batean disfrutatzen duzula.

Zerk inspiratzen zaitu?

Astean behin disko berri bat ondo entzuteak. Neure burua behartzen dut bertan goxo ez egoten. Berdin dio disko hori zure estilokoa ez bada; izan daiteke musika klasikoa edo Nathy Pelusoren azkenekoa. Beti dago zerbait inspiratzailea.

Entzungailu on batzuekin?

Ez pentsa! Nire entzungailu faboritoak 20 euroko Sony batzuk dira. Estudioko nahasketak horiekin entzuten ditut.

Eta orain zer entzuten ari zara?

Nathy Pelusoren azkena, Grasa. Gauza batzuk gustatzen zaizkit eta beste batzuk ez. Aurreko diskoa ikaragarria iruditu zitzaidan, Calambre. Zuzenekoa ikustera joan ginen eta pentsatu nuen: “Emakume hau atleta hutsa da!”.