Iñigo Astiz: “Ez didate ordaintzen poemak idazteko”

Ultzamarra Iruñetik ibili ondoren Bilbon dabil kultura kazetari. Poeta ere bada, bi poema libururen egilea; azkenekoa, plazaratu berria. Bi eginkizunen artean alde txikia ikusten du. Gaurko kazetaritzaz, arte plastikoez eta sorkuntzaz mintzatu da Angel Errorekin berarekin.

Zu gogoratzen zara nola ezagutu genuen elkar?

Bai, gogoratzen naiz oso ongi. Pixka bat lotsagarria da esatea.

Baina kontatu.

Bueno, ni gazte eta berde nintzen eta zu, berde igual ez dakit, gaztea zinen.

Ez, agure berdea.

Bai, hor genbiltzan, mundu berdean, eta oroitzen naiz Gara-n zutabe bat idatzi zenuela, amodioari buruz, amodioa eta poesia, eta aipatzen zenuen boluntariorik balego deitzeko, jarraituko zenukeela horri buruz hizketan, eta nik deitu nuen, nahiko inkontzienteki. Gero, ohartu nintzen bigarren zentzu bat ere bazuela, ez hain xaloa.

Bai, elkarrizketa bat eskatzeko deitu zenuen.

Elkarrizketa bat eskatzeko, Eremulauak izeneko webgune baterako, eta hor juntatu ginen. Niretzat, nahiko dei inportantea izan zen, zeren nik inguru hartan ez bainuen ezagutzen jende gehiegi poesiazalerik eta literaturazalerik.

Zu, garai hartan, Eremulauak kolektiboan, ez dakit parte hartzen, baina bai kolaboratzen zenbiltzan, kritikak egiten, elkarrizketak, egin zenidan bezalakoa. Nola gogoratzen dituzu urte haiek?

Nik parte hartzen dudan proiektu gehienetan bezala, errebotez iritsi nintzen Eremulauak proiektu horretara. Gutxitan izaten da nik abiatutako zerbait. Unibertsitate garaian hasten ari ginen kazetari izaten, Kazetaritza ikasten nuen eta, han, beste kazetari lagun batzuek proposatu zidaten elkarrizketak egiteko. Dagoeneko kulturzaletzen hasia nintzen eta, bi zaletasun horiek gurutzatuta, hasi nintzen. Ultzama aldeko irratian egina nituen lantxoak, nire saiotxoak, elkarrizketak egiten nituen. Umetan ere egiten nituen, Fisher-Price-rekin. Elkarrizketa horietan jarraitzen dut, gutxi gorabehera, ideia beraren inguruan.

Orduan argi-edo zenuen horrek behar zuela zure bidea? Orain, Berria-n zaude, kultur arloan, gehienbat. Poeta izateaz aparte, horregatik ezaguna zara euskal munduan. Argi zenuen horra iritsi nahi zenuela?

Nik gogoratzen dut umetatik kazetari izan nahi nuela esaten nuela; seguru aski, kazetari izatea zer zen ulertzen ez nuen garaian ere. Bitxia da, gero kazetari bihurtzen joan naizelako, kazetari izatea kazetari izatez aparteko zerbait bihurtzen doan bitartean. Beraz, jarraitzen dut kazetari izan nahi dudala pentsatzen, jakin jabe oso ongi zer den kazetari izatea. Oraintxe bertan mundu hori hain dago aldakor… Kazetaritzak jarraitzen du izaten zena, hau da, gertakari bat kontatu, ahalik eta egokien, azaldu lastoa zer den, bereizi zer den alea… Horrek jarraitzen du funtsezko izaten, lehengo gauza bera, sortu zenetik hona, baina transformazio asko ari dira gertatzen eta gu geu ere, kazetariok, etengabe ari gara berrikasten kazetari izatea zer den, idazleak izatea bezala ere bai. Literaturaren gainbehera edo eraldaketa sasoietan idazle izatea tokatu zaigunoi gertatzen zaigu etengabe geure burua topatu behar hori.

Urte hauetan zehar kultura jarraitu duzu bai kazetari, bai idazle moduan. Aldaketa deigarririk ikusi duzu urteotan?

Ni hasi nintzenean kazetaritzan –berdin du herriko irratian, edo EITBn egin nituen praktika batzuk, edo Berria-n hasi nintzenean–, kazetari izatea zen idaztea periodikorako, edo bideo bat egitea telebistarako, edo elkarrizketa bat, audioa, egitea irratirako. Orain, kazetari izatea, edozein mediotan, aipatu ditudan hiru medietako edozeinetan, hiru gauza egitea da. Beste gauza bat, nahiko bitxia, nik ikusi dut prentsaurreko bukaeretan galdera kopurua nola joan den murrizten eta murrizten. Ez dakit hori den jendea nazkatu delako, ez duelako sinesten kazetaritzaren funtzioan, sektorea asko prekarizatu delako, baina gertatu dela nabarmen ikusten dut. Hasi nintzeneko prentsaurreko eta elkarrizketetan bazegoen tentsio moduko bat, jendeak zerbait erakutsi nahi zuen, batek ezkutatu nahi zuen. Agian, hasiberria nintzelako. Orain, kulturan, batez ere –seguru aski, kultur kazetaritza ez delako hainbat jenderentzat kazetaritza–, gero eta prentsa oharretarako joera handiagoa ikusten dut.

Promozioaren mugan, ezta?

Periodikoetako kultura orriak, lehen, kultura orriak ziren; orain, kultura eta aisialdia dira. Biak uztartu dira. Kultura dagoeneko ez da guztiz kultura, halako nahasketa baizik.

Kazetaritzaren gainbeheraren erakusgarri izan daiteke hau bezalako intrusismoa. Nik, eremu honetan arrotz moduan, horrela ere ikasteko, galdetu nahi nizun zer behar duen elkarrizketa on batek.

IA.- Elkarrizketa on batek bi gauza behar ditu, nire ustez. Lehena da argi jakitea zer nahi duzun galdetu.

Apuntatuko dut.

Bai, apuntatu. Eta bigarrena da espero ez duzun zerbait jasotzera prest egotea. Elkarrizketa hain ongi prestatuta eduki, beste bide bat irekitzen dela ikustean prestatu duzun hori sakrifikatzeko prest egotea.

Eta poesian beste tresna batzuk erabili behar dira? Poesia lana eta elkarrizketa bat berdin planteatzen dituzu?

Askotan, pendulu moduko batean sentitzen dut. Ez ditut kazetaritza eta literatura guztiz bereizita ikusten. Estatu Batuetan ere, kazetaritza literatur generotzat hartzen dute askok, eta estudiatzen da, gauza handiko gauza bat balitz bezala. Zuk kazetari zarela diozunean, jendeak bizkarra zuzenduta agurtzen zaitu. Hemen, aldiz, kazetari zara eta jendea mesfidati hasten da zutaz. Nire ustez, ez dago distantzia handirik. Poema bat idazten jartzen naizenean, noski, ordura arteko poesiarekin nabil elkarrizketan, eta artikulu bat idazten dudanean irakurle batentzat ari naiz, zerbitzu bat eskaintzen; ez dira ariketa erabat berdinak, baina askotan gertatzen zait, artikulu bat idazten nagoela, tartetik poema bat ateratzea, eta, poema bat idazten nabilela, ohartzen naiz hor erreportaje bat egon daitekeela. Dena den, argi gera dadin, Berria-k ez dit ordaintzen poemak idazteko.

Izenburuak jartzeko bai…

Periodiko handietan badago, edo bazegoen, izenburu-egilearen figura, eta nik beti amestu dut ni erredakzio batean ordenagailuz ordenagailu ibiltzea: “Ez, titular hori aldatu, beste hori ikusgarriago jarri”. Hori gustatuko litzaidake.

Beti aipatu dizut hori dela zure gauza bat asko gustatzen zaidana, erreportajeetako izenburu deigarriak jartzeko duzun abilezia.

Asko pentsatzen dut izenburuen inguruan, eta batzuetan asmatzen duzu, beste batzuetan ez. Baina hori ere asko aldatu da. Lehen, titularra amu bat zen, baina informazioa emanez. Orain, amu hutsa dira. Hau da, “zergatik haserretu dira Angel Erro eta Iñigo Astiz?”, eta hori da titulua. Ez du esaten “Angel Errok zera esan dio eta horregatik…” Ez. Galdera ikurra da orain titularra. Lehenengo paragrafoa irakurri eta enteratu gabe segitzen duzu, gero publizitatea sartzen delako, bigarren paragrafoaren aurretik, eta ondoren argitzen zaizu zein den afera. Lehen, ikasten genuen informazioa nola eman behar zen. Aurrenekoz inportanteena, teknologiak eraginda, telegrafoarekin edozein momentutan eten daitekeelako komunikazioa; beraz, lehenengo, inportanteena, eta gero, bestea. Orain, guztiz aldrebestu da hori prentsa idatzian, Internetagatik.

Bertsolaritzara lerratu da.

Bai, azken puntura doa, bai.

Apuntatu dut titular hori erabil dezakedala: “Zergatik haserretu dira Iñigo Astiz eta Angel Erro?”, baina zertan haserretu gabe. Nik ez dut intentzio handirik.

Seguru aski, titular horrekin elkarrizketak askoz bisita gehiago izango ditu. Izen inportante pare bat galdera ikurrarekin jarri eta, gero, informazioa.

Honekin master bat egiten ari naiz. Ordainduko dizut gero. Lehenago, Eremulauak eta Berria aipatu ditugu. Beste leku aldaketa egina duzu, eta honako hau ere kultur kazetaritzaren uharan: Bilbora aldatu zara. Eta zergatik Bilbora…?

Ez, ez duzu zertan hori azaldu, nahi ez baduzu, baina aldaketa hori nola bizitu duzu, nafar eta euskaldun gisa?

Niretzat, oso polita izan da Iruñean lan egitea. Jendeak beti galdetzen zidan: “Baina, Iruñean, zer dago kulturan?”. Nik horrelako gauzen aurrean joera dut harrotzeko eta defenditzen nuen baietz, ez duela Iruñean egoteak zertan esan nahi kultura gutxiagoko toki batean egoterik. Kazetari moduan, deialdi finkatu gutxiago duen leku batean aukera gehiago duzu zuretik emateko, lana zure gisa egiteko, zure gaiak bilatzeko, elkarrizketak lantzeko. Sinadurak askoz pisu gehiago har dezake horrelako leku batean. Bilbok, berriz, informatiboki, askoz gehiago eskatzen dizu. Eskaintza kulturala askoz zabalagoa da, populazioa ere bai. Baina liburutegi bat dagoen edozein tokitan kultura dago, eta liburutegiak nahiko gauza nonahikoak dira. Kulturaren ideia, askotan, espektakuluarekin lotzen dugu.

“Klik asko lortu ditugu ‘Zergatik haserretu dira Iñigo Astiz eta Angel Erro?’ izenburuarekin”

Baina euskalduntasunaren aldetik ez zaizu iruditzen periferia batetik beste batera joan zarela?

Nik periferiarena ez dut eroso hartzen, seguru aski, neure akatsez, pentsatzen dudalako unibertsoaren zentroa ez dagoela niregandik oso urrun. Periferiaren ideia ez zait sekula gustatu. Bi talde inportante elkartzea, adibidez, Lekunberrin, bertan Berri Txarrak egon izanak Lekunberri mapan jartzen du eta desperiferikatzen du, ezta? Ez dakit hitz hori existitzen den.

Hemendik aurrera bai.

Edo, bestela, bi euskal idazle leku berean egoteak eta leku berean –esan dezagun, Lekunberrin, ez dakit zergatik ateratzen ari den gaur hainbeste– bi ipuin handi sortzeak. Gure hizkuntza txiki honetan periferia oso gauza labainkorra da. Zentroa ere oso muino txikia da; ziklismoaren grafikoetan ikusten diren piku altu horiek eta esprinterako lautadak oso hurbil daude. Periferia-eta oso likidoa da gurean, baina egia da Iruñetik Bilbora, euskalduntasunaren ikuspegian, gauza oso diferenteak direla. Bilbon askoz hiztun gehiago daude, baina euskarak ez du toki zentralagoa. Hori oso deigarria egin zitzaidan hasieran; prentsaurreko asko-askotan, euskaraz esaten den hitz bakarra, eta, seguruenik, azkena, da “egun on”, eta listo. Gero, ordu erdi edo ordubete erdaraz, askotan gaztelaniaz eta frantsesez edo ingelesez. Euskara da marka zigilu bat: Eco, Kilometro Zero… besterik ez. Horretan oso antzekoa da Iruñean, baina, nire ustez, hizkuntza politika kontu bat delako kontzientzia askoz handiagoa dago, eta horrek ekartzen du ekosistematxo bat, oso txikia, agian, batzuetan itogarria, beste batzuetan oso babesgarria. Iruñean badago talde muin bat, gerrilla bat, esan dezagun. Eta Bilbon, aldiz, oso jende soltea dago, oso apartatua, bilbatzeko zaila. Ez Iruñean ez Bilbon euskara ez dago zentroan, baina ez dago zentroan modu diferenteetan.

Eta zentroaz ari zarela, lehenago esan duzu munduaren zentroa ez dagoela zuregandik oso aparte. Horrek pentsarazi dit zure poesian zein zaila den esaten poeta urbanoa zaren; beste batzuetan badu landa eremutik eta herri girotik asko –azken poema liburuan zaldien larreak, kortak, edo landareen izenen inguruko zure aitaren lezioa– eta, aldi berean, poesia turistikoa ere egiten duzu –nabaritzen da atzerrian, Pragan edo Erroman, ideiak biltzen dituzula eta ematen dizula zertaz idatzi–. Egiazki, nahiko Iñigozentrikoa da zure poesia.

Erabat, erabat. Nekagarria egiten zait, baina ezin dut saihestu. Orain, Cesare Paveseren poemak itzuli dituzte euskarara eta irakurtzen dut “ez dakit zeren ametsa”, bere ideiak egiten ditu, baina beste pertsonaiengan sartuta, eta inbidia handia ematen dit nik bakarrik lortzen dudalako jendea erakarri eta ni bihurtzea, guztia irensteko gosea banu bezala.  Errurala eta hiriarena, justu, aurreko astean lagun batzuei azaldu nien nire aita albaitaria zela eta erditzeak ikustera eramaten ninduela, eta oso landa mundu batetik natorrela; oso bitxia egin zitzaidan nire jatorria, nire lehenengo urratsak mundu horretan egitetik kasik urtarorik gabeko mundu batera nola igaro naizen…

Alegia, hirira.

Bai, baina hirian egon gabe ere landa oso hiritartua da. Eskolako ikaskide askok, herrikoek, 200 biztanleko herrietakoek, ez zuten behi baten erditzea edo ardi bat hiltzen sekulan ikusia. Gure aitak, eta bere sendi guztiak, oso erraz ezagutzen zuen basoaren hizkera, eta bazekien kolore aldaketak zer esanahi zeukan. Aurrekoan horri buruz pentsatzen ari nintzela, lurrinei buruzko iragarki bat hasi zen telebistan, eta pentsatu nuen, “hara!, badator udaberria, lurrinak datozelako, San Valentin…”. Hemen urtaroak ulertzeko naturaren hizkuntzatik kontsumoaren hizkuntzara pasatu gara.

Saltokigune handiek markatzen dute denbora.

Hogeita hamalau urtetan nola gertatu den. Herrian nire aitari debekatzen zioten baltsa dantzatzea eta seme txikienak, nire anaiak, hip-hop talde bat dauka euskaraz. Hogeita hamalau urteko eraldaketa hori izugarria da.

Anaiaren musika taldea aipatu duzula aprobetxatuko dut. Hor ere sartu-irtenak egin dituzu, ezta? Goienetxe Anaiak taldea, letra egile ere ibili zara…

Niri, rapa beti gustatu izan zait. Hori ere bitxia, landagune batean horrelako musika urbanoak nola erakarri gaituen etxe bereko bi pertsona.

Lehenago esan duzunaren adibide ere bada.

Seguru asko, herri txiki batean bizi zaitezke hiri baten mentalitateaz.

Zure poesiak pizten didan beste jakin-min bat da askotan arte plastikoetara jotzen duzula. Entzun izan dizut arte plastikoek literaturan emateko zailagoak diren eztabaida batzuk ahalbidetzen dituztela.

Bob Dylani literatur saria eman ziotenean, jendea asaldatu egin zen. “Hori ez da literatura…”. Eta, bat-batean, halako eztabaida bat sortu zen: literatura zer da? Arte plastikoen ispiluan begiratuta, galdera horrek –zer da artea?– ehun urte daramatza jiraka munduan. Agian, literaturan ere bai, baina ez horrelako lehen mailako eztabaida batean. Jendea ari zen, “hori kantua da, ez da literatura!”. Mailakatze horretan bazegoen horrelako literatur klasismo ideia bat ere bai. Arte plastikoek, nire ustez, eztabaida horiek jada gurutzatu dituzte; dagoeneko daude leku batean, seguruenik oso bitxia dena, jendeak oso aparte sentitzen dituelako, baina intelektualki oso sendo daude eta badute literaturako idazle gehienok ez dugun ausardia, beren diziplinen mugetara joateko eta galdetzeko: “Zertan ari naiz? Zertarako ari naiz? Hau da nik egin nahi dudana egiteko dagoen biderik onena?”. Idazleok gehiago gabiltza idazte produktu hori bukatutzat ematen, eta ez hainbeste idazten eta aldi berean kuestionatzen…

Dena den, dagoen irudipena da guztia egin dela, mugak zeharkatu direla eta haratago ezer ez dagoela eta itzuli…

Itzulketa bat, bai. Seguru aski, arte plastikoetan ere fase hori badago. Baina itzulketarena, askotan, erosotasun bat ere bada. “Bide horretan ez noa inora: geldituko naiz hemen”. Bueno, oro har, ikusten dut literaturan kontserbadoreagoak garela arte plastikoetan baino.

Jakin-mina piztu zait gauza baten inguruan. Zuk poema liburu bat itzuli duzu: Sylvia Plath-en Ariel eta beste poema batzuk. Badakit –ez dakit zabal daitekeen– Sandro Penna poetaren poemak ere itzuli dituzula. Horiek ere argitaratzeko asmoa dago? Eta, bigarren galdera, SP inizialak ez dituen poetaren bat duzu gustuko?

Angel Erro.

Badakizu ni inizial-zale ikaragarria naizela.

Ez nintzen ohartua. Begiratu beharko dut. Seguru badaudela SP gehiago… SPreko tranbia eta beste, bai. Sandro Pennarena, bai, itzulita dago eta, gainera, edizioa bukatzen ari gara. Ez da poemen itzulpen soila, artista baten lanarekin uztartuta baizik. Damaris Pan izeneko artista batek arkatzez egin ditu, Sandro Pennaren unibertso poetikoan kokatuta. Ez dira ilustrazioak, mundu horretatik sortutako lanak baizik.

Bi poeta oso kontrajarriak dira.

Bat oso rokoko eta bestea oso xinplea, bai.