Iñigo Astiz: “Eskulanak eta eleberriak lurralde debekatua dira niretzat”

Poema-liburuekin eten bat egin eta bere lehen ipuin-liburua, Monogamoak kaleratu zuen iaz Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) kazetari eta idazleak. Erandion bizi da gaur egun, baina Iruñeko zitadelan harrapatu du Ttap aldizkariak.
Kaixo, Iñigo Astiz!
Aspaldiko, Juan Kruz.
Zer moduz?
Ongi, eta zu?
Ongi, bai. Non gaude, Iñigo?
Iruñeko zitadelan, eta zitadela barruan, armen aretoan. Bikoteka deitzen den tailer batean gaude Maite Mutuberria eta biok gidari-lanetan, Galtzagorri elkarteak eta Iruñeko Udalak elkarrekin antolatutako ikastaro batean. Hemen atzean, jendea dabil hara eta hona…
Horregatik nioen. Ikaragarri gustatu zait ikastaroa: batetik, itxura oso ona duelako; eta, bestetik, aukera eman digulako hiri buruzagian elkartzeko. Izan ere, hilabeteak eman ditugu elkartu gabe, zeharo bizkaitartuta zaude…
Tamalez, Iruñeko ospitalera etortzea tokatu zait… Baina bai; Erandion bizi naiz. Euskal Herria txikia da, baina txikitasun horretan bi muturrak hauek izango dira, Bizkaia eta Nafarroa.
Zer jartzen du zure nortasun agirian? Kar-kar.
34637… kar-kar.
Erran… bizkaitartuta?
Bueno… han bizi naiz. Oraindik gauza batzuk ez ditut ulertzen. Bizkaiko Athletic eta beste zenbait Jainko… Erlijio horiek ez ditut oraindik ondo ulertzen.
Mikel Reparazek antzeko zerbait esan zidan halako elkarrizketa batean. Hain ezberdinak dira –esan duzu bi muturretan daudela Bilbo eta Iruñea– idazle batentzat, euskaldun batentzat, kultur kazetari batentzat?
Egia esan, bai. Giroa erabat desberdina da. Euskal giroa erabat ezberdin lurrundu eta trinkotzen da. Iruñeko logika ulertzen dut, badakit ze jendek zer egiten duen, eta badakit ze lau deirekin elkartu jendea. Bilbon, aldiz, sakabanatuago dago, eta zailagoa da zentro bat topatzea. Bilbo euskalduntzeko mugimendu bat badago, eta hor dabil ea bere burua nola kokatu asmatzen duen. Kazetari batentzat erabat desberdina da. Idazle batentzat ez dakit, nire idazletasuna gela batean kabitzen delako; kar-kar.
Bizitzaz ari gara, baina hitzordua lotu dugu Monogamoak zure narrazio-liburuaz aritzeko. Lehenik eta behin, esan nahi dizut asko gustatu zaidala.
Eskerrak! Bestela…
Bueno, tokatu dira horrelakoak. Zuri ere tokatuko zitzaizkizun?
Ofizioa lantzeko elkarrizketa onak, bai.
Baina gaineratuko dut ipuin batzuk gehiago gustatu zaizkidala beste batzuk baino.
Hori da ipuin-liburuei buruz beti esaten den gauza bat. “Ez dut poesia asko irakurtzen, baina…” eta “ipuin-liburua asko gustatu zait, baina batzuk gehiago besteak baino”. Topiko bat da.
“Nire ametsetako bat da poesia errezitaldi bat clown batekin egitea“
Baina badakizu nora iritsi nahi dudan topiko honen bitartez? Ipuinmantziara. Izan ere, liburu honen kontura elkarrizketa egin zizun Ilaski Serranok eta esan zenion irakurle batek esaten bazizun zein ipuin zituen gogokoen, zu gauza zinela esateko ze irakurle klase den hori. Beraz, karten moduan, ipuinak botatzea nahi dut nik. Niri amaierakoak gustatu zaizkit gehien, oreinarena, eta hor badago gu biok lotzen gaituen elementu komun bat, lagun bat, Edurne Elizondo kazetari handia.
Hartzak ikustera joaten den talde baten istorioa kontatzen du ipuin horrek. Hark erakutsi du unibertso horretarako atea. Hari esker izan da ipuin hori.
Monobolumenarena ere gustatu zait, eta Gure bazterrak, azken txanpakoa ere bai. Zer-nolako irakurlea naiz?
Klasikotea. Bai…; kar-kar.
Bai, ezta?
Liburu honetan badaude ipuin batzuk apurtuagoak edo ipuingintzaren ulermen puskatuagoak dituztenak, baina ez diotenak ipuin izateari uzten. Ontzi osoarekin edo apurtuarekin berdina gertatzen da. Badaude ontzi puskatu bat maite dutenak eta horiek ontzi osoa ere maite dute, baina ontzi osoa maite duten batzuek ez diote ontzi puskatuari graziarik antzematen. Horrelakoa zara zu.
Eskuzabala izan zara. Izan ere, beste elkarrizketaren batean esan izan duzu sinesten duzula inteligentzia parekotasunean. Beraz, ipuin bat hackeatzen duzuenean, buruan duzula irakurleak ongi ulertuko duela, zu bezain azkarra delako.
Edo ni bezain tontoa; kar-kar. Baina, behintzat, paretsu.
Beraz, niri errazak gustatzen zaizkit…
Ez dut uste errazak direnik, baina egia da ipuingintza konbentzionaletik hurbilago egoten direnak baditudala eta besteak esperimentalak ere badaudela. Ez dut uste tontoago egiten zaituenik horrek, baina bai klasikoteago.
Esan izan duzu ere ipuin tontoak eta listoak daudela zure liburuan.
A, bai? Nik gauza asko esaten ditut; kar-kar.
Pixka bat krudela iruditu zitzaidan. Dena dela, seme-alabekin galdetu behar ez dena da zein maite duzun gehien. Ipuinekin bai galdetuko dizut. Zuri zeintzuk gustatu zaizkizu gehien?
Badago bereziki maite dudan bat, teknikoki erabakitzen zailena zena. Denbora asko neraman istorio bat kontatu nahian, dela 36ko gerran, Arrasaten, gizon batek kopa bat ardo bota ziola Francoren erretratu bati. Eta, horrek izan zezakeen zigorraren beldur, herritik ihes egin zuen eta esaten zuten Frantziako zirku baten bukatu zuela lanean. Urte pila neramatzan hori kontatu nahian. Idazlea zara eta istorio hori kontatzen dizute, eta zuk hori kontatu nahi duzu. Eta ez nuen nola kontatze hori asmatzen. Azkenean, asmatu nuen modu bat ipuin hori dramatik saiakerarantz desbideratzeko. Eta lortu nuen aurreikusten ez nuen efektu bat sortzea. Sorpresa horrek, oraindik ere, harritu egiten nau.
Oso ederra da. Ahantzirik hor badagoela zure sormen prozesua, baina ipuin hori gogoko edukita, zer-nolako irakurlea zara zu?
Oso ona. Ba, liburuak idazten dituen idazle baten parekoa. Nahiko kaotikoa. Denetik gustuko dut. Txorakeria bat esango dut, beste bat gehiago… Umetan, gaztetan, jendea gustatzen hasten zitzaionean jendeari, gogoratzen naiz galdetzen zidatela: “Niri gustatzen zaizkit halakoak; eta zuri, Iñigo?”. Zin dagit ez nuela galdera ulertzen. Ez nuen jakiten zer erantzun. Ez dakit nolako pertsonak gustatzen zaizkidan, eta ipuinekin berdin gertatzen zait. Oso dispareak diren ipuinak gustuko izaten ditut.
Zure gustuko liburua osatu duzu, izan ere, horrelakoa da. Gaiei, pertsonaiei, luzerari dagokionez… Askotarikoak.
Bai. Ez dakit ze pelikulatan zen, baina une baten bikote bat ateratzen zen karabana batetik, eta esaten zuten: “Entretenituko gara konstelazioei tiro egiten?”. Horrela sentitzen naiz batzuetan. Bala horiek inolaz ere ez dira iritsiko konstelazioraino, baina keinu hori egiten dute. Hainbat konstelazio ehizatzen saiatu naiz, ezinezkoa da, baina keinua bera ederra da. Hango ipuinak, hemengoak, luzeak, laburrak… Zerbait zutela sentitzen banuen, niri balio zidan.
Leire Lopezek, zure editoreak, zioen artifizioa bat dela. Liburua azaltzeko hitz gakoa dela uste duzu?
Artifizio hitza ikusi nuen haren testu batean liburu honi erreferentzia eginez, horixe zela pentsatu nuen. Ez nuen hitza topatzen. Errealitateak sortzen dizkidan ezinegon asko biltzen dituen liburu bat edo artefaktu bat da, baina ez da ezinegon horiek zuzenean lantzen dituen gauza bat, ez da liburu errealista bat, baizik eta artifizio bat baliatzen dudana ezinegon hori guztiori lantzeko.
“Nire ezinegona lantzeko baliatzen dudan artifizio bat da ‘Monogamoak”
Errealitatea aipatu duzu, eta errealitatearen gainera botatzen duzu halako oihal bat edo maindire bat eta formak atzematen dira horren bitartez. Hori aipatu zenuen aurkezpenean. Ze ederra.
Ba, momentuan bururatu zitzaidana; kar-kar. Okurrentziek hori dute, gero bueltan etortzen zaizkizula. Baina bai, artifizioak oihal baten moduan estaltzen du errealitatea, eta, nahiz eta errealitatea ez izan, bere formak ditu. Harreman hori, problematikoa dena, baina, era berean, ia sinbiotikoa, asko interesatzen zait.
Galdera gaizto bat eginen dizut. Hainbatetan errepikatu izan duzu modan daudela ipuin-liburu tematikoak, eta zuk oso hautu kontzientea egin zenuela kontrakoa egiteko. Maitasun osoz, iruditu zitzaidan a posteriori pentsaturiko azalpen bat zela.
Inola ere ez. A priori egindakoa izan da. Liburu hau idazteko Eusko Jaurlaritzaren beka bat eskatu nuen. Hor proiektu bat aurkeztu behar duzu. Niretzat proiektu bat aurkeztea oso problematikoa izaten da. Eta hor egin nuen promes bakarra izan zen saiatuko nintzela ipuin-liburu bat osatzen, ipuin onak izango dituenak.
Ez da gutxi.
Esan dut saiatuko nintzela. Baina, gaur egun, proiektuka funtzionatzen denez, proiektuak diruz laguntzen direnez… Hori bultzatzen da erakundeetatik. Nik ez dakit proiektuka lan egiten. Nik, txakur batek bezala, jarraitu egiten dut. Nire idazle izaera txakur batena da. Denak deitzen dit arreta, mugitzen naiz, beti nago usaintzen, baina ez dakit zeren bila. Hori guztia dirulaguntza ematen duen dispositibo baten biltzea, karratu perfektu baten… oso zaila da. Eta bide erdian aspertu egiten naiz. Horrela bizi naiz, pixka bat galduta, baina bidea disfrutatzen.
Galdera gaiztoaren ostean, loreak botako dizkizut. Aurkezpena ikusi nuen, ikusi eta entzun ditut elkarrizketa batzuk, eta, ene ustean, badago gauza bat ez dela nabarmentzen, eta hori da zeinen ongi idazten duzun. Ez dakit asko landu duzun eta berez duzun.
Eskerrik asko! Asko-asko landu dut. Oso harreman txarra izan dut prosarekin. Inoiz ez dut lortu testua nire alde jartzerik. Eta gogoratzen naiz klak bat sentitu nuela Kixotenean liburua idazteko. Kazetaritza idazten pasatzen dut eguna, astea, urtea… Eta badakizkizu gako batzuk erritmoa mantentzeko edo dena delakorako. Baina beste lirikotasun edo vuelo bat duen beste zerbait kontatzeko oso labur gelditzen zitzaidan. Ariketa edo tresna ezberdina da, eta ez nuen lortzen prosa plastikoki nire alde lerratzerik. Kixotenean idaztean, kazetaritza literarioagoa zela, askatasun bat sentitu nuen. Eta plazer momentu horrek asko balio izan dit jarraitzeko plastikotasun hori lantzen.
Kazetaritza batetik, literatura bestetik, eta gogora etorri zait lankide izandako Gotzon Hermosillak zure liburuari buruz esandakoa. Hau da, badagoela parekotasun bat zure kazetaritza lanen eta ipuin hauen artean. Baduzula bide kitzikagarrienetik edo espero ez duzunetik joateko, txakurraren bidetik egia da, gaitasuna.
Hori da. Sekretu bat esango dizut. Superman Clark Kent zen. Pertsona bera naiz teklatu beraren aurrean artikuluak eta ipuinak idazten. Egia da kazetaritzan ere gustatzen zaidala konbentzioetarantz mugitzea horretarako aukera dudanean. Barrokismo funts gabea edo harrokeria ez dut gustuko. Baina aukera ikusten dudanean, zalantzarik gabe noa harantz.
Tituluak ez dira horren onak liburuan. Berria-n askoz hobeak dira.
Espazio gehiago izaten dut; kar-kar. Ez dakit.
Niri tituluak asko gustatu izan zaizkit betidanik, eta horretan asko saiatzen nintzen, Egunkaria-n nengoenean, eta zu oso trebea zara horretan.
Eskertzen dizut. Nire ametsa titulargintzan ibiltzea da. Lanean gehien disfrutatzen dudana, nik idazten ez dudanean, da jendearen ordenagailuetatik pasatzea eta titularrak aldatzea. Titularrak eta lehenengo paragrafoak idazten pasatuko nuke bizitza.
“Proiektu bat aurkeztea oso problematikoa da; ez dakit proiektuka lan egiten”
Kultur kazetaritzarekin lotuta, atzo ikusi nuen titularrik onena edo txarrena; ez dakit. AS kirol egunkarian, Gorka Urbizuren kontzertu batena. Sentsibilitatearen gol festa. Goleada de sensibilidad. Noski, aitzakia argumental bat behar zuten Gorka Urbizu kirol egunkari batera ekartzeko.
Goleada… Famoso egiteak arazoak dakartza. Hobe da ipuinak eta poesia idazten jarraitzea; kar-kar.
Bueno, Superman eta Clark kent zara, kazetaria eta idazlea. Nola sentitzen zara lubakiaren beste aldean? Normalean, zu hemen egoten zara.
Ongi. Askotan komentatzen dut idazle lagunekin. Adibidez, Garazi Arrulak esaten du berak ipuin-liburua idazten duenean idazten dituela, demagun, zazpi ipuinak, eta gero, zortzigarren ipuina dela aurkezpenak egitea. Eta esan zidan: “Zuk ere bai, Iñigo?”. Eta esan nion nik ez dudala planik. Ni elkarrizketetara noa kamikaze bat bezala. Ez dakit zer esango dudan; gero, horrela ateratzen dira gauza batzuk, eta lotsatu egiten naiz. Nire plana aurrera jarraitzea da.
Bada galdera bat ezinbestekoa, kultur kazetariaren gida-liburuan ageri dena.
Nola ikusten duzu euskal literatura gaur?
Izan liteke, baina hau da: zer moduz daramazun genero aldaketa lehendabizikoz.
Nahiko naturala izan da. Bizitza osoa daramat ipuinak irakurtzen eta idazten. Ez zait arraro egin. Bitxia da uste dudala jendeak gehiago maite nauela. Poema-liburuekin, maite dudan jendeari dena zailago jartzen diot. Ipuin-liburuak, gutxienez, prosa dira, ez dituzte jende askok irakurriko, baina erantzuna polita izan da. Poema-liburuetan esaten dizute hau edo beste gustatu zaiela. Oraingoan, jendea gehiago sartu da lokatzetan. Jendea lasaiago hitz egiten ikusi dut gustatu zaienaren gainean.
Jarraian, Iban Zalduari bihotzekoa eragingo liokeen galdera egin behar dizut. Ipuin-liburua egin ondotik, noizko eleberri bat?
Hurrengo asterako; kar-kar. Broma da. Ez dut uste. Tailerreko kideei esan diet niri edozer eskatzeko, bihurkin bat ez erabilarazi eta eleberri bat idaztea izan ezik. Beste guztiarekin, agian, zerbait egin dezaket. Baina eskulanak eta eleberriak… Lurralde debekatua dira niretzat. Genero guztiek dituzte ertzak, eta niri ertzak gustatzen zaizkit. Orduan, badago ertz bat eleberrigintzan oso interesgarria izan daitekeena. Gertatzen dena da nire garunak ez duela ez gaitasunik ezta patxadarik eleberri batek eskatzen duen esfortzu eta denbora kudeatzeko.
Gogora etorri zait antzeko galdera bati nola Angel Errok erantzun zidala orain idazleak ez duela eleberriak idazteko astirik. Zutabeak, irrati-kolaborazioak, hitzaldiak…
Kar-kar. Segur aski, hori faktore bat da. Denborarekin asko ikasi dut gauza askori ezetz esaten. Baina, gero, badaude erdibideko gauza asko; euskaraz idazten duzunean eta komunitate batean zaudenez, seguru, gehiago. Eta erdi bai bat bai bihurtzen da. Eta, gero, bueltatzen zaizu oso gogor, lanketa asko eskatzen dizulako. Eta, agian, zu ez zaude lanketa hori egiteko moduan. Umeak ditudanetik ikasi dut ezetz esaten. Horrek nire denbora erabat eraldatu du. Lehen, uraren modukoa zen, eta orain, likido itsaskor bilakatu da denbora. Denbora galdu ahal izateko, beraz, gotortu egin behar dut nire denbora.
Ez zait gogora etorri Angel Erro kasualitatez, elkarrizketa egiteko dokumentatzen ari nintzela atera zitzaidala pasadizo oso polita. Nola ezagutu zenuten elkar. Ni ez nintzen oroitzen, eta ikusi dudanean bai, gogoratu dut. Ikaragarria da.
Angel nire senseia da. Orain egiten nabilen guztirako giltza berak eman dit, berak ireki dit bidea. Ez berak bakarrik, baina inportantea berak eman dit. Iruñean bizi nintzenean poesia lantzeko modu bat, leku bat, poeta izateko manera bat, ez handinahia, baizik eta bizizalea, eta tontoa esan dezagun. Eta tontakeriak egiteko legitimitatearekin. Askatzailea izan zen bera ezagutzea. Eta nola ezagutu nuen? Idatzi zuen Gara-rako zutabe bat maitasunari buruz. Nik gerora ulertu nuen zer esan nahi zuen, ari zelako esaten poesiarekin ezin zela maitasunik egin eta zein bakarrik nagoen, eta hemen uzten dut zutabearen bukaeran nire telefonoa. Eta nik deitu nion. Arraroa izan zen, nire ustez, berak argi uzten zuelako telefonoa hor utzita zer esan nahi zuen, baina nire irakurketa gaitasuna agerian geratu zen nik poesiaz hitz egin nahi nuelako (kar-kar). Hasierako momentu arraro hura gaindituta, ba, oso energia antzekoa genuela konturatu ginen, eta lagunak gara.
Maitasun istorio baten hasiera izan zen.
Erabatekoa. Ez gara sartuko beste detaile batzuetan, ze afektibotasun-mailatara iritsi garen edo ez.
Ez dugu jakin nahi. Edo bai, baina kamera itzalita; kar-kar. Kidetasun handia sentitzen duzu hor, ez dakit banda izatera iristen den edo ez. Sentitzen dituzu batzuk gertuko?
Nik, adibidez, zorte handia sentitzen dut baditudalako lagunak, Mikel Aierbe, Itziar Ugarte, Nerea Ibartzabal… Baditut lagunak, benetan, sentitzen ditudanak gertu, eta bidaltzen diet testu bat, eta ez badut asmatu, esango didate: “Joe, Iñigo, ez duzu asmatu honegatik eta honegatik”. Eta elkarrekin testu-trukeetan, Izaro Arroitarekin, Miren Rubiorekin, Aloña Intxaurrandietarekin… Testu-truke oso zintzoak egiteko aukera daukat. Testua ez naiz ni, eta, norbaitek testuari buruz zerbait esaten badu, hirugarren elementu bati buruz hitz egiten du. Eta ikaragarri hazten naiz hor. Alberto Barandiaranekin ere…
Zure kazetaritza senseia.
Sensei asko ditut eta oso zortedun sentitzen naiz horrekin. Askotan pentsatzen dut beste jende batengan, bakarrago dagoena edo beste testuinguru batzuetan daudenak eta promozioa garrantzitsuagoa zaion jendeaz inguratuta, eta ez dakit nola egiten duten. Benetan esparru hain delikatuan eta hain erraz hausten den batean gabiltza, ez baduzula ondoan topatzen zuk egiten duzun hori sustatu, babestu eta konpartituko duen norbait… Oso erraza da kristala apurtzea. Ni oso zortedun naiz horrengatik. Jende talde hori daukadalako. Gainera, batzuek ez dute elkar ezagutzen. Baina niretzako opari handi bat dira, pertsonalki lagunak ditudalako, eta literarioki bakoitzak garunean duen liburutegi osoa eskaintzen didalako. Eskuzabaltasunez irakurtzen dute idazten dudana. “Ongi zoaz, segi horrela”, esaten didate, ez “ongi dago”. Edo “bide horrek ez zaitu onera eramango”. Gauza horiek zintzoki esaten dizkizun jendea ez da hainbeste.
Zure lankide Gorka Arreseren editore lana galtzea galera handia izan da. Alberto Barandiaran zure senseia izan zen jada Berria-n zeudela. Oso aspalditik bazenekien kazetaria izan nahi zenuela, baina kultur kazetaria, unibertsitatean ere horretan zenbiltzalako.
Nik kazetaria izan nahi nuen. Batxilergoa bukatu nuenean zalantzak izan nituen: zirku ikasketak egin edo Kazetaritza ikastea.
“Oso harreman txarra izan dut prosarekin”
Ainhoa Juaniz, entzun.
Nire ametsetako bat da poesia errezitaldi bat egitea clown batekin.
Clown puntu bat baduzu, bai.
Bai, eta ipuin-liburuan badaude batzuk clown espiritua dutenak, txistea direnak. Hau da, zergatik nago ni agertokian. Hori da clownaren ABC-etako A. Sentsazio horrek asko pizten nau. Beraz, zalantzan nengoen, diaboloarekin ibiltzen nintzelako, zirkua egitearena edo Kazetaritza hautatzearena. Eta Zientzia Politikoak ere oso interesgarriak egiten zitzaizkidan. Gaur egun ez nuen jakingo parlamentari batek zer egin behar duen…
Dagoeneko erreferentziazko kultur kazetari bilakatu zaren honetan, ez dakit zer irudikatzen zenuen, espero zenuena ote den, gustura zabiltzan…
Esaten didatenean erreferentziazko hori, kristoren grazia egiten dit, pentsatzen dudalako nolakoak izango diren besteak; kar-kar. Ez nuen irudikatzen neure burua. Baina duela hamar urte ere ez nuen irudikatzen nola egongo ginen orain, nola eraldatu den dena. Lehen, kazetariak testuak idazten zituen. Orain…
Zirkua egiten du.
Gutxi gorabehera. Eta batzuek… audioak, bideoak, story-ak… Asko gehitu dira lanak. Nik Esan-Erran irratian tokiko kazetaritza egiten lan egin nuen. Eta tokiko kazetaritzaren bertutea da zuk makilatxo bat duzula unibertsoa kontatzeko. Eta makilatxo horrekin konpondu behar duzu dena delakoak asmatzen kontatu nahi duzuna kontatzeko. Eta ikasten duzu ez dela hain garrantzitsua erabiltzen duzun tresna, baizik eta kontatzeko duzuna. Eta kontatzeko, zerbait bilatu behar duzu. Eta hori, sakonean, berdina da gaur egun. Oskola aldatzen da, baina ez nuen neure burua irudikatzen gaur egun.
Eta gustura zabiltza?
Bai. Nire erronka, urtero, izaten da –gimnasioarena ez du ezta planteatzen ere– gehiago dibertitzea. Kazetaritzan dudan erronka izaten da. Ez umorearen aldetik bakarrik, baizik eta intelektualki, formalki… Osotasunean dibertitu. Hori da nire erronka.