Itxaso Paya: “Ez baduzu txapelketetan parte hartzen, ematen du ez duzula bertsotan egiten”

Artista izatearena zainetan darama Itxaso Paya Ruizek (Getxo, 1988). Bertsotan egiten du, erregistro askotariko aktorea da, haren kantuak sortzen ditu eta gaur egun kultur eragile ere ari da lanean. Barrua hustu digu elkarrizketa honetan, eta aitortu digu gutxietsita sentitu dela euskaldun berria izateagatik. Harekin igaro ditugun hogei minutu hauetan, baina, argi utzi digu euskaldun zahar askok baino gehiago egin duela euskal kulturaren alde. baina Iruñeko zitadelan harrapatu du TTAP aldizkariak.
Itxaso Paya, ongi etorri TTAPera.
Eskerrik asko, Amaia!
Itxaso, bertsolaria, aktorea, musikaria, komunikatzailea, kultur eragilea zara. Baina nola definitzen duzu zuk zeure burua?
Ohikoan, sortzaile hitza erabiltzen dut. Aipatu nion Mirari Martiarenari ere Hitzetik hortzera saioan Itxaso nire izenak ondo definitzen nauela, gauza bat delako itsasoa, baina ezaugarri askorekin. Baina bueno, esan genezake sortzailea naizela, orokorrean.
Bertsotan ezagutu zintugun; zer harreman duzu gaur egun bertsolaritzarekin?
Bertsolaritza oso txikitatik ezagutu nuenez, sartu-irtenak egiten ditut, baina beti egoten da hor. Oso bertsozalea naiz, oso bertsofrikia naiz, gaur egun jarraitzen dut bertsoak entzuten. Oso bertso-saio gutxi izaten ditut; zirkuitu txikietan egiten ditut, batez ere, Izar Mendiguren eta Jone Larrinaga plaza-lagun dauzkadala, horrek babes bat ematen duelako eta gustura egiten dudalako. Prest egoten naiz beste zirkuitu batzuetara salto egiteko, baina ez baduzu txapelketan parte hartzen, ematen du ez duzula bertsotan egiten. Orduan, bai, bertsotan ari naiz. Gutxi nabil; gustura egingo nuke gehiago, eta, harremanari dagokionez, lagun pila bat ditut, bertso-lagunak. Bertsoak entzuten ditut, sortzen jarraitzen dut ere bai, eta harreman handia daukat bertsolaritzarekin. Asko gogoratzen naiz nire bertso-gurasoekin; Jon Lopategirekin adibidez, etxean oso maitatua, zuretzat ere oso gertukoa. Eta bai, harreman handia daukat eta asko maite dut bertsolaritza.
Zergatik erabaki zenuen txapelketari uko egitea?
Ba, ez nintzelako nire lekuan sentitzen. Ez nuen lortzen nire helburuak aurrera eramatea. Beharbada, nahi nuen umorea landu edo nahi nuen gorputz adierazpena landu, baina ez nuen sentitzen nire lekua zenik hori. Betidanik sentitu izan dut. Eskolartekoan ere bai sentitzen nuen: “Zer egiten dut hemen?”. Ze, nolabait, ez ginen ongietorriak algortarrak izatearren, emakumeak izatearren, kaletarrak, kalekumeak, euskaldun berriak izatearren. Baina txikitan baneukan bertso-kuadrilla bat. Jone Uriari, Peru Vidali eta Arrate Illarori esker, taldean errazagoa zen dena. Eta gaur egun txapelketan, zentzu horretan, ez nuen neure burua topatzen. Señora Sariketan kantatu nuen; hori bada nire lekua, baina egia da oso gauza puntuala dela. Ez dakit sekula bueltatuko naizen, ze orain txapelketa ikusten dut gustura, eta faltan igartzen ditut bertsolari anitzagoak: gorputz anitzagoak, modu diferenteak…
Baina hasi gara ikusten aniztasun hori oholtza gainean, ezta?
Bai, hori bai. Gutxika-gutxika. Eta pila bat eskertzen da, gainera. Bai begirada fisikotik, baina baita beste begirada horretatik ere bai. Eta hori asko eskertzen da, eta askotan motibatu egiten nau.
Imajinatzen zenuen? Izan ere, bertsotan hasi ginenean, gaztetan, denok genuen itxura bera. Agian, oholtzatik kanpo beste era batera janzten ginen edo beste era batera erakusten genuen geure burua, baina oholtzan profil bat mantentzen genuen. Denak berdin.
Bai; nik kantu bat sortu nuen: Begi umelak. Eta: Bertso eskolan hasi nahi dut, apuntatu nazazu ama. Eta kontatzen nuen zelan takoiekin joan nahi nuen, eta hobeto ezetz, ze bertsoaren gai bihurtuko ziren gure arropak edo gure makillajea. Eta irudikatu nezakeen eta irudika dezaket anitzagoa izan daitekeen zerbait, baina lan handia dago egiteko oraindik. Emakume asko ikusten ditugu oholtza gainean; baina estatistikoki, gero, zenbakietara bagoaz eta belaunaldika pentsatzen hasten bagara, adibidez, zenbat zure belaunaldian zenbat emakume bertsolari dauden edo nirean, ez da hainbesterako. Niri gustatzen zait sakonki begiratzea gauzak, baina aldaketa nabarmena da, aldaketa iraultzailea dela iruditzen zait, eta bide onetik goazela.
Oraindik ere kupoa betetzeko deitzen gaituzte plaza batzuetatik?
Erabat. Ni neu, behintzat, askotan izaten naiz ez bada emakumearen kupoa, emakume potoloaren kupoa, emakume euskaldun berriaren kupoa. Ni hortxe mugitzen naiz. Maria Riverorekin batera badaukat orain eMcumeak satira musikala, eta horren inguruan aritzen gara: kupoa, emakume sortzaileen mcdonalsizazioa, nolabait. Martxoa laster dator eta badakigu bolo batzuk aterako direla, ezta? Askotan, broma egiten dugu martxoan eta azaroan, Ines Osinagak ere aipatzen zuen, denboraldi altua jartzea eta prezioak igotzea… Baina bai, oraindik ere kupo hutsa gara, eta politika zehatz batzuei esker, gainera. Bestela, auskalo!
“Lodifobia jasan dut, baina askoz gehiago sufritu dut euskaldun berria izateagatik“
Gero helduko diogu eMcumeak ikuskizun horri. Baina, bertso mundura bueltatuta, Fredi eta Xabi zure neben ibilbidea jarraitu zenuen; zuretzat zama ala aukera izan zen hori?
Aukera. Nire nebak izan dira niretzako etengabeko aukera. Nire gurasoak ere bai: aita itsasgizona, ama aktorea. Txikitatik elikatzen hasi ginen kulturarekin eta Fredik eta Xabik denerako ateak zabaldu dizkidate. Bertsotarako, batzuetan, zama bezala sentitu izan dut, baina gerora konturatu izan naiz atea zabaltze hutsa izan dela beraiek edukitzea hor. Eta, gainera, asko miresten ditut bertsolari bezala. Bakoitzaren estiloa asko gustatzen zait, eta asko jan dut beraiengandik.
Oso ezberdinak zarete, gainera!
Bai? Hirurak? Nik beti egiten dut beraien arteko konparazioa.
Baina zu ere bai, e!
Niri brometan esaten didate, eta Xabik esaten du, askotan, bakoitzaren onena hartu eta ni sortu nindutela sei urtera. Baina bai, ate asko zabaldu dizkidate, nahiz eta gerora konturatu, gauza askorekin bezala. Hasieran, abizenarekin, galdetzen zidaten: “Eta zuk zer? Txapela?”, nola beraiek Bizkaiko txapelak dauzkaten… Eta auskalo. Nik, momentuz, ez daukat behar hori, baina auskalo…
Ez da behar txapel bat bertsolari izateko, ezta?
Baditut beraienak etxean. Ez dituzte beraienera eraman, nik dauzkat gordeta.
A, bai? Zeuk dauzkazu txapelak?
Baten bat, baten bat… Ze txapel pila bat daude etxean. Eta gero, Fredik aipatzen zuen lehengoan, oreinak, oparitzen zizkiguten beltxargak… Gernikako udaletxean, balkoian, zenbat animalia.
Bai, kopak ez ziren kopak, animalien figurak ziren.
Ematen du ehiztari-familia bat garela, bertsolarien ordez!
Ama aipatu duzu, aktorea zela. Eta zu zeu ere aktore lanetan ibiltzen zara. Amarengandik datorkizu hori?
Bai, guztiz. Amarengandik, eta esango nuke aitarengandik ere bai. Aita itsasoan bizi zen, baina etortzen zenean ipuin pila bat kontatzen zizkigun, musika, gitarra jotzen zuen hark… Eta amak txikitatik hitz egin digu antzerkiari buruz, antzerki-teknikei buruz, Grotowskiri buruz, Stanislavskiri buruz… Eta asko-asko ikasi dugu. Berezia izan zen nik antzerkia ikasi nahi izan nuela Resaden, aurkeztu nintzen Resadera, Madrilera, eta ez zidaten utzi etxetik alde egiten. Begi umelak kantuan ere aipatzen dut afera hura. Beharbada, emakumea nintzelako, antzerkia ez delako gauza serio bat… Baina, bai, hortik datorkit erabat, eta, azkenean, lortu dut beste bidetxo eta zirrikitu batzuetatik, eta aktorea banaiz gaur egun.
Bai, bazara. Oso gazte hasi zinen eta proiektu handi baten parte hartu zenuen: Goazen-en. Ikusgarritasun handia ematen duen proiektua da. Nola eraman zenuen umeen artea fama izatearena?
Hasteko, aukera sekulakoa izan zen, brutala, oso ona. Izan zen modu bat jakiteko aukera edukiko nuela euskaraz lan egiteko antzerkian. Egia da guk lehenengo denboraldia grabatu genuela eta handik hainbat urte pasatu arte ez zela bigarren denboraldia egin; baina han bai piztu zen zerbait oso potentea, lan-aukerak sortu ziren, eta gero, famaren kudeaketa hura, batez ere, umeekin. Ni, orduan, bertso irakaslea nintzen. Oso modu onean aprobetxatu nuen sinergia, eta, bat-batean, 30 urte neuzkan bertso eskolan. LH-4ko kurtso osoa. Eta hainbat urtean ibili ginen lantzen, eta, egia esan, oso pozik, ze erabili nuen: “Begira, Goazen-ekoa da, famatua da; ba, apuntatuko gara bertsolaritzara”. Eta, nolabait, hor eragin genuen edo eragitea lortu nuela pentsatzen dut. Gero, badaude beste momentu batzuk. Astigarragara joan sagardotegira eta zu hor, zure, telebistan esaten duten moduan, agua con misterio-rekin, eta, agian, lotsatu egiten zara eta esaten duzu: “Jo, zertan ari naiz? Ezkutatuko naiz? Ba, berez, ez”. Ba, bueno, betiko kontraesanak. Eta gaur egun hurbiltzen zait jende heldua. Lehengoan, Zetak-en kontzertuan, adibidez, taxiaren geltokian neskato bat hogeita piku urtekoa eta: “Aaaaa, Gotzone zara?”. Eta argazki bat eskatu Durango Azokan ere eskatu didate… Orduan, ilusioa egiten dit.
“Askotan izaten naiz emakumearen kupoa, emakume potoloaren kupoa, edo emakume euskaldun berriaren kupoa”
Oraindik jarraitzen duzu erreferente izaten haientzat, ezta?
Bai; telebistan egon den fikziozko pertsonaia, esan dezagun, potolo bakarra edo gutxienetakoa. Eta orduan, konturatzen naiz ume askorentzat oso garrantzitsua izan nintzela.
Potoloarena askotan ari zara aipatzen.
Bai. Goazen-en kasuan, horrela izan zen. Jabik, zuzendariak, esan zidan: “Zure papera da Rosa de España”. Garai hartan justu Operación triunfo hasi zen eta Rosa de España atera zen lehiaketa hartan, oso emakume potoloa; oso ondo kantatzen zuena, baina lotsatia. Eta orduan, nire erreferentea Goazen-erako pertsonaia hura izan zen. Potolo egon izan ez banintz, ez ninduten paper hartarako hartuko. Beharbada, beste baterako bai, ez dakit; ze… kanon batzuk bete behar dira horretarako. Telebista oso mugatua ikusten dut; gero, antzerkian, gorputzaren erabilera beste bat da, gorputz adierazpena beste bat da. Orduan, antzerkian egin ditut emakumeak izan ahal zirenak potoloak, argalak, handiak, txikiak, baina beti denak oso indartsuak.
Eta etortzen zitzaizkizun umeak, agian kanon horretako gorputza ez zeukatenak, esanez: “Eskerrik asko ikusaraztearren gorputz guztiak direla egokiak, onak eta denetarik dagoela munduan eta telebistan ere hori erakutsi behar dela.”
Bai, eta gaur egun ere bai. 2009an eman zen lehen aldiz gure Goazen, baina gaur egun ere etortzen zait jendea esaten: “Jo, eskerrak. Garai hartan lagundu egin zidan zure pertsonaiak”. Eta gerora ere bai. Beharbada, umeek baino gehiago, euren gurasoek esaten didate: “Eskerrak eredu hau ematen duzun eta honi buruz hitz egiten duzun”. Eta azkenaldian, deitzen ari zaizkit lodifobiaren inguruan hitz egiteko. Egia da ni ez naizela sekula izan ekintzailea gai horrekin. Beharbada, euskararekin bai, generoarekin bai. Landu izan ditut. Lodifobiarena da gai bat beti zeharkatu nauena baina ez didana, berez, nire bidea eraikitzeko hainbeste eragin, nik ere moldatu dudalako bidea. Ez dut esan: “Telebistan egingo dut lan eta listo”.
Jasan duzu lodifobiarik?
Bai. Bizitza osoan zehar. Egia da, beharbada, sormenak gaitasuna eman didala ez sufritzeko. Askoz gehiago sufritu dut euskaldun berria izateagatik. Baina bai, jasan dut txikitatik. Gerora ere konturatzen zara, askotan, baina ez da izan niretzako drama bat. Bai izan da lanketa handia. Nik uste nuen, umetan denok uste genuen bezala, gorputz bat eduki ahal genuela modu batekoa. Beharbada, Barbie baten modukoa, gerri finarekin. Beti joera izaten da horra jotzea, horiek direlako erreferenteak. Orduan, lehenik eta behin, jakitea osasuna eta itxura fisikoa ez daudela guztiz lotuta, jakitea bakoitzak bere gorputza daukala, bakoitzak bere burua maitatu behar duela. Esaldi horiek ikastetik praktikatzera badago prozesu bat, baina nik egin nuen. Asko maite dut nire gorputza, funtzionala iruditzen zait. Askotan esaten dut argalen gauzak egiten ditudala, mutilen gauzak egiten ditudala, nahiz eta edozein gorputz izan gaitasunak baditudala loditasunetik harago. Argala izatearekin amesten dudala oraindik tarteka? Beharbada, bai. Baina argala izango banintz, beharbada, ez nintzateke izango gaur egun naizena hemen barruan, eta nahiago dut oraintxe bertan nagoen leku honetatik egin.
Zein mezu ona. Euskaldun berriarena ere aipatu duzu. Gutxietsi egin zaituzte euskaldun berria izateagatik?
Bai; nire kasuan, bertso munduan eskolarteko txapelketen garaian. Orduan, lehia hutsa zen; eskerrak nik nire lagunak neuzkan. Baina han zenbatetan: “Algortarra eta bertsotan?”. Eta inoiz ergatibo bat txarto egin 14 urterekin txapelketan eta arratsalde oso bat negarrez pasatu. Gero, udalekuetan ere beti broma. Baina lodifobiaren moduan, broma bezala dator, baina egurra da askotan. Eta Jone Uriaren, Arrate Illaroren eta hiruron atzetik egon da gure lagun euskaldun zahar bat, maite genuena, gainera, gerriko batekin: “Joan euskaltegira, joan euskaltegira!”. Gero, adibidez, ausartuko naiz esatera… Asko maite dugu, baina Xabier Amurizak, behin, txikiak ginela, 13-14 urterekin bota zuen: “Euskaldun berri batek sekula ez du Bizkaiko txapelik jantziko”. Xabik 2006an txapela jantzi zuenean eta 2014an Fredik, esan nuen: “Listo. Ezer ez da ezinezkoa”. Eta askotan konparatzen dut Harry Potterrekin. Oso Harry Potter zalea naiz, fantasia asko gustatzen zait eta niretzako muggle-a naiz. Edo Xabi eta Fredi izan dira Hermione batzuk, muggle-ak. Guraso magorik gabe, guraso euskaldunik gabe ere aurrera egin dutenak, lanketa bat egin dutenak eta erakutsi egin dutenak. Txapel bat behar da erakusteko edo titulu bat edo dena delakoa. Baina bai, gogorra izan da, eta horri esker ere kanta famatu batek esaten du txarrenari onena, eta txar guztiari onena atera diot. Eta euskalduntasuna, euskaldun motak, asko dira, asko daude sortzeko oraindik. Baina iruzurgilearen sindromeak, askotan, hortik zeharkatzen gaitu, euskaratik, generotik. Gogorra izan da, baina hortik ere ikasi dugu.
“Amak txikitatik hitz egin digu antzerkiari buruz, antzerki-teknikei buruz”
Euskaldun zahar askok lortu ez duten txapel hori lortu zuten Fredik eta Xabik. Hor badago bertso gogoangarri bat Xabik amari eskaini ziona: “Tu no nos diste el euskera, pero nos diste la vida”. Ama ezinbesteko figura izan da zuen bizitzan eta zuen bertso ibilbidean, ezta?
Bai. Beti emozionatzen da, euskal kulturara hurbiltzen garen bakoitzean gure amagatik galdetzen digulako jendeak. Eta esaten diogu gaur egun ere. Eta poztu egiten da. Ze, euskara jakin gabe, hark ulertzen zuen zer kantatzen genuen, zer gertatzen ari zen; inoiz epaileei ere zuzendu zaie. Eta txikitatik oso argi utzi digu, baita aitak ere, ze garrantzitsuak diren hizkuntzak, hizkuntzekiko errespetua, jakintza, kultura, asko jakitea, gero eta gehiago jakitea. Eta hizkuntzekin tematu egin zen. Adibidez, zaintzailea geneukan txikitan, eta hark espresuki nahi zuen euskaraz hitz egiten zuen zaintzaile bat guk euskaraz praktika genezan, harekin ezin genuelako. Eta gero, bertsolaritzaren kontua. Jon Lopategi agertu zen bidean eta esan zion: “Zuk ez baduzu Gernikara ekartzen Fredi, ni etorriko naiz Algortara” Eta hor ere gure amaren izaerak gehitu egin zuen.
Itxaso, esan duzu bertso mundua utzita samar daukazula. Gaur egun, kultur eragile ari zara lanean. Zelako Kultura Ideiakenpresa sortu duzue, eta horretan ari zarete. Kontatu, pixka bat, zergatik erabaki zenuten enpresa sortzea eta zertan ari zareten lanean.
Lehen kontatu dizut bertso irakasle ibili nintzela zortzi urtez. Gero, beste zortzi urte eman nituen kulturgintzan lanean, kultur teknikari, ekoizle. Asko ikasi nuen bertan, baina, lehen esan bezala, txarrenari onena atera nion eta oso gauza txar bat gertatu zen. Nolabait, bertsotan egitearren ertzetan, Enkarterrian bertsotan egitearren edo euskarazko kultur ekitaldi bat egitearren, konpetentzia desleialaren mehatxua jaso genuen. Hau da, kulturgintzan lanean ari zara ekoizle, baina Euskal Herriko X herritan diru truke zein ez, euskaraz aritzearren, euskal kultura egitearren, “konpetentzia” egiten ari zara. Hori iritsi zenean, hausnarketa oso handia izan zen: “Non ari naiz ni lanean? Norentzat ari naiz lanean? Zein helbururekin? Norena da euskara? Zer da euskarari edo euskal kulturari konpetentzia egitea?”. Oso gogorra izan zen, baina, berriz ere, txarrenari onena atera eta indar handiarekin, eta Maria Rivero eta Gorka Chamorro lagun minekin batera, Zelako Kultur Ideiak sortzea erabaki genuen. Zertarako? Nahi genuen lekutik sortzeko, nahi genuen moduan egiteko, presiorik gabe, despotismorik gabe. Beharbada, oso ideala ematen du baina 33 urterekin erabaki nuen nahikoa zela, terapia asko egin ostean, lan askoren ostean. Zelako Kultur Ideiak sortu genuen, amesteko, sortzeko, berdintasunetik, euskaratik, kulturatik, konpetentziarik gabe, elkarrekin, beste nonbaitetik eta beste nonbaitera egiteko. Eta hori da Zelako Kultur Ideiak. Hiru urteko ibilbidea daukagu, oso pozik gaude eta ari gara. Oraindik ere lan handia egin behar dugu, baina ari gara, eta pozik gaude.
Hainbat gauza egiten ari zarete, gainera!
Bai; proiektu asko dauzkagu esku artean. Alonsotegin DANA Sormen Gunea sortu dugu, eta, gaur egun, Irina Gonzalez eta Louis Navarro ari dira erresidentzia artistiko internazional bat gauzatzen gurekin batera DANA Sormen Gunean. Izan ere, host moduan gaude Europa Creativa deitzen den erresidentzia artistikoen sare batean. Espainiako Estatu osoan, adibidez, DANA Sormen Gunea da Euskal Herrian kokatzen den bakarra. Eta bai, proiektu asko edukitzen ditugu bertan. Orain, Astoa podcasta grabatzen ari gara; Enkarterriko gazteek eurek sortutako podcasta, euskara hutsean. Lehenbizikoa, Enkarterrin. Eta oso pozik, egia esan, bai espazioaren erabilerarekin, bai elkarlanarekin. Kooperatiba elkarte txiki bat gara eta asmoa da denon artean egin ahal izatea, eta, esan bezala, leku zehatz batetik.
eMcumeak antzezlana ere aipatu duzu lehen.
Bai. Maria Riverok eta biok sortu genuen ideia, hain zuzen ere, bizitako esperientzietatik. Sentitzen ginelako: “Ai, Martxoaren 8a, emakume bat, eta kantatzen duena”. Horrela sentitzen gara askotan, eta erabaki genuen hausnarketa egitea eta barre egitea. Agujetak sortzea buruan eta tripan. eMcumeak satira musikala sortu genuen; ibilbidetxoa egin dugu Euskal Herrian zehar. Ekainean amaituko dugu bira, baina badugu proiektua luzatzeko asmoa.
BEST topaketak ere antolatzen dituzue, Bizkaiko emakume sortzaileen topaketak. Eta hor ikusi duzue diziplina askotariko emakumeek partekatzen dutela errealitate bera. Hainbat arazo. Laburbildu, pixka bat, zein den egoera.
Bizkaiko emakume sortzaileen topaketen hiru edizio egin ditugu, eta egia da gai ezberdinak plazaratu arren beti ateratzen dela iruzurgilearen sindromea edota katxea, ordaindu beharrekoa, ordaindu edo ez. Kontu batzuk beti ateratzen dira eta beti daude hor. Horrek esan nahi du ez garela ari aurrera egiten gauza batzuetan, gauza praktikoetan. Ideia asko ateratzen dira bertatik, eta niri etortzen zaidan hausnarketa handiena da elkar entzutea falta dela oraindik ere. Eta nahiz eta adin eta diziplina askotariko emakumeak bildu ditugun BESTen hiru edizio hauetan, saiatu nahi dugu ertzerago joaten: gorputzak, koloreak, ez bakarrik diziplinak, baizik eta ahalik eta topaketarik anitzena egitea, egoera ondo irudikatzeko.
Eta zer behar da plazak aldatzeko?
Nire kasuan, ekintzailea izatea. Askotan, beldurragatik edo iruzurgilearen sindromeagatik edo dena delakoagatik, ez dugu egiten. Orduan, egin, sortu, beldurrik gabe. Ez garela oso ziur joango plazara; bueno, permititu zure buruari. Guk ere eMcumeak antzezlana horrela sortu genuen, geure buruari permitituz akatsa eta dena delakoa. Orduan, egitea, ausartzea.
Ba, mezu horrekin geratzen gara: egin. Eskerrik asko, Itxaso, gaur gurekin egotearren, eta zorte on.
Eskerrik asko!