Iñigo Aranburu: “Ispiluak errealitatetik sekulako deskonexioa eragiten digu askotan”


Euskal Herriko aktore eta musikari askorekin lan egiten du Iñigo Aranburu estilistak (Lazkao, 2000). Madrilen ikasketak egin ostean, Aranburuk argi du ez duela nazioartean lan egin nahi; haren helburua Euskal Herriko famatuekin lan egitea da.
Moda, diseinua, estilismoa… Nola heldu zinen mundutxora?
Txiki-txikitatik sentitu izan dut modarekiko pasioa. Beti jakin izan dut nire etorkizuna horri lotuta egongo zela, nolabait, eta horretan nabil. Madrilera bizi izatera joan nintzenean, unibertso berri bat deskubritu nuen, eta nire estiloa garatzen hasi nintzen bertan. Lazkaora itzuli nintzen, eta Goierri inguruan modan sekulako hutsunea zegoela sentitu nuen. Horri heldu nion, eta lagunei esker murgildu nintzen mundu honetan.
Amona Maria Doloresek izan duen eragina azpimarratu izan duzu… Zer-nolako eragina izan du zugan?
Gure amona zaldibiarra zen, eta garai hartan Txindokipeko herri hura zen dotoreziaren erakusleiho. Bertan omen zeuden Goierriko neska polit eta estilotsuenak, eta, dudarik gabe, gure amona haietako bat zen. Lazkaora bizi izatera etorri, eta erreferente bilakatu zen segituan. Ez da horrelako emakumerik egon sekula, eta nik nire lan bakoitzean hari omenaldia egin nahi diot. Nire look guztietan dago amona Maria Doloresen ukitu bat. Harekin Goierri barneko glamourra Euskal Herri osora zabaldu nahi dut. Zaldibiatik mundura; ahal bada, behintzat.
Euskal musikari eta aktore ugariren look-en atzean zaude; nola egiten da aholku-prozesu hori?
Lehenik eta behin, bezeroekin harremanetan jartzen naiz. Ezinbestekoa da haien eskakizuna ondo entzun eta ulertzea, zein helbururekin jo duten niregana eta zer lortu nahi duten argi izateko. Ondoren, bezeroen estilo propioa zein den aztertzen dut, nik janzten ditudan garaian esentzia galdu ez dezaten. Ordu luzez azterketa sakona egin ostean, nire lehen proposamenak aurkezten dizkiet, eta horren baitan hasten gara lanean. Adostasunera iritsitakoan, arropa eskakizunak egiten ditut, probaketak bezeroekin… Gure etxea estudio kaotiko bilakatzen da.
Konta egiguzu anekdotaren bat edo famaturen batekin izandako pasadizoren bat…
Duela urtebete, Vogue Portugal aldizkarian argitaratu zen moda editorial batean aritu nintzen lanean. Izenik esan nahi ez dudan arren, gure lantaldea moda munduko profesional ospetsu eta handienetakoez zegoen osatuta. Ni laguntzaile joan nintzen, eta, lagundu baino gehiago, asto-lanetan aritu nintzen. Esperientzia traumatikoa izan zen, eta industriatik aldentzeko gogoa besterik ez nuen sentitu. Miresten nituen haiek nire amesgaizto bilakatu ziren, eta orduan amaitu ziren nazioarteko bilakatzeko nire desioak. Askoz erosoago eta zoriontsuago nago Euskal Herrian gure artistekin, benetan zoragarriak eta bihotz onekoak dira eta.
Zein izan da egin duzun look-ik arriskatuena?
Nire look arriskutsuena, agian, Josu Iriarte aktoreak aurtengo Donostia Zinemaldian jantzi duena izan da. Duque Romero diseinatzaile andaluziarraren monoa da, tonu beix, zuri eta granatean. AimarZ abeslariak Jaanguea bideoklipean daramatzanak ere oso ausartak dira. Izugarri gustatzen zait nire bezeroek beldurrik ez dutenean.
Erreferente bat modaren munduan? Eta euskal erreferente bat?
Dudarik gabe, Diana printzesa. Ez da haren estiloa soilik, haren izaerak eta karismak munduko emakumerik maitatuena bilakatu zuen. Euskal Herrian, aldiz, Ane Mendinueta moda-diseinatzailea.
Nola jantziko gara euskaldunok hamar urte barru?
Tamalez, euskaldunok geroz eta murgilduago gaude joera estatubatuar pertsonalitate gabekoetan, ni neu barne. Espero dut gure estilo propioa aldarrikatzearen aldeko apustua egingo dugula momenturen batean. Gaur egun, Ternua edo Astore txandala jartzeak, agian, aterako gaitu zurrunbilo horretatik.
Zer ez da falta Iñigoren armairuan inoiz?
Amerikana bat eta mokasin pare bat.
Zer esango zenioke ispiluaren aurrean jartzea gorroto duen pertsona bati?
Ispilua puskatzeko, baita modu literalean ere, nahi izanez gero. Ispiluak horrenbeste arazo, trauma eta tristura momentu sortzen dizkigu… Askotan, errealitatetik sekulako deskonexioa eragiten digu. Begiratu zaitez maite zaituzten horien begietan, hori da-eta errealitatetik gertuen topatuko duzun isla. Prozesu zaila eta gogorra da, baina ezinbestekoa.