Ingot taldea
Zazpi urtez ibili da Ingot taldea bere aurreneko disko luzearekin lanean. Denbora honen guztiaren ostean, Zeugaz diskoak argia ikusi du, eta aurrerantzean kontzertuetan aurkeztuko dituzte abestiak.
Zaintiratu abestia kaleratu zenuten diskoaren aurrerapen kantu gisa; zer kontatzen duzue bertan?
Zaintiritu abestiak kontatzen du zelan egiten zen garai batean minak eta gaixotasunak konpontzeko. Emakume batzuek botere berezia zeukaten eta jendea eurengana joaten zen arazo haiek konpontzera. Helburua da gogoraraztea iraganean gure inguruan nolakoa zen emakumeen garrantzia, eta gaur egun galdu egin dela.
Zeugaz diskoaren aurrerapen kantua da, baina zer jasotzen du diskoak?
Diskoko abesti bakoitzak gauza ezberdin bati buruz hitz egiten du: ekologia, feminismoa, Aita Mari erreskate-itsasontzia… Guztiek daukate guretzat garrantzitsua den zerbait. Horrez gain, bertsio bat ere badugu, Patagonia Revelde Argentinako taldearen Tan Lejos abestiarena.
Badaramatzazue urte batzuk musika sortzen; zein izan da taldearen bilakaera urte hauetan guztietan?
Bai; zazpi urte inguru daramatzagu proiektu honetan lanean. Oso zaila izan da lanak aurreratzea, hainbat arrazoirengatik: pandemia, taldekide bakoitzak dituen lanak, osasun arazo batzuk… Hala ere, dagoeneko kaleratu dugu diskoa, eta gure asmoa da gustatzen zaiguna egiten jarraitzea.
2024ko amaierarako baduzue kontzerturik lotuta?
Bai, lotu ditugu hainbat kontzertu. Diskoa urriaren 4an aurkeztu genuen eta ordutik hainbat kontzertu jo ditugu Euskal Herrian. Aurrerantzean ere kontzertuak ematen jarraituko dugu; abenduaren 7an Plateruenan joko dugu, eta aurretik, azaroaren 30ean Frankfurten egongo gara, Club Voltaire tabernan.