Inge Mendioroz eta Idoia Garzes: “Tradizioa gurpil bat da eta belaunaldi bakoitzak bere alea jarri du”

Itzalean eroso, berriki, hedabideen arreta piztu dute bi dokumentalgileek. Antzekotasun handia dute Lourdes Iriondo protagonistarekin. Hark fokuen azpian distira egiten zuen, baina haiek itzaltzean, euskararen transmisioan lanean tinko jarraitu zuen..

Inge Mendioroz Ibañez eta Idoia Garces Aldazabal, ongi etorri TTAPera. Elkarrizketa Bastero Kulturgunean egiten ari gara; hain zuzen, Inge, zure haurtzaroko auzoan.

Inge Mendioroz: Bai, bai. Nire amona hemen bizi zen, Bastero izena zuen etxean. Ama eta izebak han jaio ziren. Hemendik metro gutxira genuen denda eta gu haren atzealdean bizi ginen. Urte asko atzera, Plaza Morea deitzen diotena aparkalekua zen, harriz jositakoa, eta hantxe ibiltzen ginen jolasean.

Bizitzan aurrera egin ahala, lanak ekarri zaitu hona. Ez gara alferrik pasako dokumentalaren zuzendari zara, eta zure alboan Idoia gidoilaria dago. Donostia Zinemaldian egin zen estreinaldia, Zinemira zikloan. Nolakoa izan da honaino iristeko prozesua?

Inge Mendioroz: Oso luzea eta katramilatsua izan da. Finantzaketa lortu ahala aurrerapenak egin genituen. Bi urtez-edo halaxe aritu ginen. Muntaia txikia eginda eta bestelako lan batzuk egin behar zirela ikusita, Maluta Filmseko Ritxi Lizartzara jo genuen. Egindakoa ikusi ahal izan zuen eta lana osatzeke zegoela iruditu zitzaion. Beste bultzada bat behar zuen, irudirik apenas genuelako. Orduko telebisten irudiak eta filmazioak faltan genituen, eta zailtasun handiena horiek lortzea izan da. Audioak bagenituen, senideen eta lagunen argazki-bildumak, baina filmaziorik ez.

Lourdes Iriondoren ahotsarekin abiatzen da ikus-entzunezkoa. Oso hasiera indartsua du, eta, besteak beste, kantuaren amaiera aldera abesten du nabilelako nago hain zikin. Kantuak ideia asko irudikatzen ditu, eta, akaso, neronek jarrera nabarmenduko nuke. Hark erakutsi zuen jarrera.

Idoia Garzes: Horixe bera. Izugarri gustatuko litzaidake, egun, Lourdes ezagutzea, eta nik uste dut jarrera hori mantenduko lukeela. Emakume izatea garai hartan, hegoaldean –ezberdina baitzen Iparraldean bizitza–, egoskorra, indartsua, bere ideiei tinko eusten ziona dela. Jendeak zer pentsatzen zuenari, akaso, bost axola zitzaiona, eta bere ideiekin aurrera egiten zuena.

Azken batean, Lourdes Iriondo ikono bat da, baina, akaso, adin bat dugunontzat eta helduagoentzat. Lana martxan jartzeko arrazoietako bat transmisioa izan zen? Non du sorburua dokumentalak?

Inge Mendioroz: Bazelako pertsona ahaztua guretzat, eta hari buruz irudikatzen zutenarekin ez ginen batere ados. Ikerketa-lana egin ostean, ikusi genuen sekulako pertsonaia zegoela atzean, lan handia egindakoa.

Idoia Garzes: Kontua da beti era batera gogorarazten digutela: gona motzarekin, ile luzeduna, liraina eta oso xaloa. Eta garai batean hala ikustea… bai, apaina zen. Garai hartan hala irudikatu zitekeen, eta gaurdaino iritsi da Euskal Herriko nobiya garai hartako adiera hura. Emakumeak urte batzuk egin zituen, ilea moztu zuen eta beste guztiak bezala zahartu zen. Gure errebindikazioa da: zergatik haren aro txiki bat baino ez digute erakusten? Emakume hark ere izan zuen bere prozesua. Ez dok Amairu amaitutakoan egin zuen kantagintzaren aldeko lan hori. Eta beste lan asko egin zuen ezkutatu digutena, edo isilarazi dituztenak. Transmisioan katebegi izugarri bat, badaki kate bat dela eta katebegi horretan umeak eta gazteak ere oinarri zirela. Horren alde egin zuen Urnietan bertan. Bihotzeko gaixotasun larria zuen, eta berak ere erabaki zuen oholtzatik jaistea, eta badirudi oholtzaren distira hori galduta jendeak ahaztu egin zuela… Baina lan izugarria egin du, denok ukitzen gaituen lan bat, eta hori errebindikatu nahi genuen.

Urnietak pisu handia du dokumentalean, ezinbestean. Koro Berasategi ilobak pisu handia du, esaterako. “Ahal duenak egin dezala ahal duena”, zioen Lourdesek. Eta egiten dena “benetan” egitea, erantsi zuen. Jarreraz gain, pasioa nabarmendu behar da.

Inge Mendioroz: Lourdesek zioen ez dela garrantzitsua zer egiten den, baizik eta nola egiten den. Oholtzako jarduna utzi zuen eta beste lan batzuetan jarri zen: ipuinak idazten, umeentzat diskoak egiten, antzezlanak idazten. Horrek guztiak garrantzi bera dauka haren ibilbidean.

Idoia Garzes: Bere asmoen deklarazio bat da. Gaixo dago, ebakuntza egingo diote, zuzenekoak egiteari utziko dio, baina bere intentzioa ez da desagertzea mundutik. Bizi duen gizartean bizitzen eta parte hartzen jarraituko du, baina beste aukera bat eginda.

Dokumentalean, ertz horiek Mariasun Landaren eta Koro Berasategiren lekukotzatan ageri dira ondoen.

Inge Mendioroz: Lourdesen liburuak izan ditugu ikastolan, bere diskoak izan ditugu etxean eta ondorengo belaunaldiek haren antzezlanak bideoz ikusi dituzte ikastetxeetan. Hiru belaunaldi ukitzen dituela esango nuke.

Transmisioan katebegi izugarri bat da Lourdes Iriondo

Era berean, testuinguru politikoa giltzarri da. Mugaz bestalde, baziren eskubideak eta bestelakoak. Hemen, aldiz, euskal kultura eta euskara birrinduta zeuden. Belaunaldi batek hartu zuen ardura pertsonala eta kolektiboa. Bete-betean murgildu zen xede horretan dokumentalaren protagonista.

Idoia Garzes: Badakigu hegoaldean zein egoeratan zeuden gure kultura eta gure hizkuntza. Ez dakigu zein izar lerrokatu ziren hor… Lourdesen irudia, 1964an, erreferentziazkoa izan zen, emanaldiz emanaldi ibili zelako. Haren beharra zutela sentitu zuen mugimendu hura martxan jartzeko. Lourdesi buruzkoa da dokumentala, baina, era berean, garai hartako lan kolektibo hura errebindikatu nahi dugu. Jende askok egin zuen lan eta Lourdes izan zen erreferentea, beste askorekin batera.

Musikagintzatik nator, eta denborarekin mitifikaziorako joera nagusi da. Dokumentalean asmatu duzue mitoa bigarren planoan uzten eta pertsonari lehentasuna ematen.

Inge Mendioroz: Hori zen asmoa: egin zuen lan guztia aipatzea eta nolako pertsona zen erakustea.

Idoia Garzes: Bestela, traizio egingo genioke Lourdesi berari. Oholtza gainean bazen nor, baina oholtzatik jaistean uste dugu bera kontziente zela lan gogorra egiteke zegoela. Esango nuke bizirik balego ez lukeela halako omenaldirik edo dokumentalik ametituko.

Ari gara kantagintzan eta emakumezkoen artean aritu zen bidegileaz. Zuen gonbidatuen artean Jule Goikoetxea ageri da. Emakumezkoen “ezabaketa sistemikoa” hizpide du, eta zientzian ere erreferenteak behar ditugula aldarrikatzen du. Ikustekoa izango zen, garai hartan, Lourdes hainbeste gizonen artean. Zer izango ote zen aipatu gabe utzi zuena, entzundakoak entzunda eta bizitakoak bizita.

Inge Mendioroz: Lourdesek berak pasarte bat aipatu izan du. Emanaldi batean, hastear zela, Lazkano bertsolaria entzuten du atzetik “hau nahi eta ezin bat izango da” esanez. Bada, kantatzeari ekin eta ikusleek negar egiten zuten, hunkituta. Auskalo antzeko zenbat komentario entzun zituen!

Idoia Garzes: Eta, ziurrenik, garai hartako emakumearen papera bete beharko zuen, isilik egotearena. Baina ez dut uste isilik geratuko zenik.

Ez gara alferrik pasako izenburu du dokumentalak. Eta bistakoa da, ez ziren alferrik pasa. Kolektiboa du hizpide, eta arrasto sakona utzi zuten, nahiz eta, akaso, ez den behar bezalako transmisiorik egin.

Inge Mendioroz: Emakume talde horri buruz ari gara. Belaunaldi osoa ekarri dugu gogora.

Idoia Garzes: Jule Goikoetxeak erreferenteen premia nabarmentzen du, eta nik esango nuke erreferenteak izan ditugula. Ez ditugu ezkutatu behar; argitara ekartzen baditugu, ikusiko dugu lehen ere borrokak izan zirela. Gure amak, gure aurreko belaunaldia eta eurek ere izango zituzten erreferenteak. Uste dut erreferenteak behar ditugula, baina jakin behar dugu lehen ere izan zirela erreferenteak. Dokumentalean agertzen direnak erreferente dira, katebegiak, ez direnak alferrik pasa.

Lan kolektibo bat izan zen, baina arte jardueretan badira arrastoa uzten dutenak. Amagoia Mujika Berria-ko zuzendariak bete-betean asmatzen du bere hausnarketan: baziren kantariak garai hartan, baina Lourdesek zirrara berezia sortzen zuen.

Idoia Garzes: Kontua da berak erabaki zuela erretiratzea. Gizartea zorretan da harekin. eta bere erabakia izan zen erretiratu izana, baina bada nor. Eragin handia izan zuen, baita Ez Dok Amairu egitasmoan. Xabier Letek aitortzen du Iriondok berak hots egin ziola bileretan parte hartzeko. Lourdesek, beraz, bultzada eman zien beste askori.

“Dokumentalean agertzen direnak erreferente dira, katebegiak, ez direnak alferrik pasa”

Lourdes alde batean utzi, eta zuetaz hitz egingo dugu, Inge eta Idoia. Aspaldiko irudiak, animazio-lana, argazkiak, bozak, muntaia-lanak… Burukomin handia eman dizu horrek guztiak, Inge?

Inge Mendioroz: Ogibidez muntatzailea naiz, eta zuzendaria izatea abentura izan da niretzat. Kamikazearen pare murgildu ginen. Buelta asko eman ditu lanak, eta material berria eskuratu genuenean, bat-batean, istorioa aldatu zen.

Idoia Garzes: Brodatua dagoela esango nuke. Egin, desegin… jostunaren edo, akaso, armiarma-sarearen irudia erabili beharko genuke. Muntaia-lana, joskintza lana, txapela kentzekoa dela iruditzen zait.

Idoia, zu letretan ibilitakoa zara, liburuak idatzi dituzu. Dokumental baterako idaztea beste langintza bat da, oso ezberdina. Nolakoa izan da gidoia idaztearen prozesua?

Idoia Garzes: Liburuak idaztea, nire ustez, lan indibidual bat da, eta gidoia idaztea talde-lana izan da. Gozamena izan zen. Bagenuen ideia, zer adierazi nahi genuen bagenekien. Guk ikuspuntua oso argi genuen, eta hori lortzeko bion arteko lana izan da, nagusiki.

Hierarkiarik ez dagoela dirudi, zuei bioi entzunda.

Idoia Garzes: Nik Ingeri aitortzen diot gidaritza-lana, harena izan baitzen dokumentala egiteko ideia.

Dokumentalera itzuliz, lekukotza apartak bildu dituzue. Ez dut aipatu gabe utzi nahi Maite Idirin eta ahizpatasuna, Estitxu Robles eta haren irudi-estetika indartsua… Eta kantuan ageri dira, gainera, Nahia Robles eta Idoia Bedaxagar. Gustuko pasartea da Baionan grabatu zenuten zuzenekoa.

Inge Mendioroz: Oso pozik gaude zuzeneko emanaldi horiekin. Lanketa egiten ari ginela, Baionako emanaldiaren berri izan genuen. Emanaldi hura bete-betean sar zitekeen gure lanean.

Elkarrizketari amaiera emango diogu, dokumentalaren bukaerari aipamena eginez. Kantariak, zuzenekoak, transmisioa… hori guztia aipatu eta gero, Mursegorekin biribiltzen da filmazioa. Ez dugu askorik aurreratuko, baina esango nuke, zuengandik hasita, oparia izan dela Mursegoren ekarpena.

Inge Mendioroz: Oparia izan zen, erabat. Kantagintza egungo joeretara ekarri du, estilo ugari nahastuz. Harentzat ere sorpresa atsegina izan zen dokumentalean agertzen diren hainbaten berri izatea.

Idoia Garzes. Mariasun Landak aipatzen du belaunaldi hartan, hein batean, artistek tradizioa berreskuratu eta biziberritu zutela. Bada, Mursegok ere hori egin du: Lurdesen kantak berera ekarri eta beste era batera zabaldu ditu. Horrela ere Lourdes ezagutaraztea lortzen da. Ez gara gelditzen folklore tipiko topikoan gotortzen. Tradizioa gurpil bat da eta belaunaldi bakoitzak bere alea jarri du. Lan kolektiboa egin zen, orain ere egiten ari gara eta egin beharko da aurrera egiteko. Bestela, gaizki gabiltza.