Ines Itsaso: “Nire helburua da hurrengo Bertsolari Txapelketa Nagusian finalistak janztea”

Moda da Ines Itsaso Gonzalez de Txabarriren pasioa eta New Yorken egiten du lan, estilista. Munduko modelo eta aktore ezagunenak jantzi ditu eta moda-aldizkari garrantzitsuenetako azalak egin ditu. Azkenaldian, baina, Euskal Herrian ere proiektuak ateratzen ari zaizkio eta geroz eta denbora luzeagoa ematen du Zarautzen, jaioterrian. Ideiak argi izan ditu betidanik eta haren hurrengo helburua Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalistak janztea da. Inork lortzekotan, hark lortu dezake. Izan ere, hitz egiten hasi orduko erakusten du estilo berezia eta bakarra daukala.

ELKARRIZKETA

Ines Itsaso, ongi etorri TTAPera!

Eskerrik asko!

Ines, moda estilista eta diseinatzailea zara; nola definituko zenuke zure lana? Zer egiten duzu?

Ba, jendea jantzi. Jendea jantzi egunerokorako, iragarkietarako, egin behar dituzten aurkezpenetarako, red carpet edo alfonbra gorriko ekitaldietarako… Eta azkenaldian, banabil fikzioan eta bideoklipetan jendea janzten. Adibidez, orain zu jantziko bazintuzket, Amaia, zu ederren egongo zinatekeen moduan janztea edo pertsonaia bat sortu nahiko bazenu, pertsonaia hori sortuko genuke zu paper horretan sartzeko. Beti da lan ezberdina.

17 urte daramatzazu Euskal Herritik kanpora bizitzen; esaten dute norbere etxean profeta izatea zaila dela, baina zu orain hasi zara Euskal Herrian geroz eta lan gehiago eta geroz eta lan garrantzitsuagoak egiten. Zertan ari zara?

Ba, dena izan zen bat-batean. Etorri nintzen euskal aktoreak janztera Zinemaldirako, New Yorken egiten nituen soinekoekin. Gero, Helena Tabernak eskaini zidan bere filmean parte hartzeko. Haren pelikulan sartu nintzelako ezagutu nituen Euskal Herriko aktoreak. Eta eskatu zidaten ea jantziko nituzkeen beraiek zeuzkaten red carpet ekitaldi guztietarako, ze hemen ez dago horrelako lanak egiten dituen estilistarik. Eta orduan, hasi naiz Euskal Herriko aktoreak ezagutzen. Astero daukat norbait berria ezagutzeko eta janzteko, eta orain, bideoklip batzuetan ere lanean nabil.

Eta nolakoa izaten da aktore bat janzteko prozesua?

Normalean, kafe bat hartzeko eta elkar ezagutzeko geratzen gara. Pertsonaia bat sortu behar dugunean, pertsonaia horren deskribapena egiten dugu eta hori sortzen dugu. Baina azkenean, aktore bat jantzi behar dudanean, hura ezagutu behar dut. Kafe bat hartzen dugu elkar ezagutzeko, ikusten dut nola mugitzen den, izateko era, zerk sentiarazten duen gusturen… Eta gero, jakinda nora doan, ze ordutan eta zertarako den, horren arabera ekartzen dut arropa Madrildik, edo euskal diseinatzaileekin hemen sortu dudan showroom batetik. Joaten gara showroom-era, Zarautzen elkartzen gara, egiten ditugu proba batzuk, arropa gehiago behar bada ekarri egiten da eta, kasu batzuetan, arropa beraien neurrira egiten zaie.

Showroom-a aipatu duzu, baina askok ez dute jakingo zer den.

Normalean, markek izaten dute espazio bat datozen joerak eta datozen arropak erakusteko; aurreratuta. Ez da dendetan dagoen arropa, baizik eta hurrengo urteetan dendetan egongo dena. Estilistok leku horietara joateko aukera dugu eta datozen tendentziak erabili ditzakegu. Eta orduan, Euskal Herriko diseinatzaileekin nire showroom-a sortu dut, hemen ez genuelako halakorik. Aktoreak janzteko momentuan behar nuen espazio bat diseinatzaile guztien arropa batera ikusi ahal izateko.

Zeuk sortu duzu, euskal markak bultzatzeko.

Bai. Azkenean, nik beti egin dut kanpoan lan. Eta Dior, Chanel eta marka horiekin guztiekin lan egiten dudanez, iruditzen zait, egoeraren arabera, ondo dagoela marka horiek erabiltzea. Baina, era berean, uste nuen Euskal Herriko markak erabili behar nituela hemengo jendea janzteko eta hemengo ekitaldietarako. Orduan, joan naiz ezagutzen hemengo diseinatzaileak eta beraiek utzi dizkidate beraien soinekoak, beraien trajeak eta beraien piezak behar ditudan ekitaldietan janzteko.

Eta ze markarekin egiten duzu lan?

Gorka Cintero, Soia, Loreak Mendian, Batela, Aldebaldetreku, Artola, Aiza Couture, Sister And sister…

Talenturik badago hemen?

Bai, uste baino handiagoa. Baina konturatu naiz nor bere tailerrean zegoela, etxean sartuta, inork ez ziola ikusgarritasunik ematen… Eta, orduan, nire New Yorkeko pentsaerarekin joan naiz atez ate guztiak ezagutzen. Eta polita izan da oso, gauza politak aurkitu ditudalako, eta denak daude gogotsu gauza berriak egiteko.

Eta ze aktore jantzi dituzu?

Jon Olivares, Jon Plazaola, Aitziber Garmendia, Ainhoa Larrañaga, Sua Enparantza…

Lehen aipatu duzu Zinemaldian izarrak janzteko aukera izan zenuela zuk diseinatutako soinekoak aukeratu zituztelako; nolako soinekoak dira?

Nik diseinatu eta nik egiten ditut. New Yorken, joan behar dudan ekitaldi guztietara zerbait berezia eraman nahi izaten dut, estilista izanda badakidalako zein tendentzia datozen eta jendeak zer jantziko duen. Orduan, beti zerbait ezberdina eramaten saiatzen naiz. Eta Diseinua ikasi dudanez, 38. kalera joaten nintzen eta beti oihal oso bereziak erosten nituen. Oihal  haiekin egiten nituen niretzako eta nire inguruko modeloentzako soinekoak. Soineko haiek izan dira hau guztia aurrera ateratzearen arrazoia.

Moda mundua zorrotza eta gogorra da barrutik

Arrakasta izan zuten alfonbra gorrian?

Bai. Erabili dituztenean oso politak geratu dira, eta, egia esan, ilusioa egiten du norbaitek zure soineko bat janztea ikusteak.

Esan dugu Euskal Herritik kanpora daramatzazula 17 urte; gaur egun, Zarautz eta New York artean bizi zara, baina goazen hasierara: noiz erabaki zenuen moda ikastea?

Ba, esango nuke, 9 urterekin hasi zela dena. Familiak beti egin digu arropa neurrira. Eta orduan, 9 urte nituenean, hasi nintzen nire izekori eta amonari esaten: “Nik nahi dut hau horrela”. Eta orduan, esaten zidaten: “Ni ez naiz gai patroi horiek egiteko” edo “ni ez naiz gai zuk eskatzen didazun mailara heltzeko”. Beraz, 16 urte neuzkala, erabaki nuen ikasketetan moda mundutik joango nintzela, eta batxilergo artistikoa egin nuen Donostian. Moda ikastaro bat ere egin nuen; nire benetako gogoa zen. Gero, Bartzelonara joan nintzen, Moda Diseinua eta Estilismoa ikastera; handik Londresera joan nintzen, Central Saint Martinsen Ezkongaien Soinekoak ikastera. Eta hasi nintzen estilista, eta diseinatzen. Erlaxatu egiten nau josteak eta gustatzen zait beti nik egindako zerbait eramatea.

Nola gogoratzen duzu Bartzelonako garaia? Moda munduko lehen pauso haiek?

Bizitzan hartu dudan erabakirik onena. Azkenean, Bartzelonara joatea izan zen kristoren aldaketa, baina klasera hain pozik joaten nintzen… patroiak egitera, tendentziak ikastera, koloreek eta oihalek ze eragin duten norberaren azalaren kolorean eta itxurak eta patroiak egiteak ematen dizun askatasuna… Niretzat izan zen munduan ikasi dudan gauzarik onena.

Handik, esan duzu, Erresuma Batura, Londresera; zertara joan zinen?

Ezkongaien soinekoak egiten ikastera joan nintzen. Nire proiektua goi-mailako joskintzan egin nuen, diseinatzea gustatzen zaidalako, baina gehien gustatzen zaidana jostea delako. Hau da, nik sortzea. Ez nik diseinatu eta beste batek jostea, baizik eta nik egitea prozesuak dakarren lan guztia. Unibertsitatean ikasketekin jarraitzea eskatu zidaten eta une hartan unibertsitaterik onena Central Saint Martins zen. Beraz, hara joan nintzen, eta han soinekoak egiten ikasi nuen. Oso polita izan zen.

Zenbat urte eman zenituen Erresuma Batuan?

Lau, esango nuke.

Lau; ikasten eta gero lanean?

Bai, han hasi nintzen lanean. Hasieran, erakusleihoak muntatzen nituen Hugo Bossentzat eta Josephentzat. Eta Josephekin ere hasi nintzen estilista, ikusi zutelako ze detaile jartzen nizkion maniki bakoitzari. Orduan, lookbook-ak egiten hasi nintzen, eta handik Alemaniara joan nintzen.

Bai, baina zergatik joan zinen? Brexit-a heldu zelako, ezta?

Brexit-a heldu zen eta aukera hori izan nuen. Ordura arte, emakumeak eta gizonak janzten nituen, eta umeak ere janzteko aukera eman zidaten. Eta pentsatu nuen: “Aukera berri bat da eta uste dut orain dela garaia”. Eta Alemaniara joan nintzen.

Eta? Nola gogoratzen duzu Alemaniako garaia?

Ba, Alemania ondo egon zen, ate asko ireki zizkidan, baina egunero argazkiak egin eta egin eta egin ibiltzen ginen… Umeenak, emakumeenak, gizonenak… Han lortu nuen trebetasun handia argazki-saioekin eta kanpainekin. Hurrengo pausoa emateko unea heldu zitzaidan, New Yorkera joateko momentua.

Zuk beti izan duzu New York helmuga modura, baina esan behar dugu ez dela erraza Ameriketako Estatu Batuetan lan egitea, lan-bisa bat edo lan-baimen bat behar delako. Baina urtero-urtero egoten da halako loteria bat atzerritarrek lan-baimen hori lortzeko. Oso zaila izaten da, baina zuk zorte handia duzu bizitzan eta loteria hori irabazi zenuen. Eta Ameriketako Estatu Batuetako gobernuak lan-baimen bat eman zizun.

Unibertsitatean nengoenean, Bartzelonan, jartzen nuen helburu bezala 30 urterekin New Yorken egon behar nuela aldizkarietako azalak egiten. Baita  Alemanian, horretan nenbilelako %100ean, argazkiak, kanpainak, iragarkiak… egiten. Ba, atera zen zozketa hori, izena eman nuen eta irabazi egin nuen. Azkenean, ez da zortea; azkenean, zure ibilbidearen ondorio bat da. Lehenengo puntua da unibertsitatera joan behar duzula eta kanpoan bizi behar duzula, ingelesa dakizula… Gauza asko bete behar dira hori lortzeko, ez da magia. Orduan, urteak neramatzanez Euskal Herritik kanpo eta ingelesa zenez nire eguneroko hizkuntza, lortu egin nuen, eta azken bost urteak New Yorken daramatzat.

Erlaxatu egiten nau josteak; gustatzen zait beti nik egindako zerbait eramatea

Eta nolakoa da New Yorken moda estilista izatea?

Ba, oso polita. Nire helburua zen 30 urterekin azalak egiten egotea, eta 30 urte bete nituen egunean izan zen nire lehenengo azala; orduan sentitu nuen lortu nuela nik nahi benetan nahi nuena. Eta New Yorken bizitzea oso guaiada, oso guaia. Indar handia dauka hiriak, han sortzen diren tendentziek eta han dagoen mugimenduak ahalbideratzen dizute benetako moda ikustea. Harrigarria da. Mundu osoan agertzen diren argazkiak eta portadak New Yorken egiten dira. Marka onenak han daude, hitzik gabe lagatzen zaituen arropa guztia han dago, eta, orduan, izugarri gustatzen zait.

Ze aldizkaritako azalak egin dituzu?

S Moda, Mujer de Hoy, Elle, Harper’s Bazaar, Vogue… Denak, egia esateko. New Yorken barne-diseinua eta publizitatea ere egin ditut. Beraz, esango nuke munduan ezagunak diren aldizkari guztientzako egin dudala lan dagoeneko.

Eta zenbat urte dituzu?

34.

Eta pertsonaia ezagunetatik, Euskal Herritik kanpo, nor jantzi duzu?

Aktore asko eta modelo ezagun asko.

Nolakoa da moda mundua barrutik?

Zorrotza. Zorrotza, eta gogorra ere bai. Zuk irudi bat mantendu behar duzu, baina zu ez zara zure irudia. Azkenean, ez du balio ni era batera janztea esateko horrela jantzi behar dela. Ni jantziko naiz era batera tendentziak jarraitzen ditudalako eta nik josten dudalako nire arropa, baina gai izan behar duzu beste bat ondo janzteko. Orduan, ez da nik neure burua nola janzten dudan, baizik eta zein gaitasun duzun beste bat janzteko haren onenean. Eta dena gogoratu behar duzu, ikusten duzun guztia, leku guztietan. Soineko bat ikusi duzula gogoratzen dudala? Ba, soineko hori lortu behar dut. Museo pila bat ikusi behar dira, aldizkariak ikusi behar dira, desfileak ikusi behar dira… Egunero joan behar duzu lantzen zuk zer ikusten duzun.

Konpetentzia handia dago?

Bai.

Eta egoa?

Esango nuke Ameriketako Estatu Batuetan ezetz. Adibidez, gogoratzen naiz behin nengoela jende ezagunarekin afari batean. Ni justu Mexikotik ailegatu nintzen, Vogue-ko azala egin ostean. Eta afari hartan esan zuen argazkilari batek: “Neska hau estilista da, oraintxe ailegatu da Vogue-rentzat lan egitetik”. Eta besteek erantzun: “New Yorken badago eta estilista moduan badago, da ona dalako, bestela ez zen hemen egongo”. Han sentitzen dut denok dakigula: “Zu hemen bazaude, ona zarelako da”. Handik kanpo, bai ikusten dut egoa. Jendeak uste du edozer baino gehiago dela. Baina iristen zarenean maila batera non denok garen onak eta norberak badakiela zein den bere lana, egoa galdu egiten da.

Esan duzu moda mundua barrutik zorrotza dela; zorroztasun hori modeloengana ere eramaten da, ezta? Beti egon izan da moda mundua elikadura arazoekin lotuta. Oraindik horrela da?

Bai, hala da. New Yorken sentitzen da, era batera edo bestera, hori bukatu dela. Badago azal kolore guztiak eta gorputz mota guztiak erakusteko nahia. Baina badakit Parisen esaten dizutela: “Gaur ez bazkaldu; zigarro bat eta kafe bat, eta nahikoa”.

Hori esaten zaie modeloei?

Bai.

Eta nola daramate hori?

Ba, gogorra da, ze, azkenean, denok argalak garela uste dut. Ni eta nire inguruko guztiak gara argalak, eta jakitea argaltasun baten barruan gaudela eta, hala ere, argalago egon behar hori… gogorra da. Baina, azkenean, desfileetan nahi baduzu egon edo argazki garrantzitsuetan nahi baduzu egon, badauka bere garrantzia.

Munduan ezagunak diren aldizkari guztientzat egin dut lan dagoeneko

Geroz eta marka gehiagok egiten dute apustua gorputz mota ezberdinen alde; hori ez da hainbeste ikusten desfileetan.

Desfileetan egongo dira bat edo bi, baina gainontzekoak oso argalak dira. Eta, noski, argazki-saioetan erabiltzen da desfileetako arropa eta ikusten duzu zein argalak diren batzuk… Ze gero beste modelo bati, argala denari, ez zaio kabitzen. Eta esaten duzu: “Nola da posible?”. Desfileetako modelo asko nire lagunak dira eta ni beraiekin joaten naiz bazkaltzera, afaltzera eta. Jaten dute, baina oso argalak dira. Eta bizitza oso zorrotza dute: gimnasioan, elikadura… Oso bizimodu zorrotza, azala eta itxura mantentzeko. Azkenean, zuk nahi baduzu Chanelen desfile batean egon, argal egon behar duzu.

Esan duzu zure lagunak modeloak direla. Beraz, imajinatzen dut festa garrantzitsuetan eta esklusiboetan egoteko aukera izaten duzula. Nolakoak dira festa horiek?

Oso politak. Nik uste dut nire bizitzako festa guaienak han izan direla. Esan dizudan bezala, azkenean, denok lan edo bizimodu antzekoa daukagun talde batean sartzen zara, eta normaltasun baten barruan sartzen da. Baina bai, jende oso ezaguna daukazu inguruan, eta, batzuetan, ni neu ere harritzen nau zeinen ondoan eserita nagoen ikusteak! Polita da.

Noren ondoan, Ines?

Ba, adibidez, afaltzera joaten zara eta bat-batean zure aurrean dagoena Leonardo Di Caprio da. Esaten duzu: “Ai, Leonardo Di Caprio da!”. Edo zerbait hartzen zaude eta Rihanna daukazu zure ondoan. Horrelako momentuak izaten dira.

Zer gustatzen zaizu gehien zure lanetik?

Gehien gustatzen zaidana da norbait janzten dudanean eta ikusten dudanean zein pozik eta zein guapa ikusten duen bere burua. Batzuetan, ez dugu geure burua baloratzen eta ez dugu gure ehuneko ehuna ateratzen jakiten. Nire jakinduriarekin eta ikuspuntuarekin distira guztia ateratzen diodanean norbaiti, hori da politena. Eta, bestalde, nire arropa egitea eta jantzi ahal izatea, hori plazera da niretzat.

Ines Itsaso diseinatzaileaz hitz egingo dugu; nolakoak dira zure arropak edo zure diseinuak?

Nik esango nuke oso sinpleak direla, baina oihal oso bereziak erabiltzen ditudala. Garrantzi handia ematen diet oihalei. Eta zure gorputzeko atal politenak ikusten lagatzen dituzten jantziak direla esango nuke.

Oihala aukeratzen duzu lehenengo ala diseinua egiten duzu lehenengo?

Hasteko, oihalari garrantzia ematen joaten naiz. Batzuetan, oihala aukeratzen dut eta aukeratutako oihal horren arabera egiten dut diseinu bat. Eta beste batzuetan, nik badakit zer nahi dudan, ze helburu daukadan neure buruan, eta hori josteko ze oihal mota behar dudan.

Zenbat denbora behar izaten duzu zure diseinu bat josteko?

Badaude soinekoak arratsalde batean egin behar izan ditudanak; adibidez, festa batera joan behar nuela jakin nuelako egun berean. Eta nahiz eta 30.000 soineko eduki etxean, berri bat jantzi nahi izaten dut. Arratsalde osoa josten pasa dezaket gau horretan soineko berri bat jantzi ahal izateko. Azkenean, presio hori dugu, zerbait berria eraman behar izatearena. Moda munduan dagoen errealitate bat da. Baina, normalean, astebete edo hilabete ematen dut soineko bat bukatzeko.

Esan duzu, momentuz, zuretzako edo zure ingurukoentzako soinekoak egiten dituzula edo norbaitek eskatzen dizun diseinu zehatz bat; baina gustatuko litzaizuke zure marka sortzea?

Bai. Egiten ditut gauzak jendearentzat, baina ez dut denda bat jarri nahi esateko: “Denek kamiseta bera edo galtza hauek eraman behar dituzue”. Ez. Nire ustez, soineko bakoitzak bakarra izan behar du. Eta ez 30 berdinak. Dena da oso pertsonalizatua.

Esklusibotasuna.

Bai, nahiago dut.

Beraz, nik eskatu eta zuk sortu izango litzateke?

Noski, ze zuretzako da, eta, nire ustez, egin behar zaizu zuretzako, zure gorputzeko atal berezienak ateratzeko, kolorea aukeratzeko. Nahi baduzu jantzi mundu guztiak bezala, horretarako badaude beste marka batzuk. Nik nahiago dut gauza esklusiboak egin.

Gaur egun, New York eta Zarautz bitartean bizi zara; nola daramazu hori? Zenbat denbora egiten duzu han eta zenbat hemen?

Esango nuke, gutxi gorabehera, ematen ditudala hamabost egun New Yorken eta hamabost hemen. Dena doa New Yorkeko proiektuen arabera, ze nik hango markak, bezeroak, iragarkiak eta katalogoak egiten jarraitzen dut. Eta orduan, haiek dute nire egutegian indar handiena. Eta hemen, gero eta gauza gehiago ari dira sortzen. Badaukat gogoa hemen egoteko eta hemengo proiektuei aurre egiteko. Orduan, argazki-saioak amaitu bezain pronto hegazkina hartzen dut eta Zarautzera etortzen naiz hemengo proiektuak aurrera ateratzeko.

Helburua zen 30 urterekin New Yorken egotea azalak egiten, eta 30 urte bete nituen egunean lortu nuen

Zeintzuk dira datozen hilabeteotarako hitzartuta dituzun proiektuak hemen?

Ba, oraintxe nabil Iñaki Palaciosekin bere bideoklipean lanean eta Kalakanekin beste proiektu baten lanean. Gainera, badauzkat beste argazki-saio batzuk beste aktore batzuentzako.

30 urterekin azal bat egiten ikusi nahi zenuen zeure burua. Ideiak oso argi dituzu; markatu duzu beste ezer 35 edo 40 urte betetzen dituzunerako?

Orain, Euskal Herrian nago lanean; nire hurrengo helburua da hurrengo Bertsolari Txapelketa Nagusian denak janztea.

Bertsolariak jantzi nahi dituzu! Eta nola jantziko zenituzke?

Elegante! Ze iruditzen zait kristoren artelana dela egiten dutena eta janzkerak ez duela ordezkatzen beraien lana. Eta nola oso bertsozalea naizen, gustatuko litzaidake haiek janztea.

Nola jantziko nindukezu ni?

Zu? Ba, egoeraren arabera.

Non ikusten duzu zeure burua hamar urte barru?

Munduan zehar, bata eta bestea janzten. Ez dut egon nahi leku itxi batean beti berdin. Oraintxe bertan hara eta hona ibiltzeko dudan askatasuna mantendu nahi dut eta New Yorkek ematen dizun energia ere ez dut galdu nahi.

Baina Euskal Herritik hurbil.

Geroz eta gusturago nago hemen. Egia esaten badizut, polita da hemen proiektuak gero eta gehiago ari direla sortzen, eta, jakinda hemen ez dagoela nik egiten dudan lana egiteko inor, pozgarria da etxetik lan egitea. Hainbeste urte kanpoan egonda, konturatzen zara hemengo bizi-kalitatea inon baino hobea dela.

Ba, jarraitu bizitzaz gozatzen, han, hemen… Guk jarraituko ditugu zure pausoak. Ines Itsaso, eskerrik asko gurekin egotearren eta zorte on bizitzan!

Eskerrik asko.